70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Xehetasun azterlana. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2011ko azaroaren 2an egin bilkura arruntean, erabaki zuen behin betiko onestea xehetasun azterlana, Berriogoitiko BB2ko plan partzialaren U.B.-7ri dagokiona, Promoción de Viviendas Marfer, S.L.k sustatua.

Ondokoa da xehetasun azterlan horren arauen edukia:

1.-Xehetasun azterlanaren xedea.

Honako hau da agiri honen xedea:

1. Lurzatiaren barne lerrokadurak ezartzea.

Nahitaezko lerrokadurak ezartzen dira, baita gehienekoak ere, solairu eraikigarri guztietarako, azaleren gehieneko aprobetxamendua lortzearren, bai azalera erabilgarrietan bai eraikietan, lurzati horretan egin behar diren etxebizitzetarako; orobat, unitate horri dagokionez, indarra duen oinarrizko araudia beteko da; bada, arau horietako bestelako determinazioak izeneko atalean hauxe dio hitzez hitz: Bolumenak ortogonalak izanen dira.

2. Behin betiko sestren ezarpena.

Bideei dagokienez, kanpoko sestrak ezarri dira eta orobat zehaztu dira lurzati barrukoak, lurzatiaren eta egungo bideen benetako sestrei dagozkienak.

2.-Hautaturiko soluzioaren justifikazioa.

2.1. Lerrokadurak.

Unitatearen morfologiaren ondorioz, ikusten dugu iparraldeko ertzean solairuen gehieneko okupazioak txirula-mokoaren tankerako formara jotzen duela; hori dela medio, bolumen ortogonalei buruzko determinazioa zehatz betez gero, eraikinaren eraketa irregularra izango litzateke iparraldean, ortogonoan atzeraemanguneak sortuko lirateke-eta, ezarritako gehieneko lerrokadurei egokitzearren.

Horregatik, azalera okupagarriaren gehieneko lerrokadura aldatzen da ekialdeko fatxadako goiko solairuetan eta beheko solairuetan: egun 3 m dira eta 2 m proposatzen dira.

Aldi berean, txirula-mokoa mozten da, egungo 3 metroetatik proposatzen diren 9 metroetara igarota.

Lerrokaduren aldaketa honek ez dakar arau-hausterik; izan ere, Berriobeitiko Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorraren 26. artikuluan jasota dago hori; artikulu horrek hauxe dio, hitzez hitz, eraikuntzaren lerrokadurei buruz:

"Gehieneko lerrokadura". Eraikinaren solairu batek ere ez du gaindituko lerrokadura hori, espazio huts bat uztearren eraikinaren eta alboko kale edo/eta lurzatiaren artean. Planoetan adierazitako kasu partikularrez landa, eraikinetik eremu publikora 2 m egonen dira, eta eraikinetik alboko lurzatira 3 m.

Kasu honetan, aldatutako lerrokadurak eremu publikoarekin egiten du muga, eta, hortaz, lerrokadura hori justifikatuta dago eta 26. artikuluan xedatua betetzen du.

Aldaketa honekin, goiko solairuetako azalera okupagarria lurzatiari esleituriko azalera baino txikiagoa da, 03 zenbakidun planoan ikus daitekeen legez; erreformatu ondoko azalera okupagarria 3.897,29 m²-koa da, egungoa baino txikiagoa (< 3.933,62 m²).

Atikoko solairuan, gehieneko lerrokadura 2,50 m eramanen da atzera, beheko solairuen lerrokadurarekiko.

2.2. Sestrak.

06 zenbakidun planoan, lurzatiaren perimetroaren egungo benetako sestrak adierazten dira; ikusten da 3,00 metroko tartea dagoela punturik altuenaren eta baxuenaren artean.

Planeamenduak etxebizitzak aurreikusten dituenez beheko solairurako eta, altuerei dagokienez, eraikin uniformea, tarteko jauzirik gabekoa, proiektatu denez, beheko solairuko zoru bukatuaren sestrarako erreferentzia gisa espaloiaren maila hartzen da, proiektaturiko eraikinak Andrelopa kaleko espaloiarekin bat egiten duen puntuko maila, halako moldez non beheko solairuaren zoruko puntu bat ere ez den geratuko sestraren azpian.

Sestren planoak erantsi dira, eta sestra horietara egokituko da eraikuntza; orobat erantsi dira altxaeren eskemak eta sekzioak, aipatutako sestreei dagozkienak.

Argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 76. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Berriobeitin, 2012ko martxoaren 22an.-Alkate udalburua, José María Irisarri Ollacarizqueta.

Iragarkiaren kodea: L1204651