70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Bideen erabilera arautzen duen ordenantzako aldaketa.
Behin betiko onespena

Ablitasko Udalak, 2011ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ablitasko bide publikoak arautzen dituen udal ordenantzako aldaketa. Iragarkia 2012ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ablitasen, 2012ko martxoaren 7an.-Alkatea, Cecilio Antón Ruiz.

ABLITASKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2.B artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da landabide publikoetarako eta finketako sarbideetarako arauak ezartzea, Ablitasko udal mugapean.

Helburua du landabide publikoak babestea, erabiltzaileen erabilera partekatua erraztea eta bide horiek egoera onean edukitzea.

3. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jabari eta erabilera publikokoak, jendeak, ibilgailuak eta animaliak ibiltzeko direnak, baita horiei lotutako espazioak ere, hala nola zabalguneak, aparkalekuak eta bide horien atal diren beste zerbitzu batzuk.

Oro har, bideen eta, beraz, bide jabari publikoaren atal dira, galtzadaz edo ibilgailuendako den gainaldeaz landa, beste elementu guztiak ere, hala nola bazterbideak, arekak, pasealekuak, ezpondak eta lubetak, eustormak, zubiak, egiturak eta fabrikako beste obrak eta, oro har, bidearen ondorioz eraikitako elementu guztiak.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesu batean egindakoak dira, dagokion proiektuan zehaztutako ezaugarriak dituztenak eta planimetria berariazkoan edo Udalaren katastro planoetan jasota daudenak.

b) Gainerako bideak: udal mugapeko gainerako bideak, Udalaren katastroko planoetan jasota daudenak.

c) Betiko bidezidorrak eta pasabideak: betiko bidezidorrak eta pasabideak dira, pertsonak eta nekazaritzako makinak pasatzeko erabilitakoak, batez ere, familia-baratzetan daudenak. Bide horiei, ezaugarri bereziak izateagatik, ez zaie aplikatuko orokorrean ordenantza honetan ezarritakoa, 7 e) artikuluan zortasun eremurako ezarritako 3 metroko mugari dagokionez.

4. artikulua. Erabilera komun orokorra.

Orokorrean, bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, oihangintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute eta hertsiki bete behar dituzte pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Udalak, salbuespen gisa, lehiaketa ofizialak eta turismoko edo motorezko aisialdiko jarduerak baimentzen ahalko ditu.

Berariazko seinalerik ez dagoen bitartean, oro har bideetan trafikoko arau orokorrei jarraikiko zaie.

5. artikulua. Mugak.

Muga hauek ezarri dira bideetan dabiltzan ibilgailu motordun guztientzat.

a) Pisua, gehienez ere: 7 tona ardatz bakoitzeko.

b) Abiadura, gehienez ere: 40 kilometro/ordua ibilgailu guztientzat; bide meharretan edo aldats handikoetan, berriz, 20 kilometro/ordua. Uzta biltzeko makinek eta antzeko ezaugarriak dituzten nekazaritzako makina guztiek, errepideetan betetzen dituzten baldintza berak beteko dituzte bideetan.

Pisua eta abiadura bestela ere mugatzen ahalko dira, beharrezkoa denean, pasabide goratuetan edo horiek mugatzea eskatzen duten lekuetan ibiltzeko, kasu bakoitzerako gehieneko tona kopurua finkatuta.

Halaber, halako urtaro batzuetan erabilera mugatzen ahalko da, hezetasuna eta zoruen egoera direla-eta, zoruan edo beste azpiegituretan kalte egiteko arriskua dagoenean.

Lehentasuna dute nekazaritzako eta abeltzaintzako ibilgailuek gainontzekoen aldean. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.

6. artikulua. Salbuespen gisa emandako baimenak.

Aurreko artikuluan adierazitako muga gainditzen duten kargako ibilgailuek, lizentzia eskatzen ahalko diote Udalari, salbuespen gisa.

Ibilgailu astun horiei lizentzia emateko, fidantza baten gordailua egin beharko da betiere; zainketak zer arrisku duen, horrenbestekoa izanen da haren zenbatekoa. Lizentziak zehazten duen epean utzi beharko da fidantza eta, betiere, hura erabili baino lehen; bestela, baliorik gabe geratuko da lizentzia.

Lizentziaren titularrak, nahiz eta fidantza eman, bere gain hartuko ditu bideetan egiten diren kalteak, horien konponketak fidantzaren zenbatekoa gainditzen duenean, eta fidantza itzuli eginen da, bidea kalterik gabe lehengoratu dela egiaztatzen denean.

Baimenak urtebete iraunen du, salbu eta lan publiko baten esleipenaldirako eskatzen bada.

Alkate udalburuak emanen du baimen hori.

7. artikulua. Erabilera debekatuak.

Bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek debekatuta daude espresuki:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen abiadurari, pisuari edo tamainari ezarritako mugak gainditzea.

b) Areketako lurra lantzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat. Untxiak babesteko sareetarako baimena ematen da, horien ezaugarriak eta behin-behinekotasuna kontuan izanda.

Landaketa eta itxitura horietan 30 zentimetro gehiago edo gutxiago jartzea onartuko da, kasuaren ezaugarrien arabera, Udalak aldez aurretik baimena emanda.

f) Lasto metak egitea areketatik 8 metro baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka edo hustubideetara.

h) Areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza lanak egitean, haietara lurra bota eta estaltzea.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean areka eta hustubideetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak bide, areka edo hustubideetan erretzea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udalerriko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

n) Bide publikoak euri handia egiten duen egunetan erabiltzea.

ñ) Ibilgailu motordunetan egindako edozein lehiaketa, lasterketa edo jarduera turistikoa, non ez dagoen Udalaren baimena.

Animaliek, bereziki ardiek, ahalik eta gehien errespetatuko dituzte erabilera publikoko bideak.

8. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta entitate publikoen ibilgailuen ibilia beren egitekoan ari direnean, hala nola polizia, suhiltzaile, mendizain eta abarrena.

Inguruabar berezietan, eskaera arrazoitua aitzinetik eginda eta kasu zehatzetarako, aitzineko paragrafoan aipatu ez bezalako egoerak ere hartzen ahalko dira kontuan.

9. artikulua. Arau-hausteak.

a) Baimendu baino gehiagoko pisua duela ibiltzea edo dagokion baimenik gabe, hala behar den eremuetan.

b) Areka eta bideetan kalte egitea.

c) Nekazaritza lanetan aritzean, bideak itzulia egiteko erabiltzea.

d) Ezpondak hondatzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 8 metro baino gutxiagora. Haiek egiteko, Udalaren baimena beharko da. Fardoak bide hurbilenetik perpendikularrean paratuko dira, nahitaez.

g) Bide, areka eta hustubideetan harriak edo nekazaritzako hondarrak utzirik, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

h) Nekazaritzako lanak hurbil egitean edo finkan sartzean bideetako areka eta hustubideetara lurra botata, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean areka eta hustubideetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak bide, areka edo hustubideetan erretzea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udal mugapeko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Lehiaketak eta lasterketak, bai eta ibiltarientzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

o) Sarbideak egitea finketara, udalerriaren baimenik gabe.

p) Ondoko artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

10. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari baimena eskatu beharko zaio eta hura eskuratu. Eragiketa horiek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 40 cm-ko diametrokoak, gutxienez.

b) Areka gaineko pasabideak eta finketako arekak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin.

c) Edozein inguruabar dela-eta, areka edo erretenak betetzen edo zikintzen badira, finkaren jabeak eta/edo erabiltzaileak izanen du haiek garbitzeko ardura, eta zehapena ezarriko da hala egin ezean.

d) Bideetan ibili nahi izanez gero, abiadura bideen egoerari eta haien ezaugarriei egokitu beharko zaie; ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin.

e) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietarako sarbideak trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

f) Aziendak bideetan ibiliko dira, ez areka edo hustubideetan, azpiegitura horietan egin ditzaketen kalteak direla eta.

g) Bideekin muga egiten duten finketan, lurrak berdintzeko edo mugitzeko, Udalaren lizentzia beharko da aldez aurretik. Lurra berdintzean edo erauztean gorabehera edo maldak sortzen badira, bidearen kanpoko ertzarekiko 3 m utzi beharko dira nahitaez, eta sortzen den gorabehera metro bat baino handiagoa bada, ezponda bat egin beharko da, sortutako gorabeheraren luzera bera izanen duena.

h) Saiatu beharko da ureztaketek bideetako elementuetan eragin ez dezaten; horretarako, behar diren babes neurri guztiak hartuko dira. Bideen ondoan jarritako aspertsoreek babes pantaila izanen dute, pertsonei, ibilgailuei eta bide publikoari berari kalterik ez egiteko.

11. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak erabakien edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

Arau-hauste arinak izanen dira: ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioak, baita Udalak edo alkateak erabakien edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

Arau-hauste larria izanen da: ordenantza honetan edo gainerako arauetan xedatua urratzeaz gain, pertsonei edota ondasunei ondorio ekonomiko txarrak ekartzen dizkien edozein ekintza edo omisio.

Beraz, besteak beste, arau-hauste larritzat hartuko da bide baten ezaugarriak aldatzea, haren planimetrian agertzen direnak, alegia.

Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bateko nahiz enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin bi urteko epean egitea.

12. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei isuna ezarriko zaie, gutxienez 60 eurokoa eta gehienez 300ekoa.

Arau-hauste larriei isuna ezarriko zaie, gehienez ere 600 eurokoa.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

Zehapen espedienteak ofizioz irekiko dituzte bai Alkatetzak edo udal zerbitzuek bai goragoko agintariek; salaketa bidez ere irekiko dira.

Xedapen iragankorra

Ordenantza honen aurretik zeuden obrek, instalazioek edo jarduketek ez badituzte ordenantzako determinazioak betetzen, 4 hilabeteko epea izanen dute ordenantza onesten denetik aitzina, haien edukietara egokitzeko. Epe hau luzatzen ahalko da, interesdunak eskaera arrazoitua eginda.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Aldaketa 2011-12-27ko osoko bilkuran onetsi zen, IINAren Batzordeak proposaturik.

Hasierako onespena: 14. NAO, 2012-01-20koa.

Iragarkiaren kodea: L1203900