70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Ordenantza, Ablitasko herrilarreen aprobetxamendua
arautzen duena. Behin betiko onespena

Ablitasko Udalak, 2011ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ablitasko herrilurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2012ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ablitasen, 2012ko martxoaren 7an.-Alkatea, Cecilio Antón Ruiz.

ORDENANTZA, ABLITAS HIRIKO HERRILARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

Ablitasko herrilarreen aprobetxamendua arautzen da ordenantza honetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko 2. kapituluan xedatuaren arabera.

Herrilarre horiek zein diren ordenantza honetan erraten da.

-123. lotea: 8.455,80 erreguko azalera du, nonbait hor.

Balorazioa: 13.698,00 euro urtean.

Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: La Degollada, Ginestar, Corral del Fraile eta Almazara.

Mugak: Iparraldean, Ribaforadako errepidea eta Fontellasko udal mugapea; hegoaldean, La Hoyako bidea eta Degollada; ekialdean, Ribaforadako udal mugapea, eta mendebaldean, Los Pozosko bidea eta Ribaforadako errepidea.

-457. lotea: 10.532,99 erreguko azalera du, nonbait hor.

Balorazioa: 15.500,00 euro urtean.

Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Fita, Almazara, Malpisa, Cardelina, Magorda eta El Mojón.

Mugak: Iparraldean, La Hoyako bidea eta Degollada; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, Ribaforadako udal mugapea, Malpisako erreka zuloa eta Carraborjako bidea, eta mendebaldean, "Los Colejas" bazkalekua, Cañada Mila eta Prado Mollet.

Lote honen esleipen hartzaileak bere esku izanen du La Malpisan dagoen artegia.

-68. lotea: 7.148,78 erreguko azalera du, nonbait hor.

Balorazioa: 7.434,00 euro urtean.

Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: La Malpisa, Corral de Alto, Peña del Clavo, El Mochuelo eta Corral del Ala.

Mugak: Iparraldean, La Malpisako erreka zuloa eta El Tolloko erreka zuloa; hegoaldean, Tarazona; ekialdean, El Tolloko erreka zuloa, Delgado erreka zuloa eta El Busteko xendra.

-910. lotea: 11.256,81 erreguko azalera du, nonbait hor.

Balorazioa: 8.836,00 euro urtean.

Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Monterrey, Carasol Coscojar, Las Barreras eta Corral del Alto.

Mugak: Iparraldean, Ribaforadako eta Cortesko udal mugapeak; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, Cortesko udal mugapea eta Zaragozako probintzia, eta mendebaldean, El Tollo eta Delgado erreka zuloak eta El Busteko xendra.

-11. lotea: 4.045,82 erreguko azalera du, nonbait hor.

Balorazioa: 3.135,00 euro urtean.

Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Montecillo eta Peñadil.

Mugak: Iparraldean, hirigunea, Ribaforadako errepidea eta "El Montecillo" industrialdea; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, MiIako bidea eta Peñadilgoa, eta mendebaldean, hiri eremua, Barranco del Cristoko bidea eta Weta.

-12. lotea: 5.076,42 erreguko azalera du, nonbait hor.

Balorazioa: 6.345,00 euro urtean.

Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Cañada de Mila.

Mugak: Iparraldean, Malléngo bidea eta "Los Colejas" bazkalekua; hegoaldean, Milako bidea; ekialdean, Prado Mollet eta bidea, eta mendebaldean, Milako bidea eta industria eremua.

Lote honen esleipen hartzaileak bere esku izanen du Corral de Mila izeneko lotean dagoen artegia.

-13. lotea: 3.810,50 erreguko azalera du, nonbait hor.

Balorazioa: 4.763,00 euro urtean.

Alderdi hauetako lurrak hartzen ditu: Cañada Redonda.

Mugak: Iparraldean, Milako bidea; hegoaldean, Zaragozako probintzia; ekialdean, Prado Mollet, eta mendebaldean, Camino del Montecillo-Peñadil.

Lote honen esleipen hartzaileak bere esku izanen du Corral de la Redonda izeneko lotean dagoen artegia.

Ablitasko Udalak Aragoiko jurisdikzioan dituen lurrak ere barnean dira.

1. artikulua. Herrilarreak esleitzeko manerak.

Herrilarreen esleipena egin daiteke herriko bizilagunen artean zuzenean edo enkante publikoaren bidez.

2. artikulua. Zuzeneko esleipenaren onuradunak.

Familia unitateak izanen dira zuzeneko esleipenaren onuradunak, haien titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adinez txiki burujabe edo judizialki gaitua.

b) Udal erroldan izen emanda egotea, bizilagun gisa, gutienez ere urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Ablitasen, urtean 9 hilabetez bederen egiazki bizi izatea.

d) Ablitasko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak Ablitasko katastroan izena emanda edukitzea, urtebete lehenagotik, salbu eta, urtebeteko antzinatasuna izan gabe ere, abeltzainaren azienda familia unitatetik heldu denean, eta hartan lan egin izan duenean.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbidearteko guteneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. artikulua. Azienda karga.

Lote bakoitzak jasan dezakeen azienda kargaren kalkulua eginen du Udalak.

4. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenerako prozedura.

Alkatetzak aitzinetik ebazpena emanda, 7 eguneko epea izanen da ordenantza honen 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenek herrilarreak esleitzeko eska dezaten. Familia unitatearen diru-sarrera guztien zinpeko aitorpena aurkeztuko da eskaera horrekin batera.

Eskaeran adieraziko da zer herrilarre nahiago den arestian aipatu loteetarik, Alkatetzaren aipatu ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzeaz aparte.

5. artikulua. Behin-behineko esleipena.

Alkateak behin-behinekoz eginen du esleipena, Nekazaritza eta Abeltzaintza Batzordeak proposaturik; familia unitatearen diru-sarreren edo aberastasun potentzialaren alderantzizko ordenan eta orobat kontuan harturik familia unitate hori osatzen duten kide kopurua.

Batzorde horrexek zenbatetsiko du eskatzailearen aberastasun potentziala, bere esku dituen datuen arabera, eta ordenantza honen 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatua ukatu gabe.

6. artikulua. Behin betiko esleipena.

Behin-behineko esleipena egin ondotik, 7 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko; esleipena behin betikoz onetsitzat joko da hura iraganik halakorik ez bada.

Udalak, noiznahi, interesdunei eskatzen ahalko die familia unitatearen diru-sarrerak jakiteko behar diren agiri guztiak aurkezteko.

7 eguneko epe berean, abeltzainek, herrilarreen lotea egokitu bazaie, elkarri trukatzen ahalko dizkiote lote horiek; trukaketa Udalak onetsi beharko du.

7. artikulua. Larreen balorazioa.

Larreen balorazioa eginen da eskualdeko egungo prezioak kontuan harturik; ez dira izaten ahalko larreen egiazko balioen %80 baino gutiago, ezta %90 baino gehiago ere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluarekin bat.

8. artikulua. Esleipenaren epea.

Herrilarreen loteen esleipen epea 8 urte izanen da; 2012ko urtarrilaren 1eko ondorioekin hasiko da eta 2020ko abenduaren 31n bukatuko.

Esleipen epea bukaturik, berriz ere esleituko dira, ordenantza honetan erraten den gisan, edo momentu horretan indarra duen lege araudiaren arabera.

9. artikulua. Fidantzak.

Esleipen hartzaile bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrei erantzuteko, horrek fidantza bat jarri beharko du, eskudirutan edo banku abalaren bidez; horretarako 15 eguneko epea izanen du Udalak esleipenaren zenbateko osoaren %4 eskatzen dionetik; fidantza hori Nafarroako KPIaren arabera eguneratzen ahalko da, Udalari komenigarri iruditzen zaion unean.

457. lotearen esleipen hartzaileak 4.000,00 euroko fidantza jarri beharko du, lote horretako eskortan egin daitezkeen kalteez erantzuteko.

10. artikulua. Prezioa eguneratzea.

Lote bakoitza zer preziotan baloratzen eta esleitzen den, hura urtero berrituko da, abeltzainek izandako prezio aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

11. artikulua. Zergak.

Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu esleipen hartzaileak, bai belarrak aprobetxatzeko epean ezar daitezkeenak ere.

12. artikulua. Ordainketaren datak.

Belar aprobetxamenduaren ondoriozko zenbatekoak hiruhileko aitzinatuetan eginen da, Udalak erabakitzen dituen egunetan.

13. artikulua. Aziendaren osasun baldintzak.

Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz haren erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu, baita indarra duten xedapenen arabera aplikatzen ahal diren arau guztiak ere.

14. artikulua. Esleipen hartzailearen betebeharrak.

1. Herrilarreak zuzenean aprobetxatu behar dira.

Bertzeak bertze honelakoetan herrilarreak erabiltzen ez dituztela ulertuko da:

a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.

d) Eskaturik-eta zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bertzelakoak, ezarritako epean aurkezten ez badira.

Herrilarreen zuzeneko aprobetxamendua ez konplitzeak berarekin ekarriko du esleipena bertan behera gelditzea eta galtzea; arau-hausleak ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen, eta erabilitako denbora ordaindu beharko du.

2. Esleipen hartzailearen beharkizunak:

a) Azienda Ablitasko katastroan edukitzea, esleipenak dirauen bitartean.

b) Esleitu zaizkion lurrak ez ematea errentan bertze inori, ezta eskualdatzea ere.

c) Aprobetxamendua ez bazaio interesatzen, esleipenari uko egitea eta lurrak Udalaren esku uztea, hark egokia iruditzen zaion maneran eslei ditzan.

d) Eskortak esleipenaren egunean zeuden horretantxe uztea; jarritako fidantzarekin erantzunen zaie egiten diren kalte-galerei eta fidantza baino gehiago badira, esleipen hartzailearen ondasunekin, zenbatekoa berdindu arte.

15. artikulua. Esleipen hartzailearen ardurak eta arau-hausteak.

Errentariak ahalik eta gehien errespetatuko ditu, bere aziendekin, lote bakoitzaren barnean dauden lurzatietako laborantzak; berak izanen du haietan egiten diren kalte guztien erantzukizuna; horregatik, erantzukizun zibileko poliza hartu beharko du, eta kalteak ordaindu beharko ditu Udalak izendatzen duen perituaren balorazioaren ondoriozko zenbatekoan.

Orobat, abeltzaina izanen da ureztalurretan eta ezpondetan, bideetan eta zubietan egiten diren kalteen erantzulea; lurzatietako sartu-irteerak behar diren bide eta zubietan barna eginen dira, eta kalteak ordaindu beharko ditu Udalak izendatzen duen perituaren balorazioaren ondoriozko zenbatekoan.

Honakoak dira arau-hauste administratiboak:

1. Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa ez betetzea.

2. Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

3. Esleitu ez zaion herrilurrean aziendak sartzea.

4. Ordenantza honek baimentzen ez duen garaian eta tokian azienda sartzea, herrilurretako lurzatien laborantza hondatuz.

5. Kalte egitea aziendaren eskortetan eta aziendendako putzuetan.

6. Ez errespetatzea belarren esleipen epeak.

7. Belarra aprobetxatzeko zenbatekoak edo ezartzen ahal diren bertzelako tasa edo kanonak ez ordaintzea epe barrenean.

8. Esleitu den herrilurra berriz errentan ematea edo bertze bati lagatzea.

16. artikulua. Zehapenak.

Aipatutako arau-hauste horiek ondoko zehapen hauek izanen dituzte:

1. 15. artikuluko lehenbizikoan, kontzesioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek abiarazten dituzten zehapenak.

2. 15. artikuluko seigarrenean, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzaile izateko desgaituko da.

3. 15. artikuluko zortzigarrenean, kontzesioa iraungiko da.

17. artikulua. Bertzelako arau-hauste eta zehapenak.

Jurisdikzio penalean edo bidezko den bertze edozeinetan tramitatzen ahal denaz aparte, Udalean aurkezten diren salaketak, peritu batek kalteak baloratu ondotik, ekarriko dute arau-hausleak kaltetuari kalteak konpontzea, gehi zenbateko horren %50 Udalari ordaintzea, zehapen gisa.

Gutieneko zehapena 30 euro izanen da betiere, eta hurrengo urteetan eguneratuko da bizitzaren kostuaren indizearen arabera.

Urte berean bigarren salaketa egiten bada, zehapena haren zenbatekoa halako bi izanen da; hirugarrena, halako hiru, eta gisa berean handik aitzina.

Nekazariendako zehapenak: baldintzen orri honetan xedatzen denari kontra egiten dioten nekazariek kalteen ordain gisa ordainduko dute kasuan kasuko lurrean herrilarreen esleipenak urtebetean duen prezioa, abeltzainari ordainduko zaiona, gehi zenbateko horren %50, Udalari, zehapen gisa.

Nolanahi ere, gutieneko zehapena 30 euro izanen da.

Zehapenei buruzko xedapen orokorrak: Zehapenak eta kalteak ez ordaintzea derrigorrezko diru-bilketaren premiamendu bidez tramitatuko da.

Gainerako arau-hausteen zehapena, berriz, gehienez ere 3.000 euroko isuna izanen da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 141. artikuluan xedatzen denari jarraikiz.

Hori guztia, ondasun publikoetan edo lurretan eragindako kalteen ordainketa deusetan ukatu gabe, kalteen egileek bidezko den bezala ordainduko baitituzte.

18. artikulua. Eskorta eta artegien erabilera.

Esleipen hartzaileak lote bakoitzari esleitzen zaion artegian altxatu beharko ditu aziendak; ezin izanen ditu gorde hirigune barneko eskortetan.

Belarren errentamendua bukatzen denean esleipen hartzaileek libre utzi beharko dituzte eskorta horiek eta bertan dagoen guztia, hala nola ateak, leihoak, kristalak, sarrailak eta berezko duten guztia, dena entregatu beharko baita, erabiltzeko baldintza ezin hobeetan, hala egiten ez bada behar diren erantzukizunak eskatuko baitira. Giltzak Landazaintzaren eskutan utziko dira.

Sortzen den simaurra esleipen hartzaileendako geldituko da; horiek nahi duten bezala erabiltzen ahalko dute, baina kontratuaren muga-egunerako dena atera izan beharko dute, non ez den hurrengo enkantean errematatzaile gertatzen; hala ez bada, Udalaren jabetza bilakatuko da.

Udalak aziendendako eskorta edo artegiz hornituko ditu lote guztiak, baldin eta horretarako dirua badago aurrekontuan, finkatzen dituen lehentasunen arabera.

Eskorta edo artegien ekipamendua osatzen den bitartean, loteek aldi bakoitzean daudenak izanen dituzte, eta ez da deus erreklamatzen ahalko kontzeptu horrengatik, ezta lotearen prezioa apaltzeko ere, ulertzen baita abeltzainek onartzen dutela haien kopurua eta haien egoera.

19. artikulua. Askak eta putzuak.

Abeltzainek lote bakoitzeko putzuetan edanaraziko dituzte beren aziendak, ez aldamenekoetan, ezta idorteetan ere, non ez duten haien esleipen hartzailearen baimena eta non ez dituzten betetzen hark ezartzen dituen baldintzak.

Udalak garbituko ditu putzuak, eta horren zenbatekoa abeltzainei kobratzen ahalko die Alkatetzak komenigarria ikusten badu.

Udalak eginahalak eginen ditu lote bakoitza aziendendako putzuez edo askez hornitzeko, baldin eta horretarako dirua badago aurrekontuan, finkatzen dituen lehentasunen arabera. Ekipamendua osatzen den bitartean, loteek aldi bakoitzean dauden putzuak izanen dituzte, eta ez da deus erreklamatzen ahalko kontzeptu horrengatik, ezta lotearen prezioa apaltzeko ere, ulertzen baita abeltzainek onartzen dutela haien kopurua eta haien egoera.

20. artikulua. Loteen azaleraren aldaketa.

Ordenantza honek aipatzen duen esleipen aldian loteen azalera murrizten duten inguruabarrak gertatzen badira, errentamenduaren prezioa murriztuko da aziendek aprobetxatu ezin duten azaleraren heinean.

21. artikulua. Barrutiak.

1. Nekazariek laborantza mota guztiak sartzen ahalko dituzte barrutietan, garia eta garagarra kenduta.

2. Barrutian sartzeko data: eskaerak irailean baizik ez dira eginen, katastroaren ohiko zuzenketarekin batean eta haren epe beretan.

3. Barrutiek eskaeraren hurrengo urteko iraila arte iraunen dute gutienez, eta luzatutzat joko dira hurrengo urteetarako, espresuki haren baja eskatzen ez bada.

4. Barrutien identifikazioa: urtero, barrutietan sartutako lurzatien zerrenda emanen zaie abeltzainei, errespeta ditzaten ordenantza honen baldintzei jarraikiz.

5. Barrutiaren prezioa: nekazariak esleipenaren prezio proportzional bera ordainduko du barrutiagatik, gehi zergak, hala behar badu, gehi %25 gehiago kudeaketa gastuengatik eta larreen balio galeragatik, Udalaren eskutan geldituko dena.

6. Esleipen hartzaileari barrutia ordainduko zaio urteko bakoitza bukatzean; egun hartaraino egindako atxikipena fidantzatzat hartuko da.

7. Barrutiaren formaltasunetik ez dira laborantza berriak edo berrikitakoak salbuesten, data orokor beretan eskatuko baitira.

8. Barrutian sartutako lurzatiek barrutian sarturik iraunen dute; haietan ez da bazkatzen ahalko urteko inolako sasoitan, jabeak baimena eman ezean; hala egiten bada, Landazaintzari gaztigatu beharko zaio.

9. Barrutian sartu gabeko lurzatiak: almendrondoak, mahastia, zainzuriak eta frutarbolak dituztenetan azaroaren 15etik goldatu arte baizik ez da bazkatzen ahalko.

Barrutian sartu gabeko zainzurietan ez da sasirik erauzten edo lurra lantzen ahalko urtarrilaren 15aren aitzinetik; hala egiten ez bada, belarren prezioa halako bi ordainduko dute beren zati proportzionalean.

Gainerako laborantzetan ereindako lurzatiak errespetatuko dira beti.

22. artikulua. Uztondoak.

10. Uzta bildu arte ez da baimenik emanen aziendak uztondoetan barna pasatzeko, jabeak baimena eman ezean.

11. Debeku da uztondoak erretzea, Nafarroako Gobernuak baimena eman eta haren baldintzak bete ezean.

12. Lehorreko uztondoak: lehorreko uztondoak ez dira martxoaren 1a arte goldatzen ahalko, urte berean ereiteko eta landatzeko ez bada, Landazaintza Zerbitzuari aitzinetik gaztigatuta.

13. Ureztalurretako uztondoak: ez dira abuztuaren 25a arte goldatzen ahalko, ereiteko eta landatzeko ez bada; hala eginez gero Landazaintzari gaztigatuko diote. Abeltzainek bortz egun izanen dituzte aziendak bazkatzeko, finka lantzen hasi aitzin.

23. artikulua. Frutarbolak, almendrondoak eta makalak.

Frutarbola, almendrondo eta makalen landaketetan ez da bazkatzen ahalko, laugarren urtea iragan arte landatu edo txertatu zirenetik.

Laugarren urtetik aitzina bazkatzen ahalko dira aziendak, uzta bildu ondoan, urtarrilaren 1a arte. Egun hori arte ez da goldatzen ahalko.

Landaketa halakotzat hartu ahal izateko, erregu bakoitzeko 16 arbola izan beharko ditu gutienez, kopuru tikiagoa behar duten espezieetan izan ezean.

Landaketak ezpondetan edo finken mugetan egiten badira, ez dute babesik izanen, finka guztia landatua izan ezean.

Artikulu honek aipatzen dituen landaketak bideetatik gutienez ere hiru metrora egin behar dira.

24. artikulua. Zainzuriak.

Zainzuriak azaroaren 15etik urtarrilaren 1a arte landatzen ahalko dira, baina ez dira egun hori arte goldatzen ahalko.

Aziendak ez dira urtebetean landatutako zainzurietan bazkatzen ahalko.

25. artikulua. Luzerna.

Luzerna: aziendak azaroaren 15etik otsailaren 1a arte bazkatzen ahalko dira bertan, udazkenean erein diren alorretan izan ezik; horiek lehen urtean errespetatu beharko dira, deskonturako eskubiderik gabe.

Lehen urtekoetan, bi mozketa eman bazaie, luzernarako data orokorretan bazkatzen ahalko dira aziendak.

Goldatu behar diren luzernetan azaroaren 15etik abenduaren 8a arte bazkatzen ahalko dira, biak barne.

-Luzerna hazia: aziendak haren uzta bildu ondoan bazkatzen ahalko dira bertan, baina errespetatu beharko da finkaren titularrak egin nahi badu hazia bildu ondoan sortzen den mozketa; hura azaroaren 15a baino lehen egin beharko da.

Laboreekin eta luzerna haziarekin ereindako finkek luzernarako arau orokorrari segeituko diote.

26. artikulua. Beterraba.

Uzta bildu ondoan, nekazariak orria kentzeko epea 3 egun izanen da. Horren ondotik, aziendak bazkatzen ahalko dira bertan, erein aitzineko 8 egunean.

27. artikulua. Laboreak, artoa eta barazkiak.

Ereinez gero, nekazariak abeltzainari gaztigatuko dio eta hamar eguneko epea izanen du aziendak bazkatzeko; ereiten ez bada, orobat hogei egun izanen ditu, nekazariak gaztigatzen dionetik.

-Berdean biltzeko artoa: jabeak belarrak ordaindu beharko dizkio abeltzainari. Barazkirik paratuz gero (azalorea, ilarrak eta bertze) lehen uztatzat joko da.

-Arto lastoa: debeku da arto lastoa makinaz bildu edo paketatzea, horrekin belarren aprobetxamenduari kalte egiten bazaio, abeltzainari gaztigatu ez ezik, 10 egun izanen baititu aziendak bazkatzeko.

-Brokolia eta azalorea: brokoliaren eta azalorearen lehen uztetan, abeltzainaren eta jabearen artean hostoaren prezioez adostasunik ez bada, abeltzainak zazpi eguneko epea izanen du sartzeko.

-Bigarren uztetan, azalore, ilar eta bertzeetan, abeltzainaren eta nekazariaren artean adostasunik ez bada, nekazariak biltzen ahalko ditu haren aprobetxamendurik gabe.

Brokolirako lur larre utzietan, abeltzaina sartzen ahalko da, jabea ados badago.

-Orburuak: nekazaria orburuetan sartzen ahalko da aziendekin, makilak moztu ondoan, uztailaren 20a arte.

-Mahastiak: mahastietan, aziendak ez dira sartzen ahalko landaketaren lehen bi urtean.

Gainerako mahastietan uzta bildu ondoan bazkatzen ahalko dira.

-Olibondoak: olibondoetan, aziendak ez dira sartzen ahalko landaketaren lehen lau urtean.

Gero bazkatzen ahalko dira bertan, uzta bildu ondoan, otsailaren 1a arte.

28. artikulua. Laborantzarako aziendak.

Larreak aprobetxatzeko eskubidea errentariarena baizik ez bada ere, honek ez du kontra egiten ahalko bizilagunek, lanaren kariaz, beren lurzatietan laborantzarako aziendak sartzen badituzte.

29. artikulua. Euria eta ureztapenak.

Euria botaz gero, kanalak erori badira aziendak ez dira finketan sartzen ahalko hiru egun iragan arte. Euria zakar bota badu eta lurra beratz badago, aitzinetik Landazaintza Zerbitzuari galdeginen zaio.

Zainzuri eta mahastietako finketan eta lur larre utzietan, lau eguneko epea izanen da.

Finka ureztatuetan ez dira aziendak bazkatzen ahalko kalte egiten ahal den bitartean; azienda sartu aitzin, Landazaintza Zerbitzuari galdeginen zaio.

Arau horiek betetzen ez badira, abeltzainak esleipen proportzionala halako bi ordainduko du kalteagatik.

30. artikulua. Eremu babestuak.

Debeku da aziendak uren biltontzien aldean bazkatzea, baita hirigunean, industriarako edo apaintzeko lurretan, eta higadurari kontra egiteko landaketen eremuetan.

31. artikulua. Erretenak eta isurbideak.

Debeku da aziendak kordeladaz kordelada iragatea erreten eta isurbide edo hustubideetan barna.

32. artikulua. Familia-baratzeak.

Azienda ez da erregu bat baino azalera gutiago duten familia baratzeetan bazkatzen ahalko, nekazariak baimena eman ezean.

33. artikulua. Ahuntz azienda.

Debeku da ahuntz azienda bazkatzea, saldoa zuzentzen aritzen diren animaliak izan ezik, eta gehienez ere 10.

34. artikulua. Ingurumen arloko xedapenak.

1. Baso berritzeak edo ingurumenekoak: espresuki debeku da aziendak baso berrituetan, landaketetan edo higaduraren kontra egiteko edo ingurumenaren aldetik lehengoratzeko erein den aldeetan. Etorkizunean landaketak edo ereintzak egiten badira, haien azalera kenduko da loteen preziotik.

2. Putzu edo asken inguruko aldeak: nekazariek ez dituzte putzu eta asken inguruko aldeak lantzen ahalko, Landazaintzak finkatzen duen azaleran.

3. Kutsaduraren kontrako neurriak: erabiltzaileek behar diren neurriak hartu beharko dituzte putzu eta asken ura ez kutsatzeko produktu fitosanitarioekin edo bertze edozein klasetakoekin, jendeari, aziendei eta orokorrean faunari kalte egiten ahal badiete. Ur hauetako biltontzi edo ontziak ez dira garbitu behar, ezta bazterrera bota ere.

4. Animalia hilak: debeku da animalia hilak bazterretan uztea edo ehorztea; betiere bete behar da arlo honetako legeria. Araudi hau ez betetzearen ondoriozko gastuak arau-hauslearen bizkar izanen dira, deusetan ukatu gabe behar diren zehapenak.

35. artikulua. Enkantearen bidezko esleipena.

Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira zortzi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

36. artikulua. Parte hartzeko baldintzak eta fidantzak.

1. Enkantean parte hartzeko nahitaezko baldintza izanen da mahaiburutzan hirurehun euro uztea, eskudirutan, hura gabe ez baita eskaintzarik ez proposamenik onartuko. Orobat, eguneraturik izan behar dira herrilurrak aprobetxatzeagatik edo bertze edozein kontzepturengatik Ablitasko Udalak igortzen dituen kontribuzio, tasa, prezio publiko eta kanon guztiak, eta sinaturik izan beharko da erantzukizun zibileko poliza bat, aziendek egiten ahal dituzten kalteengatik.

2. Behin-behineko esleipena eginda, utzi duten behin-behineko fidantza itzuliko zaie enkantean parte hartu dutenei, eta errematatzaileena baizik ez da atxikiko. Hiruhileko baten ordainketa berdintzeko aski ez bada, aldea eskatuko zaie errematatzaileei eta Udalaren eskutan geldituko da gerta litezkeen kalte-ordainei aurre egin ahal izateko. Hura errentamendua bukatuta itzuliko da; haren zenbatekoa enkantearen urteko prezioaren %10 izanen da, kontratu hau betetzen dela bermatzeko.

37. artikulua. Pagatzeko modua.

1. Errentamendua zer zenbatekotan esleitu den, haren ordainketa hiruhileko aitzinatuetan eginen da. Lehen epea, aitzineko baldintzan adierazi den gisan, behin betiko esleipenaren unean.

2. Aitzineko baldintzan zehaztu diren epeak edo datak iraganik errentariak zenbatekoak ordaindu ez baditu erran bezala, premiamendu bidez kobratuko dira, Udalak kontratua deuseztatzea erabakitzen ahal badu ere errematatzaile berankorraren bizkar; horrek utzitako fidantza galtzea ere ekarriko luke.

38. artikulua. Prezioa eguneratzea.

Toki ogasunen gaineko araudiak ezartzen duenari jarraikiz, errentamenduaren prezioa bigarren urterako eta hurrengoetarako eguneratuko da, bizitzaren kostuaren gorakadarekin batean, indize ofizialen arabera.

39. artikulua. Arriskua eta mentura.

Errentamendua dela-eta, errentariak bere gain hartzen du arriskua eta mentura; beraz, deusengatik ere ez du prezioa aldatzeko, epea luzatzeko edo hura ezeztatzeko eskatzen ahalko.

40. artikulua. Zezenketetarako aziendak.

Esleipena edozein modutakoa izanik ere, esleipen hartzaileetariko bat zezenketetarako abeltzaina baldin bada, izan beharko du azienda horren ondorioz pertsona eta ondasunetan egiten diren kalteak bermatzeko moduko aseguru poliza; azienda horren zaintzaileak gaitasuna eta ardura izan beharko ditu egiazki.

41. artikulua. Goiti-beheitiak konpontzea eta legeria aplikagarria.

Udalak konponduko ditu, lehen-lehenik, errentamendu honetatik ondorioztatzen diren goiti-beheiti eta afera guztiak; haren ebazpenen kontra behar diren errekurtsoak paratzen ahalko dira.

Aitzinetik etorri diren baldintzetan aurreikusi gabeko guztietan, errematatzaileak men egin beharko dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean, Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuan enkante mota hauetaz xedatzen den orori.

Udalak, 2011ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran onetsia, Ingurumen, Nekazaritza eta Abeltzaintza Batzordeak 11-12-14an proposaturik.

Hasierako onespena: 17. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2012-01-25ekoa.

Iragarkiaren kodea: L1203898