70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Ablitasko zirzulazioko eta aparkatze murriztuko eremuak
arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Ablitasko Udalak, 2011ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ablitasko zirkulazioko eta aparkatze murriztuko eremuak arautzen dituen udal ordenantza. 2012ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ablitasen, 2012ko martxoaren 7an.-Alkatea, Cecilio Antón Ruiz.

ABLITASKO ZIRKULAZIOKO ETA APARKATZE MURRIZTUKO EREMUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7 eta 38. artikuluetan eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 93. artikuluan ezarritakoak udalerriei ematen die hiribideen erabilera xedapen orokorren bitartez arautzeko eskumena.

Aipatutakoari jarraikiz, Ablitasko Udalak, trafikoa hobetzeko asmoz, ibilgailu eta oinezkoen zirkulazioa ahalik eta gehien bateratuz, zirkulazioko eta gelditze eta aparkatze murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantza ezarri du.

Ezaugarriak, helburua eta aplikazio eremua

1. artikulua.

Ordenantza honen bitartez, herriko zona edo kale batzuetan zirkulazioa, gelditzea eta aparkatzea arautzen da.

Zirkulatu, gelditu eta aparkatzen ahal dira zona horietan bizilagunentzako txartela duten ibilgailuak, ezarritako egun eta orduetan, denbora mugarik gabe, eta merkataritza, industria, lanbide eta zerbitzu jardueretarako txartela duten titularrak, nork bere sektorearen barrenean, horiek ere denbora mugarik gabe, hori guztia baimendutako lekuetan.

Zona horiek alkatetzaren ebazpenaren bidez aldatu ahalko dira, Hirigintza, Obra, Parke eta Lorategien Batzordearen txostena kontuan hartuta.

2. artikulua.

Ordenantza hau aplikatuko den hiri eremuetan behar bezalako seinaleak jarriko dira, zutikakoak nahiz etzanak, kasua nolakoa den, eta zirkulatzea eta aparkatzea murriztuta egongo da eremu horietan, araudian ezarritakoari jarraikiz.

3. artikulua.

Ordenantza honen xede diren eremuak 1. eranskinean aipatzen dira.

4. artikulua.

Ordenantza honen bitartez zirkulazio eta aparkatze murriztuko egunak eta orduak arautzen dira. Honako hauek dira:

1. eranskineko eremuetan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, soilik bizilagunek edo baimendutako ibilgailuek zirkulatu edo aparkatu ahalko dute, salbuespen hauekin:

Ezin izango da zirkulatu ez eta aparkatu ere, baimendutako pertsonak ere ez, jaiak, prozesioak, desfileak, peñen eta txarangen ibilaldiak, kirol lehiaketak edo ludikoak edo gisako beste ekintza batzuk egiteko behar den denboran, araudian dauden kale guztietan edo batzuetan barna eta Udalak antolatuta edo baimenduta egiten badira.

Alkatetzak aldatu edo bertan behera utzi ahalko du ordenantza hau aplikatzea, araututako eremu batzuetan edo guztietan, salbuespeneko arrazoi edo baldintzek komenigarria egiten dutenean.

5. artikulua.

Baimena duten bizilagunek ibilgailua aparkatu ahal izango dute, denbora mugarik gabe, behar bezala seinaleztatutako lekuetan.

Bizilagun izaera izateko, txartela eskuratzeari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Pertsona fisikoa izatea eta sektorearen barnean dagoen etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea.

Halaber, txartela zein ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek, eskatzailearen izenean egoteaz gain, leku berean egon behar du helbideratua.

2. Ablitasko Udalari bizilagunentzako txartela eskatu eta hura eskuratzea, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuta:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia egiaztatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

b) Autoaren aseguru polizaren kopia egiaztatua eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura eduki behar bada.

c) Agiriak luzatzeagatik, dagokion tasa ordaintzea.

d) Aparkatzeko plaza edo kotxetegien jabe, maizter, erabiltzaile edo edozein titulugatik erabiltzeko bestelako eskubidearen titularra ez izatearen zinpeko aitorpena, xede nagusia edo osagarria ibilgailua gordetzea baldin bada.

3. Halaber, bizilagunentzako txartela honako hauek eskatu ahalko dute:

-Ordenantza honek arautzen dituen eremuetako etxebizitzen jabeek edo maizterrek, nahiz eta Ablitasko egoiliar izaera ez izan. Kasu honetan, etxebizitza bakoitzean txartela bakarra emanen da.

-Peñen lokalek txartela bakarra eskatu ahalko dute lokal bakoitzean, eta honek gaituko ditu eremuan barna zirkulatzeko, bakarrik zamalanetarako.

- Adineko pertsonak zaindu edo haien ardurapean dituzten senideek edo pertsonek, behar bezala kreditaturik, txartela bakarra eskatu ahalko dute zaintzen duten pertsonen etxebizitzako, beti ere eskatzaileak ordenantza honetan arautzen diren eremuetan bizi ez badira.

4. Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen dituzten ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla frogatzeko.

6. artikulua.

Ibilgailu bakoitzeko ez da, inola era, txartel bat baino gehiago emanen.

7. artikulua.

Txartela duen bizilagunak denbora mugarik gabe aparkatzen ahal du libre dauden aparkatzeko tokietan.

8. artikulua.

Bizilagun txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Txartelean zein urte agertzen den urte hartarako balioko du eta eskatzailearentzat eta eskariko ibilgailurako baizik ez da izanen.

9. artikulua.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

10. artikulua.

Bizilagun txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean, bai eta behar den tasa ordaindua izatea ere.

Halaber, etxez edo bertze edozein baldintza aldatzeagatik txartel berria eskuratzeko eskubidea galduz gero, orduan ere txartela itzuli behar da.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

11. artikulua.

Udalak noiznahi begiratu dezake txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezko bertze neurri edo zehapenak deusetan ukatu gabe.

Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan ari direnak

12. artikulua.

Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan ari diren pertsona fisiko eta juridikoek txartel bat eskuratu ahalko dute eta horren bitartez baimena izanen dute, denbora mugarik gabe, ordenantza honetako eremuetan aparkatzeko, baimendutako lekuetan, honako baldintza eta mugekin:

-Jarduera ekonomikoen zergan, jarduera hartarako eta establezimendua dagoen tokirako alta emanak izatea.

-Irekitzeko lizentzia beharko du izan lokalak.

-Ibilgailua jardueraren titularraren izenean egonen da, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa egina.

-Establezimendu bakoitzeko txartel bakarra emanen da.

13. artikulua.

Ordenantza honetan araututako eremuetan merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan aritu behar duten pertsona fisiko eta juridikoek txartel bat eskuratu ahalko dute eta horren bitartez baimena izanen dute, denbora mugarik gabe, ordenantza honetako eremuetan aparkatzeko, honako baldintza eta mugekin:

-Jarduera ekonomikoen gaineko zergan inskribaturik egon beharko dute, jarduera horretan Ablitasen aritzeko.

-Ibilgailua jardueraren titularraren izenean egonen da, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa egina.

-Txartela bakarra emanen da pertsona fisiko edo juridikoaren izenean lizentzia fiskalean inskribaturik dauden ibilgailu bakoitzeko.

14. artikulua.

Baztertuta daude ordenantza honetan ezarritako muga edo murrizketatik:

1. Horretarako gaitzen duen txartela indarrean duten bizilagunen ibilgailuak, betiere garbi ikusteko maneran badute.

2. Herritar guztien bizikletak eta bizilagunen ziklomotorrak, betiere, horretarako prestaturiko tokietan aparkatu beharko diren eta sekula ere ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

3. Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako toki eta orduetan ari badira.

4. Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

5. Autotaxi ibilgailuak, gidaria bolantera jarria eta zerbitzu egiten ari bada.

6. Hilotzak eramateko autoak, zerbitzu egiten ari badira.

7. Udalaren ibilgailuak, suhiltzaileak, anbulantziak edo osasun larrialdiak, gizarte zerbitzuak eta polizia, zerbitzuak egiten ari badira.

8. Elbarriendako erreserba berezietan aparkatzeko baimena duten ibilgailuak, horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

9. Baimena duten bertze ibilgailu batzuk.

15. artikulua.

Zehapenen araubidea.

Ordenantza honetan xedatua ez betetzea trafikoari eta zirkulazioari buruzko antolamenduaren kontrako arau-haustetzat joko da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 65. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta alkateak edo zinegotzi delegatuak zehatuko ditu, aipatu Legearen 68.2 artikuluko 1. lerroaldean eta 73. eta ondoko artikuluetan adierazten diren eskumenaren eta prozeduren ariora.

16. artikulua.

Ibilgailua ibilgetu ahal izanen da edo eremu publikotik kendu eta gero horretarako prestaturiko lekura eramanen:

-Aparkaturik badago eremu murriztuetan, indarrean den bizilagunentzako txartela paratu gabe.

-Paratutako txartela ez badagokio baimena duen ibilgailuari.

17. artikulua.

Arau-haustetzat hartuko dira aparkatzeko murriztuko eremuetan:

1) Aparkatzea indarra duen bizilagun txartelik gabe.

2) Bizilagun txartel faltsutuak edo manipulatuak erabiltzea.

3) Txartela behar bezala agerian ez jartzea.

4) Aparkatzeko markatutako tokiaren esparrutik kanpora aparkatzea, beste toki bat edo batzuk ezin erabiltzeko maneran utziz.

5) Bizikletak aparkatzea horiendako espres ezarritako lekuetatik kanpo.

18. artikulua.

1. Ordenantza honen 17. artikuluko arau-hausteak egiteagatik, zehapen hauek paratuko dira:

a) 60 euro bitarteko isunak:

-Indarreko txartelik gabe aparkatzeagatik.

-Txartela faltsutzeagatik edo maneiatzeagatik, bai eta txartel faltsutua edo maneiatua erabiltzeagatik, bidezko izan daitezkeen bestelako zehapen edo neurriak deusetan ukatu gabe.

b) 30 euroko isuna:

-Txartela agerian ez jartzeagatik.

-Aparkatzeko tokiaren esparru markatutik kanpora aparkatzeagatik, beste toki bat edo batzuk ezin erabiltzeko maneran utziz.

-Bizikletak aparkatzeagatik horiendako ezarritako tokietatik kanpo.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan xedatuak ez du deusetan ukatuko Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean, eta hura garatzeko ematen diren gainerako xedapenetan ere, ezarritakoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Txartela eskuratzeko edo berritzeko prezioa. Urtean behin onetsiko da.

2011-11-27an egin osoko bilkuran onetsia, HOPLren Batzordeak 2011-11-16an proposaturik.

Hasierako onespena (2012ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 20koa).

I. ERANSKINA

Ordenantza honek aipatzen dituen zirkulazio, gelditze eta aparkatze murriztuko eremua

Ordenantza hau alde zaharreko honako kale hauetan aplikatuko da:

-Ukitutako kaleak:

Kale Nagusia.

Enmedio kalea.

San Miguel kalea.

Horno kalea.

Costeras kalea.

Caracoles kalea.

Callizo Caracoles kalea.

Chiquero kalea.

Capuchinos kalea.

Callizo Capuchinos kalea.

Subida al Castillo kalea.

Castillo kalea.

Subida a Graneros del Castillo kalea.

Cerrada kalea.

Diezma kalea.

Subida a Plaza del Olmo kalea.

Del Olmo plaza.

Posteguillo kalea.

Iglesia kalea.

Torales kalea.

Bajada al Río kalea.

Río kalea.

San Antón kalea (del Cura plazatxoa eta sarbidea).

Foruen plaza.

Tudela etorbidea, Río kaleko bidegurutzetik Foruen plazaraino.

Dagokion seinaleztapenaren barrenean dagoen edozein.

Iragarkiaren kodea: L1203896