70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18E/2012 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Beraskoaingo BA 42 eta BA 43 euskarrien artean 13,2 kV-eko aireko linearen bariantea ("Argiñarizko deribazioa") egiteko proiekturako. Sustatzailea Electra Valdizarbe, S.A. da.

Urtarrilaren 27an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera, Electra Valdizarbe, S.A.k sustaturik. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I atalean dago sartuta. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuan ageri den jarduketaren bidez aldatu egin nahi da goi tentsioko instalazioa; hala, portale gisako hormigoizko zutoinak dituen euskarria (BA 42) metalezko dorre batez ordeztuko da, eta BA 43 zenbakia duen metalezko euskarria metalezko beste dorre batez, "Argiñarizko deribazioa" izeneko linean, eta, ondoren, kendutako euskarriak desmuntatu eginen dira.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Beraskoaingo Udalak, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduketaren aldeko txostena eman zuen, 2012ko urtarrilaren 26an.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Beraskoaingo BA 42 eta BA 43 euskarrien artean 13,2 kV-eko aireko linearen bariantea ("Argiñarizko deribazioa") egiteko proiekturako. Sustatzailea Electra Valdizarbe, S.A. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Proiektuko planoetan azaltzen den moduan, euskarri berrietan, elementu eroalearen eta hegaztiak pausatzeko eremuaren arteko tartea, isolagailuaren eta estalki isolatzailearen distantzia gehituta, 1,00 m-koa izanen da gutxienez.

-Era berean, eta aipatu proiektuan ageri den moduan, deribazioaren euskarrian, zubiak azal termorretraktilarekin isolatuko dira.

-Kentzen diren euskarriak hondakinen kudeatzaile baimendu batek egokiro eraman eta kudeatuko ditu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Beraskoaingo Udalari, Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 17an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1203438