70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15E/2012 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Tebas-Muru Artederretako udal mugapeko Alaizko Mendilerroan dagoen Unconaren harrobian 100 kW-eko aerosorgailu prototipoa jartzeko proiekturako. Sustatzailea Boreas Nuevas Tecnologias, S.L. da.

2011ko azaroaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen. Deskribapen teknikoa eta Ingurumen ukipenen azterlana jaso dira dokumentazio horretan.

Proiektuan ageri denez, Boreas NT-AIRen 100 kW-eko aerosorgailu berriaren prototipoa jarri nahi da Alaizko Mendilerroan dagoen Unconaren harrobian, Tebas-Muru Artederretako udal mugapean.

2011ko abenduaren 1ean, txostena eskatu zitzaion Tebas-Muru Artederretako Udalari. 2011ko abenduaren 29an, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen.

2012ko otsailaren 2an, sustatzaileak dokumentazio osagarria igorri zuen, zeinean Uncona, S.A.ren eta Boreas NTren akordioa jaso baitzen, harrobiaren ustiapen eremuan aerosorgailua jartzeko. Halaber, aerosorgailuaren prototipo horren instalaziorako, probetarako eta abian jartzeko aukerei buruzko azterlana, sustatzaileak egina, aurkeztu zen. Aerosorgailu hori 19 metroko diametroa, 25 metroko garaierako dorrea eta 100 kW-eko potentzia unitarioa dituen lehen prototipoa da, Boreas NTk garatua. 6 aukera aztertu dira; denak balizko energia kontsumitzaileengandik hurbil daude, nahiko haize duten eremuetan, eta energia ateratzeko linea eta sarbidea egiteko behar gutxi dute. Horiek horrela, Unconaren harrobian jartzeko aukera hautatu da.

Aerosorgailua ustiapenaren eremuan jarriko da, eta hantxe dagoen transformadorearen ingurutik irits daiteke bertara. Horretaz gainera, energia ateratzeko linea elektrikoa lurpean joanen da aerosorgailuaren eta transformadorearen artean.

Ingurumen ukipenen azterlanak egokiro aztertzen ditu aurreikusten diren eragin guztiak, eta beharrezkoak diren aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak proposatzen ditu, jarduketaren eragina bateragarria izan dadin.

Instalazioa probatarako izanen denez, gutxienez ere bost urtez egonen da jarria prototipoa. Denbora hori bukatutakoan, instalazioa kentzeko edo, bestela, jarraipena emateko proposamena aurkeztuko da zerbitzu honetan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Tebas-Muru Artederretako udal mugapeko Alaizko Mendilerroan dagoen Unconaren harrobian 100 kW-eko aerosorgailu prototipoa jartzeko proiekturako. Sustatzailea Boreas Nuevas Tecnologias, S.L. da.

2. Proiektua baldintza hauek betez garatuko da:

-Aerosorgailua funtzionamenduan hasi eta bost urte pasatutakoan, instalazioa kentzeko edo jarraipena emateko proposamena aurkeztuko da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

-Faunaren gainean gorabeheraren bat gertatuz gero, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari jakinaraziko zaio berehala.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatuta.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tebas-Muru Artederretako Udalari, Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 14an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1203341