48. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, enpresa txiki eta ertainek Nafarroan araututako eta behar bezala erregistratutako establezimendu turistikoak hobetu eta berritzeko 2012. urtean egiten dituzten inbertsioetarako laguntzen deialdia onesten duena.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia, eta orobat, etorkizuna bideratzeko era berrian. Horri dagokionez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak azken urteotan kalitate eta ezaugarri bereziko establezimenduak sortzea sustatu du.

Ildo beretik, eta establezimenduak franko eta askotarikoak izanik, ulertu da lehentasuna dela zerbitzuen kalitatea handitzeko ekimenak ahalbidetu eta bultzatzea, halako antzinatasuna duten establezimenduak hobetuz eta berrituz.

Aurten jarduketa gehiagotarako diru-laguntzak emanez indartzen den lan ildo hau bat dator Turismoko Estatuko Idazkaritzak segitzen duenarekin, eta denok batera lan egitearen alde agertzen jarraitzen du, horrela, Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate maila handia lor dezaten. Q arauak UNE arau bihurtzeak ere laguntzen du horretan, arrakastaz ekin baitzaio horri turismoaren esparruan.

Horregatik, beharrezkoa da, orobat, Q ikurraren ezarpena sustatzen eta laguntzen segitzea, horrek Nafarroako turismoaren irudi orokorra hobetzen lagunduko duelakoan, kalitateko destino gisa eratzen duelako, enpresen sektorearen lankidetzarekin eta kalitatea kudeatzeko egungo ereduak erabiliz.

Hori dela eta, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak egokia irizten dio laguntzen deialdi hau egiteari, Nafarroako establezimendu turistiko eta arautuak hobetu eta berritzeko ekimenak babestearren.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori 2006ko abenduaren 28ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

Azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru badago. Horretarako, baremo bat aurreikusi da, atal bakoitzerako lehentasun ordena eta proposatutako inbertsio proiektuari ematen ahal zaion diru-laguntza portzentajea zehaztuko duena.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Enpresa txiki eta ertainek Nafarroan araututako eta behar bezala erregistratutako establezimendu turistikoak hobetu eta berritzeko 2012an egiten dituzten inbertsioetarako diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

580.000,00

G/A10001/7709/432300: Transferentziak ekimen pribatuari eskaintza turistikoa hobetu eta berritzeko (ADPT).

2012

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko otsailaren 3an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Enpresa txiki eta ertainek Nafarroan araututako eta behar bezala erregistratutako establezimendu turistikoak hobetu eta berritzeko 2012an egiten dituzten inbertsioetarako diru-laguntzen
deialdiaren oinarri arautzaileak

1.-Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xede da enpresa txiki eta ertainei laguntzak emateko araubidea ezartzea, honako hauek egiteko:

a) Turismoko establezimenduetan 2012an egiten diren eraberritzeak eta hobekuntzak, Kalitate Turiskoaren Q ikurra edo UNE araua lortu edo hari eusteko asmoz egiten direnak, betiere establezimendu horiek Espainiako turismoaren kalitatearen sistemari atxikita baldin badaude.

b) Establezimendu turistiko arautuetan 2012an egiten diren eraberritzeak eta hobekuntzak, betiere Nafarroako Turismoko Erregistroan behar bezala inskribaturik baldin badaude.

2.-Aurrekontuko diru-zuzkidura.

Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko zuzkidura 580.000,00 eurokoa izanen da gehienez, eta "Transferentziak ekimen pribatuari eskaintza turistikoa hobetu eta berritzeko" izeneko A10001 A1130 7709 432300 kontu-sailaren kargura izanen da (ADPT). Diru-kopuru hori handitzen ahalko da, programa berean sartutako beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberan gelditzen den dirua gehituz, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuetako kontu-sailari diru gehiago erantsiz.

Adierazitako aurrekontua honela banatuko da:

-Kalitatearen arloko inbertsioak: aurrekontu osoaren %20, hau da, 116.000,00 euro.

-Inbertsioak gainerako establezimendu turistiko arautuetan: %80, hau da, 464.000,00 euro.

Nolanahi ere, espedienteak berrikusi eta deialdiaren ebazpena proposatu ondoren, atalen batean dirurik gelditzen bada, bestera eramaten ahalko da.

3.-Onuradunak.

Foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak), baldin eta inbertsioa egiteko establezimenduaren titular gisa behar bezala inskribaturik badaude Nafarroako Turismo Erregistroan.

ETE bat zer den argitu nahi izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

4.-Laguntzen barruan sartzen diren proiektuak eta erreferentzialdia.

2011ko azaroaren 16tik 2012ko azaroaren 15era bitarte egin eta fakturatu diren hobekuntza eta eraberritzeetarako inbertsio proiektuak sartzen dira deialdi honen barruan; honelakoak:

-Estalbezimenduetan mantentze-lanak eta eraberritzeko lanak: isolamenduak, saneamenduak, elektrizitatea, segurtasuna, irisgarritasuna, berokuntza sistemak, igeltserotza edo zurgintza.

-Establezimenduaren altzariak eta ekipamendua, baldin eta inbertsiotarako hartzen bada ekipamendu hori, berritze hutsa izan gabe.

Azpiegituretan ingurumen aldetik egokiak diren material eta produktuak erabiliko dira (material birziklatuak, elementu berrerabiliak, energia-galerak murrizteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko lagungarri diren isolatzaile termikoak edo material erregogorrak; metal astunik edo osagai arriskutsurik gabeko pintura eta bernizak, urpinturak alegia, pigmentu naturalez eginak, KOH ahalik eta gutxien jaulkitzen dutenak; ura aurrezteko gailuak eta emaria mugatzeko mekanismoak dituzten saneamendu-osagaiak etab.). Edonola ere, Etxegintzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak kontuan hartuko dira, ingurumenak jasan dezakeen eragina neurtuko da, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartuko dira eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen neurriak integratzen ahalegindu beharko da.

Era berean, obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko sistemak, bilketa sailkatua ahalbidetzen dutenak, aurreikusiko dira.

5.-Gutxieneko irizpideak proiektuak onesteko.

Laguntza jaso ahal izateko, establezimenduek baldintza eta ezaugarri hauek bildu beharko dituzte:

a) Kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko hobekuntzak eta eraberritzeak establezimendu turistikoetan:

-2012ko urtarrilaren 1a baino lehen Turismo Erregistroan inskribaturik egon behar du establezimenduak.

-Espainiako turismoaren kalitatearen sistemari atxikita egon behar du, eta urtebetean eskuratu beharko du ziurtapena, laguntza ematen denetik hasita, eta/edo 5 urteko epean mantendu beharko da.

-Bat egite berrien kasuan, aldez aurreko autoebaluazioari buruzko galdekta egin ondoan antzematen diren beharren emaitza izanen dira aurkezten diren inbertsioak, edo hobekuntza planetan eta/edo establezimendua hobetzeko ekimenetan aurreikusiko dira, dagoeneko ziurtapena duten establezimenduen kasuan.

-Proiektuak edozein obra mota, kanpokoa zein barrenekoa, aurreikusten badu, dagokion obra baimena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, edo baimen hori beharrezkoa ez dela dioen Udalaren ziurtagiria.

b) Eraberritzeak eta hobekuntzak establezimendu turistiko arautuetan:

-10 urteko antzinatasuna, gutxienez, izan beharko du inbertsioa egin gogo den establezimenduak, inbertsio eguna 2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izanik.

-Azken hiru urteotan, gutxienez, turismoko jardueran aritu dela frogatu beharko du. Epe horretan titulartasuna aldatu bada, eskualdaketatik hasitako epera murriztuko da betekizun hori.

-Eraberritzeak edo hobekuntzak bukaturik, aplikatzen den araudira egokitu beharko du establezimenduak, aldez aurretik ez bazegoen, eta, edonola ere, gutxieneko hauek beteko ditu:

  • Ostalaritzako establezimenduak: hostalaren kategoria, gutxienez.
  • Apartamentu turistikoak: bi giltzako kategoria, gutxienez.
  • Landetxeak: bi orriko kategoria, gutxienez.
  • Aterpetxeak, turismoko kanpalekuak, jatetxeak, jarduera enpresak eta bidaia-agentziak: daukaten kategoria edo tipologia.

-Proiektuak edozein obra mota, kanpokoa zein barrenekoa, aurreikusten badu, dagokion obra baimena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, edo baimen hori beharrezkoa ez dela dioen Udalaren ziurtagiria.

6.-Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko 1.a oinarrian zehazten diren eraberritzeetarako, %60ko diru-laguntza emanen da, fondo galdura, muga 24.000 euro izanik, eta 1.b oinarrian zehazten direnetarako, berriz, %50ekoa, muga 20.000 euro izanik.

Aurkezten diren proiektuek, gutxienez, 4.000 euroko inbertsioa izan behar dute, eta ezin dira 40.000 eurotik goikoak izan, BEZa kanpo betiere.

7.-Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren eta, hurrengo puntuan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu bitarte banatuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

8.-Baremoa.

a) Kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko hobekuntzak eta eraberritzeak establezimendu turistikoetan:

Deialdi honetako 2. puntuan ezarritako laguntzak emateko lehentasunak ezartzeko, honako baremo* hau aplikatuko da:

-Establezimenduaren inskripzioaren antzinatasuna erregistroan: puntu 1 urte bakoitzeko, 15era arte gehienez (hila eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea baizik).

-Kalitatearen Qa zein urtetan lortu zen: 2 puntu urte bakoitzeko; 20 puntu gehienez.

-Departamentu honetatik lehenago, azken 5 urtean**, jaso diren laguntzak (gastuak edo inbertsioak, berritik sortzen direnentzak izan ezik):

  • 15 puntu, 10.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 10 puntu, 25.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 5 puntu, 50.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

Berdinduz gero, erregistroko inskripzioaren antzinatasunaren arabera erabakiko da, hila eta eguna ere kontuan hartuta.

b) Establezimendu arautuetan 2012an egin eraberritzeak eta hobekuntzak:

Deialdi honetako 2. puntuan ezarritako laguntzak emateko lehentasunak ezartzeko, honako baremo* hau aplikatuko da:

-Establezimenduaren inskripzioaren antzinatasuna erregistroan: puntu 1 urte bakoitzeko, 15era arte gehienez (hila eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea baizik).

-Departamentu honetatik lehenago, azken 5 urtean**, jaso diren laguntzak (gastuak edo inbertsioak, berritik sortzen direnentzak izan ezik):

  • 15 puntu, 10.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 10 puntu, 25.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 5 puntu, 50.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

-Proiektuak honako hauek aurkezten dituztenean edo haietan parte hartzen dutenean:

  • 35 urtetik beheitikoak: 15 puntu.
  • 55 urtetik beheitikoak: 10 puntu.

-Web orria daukaten establezimenduak: 3 puntu.

-Titularra elkarte/partzuergo turistiko baten kide denean: 5 puntu.

-Azken 3 urteotan ikastaro/jardunaldietan parte hartzeagatik, jarduera turistikoarekin edo titularrak edo haren zerbitzuko langileek establezimenduan egiten duten kudeaketarekin ikustekoa badu:

  • 5 puntu, 100 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.
  • 2 puntu, 50 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.

Berdinduz gero, erregistroko inskripzioaren antzinatasunaren arabera erabakiko da, hila eta eguna ere kontuan hartuta.

* Baremoaren balorazioa, eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren bidez eginen da; ezin da geroago aurkeztu edo zuzendu. Horretarako, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak egiaztatzen ahal duen dokumentazioaren kasuan, aski izanen da erantzukizuneko aitorpen bat, titularrak sinatua (erregistroko antzinatasuna, Q ziurtagiriaren lorpena, jasotako laguntzak). Gainerako kasuetan, behar adina egiaztagiri aurkeztuko da.

** Jasotako laguntzak titularraren eta establezimenduaren arabera.

9.-Araubide juridikoa eta laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori 2006ko abenduaren 28ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta "de minimis" laguntzei buruzko EEren Itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen hiru zergaldietan.

Laguntza horiek bateragarriak dira onuradunek proiektu berbererako jaso dezaketen beste edozein laguntzekin. Dela dela, proiektu baterako jasotako diru-laguntza guztiek 200.000,00 euroko zenbatekoa edo onartutako aurrekontua gaindituko balute, diru-laguntza horiek behar den neurrian murriztuko lirateke.

10.-Eskaerak.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ezarritako ereduaren araberako eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskaera eredua Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneten eskuratzen ahal da, helbide elektroniko honetan: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/.

Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoarekin. Identifikatzeko, ziurtapen digitala beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 guneak ditu haien esku, Iruñeko Orreaga etorbideko 11n eta Tuterako Foruen Plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtapen digitala izatea.

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, ereduan zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dira.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

Eskatzen den dokumentazioa:

a) Nortasuna.

-Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

-Ahaldunaren notario-ahalordea eta NANa, kasua bada.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

-Inbertsioa deskribatzen duen memoria.

-Kalitatearen arloko eskaerak direnean, horretaz gain honako hau ere aurkeztu beharko da:

  • ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko.
  • Hobekuntza plana, ekintza zuzentzaileak edo ziurtagiria lortzeko beharrezko edo aurreikusitako inbertsioak ondorioztatzen dituen autoebaluaziorako galdetegia.

-Aurrekontua, kontzeptuka zehaztua.

-Hala behar denean, ikus-onetsitako obra proiektua.

-Obra lizentziaren kopia. Suertatuko balitz, obra-lizentziarik behar ez izanaren ziurtagiria.

c) Bestelakoak:

-Erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

-Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan -aurtengoa barne- administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de minimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

-Azken 3 urteotan turismo jardueran aritu dela frogatzen duen dokumentazioa.

-Kasu guztietan, diruz laguntzen ahal diren kostuentzat eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena.

-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Luzatzen den ereduaren araberako erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako egoera debekaturen batean ez dagoela dioena.

d) Baremorako dokumentazioa, zuzendu ezin dena.

-Kasua bada, honen erantzukizuneko aitorpena: Turismo Erregistroan noiz inskribatu zen, kalitatearen Q ziurtapena noiz eskuratu zuen, azken 5 urteotan jasotako laguntzak.

-Kasua bada, honako hau frogatzen duen dokumentazioa: titularr(ar)en adina, web orria,

elkarte/partzuergo turistikoen kide ote den, ikastaro edo jardunaldietan parte hartu duen.

11.-Eskaerak aurkezteko epea.

Hilabete bat, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

12.-Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.

-Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak espedienteak aztertu eta ebaluatuko ditu. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, edo datu edo agiri osagarriak behar izanez gero, interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezala, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Egiaztaturik eskaera osorik dagoela, zuzena dela eta 5. oinarriko proiektu bati dagokiola, espedientea ekonomikoki baloratuko da, 6. oinarrian xedatuarekin bat, eta 8. oinarriko baremoaren arabera lortutako puntuazioari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira. Balorazio hori eginen duen batzordearen burua Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria izanen da, edo hark eskuordetzen duena; Turismoa Sustatzeko Ataleko buruak, Ikuskapen Bulegoko buruak eta zerbitzuko teknikari batek ere, idazkari gisa bera, osatuko dute batzordea.

Proposamena ikusirik, organo eskudunak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak urte horretako aurrekontuaren kargura emateari buruz. Laguntza emateko, kategoriari buruzko oinarrietan xedatua bete beharko du azken obrak. Halaber, onuradunak bete behar dituen baldintzak eta betekizunak ezarriko ditu.

Berariazko ebazpena jakinarazteko, gehienez ere hiru hilabete izanen dira, eskaera aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Organo eskudunak argibideak edo agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea amaitu arte.

Laguntzen banaketa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

13.-Inbertsioaren justifikazioa.

Egindako inbertsioa fakturen kopien bidez eta ordainketaren banku agirien bidez (eskurako ordainketak eta hartze-agiriak ez dira onartuko) justifikatu beharko da. Fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak izanen dira fakturak. Frogagiri horiek guztiak zenbakiaren arabera ordenatuko dira eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/ helbidean eskuragai jarriko duen inprimakiarekin batera aurkeztuko dira (inprimakia behar bezala bete behar da). Hala behar denean, justifikazioarekin batera, udalak emandako obra-lizentzia ere aurkeztu beharko da.

Egiaztagiriak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 15ean bukatuko da.

Eskatzen den dokumentazio guztia, telematika bidez tramitatu ezean, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

14.-Egiaztapenak eta ordainketa.

Oro har, diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa bere alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.

Proiektuaren %80tik behera gauzatzen bada, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta bidezko izanen du emandako diru-laguntza ezeztatzea.

15.-Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

a) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak egitea eta 13. oinarrian ezarritako epeetan justifikatzea.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua ezin bada gauzatu, idatziz jakinaraztea, gutxienez "inbertsioak bukatzeko" aurreikusitako data baino 2 hilabete lehenago. Alderdi horren berri ez bada ematen, hurrengo deialdietan kontzeptu beragatik diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko da.

c) Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

d) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea, gutxienez 10 urteko epean, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urteko epean, ondasun higigarrien kasuan. Epe horiek diru-laguntza ordaintzen denetik hasiko dira.

e) Qren laguntzen kasuetan eta ICTE sisteman sartu berriak direnean, establezimenduek diru-laguntza jaso eta urte bateko epean lortu behar dute ziurtagiria, eta establezimendu guztiek 5 urtean eutsi beharko diote kalitatearen markari.

f) Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinaraztea inbertsio horretarako beste diru-laguntzarik lortu ote den.

g) Laguntzaren xede den jarduerari buruzko informazio guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza dela. Ageriko leku batean paratzea obrak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak kofinantzatu dituela adierazten duen plaka bat.

h) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak egin ditzakeen kanpaina guztietan benetan parte hartzea, sektorearen partaidetza behar denean.

i) Parte hartzea Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak edo elkarteek turismoaren arloan antolatzen dituen prestakuntza-ikastaroetan edo jardunaldietan, edo jarduera turistikoarekin edo establezimenduaren kudeaketarekin ikustekoa duten prestakuntza pribatuetan.

h) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

16.-Laguntzen ezereztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

15. oinarrian aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan iruzur egiteak edo nahasteak eragiteak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako laguntzak ezereztatzea eta, bidezko bada, eskuratutako dirua itzuli beharra, berandutza interesak eta guzti, eta bidezko diren zehapenak jartzea, behar den espedientea tramitatu ondoren. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru lege horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

17.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua. Bi errekurtsoak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia eta oinarriak argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1202229