48. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4E/2012 FORU AGINDUA, otsailaren 2koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, 767.500 euroko gastua baimentzen duena, txikizkako saltokiak modernizatzeko laguntzen 2008-2011 aldirako deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

Nafarroako txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko programa Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2008-2011 II. Planean ageri ziren programetako bat zen.

Aipatu programaren helburuak lortzeko, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 12ko 195/2008 Foru Aginduan ezarritako laguntza deialdia onetsi zen, besteak beste. Foru agindu horren bidez, txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzaren araubidea ezarri zen 2008-2011 aldirako.

Deialdi horretako kontzesio prozedura banakako ebaluazioa zen eta, foru agindu horretan, 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera diruz laguntzen ahal ziren inbertsioak zehaztu ziren, I. kapituluan ("Aktibo finkoetako inbertsioak") sartutako kasuetarako; 18.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, "Irudia eta kudeaketa hobetzeko" proiektuen ondoriozko inbertsioen II. kapituluan sartutako jarduketetarako; eta 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, "Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzea" izeneko III. kapituluaren ondoriozkoetarako.

Kontuan harturik, deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea 2011ko urriaren 28an bukatu arren, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren urriaren 19ko 40/2011 Foru Aginduan zehaztutakoarekin bat, diruz laguntzen ahal diren jarduketak egin izanaren frogagiriak aurkezteko epeak ekitaldi honetara luzatu direla, beharrezkoa da gastu bat baimentzea 2012ko Nafarroako aurrekontu orokorren kargura, laguntzen deialdi horren ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 765.000 euroko gastua baimentzea I. kapituluan ("Aktibo finkoetan inbertsioak egitea") eta II. kapituluan ("Irudia eta kudeaketa hobetzea") ageri diren inbertsioen ondoriozko konpromisoei erantzuteko. Kapitulu horiek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariaren ekainaren 12ko 195/2008 Foru Aginduaren 13. eta 17. artikuluetan, hurrenez hurren, agertzen dira. Foru agindu horren bidez, txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzen araubidea ezarri zen 2008-2011 aldirako.

2. 2.500 euroko gastua baimentzea III. kapituluan ("Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzea") ageri diren inbertsioen ondoriozko konpromisoei erantzuteko. Kapitulu hori Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 12ko 195/2008 Foru Aginduaren 21. artikuluan agertzen da. Foru agindu horren bidez, txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzen araubidea ezarri zen 2008-2011 aldirako.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, aurrekontu-baliabideen arabera:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

765.000,00

G/A10003/7701/431402: txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea (PMC 1. programa)

2012

2.500,00

G/A10003/7819/431400: merkataritza taldeei inbertsioetarako laguntza ematea (PMC 2. programa)

2012

4. Eskaerak aurkezten diren ordena berean ebatziko dira espedienteak, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean, laguntza deialdiaren 7. oinarri arautzaileak ezartzen duen bezala.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko otsailaren 2an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1201922