48. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak. Behin betiko onespena

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2010eko azaroaren 19an egin bilkuran, estatutuak onetsi zituen hasiera batean. Batzar Orokorrak, 2011ko apirilaren 29an, erabaki zuen behin betiko onespena, Zareko udalerriko alegazioak sartuta.

2011ko urriaren 26tik aitzina eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50.5 artikulua bete beharrez, estatutuak onesten joan dira Mankomunitatea osatzen duten udalen osoko bilkuretan, Mankomunitateko kide diren toki entitateen bi herenetara ailegatu arte.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50.6 artikulua bete beharrez, bidezko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea estatutu horien behin betiko testua.

Zangozan, 2012ko otsailaren 10ean.-Mankomunitateko burua, Jesús Esparza Iriarte.

ESTATUTUEN ALDAKETA (2010/11/19KO BATZAR OROKORREAN HASIERA BATEAN ONETSIRIK ERABAKITAKO TESTUA, ZAREKO UDALERRIAK AURKEZTUTAKO ALEGAZIOETARIKO BATZUK SARTUTA, HURA IZAN BAITZEN ALEGATZAILE BAKARRA, 2011/04/29KO BATZAR OROKORREAN HALA ERABAKIRIK)

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN
MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Kideak, izena eta helbidea

1. artikulua. Estatutu hauen 1. eranskinaren zerrendan ageri diren udalerriek borondatezko Mankomunitatea eratu dute estatutu hauen 2. kapituluan adierazitako zerbitzuak, haien eskumenekoak baitira, denen artean emateko.

Kide berriak onartu eta kanporatzeko, estatutuetan horri dagozkion arauei jarraituko zaie.

Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da, horren ordezko izanik Nafarroako toki entitateei aplikatzen zaien arautegia.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa du, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen babespean arauturiko toki administrazio publikoa den aldetik, bere helburu berariazkoak betetzeko, eta antolamendu juridikoak ematen dizkion eskubide eta ahalmen guztien jabe da.

Mankomunitateak, une bakoitzean zein toki entitatek osatzen duten, haien udal mugapeen barreneko lurraldean jokatuko du bere eskumenen barnean.

3. artikulua. Izena eta helbidea.

Aipatu den mankomunitatea "Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea" deituko da.

Zangozan izanen du egoitza.

II. KAPITULUA

Xedea

4. artikulua. Legez ezarritako eskumenak erabiltzea da Mankomunitatearen xedea, hurrengo kapituluan zehazten den lurraldearen esparruan eta ondoko arlo hauetan, haien titulartasuna baitu:

a) Edateko uren hornidura, estoldak eta saneamendua, eta hondakin-urak garbitzea.

b) Hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatzea.

c) Oinarrizko gizarte zerbitzuak, une bakoitzean indarra duten xedapenetan zehaztu bezala.

d) Ingurumenaren babesa, A eta B atalekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten gauza guztietan.

e) Aitzineko artikuluan ezarritakoez gain, Mankomunitateak, titulartasunaz jabetu ondoan, ezartzen diren udal edo kontzejuen eskumenak erabiltzen ahalko ditu.

5. artikulua. Mankomunitateak laguntza teknikoa eskainiko die toki entitateei haiek zuzenean erabili beharreko eskumenetan eta eman beharreko zerbitzuetan.

Zerbitzuak ahalik eta ongien kudeatzeko eta bere eskumenak erabiltzeko, Mankomunitateak zilegi izanen du:

a) Berariazko atalak sortzea 4. artikuluan aipatutako gaietako batzuetarako edo guztietarako. Haiei atxikiko zaizkie toki entitate mankomunatuak.

b) Zerbitzu horiek emateko behar diren obra eta instalazio guztiak egitea.

c) Aipatu helburuetarako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egitea. Legeriak toki entitateen esku uzten dituen eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

III. KAPITULUA

Indarraldia

6. artikulua. Indarraldia.

Mankomunitateak mugagabeko indarraldia izanen du.

IV. KAPITULUA

Gobernu organoen antolaketa

7. artikulua. Hona hemen Mankomunitateko gobernu eta administrazio organoak:

-Mankomunitateko burua eta buruordea.

-Batzar Orokorra.

-Batzorde Iraunkorra.

Batzar Orokorra da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskudantziak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkionak ere.

Mankomunitatearen borondatezko organoak dira:

-Zein zerbitzu sortzen diren, Batzarrak haien arabera eratzen dituen atalak.

-Batzar Orokorrak sortzen duen bertze edozein organo.

8. artikulua. Mankomunitatea eta bere kide diren toki entitateak elkarrekin ariko dira zerbitzuak ahalik eta hobekien eman beharrez, behar diren informazio, laguntza eta babesa elkarri eskainita.

Mankomunitateak, zerbitzuak emateko eta bere eskumenak erabili eta kudeatzeko, legeria indardunean aurreikusitako kudeaketa mota guztiak baliatzen ahal ditu, zuzenekoak nahiz zeharkakoak, eta bereziki Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluan aurreikusitakoak.

Berariazko kudeaketa organo bat eratu ahal izanen du, erantzukizun mugatuko merkataritza sozietate bat, hain zuzen ere, eta horren kapital sozial osoaren jabea izanen da.

Merkataritza sozietate hori eratuz gero, bertan Mankomunitateko Batzarrak eginen ditu Batzar Orokorraren lanak. Sozietateak bere estatutuetan zehazten diren eskudantziak izanen ditu eta estatutu horien bidez arautuko da. Ordezko gisa Toki Araubideari buruzko legeria eta merkataritza sozietateei buruzkoa aplikatuko zaizkio.

9. artikulua. Mankomunitatea, bere zerbitzuak kudeatzeko, bere kideek lagatako zerbitzu adina ataletan antolatzen ahalko da.

10. artikulua. Mankomunitateak idazkaria eta/edo kontu-hartzailea izaten ahalko ditu, nomina eta plantillan.

Mankomunitateko organoen zuzendaritzapean, beren lanpostuek berezko dituzten eginkizunetan ariko dira, eta egiten diren zerbitzu eta jarduera guztiak koordinatu ahal izanen ditu, baita sozietate kudeatzaile edo atal jakin bati esleituta ez daudenak zuzendu ere.

Diruzaintzako eginkizunak betetzeko modua Batzarrak zehaztuko du, gai horretan indarra duen araudia aplikatuz.

V. KAPITULUA

Batzar orokorra

Osaera

11. artikulua. Mankomunitatearen Batzar Orokorrak kide diren udalak ordezkatuko ditu, eta udal horiek aukeratutako kideez osatu da. Udal bakoitzeko osoko bilkurak proposamen loteslea eginda, Mankomunitateko buruak izendatuko ditu.

12. artikulua. Mankomunitateko entitate bakoitzaren proportzioa zehazteko, estatutu hauen II. eranskinari jarraituko zaio.

Udalerriek nahi bezala izendatu eta kenduko dituzte ordezkariak, baina behartuta daude izendapena hilabeteko epean berritzera tokiko hauteskundeak direnean.

13. artikulua. Mankomunitateko batzarkideek ondoko kasuetan utziko diote batzarkide izateari:

a) Entitate izendatzaileek kargutik kentzean.

b) Hautetsi izatetik gelditzen direnean.

c) Korporazio berriak eratzen direnean.

Mankomunitatea osatzen duten toki entitateetako batzarkide ordezkariek, c) ataleko kasuan, beren karguetan segituko dute, jardunean, behar diren udal hauteskundeak egin ondoan Batzar berria eratu bitartean. Udal korporazio berriak eratu eta gehienez ere berrogeita bortz eguneko epean egin beharko da Batzarra eratzeko biltzarra. Bitarte horretan, kargua uzten duten organoek ezin izanen dute gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik hartu.

2. ATALA

Bilkuren araubidea

14. artikulua. Batzarrak gutienez ere sei hilabetetik behin izanen du bilkura, eta hori eginen da udalerrien bilkuren funtzionamendua erregulatzen duen araudiari jarraikiz, ondoko artikuluan xedatzen dena salbu.

Zerbitzuak ez badira merkataritzako sozietate baten forma duen organo baten bitartez kudeatzen, bilkurak hiru hilabetetik behin eginen dira, eta tokiko legeriari jarraituko zaio alderdi guztietan, deialdien epeetan ere bai.

Orobat, egokitzat jotzen diren bilkurak eginen dira, bai batzarreko lehendakariak deituta bai batzarkideen lautik batek eskatuta.

Quoruma izateko, batzarkide eskubidedunen hirutik bat bildu beharko dira gutienez.

15. artikulua. Udalen bilkuretarako araudiari jarraikiz eginen da bilkura bakoitzerako deialdia, salbu eta bilkura arrunterako epea, 7 egunekoa baita, eta bilkura berezirakoa, lau egunekoa.

16. artikulua. Deiarekin batean, eguneko gai-zerrenda eta ordezkariek gaiak aztertzeko behar duten dokumentazioa sartuko dira.

17. artikulua. Erabakiak hartzeko modua. Batzar Orokorrak udalen osoko bilkurei aplikatzen zaien araudiari jarraituz hartuko ditu erabakiak.

Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzu guztietan eragina duten arazoetan, batzarkide guztiek hartuko dute erabakia. Dena dela, zerbitzu bakar bati dagozkion erabakietan, zerbitzu hori hartzen duten udaletako batzarkideek erabakiko dute, baldin eta ez bada atal berezirik eratu.

Aurreko atalean aurreikusitakoaren araberako quoruma beharko da erabakiak hartzeko.

Mankomunitateko burua eta idazkaria edo legez ordezten dituztenak agertu ezean ezin izanen da bilkurarik egin.

Lehen deialdian quorumik ez badago, bertzerik gabe deialdia egintzat joko da bi egunen buruan ordu berean bilkura egiteko. Orduan ere quorumik lortzen ez bada, Mankomunitateko burutzak deialdia baliogabetuko du eta zerrendako aztergaiak hurrengo bilkurarako utziko dira.

3. ATALA

Eskumenak eta eskudantziak

18. artikulua. Mankomunitateko Batzarrari dagozkio ahalmen hauek:

a) Bere eraketari, berritzeari eta handitzeari dagokion oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatzeari eta kentzeari dagozkionak ere, estatutuei eta aplika daitezkeen lege edo erregelamenduei jarraikiz.

b) Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak ezartzeko, garatzeko eta kudeatzeko behar diren planak eta proiektuak onestea.

c) Aurrekontuak eta urteko kontuak onetsi eta aldatzea, Mankomunitatearenak nahiz atal berariazkoenak izan.

d) Edozein ondasun eskuratu eta besterentzea, zenbatekoa aurrekontu arruntaren %10etik gorakoa denean, eta obrak eta zerbitzuak kontratatzeko oinarriak ezartzea, Mankomunitateko buruaren esku utzita haiek formalizatzeko ahalmena.

e) Mankomunitateak bertze administrazio publiko batzuekin, Mankomunitateko entitateak barne, eskumenen kudeaketa eskuordetzeko egiten dituen hitzarmenak onestea.

f) Mankomunitatean sortu behar diren atalak eratzeko erregelamenduak onestea, bai eta horien berritzea ere.

g) Mankomunitateko entitateek berarekin sinatu beharreko koordinazio hitzarmenak onetsi edo berrestea.

h) Bere gain hartutako zerbitzu bakoitzaren finantzabide zehatzak onestea.

i) Zerbitzuak kudeatzeko edo errentan hartzeko moduak onestea, Batzar Iraunkorrari ez dagozkionetan.

Batzarrak Batzorde Iraunkorraren esku uzten ahalko ditu udalbatzek eskuordetzen ahal dituzten eskudantziak.

Batzarretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa, udalen osoko bilkuren egintzak zuzentzen dituen bera izanen da.

19. artikulua. Orokorrean, erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira.

Bozketak berdintzen direnean, bertze bozketa bat eginen da, eta berdinduta jarraituz gero, Mankomunitateko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

20. artikulua. Ondoko gai hauen gaineko erabakiak hartzeko, batzarreko kideen gehiengo osoa beharko da betiere:

1. Ordenantza eta tarifa orokorren onespena, zerbitzuen erabiltzeei edo Mankomunitatearen, Sozietate Kudeatzailearen nahiz gainerako atalen funtzionamendu araubideari eragiten badiote.

2. Obra eta inbertsioen urte anitzeko planen onespena.

3. Mankomunitatean kide berriak onartzea.

4. Zor publikoaren jaulkipena eta kredituen kontratazioa.

5. Mankomunitateko burua eta buruordea hautatzea, kargutik kentzea eta botatzea, eta haren dietak eta ordainsariak zehaztea.

6. Toki araubideko legeriaren arabera quorum hori behar den gainerako gai guztiak.

21. artikulua. Bilkurara joaten direnen erdien gehi baten baiezko bozketa beharko da honako hauetarako:

a) Urteko aurrekontuak eta kontuak prestatu eta hasiera batean onesteko.

b) Sozietate kudeatzailearen kontuak onesteko.

22. artikulua. Indarra duen legeriak zehazten duen prozeduraren barrenean, Batzarreko kideen legezko kopuruaren 2/3en aldeko botoa, honetarako:

a) Mankomunitatearen estatutuak onesteko eta aldatzeko.

b) Sozietate kudeatzaileak edo atalak sortzeko eta horien estatutu edo erregelamenduak onesteko eta aldatzeko.

23. artikulua. Estatutu hauek aldatzeko, gai honetan indarra duen legeriak ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.

VI. KAPITULUA

Batzorde Iraunkorra

24. artikulua. Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak bera sortzen duen erabakian zehaztuko diren osaera, funtzionamendua eta eskumenak izanen ditu, baita Mankomunitateko buruak edo Batzar Orokorrak esleitzen dizkionak ere.

Batzorde hori zortzi batzarkidek osatuko dute; horietako bat Mankomunitateko burua izanen da, eta bertze bat buruordea, kargu horiek dituztela Batzorde Iraunkorrean ere bai.

Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek ditu:

I. Diru-bilketa eta diruzaintza zerbitzuak antolatzea.

II. Obra eta zerbitzuak kontratatu eta haien kontzesioa egitea, urte betetik gora iraun behar ez badute eta urteko aurrekontu arruntean adierazitakoak baino kreditu handiagoak behar ez badituzte. Aurretik, espedientea eginen da, puntu horiek frogatzen dituzten txostenekin.

III. Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera.

IV. Ondasunak eskuratu eta besterentzea, zenbatekoa aurrekontu arruntaren %10etik gorakoa ez denean.

V. Diru kopuruak banatzea aurrekontuetako kontu-sailen kargura.

VI. Mankomunitateak bere eskumeneko eremuan egin beharreko jarduketak aztertzea, haien gaineko txostenak eta proposamenak egitea eta haiek bultzatzea.

VII. Langileen gaineko gorabeherak konpontzea, salbu eta Mankomunitateko buruari dagozkionak eta urteko enplegu eskaintza, Batzarraren eginkizuna baita.

VII. KAPITULUA

Mankomunitateko burua eta buruordea

1. ATALA

Hautapena

25. artikulua. Batzarra eratzen den bilkuran hautatuko da Mankomunitateko burua, prozedura honi jarraituz:

a) Beren hautagaitza aurkezten duten batzarkide guztiek lor dezakete kargua.

b) Haietako batek kideen botoen erabateko gehiengoa eskuratzen badu, hautetsia izanen da.

c) Haietako inork ez badu gehiengoa eskuratzen, bigarren bozketa eginen da, eta botoen gehiengo soila eskuratzen duena izanen da hautetsia.

d) Berdinketa gertatuz gero, biztanle kopuru handieneko entitatearen ordezkari dena izanen da hautetsia.

e) Berdinduta daudenak biztanle kopuru handieneko entitatearen ordezkariak badira, Udal horretan herritarren boto gehien eskuratu duena hautatuko da.

26. artikulua. Botoetan bigarrena buruorde izanen da.

Mankomunitateko burua izateko hautagai bakarra dagoenean edo aurkezten diren hautagai guztiak hautatutako buruaren udalerri bereko batzarkideak direnean, berriz ere bozketa eginen da une horretan buruordetzarako hautagaitza aurkez dezaketen hautagaiekin, Mankomunitateko burua hautatzeko 24. artikuluan aurreikusten den prozedura berari jarraikiz.

Buruordeari dagokio Mankomunitateko buruaren ordez aritzea haren eginkizun guztietan, hura kanpoan bada, eri edo ezindurik eskudantziak erabiltzeko, baita Mankomunitateko burutza hutsik dagoenean ere, buru berriak kargua hartu arte.

Batzarkideak ez dira inoiz buruorde izateko aurkeztuko, Mankomunitateko burua haien udalerri berekoa bada. Horrelakoetan, artikulu honetan ezarritakoa bete eta bozketan hurrengoa denak eskuratuko du kargua.

2. ATALA

Eskumenak eta eginkizunak

27. artikulua. Mankomunitateko buruari eginkizun hauek dagozkio:

a) Bilkuretarako deiak egitea eta haietan buru aritzea, eta hartzen diren legezko erabakiak betearazteko agintzea.

b) Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

c) Idazkari-kontu hartzailearekin batera, Mankomunitatearen aurrekontuen proiektuak prestatzea eta legezko xedapenen eta aplikatu beharreko arauen arabera onetsitako aurrekontuak behar bezala gauzatzeko neurriak hartzea.

d) Aurrekontuko kontsignazioen barrenean Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.

e) Haren funts eta ondasunak administratzea eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea indarra duen legeriaren arabera.

f) Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

g) Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak sinatuz ikus-onestea.

h) Koordinazioa bermatzea Mankomunitateko organoen artean eta Mankomunitatearen eta bere udalen artean.

i) Eta zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, betiere, Batzarrari, Batzorde Iraunkorrari edo Sozietate Kudeatzaileari ez badagozkie.

VIII. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

28. artikulua. Mankomunitatearen baliabideak honako hauek dira:

a) Ondarea, hau da, Mankomunitatearen xedeak betetzeko orain eta gero beharrezkoak diren eskubide eta ondasun materialak.

Ondare horrek bi osagai ditu: batetik, Mankomunitateko entitateek eta bertze administrazio publiko batzuek atxikitako eskubide eta ondasun materialak, beren gain edo eskuordetuta dituzten zerbitzuak egiteko, alegia, eta bertzetik, Mankomunitatearenak diren edo eskuratzen dituen gainerako ondasunak.

Nafarroako Toki Entitateentzat Legeak aurreikusten duena da Mankomunitatearen ondasunen araubide juridikoa.

b) Diru-laguntzak, sariak, dohaintzak edo diru ekarpenak, Estatutik, Nafarroako Gobernutik edo bertze edozein pertsona fisikotik edo juridikotik, publiko nahiz pribatu izan, eskuratzen direnak.

c) Bere ondasun eta zerbitzuen errenta, etekin eta prezioak.

d) Indarra duen araudiarekin bat, Mankomunitatean bertan ezar daitezkeen edo legez dagozkion ordainarazpenen etekina.

e) Bertze entitate batzuei, mankomunitateak barne, egokiturik ere, eskuordetza hitzarmenen bidez utzitako ordainarazpenen etekina.

f) Mankomunitateko entitate guztientzat egiten ahal diren ekarpen orokorrak, baita atal berariazko bati dagozkionak ere.

Irizpide objektiboetan oinarrituta finkatuko dira ekarpen horiek, finantzatzen ahal dituzten zerbitzuek eragin dezaketen gastua zein den, haren araberako proportzioan, edo toki entitateek bildutako zenbait diru-sarreraren arabera.

g) Mailegu eta kredituak.

h) Isun eta zehapenen etekina.

i) Bertze edozein, indarra duen araudiak bidezko edo beharrezko egiten badu Mankomunitateak hura ordainaraztea.

29. artikulua. Mankomunitateak baliabideak lortu eta aplikatzeko, bertzeak bertze, honako irizpide hauei jarraituko die:

a) Mankomunitateak bere zerbitzuengatik ordainarazten dituen tarifak ez dira aldatuko udalerri batetik bertzera. Udalerri guztietan tarifa berak aplikatuko dira.

b) Mankomunitateko toki entitateek hark ezarritako baliabideak finkatzen edo aplikatzen lagunduko dute, baita toki entitateek eskatu, sustatu edo onartuta dituztenak ere, diru-sarrerak ekartzen badizkiete.

c) Mankomunitateak eman ditzakeen zerbitzuen kostuak bideratuko dira.

Zein zerbitzuk sortzen dituen baliabideak, harexeri aplikatuko zaizkio, edo diru-laguntza, kuota, kreditua, tarifa edo diru-sarrera lortu duenari.

30. artikulua. Zein zerbitzu edo jarduera finantzatzeko ezarri zen diru-bilketa, haien ondoriozko eginbeharrak betetzeko izanen dira Mankomunitatearen diru-sarrerak.

31. artikulua. Mankomunitateko udalak, bakoitza bere biztanle eskubidedunen kopuruaren araberako proportzioan, Mankomunitateak hartzen dituen betebehar eta zorren erantzule izanen dira eta beren ondasun eta baliabideekin bermatuko dituzte, Mankomunitatearenak aski ez badira. Kontzejuak dituzten udalerrietan, zerbitzua hartzen duten kontzejuetan bizi den biztanleria baizik ez da kontuan hartuko.

Horretarako, udalerri bakoitzak bere mugapean egiten diren zerbitzuek sortutako zorren gain erantzun beharko du.

32. artikulua. Udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan Mankomunitateari edo haren atal berariazkoei edozein kontzepturengatik zor dizkioten diru kopuruak, horiek Mankomunitateari ordaintzeko. Funtsak kudeatzen edo gordetzen dizkieten entitate publiko nahiz pribatuei ere, baimena ematen diete ordezko ordainketa hori egiteko.

33. artikulua. Mankomunitatean sartutako udalen ordenantza guztiak, Mankomunitatearen eskumeneko gaietan, hark emandako ordenantzei eta arau teknikoei egokitu beharko zaizkie, entitate bakoitzaren funtsezko berezitasunak ukitu gabe; hori dela eta, Mankomunitateak adierazitako zehaztapenak erantsiko dizkiete entitateek beren ordenantzei.

34. artikulua. Mankomunitateko entitateen artean ez da inoiz ere mozkinik banatuko.

Tarifak gutxiago igotzeko edo beheratzeko aplikatuko dira mozkinak.

IX. KAPITULUA

Langileak

35. artikulua. Mankomunitatearen zerbitzuko langileak izan daitezke:

a) Funtzionarioak.

b) Lan-kontratatudunak, dela finkoak, dela mugagabeak, dela aldi betarekoak.

c) Behin-behineko langileak.

Hori guztia indarra duen legerian eta behar den plantilla organikoan xedatuari jarraikiz.

X. KAPITULUA

Kide gehiago onartzea

36. artikulua. Mankomunitatean kide berriak onartzeko, Batzarrean bildutako ordezkarien hirutik biren botoa beharko da haiek sartzearen alde; betiere, ordezkatuta dauden botoen legezko erabateko gehiengoa izan beharko da. Ondoren, onarpen erabakia jendaurrean jarriko da hamabortz egunean, bidezko alegazioak aurkez daitezen.

Epe berean Nafarroako Gobernuari entzunaldia emateko tramitea eginen da, proposaturiko onarpenari buruzko iritzia eman dezan, egokitzat jotzen badu. Epe hori amaitutakoan, erreklamaziorik ez badago, onarpena behin betikoa izanen da.

XI. KAPITULUA

Desegitea

37. artikulua. Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak Mankomunitateari aplikatu beharreko Toki Araubidearen gaineko legerian ezarritakoak izanen dira. Mankomunitatean dagoen entitate bati Mankomunitatetik bereizteko eskaera onartu ahal izateko, bermatu egin beharko du bere esparruko zerbitzuak behar bezala ematen ahalko dituela, bereiztearekin Mankomunitatearen interes orokorrei ez diela kalterik eginen eta azken horrek zerbitzua ematen segitzeko aukera izanen duela. Mankomunitateko Batzarrak kide baten bereizketari buruz hartzen duen erabakiak horren ondorioak beharko ditu, ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.

38. artikulua. Zein urtetan hartzen den mankomunitatea partez edo erabat desegiteko erabakia, hura amaitu arte ez du erabakiak ondorio ekonomikorik ekarriko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Mankomunitatea beharturik dago beheko ur horniduraren zerbitzua egitera, zerbitzu hori bere gain hartzeko ahalbideen azterketa aitzinetik eginda, eta Batzar Orokorrak zerbitzu hori egiteko determinazioa hartu ondoan.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Estatutu hauetan arautzen ez den orotan, Nafarroako mankomunitateen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen toki araubidea aplikatuko da.

1. ERANSKINA

Oibarko udalerria.

Kasedako udalerria.

Ezporogiko udalerria.

Eslabako udalerria.

Galipentzuko udalerria.

Xabierko udalerria.

Ledeako udalerria.

Irunberriko udalerria.

Lergako udalerria.

Leatxeko udalerria.

Petilla Aragoiko udalerria.

Zareko udalerria.

Zangozako udalerria.

Esako udalerria.

Urraulgoitiko udalerria.

Urraulbeitiko udalerria.

Erromantzatuko udalerria.

2. ERANSKINA

Oibarko udalerria: 3 ordezkari.

Kasedako udalerria: 4 ordezkari.

Ezporogiko udalerria: ordezkari bat.

Eslabako udalerria: ordezkari bat.

Galipientzuko udalerria: ordezkari bat.

Xabierko udalerria: ordezkari bat.

Leatxeko udalerria: ordezkari bat.

Lergako udalerria: ordezkari bat.

Ledeako udalerria: ordezkari bat.

Irunberriko udalerria: 5 ordezkari.

Petilla Aragoiko udalerria: ordezkari bat.

Erromantzatuko udalerria: ordezkari bat.

Zareko udalerria: ordezkari bat.

Zangozako udalerria: 13 ordezkari.

Esako udalerria: ordezkari bat.

Urraulgoitiko udalerria: ordezkari bat.

Urraulbeitiko udalerria: ordezkari bat.

Iragarkiaren kodea: L1202467