48. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Ordenantzak. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2011ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen Udalak antolatzen dituen ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza eta Kultur Etxeko instalazioak eta ekipamenduak erabiltzeko tasa arautzen duen ordenantza, baita honako ordenantza hauen aldaketa ere:

-Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasa arautzen duen ordenantza.

-Gero obra lizentziak eman beharrez administrazio espedienteak tramitatzeko tasa arautzen duen ordenantza.

-Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza.

-Estolderiaren eta hondakin uraren arazketaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala.

-Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespen horren iragarkia 2011ko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 15ean, eta jendaurrean egoteko epea iraganik bi alegazio aurkeztu ziren, 2012ko otsailaren 6an egin osoko bilkuran baietsi zirenak, 2012ko ordenantza fiskal behin betikoz onetsi bidenabar.

Horrenbertzez, behin betikoz argitaratuko dira 2012ko urtarrilaren 1etik aitzina indarra izanen duten ordenantza fiskalak. Hona hemen:

ORDENANTZA, UDALAK ANTOLATZEN DITUEN IKASTAROETAN IZENA EMATEKO ETA PARTE HARTZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1.995 Foru Legearen 28.etik 35.era bitarteko artikuluetan xedatuaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da Udalak antolatzen duen edozein ikastaro motatan parte hartzeko aukera.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira zerbitzuaz, hau da, ikastaroak hartzeaz baliatzen diren pertsona fisiko onuradunak.

Zerga-oinarria

4. artikulua. Udalak antolatzen dituen ikastaroak egiteko gutieneko partaideen ratio bat ezarriko da, gutienez ere ikastaroaren antolaketaren kostuaren %80 berdindu behar duena.

Udalak, ikastaro bakoitza ematen duen monitorearekin ados jarrita, partaideen gehieneko ratioa finkatuko du, zuzen gauzatzen dela bermatzeko.

Likidatu beharreko kuota

5. artikulua. Likidatu beharreko kuota ikastaroak egin baino lehen finkatuko da, gauzatu behar diren jardueren arabera. Hura kalkulatzeko, partaideen gutieneko ratioa eta zerbitzuaren kostuaren %80 hartuko dira oinarritzat.

Entitateak aitzineko atalean aurreikusitako mugaren azpitik finkatzen ahalko ditu prezio publikoak, horretarako arrazoiak badaude, izan horiek gizarte, ongintza, kultura edo interes publikokoak. Hala izanez gero, entitatearen aurrekontuetan idatzi beharko dira kasuan kasuko diru-zuzkidurak, alderik ateratzen bada hura berdindu ahal izateko.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Izen emate kopurua ikastaro bakoitzean galdatzen den gutieneko ratiora ailegatzen ez bada, ikastaroa bertan behera geldituko da.

Bertzalde, gehieneko ratioa beteta, itxaron zerrenda bat eginen da izan daitezkeen bajak berdintzeko.

7. artikulua. Ikastaroetako bajak idatziz tramitatu beharko dira.

-Baja ikastaroa hasi baino lehen egiten bada, ez da diru publikorik kobratuko. Baja hura hasi baino 7 egun lehenago egin beharko da.

-Baja ikastaroa hasitakoan egiten bada, bidezko izanen da kuota deuseztatzea edo itzultzea baldin eta ezinbertzean izan bada (eritasuna, etxe aldaira edo lan kontu bat). Gainerakoetan, baja eskaria aurkezten den hilabete osoa kobratuko da gutienez ere eta ikastaroko kuoten hiruhileko bat, hura izen emateen gutieneko ratioa duela egiten bada. Kuoten itzulera edo deuseztapena Udalaren ebazpenaren bidez tramitatuko da.

-Justifikatu gabeko bajek edo behar bezalako antzinatasunez egiten ez direnek zigorra ekarriko dute Udalak antolatzen dituen bertze ikastaro batzuetan sartzeko.

8. artikulua. Kiroldegian egiten diren ikastaroetan parte hartzeko nahitaezkoa izanen da instalazio horretako abonatua izatea.

Abonatua izan ezean eguneko sarrerari dagokion prezioa ordaindu beharko da.

9. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude zerbitzuan gertatu diratekeen akats guztien berri toki entitateari lehenbailehen ematera, hura behar bezala egin ahal izateko.

Diru-bilketa

10. artikulua. Aurreikusitako ordainarazpenak Udalak errekerimendu eginda ordainduko dira, ordainagiri helbideratuen bidez, ikastaroaren iraupenaren araberako zenbatean behin.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gaineko kontuetarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat heldu diren gainerako arauetan xedatuari ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geldituko dira, inongo baliorik eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1.995 Foru Legea eta horiekin bat heldu diren gainerako xedapen guztiak aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

VALTIERRAKO KULTUR ETXEKO INSTALAZIO ETA EKIPAMENDUAK ERABILTZEKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honetako tasa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluari eta ondokoei jarraituz ezarri da, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak tasa eta prezio publikoen gaietan aldatu baitzuen, aipatu legearen 100.5 artikuluari jarraikiz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da Valtierrako Kultur Etxeko espazioak eta altzariak baliatu eta erabiltzea.

Tasa hauek pertsona fisiko edo juridikoek nahiz nortasun juridikorik gabeko subjektuek ordaindu behar dituzte, Kultur Etxeko espazioak erabiltzeko eskaria egiten badute, ikastaroak, mintzaldiak edo bertzelako jarduerak egiteko.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Ordenantza honen subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak, nahiz nortasun juridikorik gabeko subjektuak, zergapetzen diren kontuen onura hartzen badute.

Tarifak

4. artikulua. I. eranskinean agertzen dira aplikatuko diren tarifak; horiek espazioaren erabilera orduen arabera kalkulatuko dira, salbu eta ikastaro jarraituei dagozkienak, horietan hilabeteko tarifak aplikatuko baitira.

Diru-bilketa

5. artikulua. Udal organo eskudunak gela emateko ebazpena jakinarazten den egunean ordainaraziko da tasa; ebazpen horretan hura erabiltzeko egutegia eta ordutegia ezarriko dira.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Erabiltzeko eskabideak Herriko Etxean aurkeztuko dira, idatziz, astebete lehenago eta Kultur Etxea irekitzeko ordutegiei eta jadanik ezarririk dagoen programazioari lotuko zaizkie.

Bertzerik ez bada, ordenantza honen arauketak ordutegiak bete beharra dakar, baina ez ohi dira betetzen elkarte, talde eta abarrek erabili ahal izan dezaten. Kultur Etxeko ordutegia da, astelehen, astearte eta ortziraletan, 16:00etatik 21:00etara; asteazkenetan, 15:00etatik 20:00etara eta ortziraletan 9:00etatik 14:00etara. Programaturik dauden larunbatetan, 9:00etatik 14:00etara eta emanaldia baino ordubete lehenago eta konpainiek biltzen duten arte. Ordutegi hori alda daiteke, Udalaren eta etxezainaren artean ados jarriz gero.

7. artikulua. Inon kalterik egiten bada, erabiltzailea izanen da horren erantzulea; haren ardura da Udalaren ondare diren lokal eta tresnak ongi erabiltzea.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat heldu den gainerako arauetan xedatuari ere.

Xedapen indargabetzailea

Bakarra.-Indarrik gabe geldituko dira, inongo baliorik eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Udalak onetsitako Ordenantza fiskal orokorra, 2/1995 Foru Legea eta horiekin bat heldu diren gainerako arauak aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

I. ERANSKINA

Kultur Etxeko tarifak

-1. kategoria: Udalak eta kasu bakoitzean zehaztuko diren bertze administrazio publiko batzuek, beren baliabideak erabilita, sustatu, antolatu edo koordinatzen dituzten jarduerak. 0,00 euro.

-2. kategoria: Irabazi asmorik gabeko elkarte edo entitateek sustaturiko jarduerak, legearen arabera eraturik eta Udalak babestuak badira. 0,00 euro.

-3. kategoria: Sindikatu, kooperatiba, auzo elkarte, gremioetako elkarte, eta gisako bertze entitateek, betiere irabazi asmorik gabekoak eta ez gizarte arlokoak badira, beren taldeko interesak sustatu eta defendatzeko jarduerak egiteagatik: 6,00 euro orduko.

-4. kategoria: irabazi asmoa duten entitate edo pertsona pribatuek antolatu edo garatutako jarduerak: 12,00 euro orduko.

-5. kategoria: Ikastaro jarraituak egiteko erabilera:

  • 2 eta 3. kategorietan sartutako entitateen bidez eginak badira: 21,00 euro/hilabetea, eta gehienez ere 4 ordu astean.
  • 4. kategorian sartutako entitateen bidez eginak badira: 30,00 euro/hilabetea, eta gehienez ere 4 ordu astean.
  • Ohiko ordutegitik kanpoko erabilerak.

Irekitzeko ezarritako ordutegitik kanpora egiten diren erabileretarako, etxezaintza zerbitzua behar badute, tasa bera kobratuko da 10 euro/ordua goitituta astelehenetik ortziralera eta 15,00 euro/ordua larunbat eta igandeetan, etxezaintza zerbitzuagatik.

ORDENANTZA, UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza honetako tasa.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzea eta horiek erabiltzea da zergapeko egintza.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den zerbitzua erabili eta baliatzen duten pertsona fisikoak dira ordainarazpen honen subjektu pasiboak.

Tarifak

4. artikulua. Urtean, hiruhilekoan edo egunean egiten den erabilera izanen da kobratu beharreko tasa kalkulatzeko oinarria, adinez edo familia taldeez bereizia.

Pista erabiltzeko alokairua erabilitako ordu kopuruaren arabera kalkulatuko da.

Familien abonamenduetan ez da posible izanen aldi desberdinetako abonamenduak alkartzea.

5. artikulua. Hona hemen tarifak, bana-banaka:

Kiroldegia erabiltzeko tasak. 2012. urtea.

-Batendako:

  • 18 urtetik goitikoak: 74,00 euro.
  • 12-18 urte bitarteko gazteak: 63,00 euro.
  • Pentsiodunak eta 12 urte bitarteko haurrak: 45,00 euro.

-Familiendako:

  • Bi kidekoak: 96,00 euro.
  • Hiru kidekoak: 107,00 euro.
  • Lau kidekoak: 117,00 euro.
  • Bortz kidekoak: 130,00 euro.

(*) 5 kidetik aitzina, 12,00 euro gehiago kide bakoitzeko.

-Sarrerak:

  • Batendako: 6,00 euro/eguna.
  • Pistaren alokairua: 30,00 euro/ordua (goititzea eta argitzea sarrera ordaindu behar ote den).

2012ko hiruhilekoko tarifak.

-Batendako:

  • 18 urtetik goitikoak. 26,00 euro.
  • 12-18 urte bitarteko gazteak: 22,00 euro.
  • Pentsiodunak eta 12 urte bitarteko haurrak: 17,00 euro.

-Familiendako:

  • Bi kidekoak: 32,00 euro.
  • Hiru kidekoak: 36,00 euro.
  • Lau kidekoak: 39,00 euro.
  • Bortz kidekoak: 44,00 euro.

(*) 5 kidetik aitzina, 4,00 euro gehiago kide bakoitzeko.

Sorrarazpena

6. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeko baimena lortzen den unean sorraraziko dira tasak.

Salbuespenak

7. artikulua. Salbuespena izanen dute:

1. Ikastetxeek eta hezkuntza edo gizarte izaera aitortua duten erakunde edo entitateek.

2. Udalak antolatzen edo sustatzen dituen jarduera guztiek.

3. Udalaren kirol eskoletako jardueretako monitore, irakasle eta arbitroek.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Instalazioen erabiltzaileek uneoro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioak erabiltzekoak, Udalaren kiroldegian ikusgai jarriko baitira.

8. artikulua. Instalazioen ardura duten langileek txartela eskatu eta inork aurkezteari uko eginez gero, udal kiroldegiaren eremutik kanporatuta zehatuko da.

9. artikulua. Udalaren kiroldegian sarrera-txartelik edo erabiltzeko baimenik gabe sartzea iruzurtzat joko da.

Diru-bilketa

10. artikulua. Kuotak abonamendu bidez kobratuko dira horretarako finantza entitate batean irekitako kontuan; txartelak edo abonamendu txartelak luzatuko dira.

11. artikulua. Izendatzen diren langileek bilduko dituzte kirol instalazioetan sartzeko eguneko kuotak, haietan sartu aitzin hain zuzen. Aldian behin, zeregin hori duten langileek kontuak emanen dituzte Diruzaintzan, adieraziko zaien moduan.

Tributuen arloko arau-hausteak

12. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatuari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geldituko dira, inongo baliorik eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Bigarrena.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, 2/1995 Foru Legeari, Ordenantza fiskal orokorrari eta aplikatzekoak diren xedapen guztiei jarraituko zaie.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak.

ORDENANTZA, GERO OBRA LIZENTZIAK EMAN BEHARREZ ADMINISTRAZIO ESPEDIENTEAK TRAMITATZEKO TASA
ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

2. artikulua. Zergapeko egintza hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.

3. artikulua. Lizentzia ematen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

4. artikulua. Tasaren subjektu pasiboak dira, zergadunak diren aldetik, zerbitzuak edo lizentziak eskatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

5. artikulua. Etxegileak eta obra kontratistak zergadunen ordezkoak izanen dira hirigintzan indarra duen legeriak galdatzen dituen hirigintzako lizentzietan.

6. artikulua. Honela egituratzen da zergaren oinarria:

a) Egitura berriak, eraikuntza berriak, handitzeak, berrikuntzak, lokalak egokitzea, fatxadak apaindu eta berritzea, barne aldeko lanak, leiho eta erakusleihoak, balkoiak eta behatokiak, hutsarteak estali edo aldatzea, hormak eraikitzea, eraikinak guztiz edo partez botatzea, itxiturak eta hesiak paratzea eta gisako lanak egiteko lizentzien kasuetan, oro har, obra gauzatzeko prezioen arabera, profesionalen lansariak, etekin industriala eta BEZa kanpo dela.

7. artikulua. 6. artikuluaren a) atalean aipaturiko zerga-oinarriari aplikatu beharreko karga-tasa ordenantza honen erasnkinean ageri da.

8. artikulua. Foru lege bidez berariaz adierazitako onura fiskalak baizik ez dira aplikatuko.

9. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.

10. artikulua. Udalak lizentzia ematen duen unean berean izanen da tasaren sorrarazpena.

11. artikulua. Eraikitzeko, eraikinak zaharberritzeko eta mota orotariko obrak egiteko Udalaren lizentzia beharko da. Eskaeran argi eta zehazki adieraziko dira behin-behineko karga-oinarri egokia zehazteko beharrezkoak diren alderdi guztiak.

12. artikulua. Behar den lizentzia onartutakoan, likidazioarekin batera jakinaraziko zaio alderdi hori eskatzaileari.

Kuota udal diruzaintzan ordaindu beharko da lizentzia jasotzerakoan. Ez du indarrik izanen tasa ordaindu izanaren egiaztagiriarekin batera aurkezten ez bada.

13. artikulua. Proiektu berean dauden obrak, ordenantza honetan ezarritako sailkapenaren arabera, kontzeptu bati baino gehiagori dagozkionean, tarifetan jarritako portzentajeak edo kopuruak aplikatzearen emaitza izanen da tasaren zenbatekoa.

14. artikulua. Obra bururatu edo obraren behin-behineko harrera egin eta hilabeteko epean, zuzendari fakultatiboaren oniritzi egiaztatua aurkeztuko da. Horren bidez obren kostu osoa egiaztatuko da, proiektua behar duten obretan. Gainerako obretan, horien kostu osoaren fakturak aurkeztuko dira.

Udalaren zerbitzu teknikoek kostu hori egiaztatuko dute eta benetako kostuarekin bat heldu ez dela ikusiz gero, egokituko dute eta, nolanahi den ere, gero Udal Idazkaritzara igorriko dute, behin betiko likidazioa, ondoren onetsi beharko dena, egin dadin.

Partikularraren aldeko diferentziarik izanez gero, diru hori itzuli eginen da; Udalaren aldekoa bada, berriz, hilabeteko epea emanen da kopuru hori ordaintzeko. Ordaindu ezean, izaera orokorrez ezarritako errekarguak aplikatuko dira bertzerik gabe. Ordaintzen ez duena berankor deklaratuko dute eta premiamendu bidez kobratuko da.

Udalak ohartarazpenik eginen ez balu, behin-behinekoz likidaturiko kuotak behin betikoak bihurtuko lirateke, obra amaiera eta guztizko kostuaren deklarazioa egin eta bortz urteren buruan.

15. artikulua. Lizentzien iraungipena:

1. Obrak gauzatzen hasi aitzin, eskatzaileak uko edo atzera egiten badu.

2. Eskatzaileari lizentzia eman zaiola jakinarazi eta handik urtebetera obrak hasi gabe badaude.

3. Baimendutako lanak sei hilabetez eteteagatik, epe horretan berriz ere lanei ekiten ez bazaie.

4. Aurreko puntuan ezarritako iraungipen epeagatik ere, interesdunek sei hilabeteko atzerapena lortzeko eskubidea izanen dute, beti ere lizentzia indarrean dagoen bitartean eskatzen badute atzerapen hori.

5. Sei hilabeteko epea kontatzerakoan ez da aintzat hartuko ezinbertzeko arrazoiak direla-eta, edo agintari eskudunen nahiz legezko xedapenen aginduz, obrak geldirik edo hasi gabe egon diren epea.

6. Lizentzia iraungitakoan, bertze baimen bat eskatu beharko da. Hala gertatuz gero, gauzatu gabeko obra zatiaren gainean baizik ez da likidatuko tasa.

16. artikulua. Elektrifikazioa, saneamendua, ur harguneak, instalazio telefonikoak, gas instalazioak eta gisako zerbitzu publikoak paratzeko obra baimenak enpresa partikularrei ematen zaizkienean, Udalak onetsitako aurrekontuaren zenbatekoaren %15eko fidantza jarri beharko da. Fidantza hori banku entitate bateko abalaren bidez eratzen ahalko da eta eremu publikoan gerta daitezkeen kalteen konponketa bermatzea izanen du xede

17. artikulua. Edozein lizentzia edo egin beharreko edozein obratarako eskabidea eskatzearen ondorioz teknikari, letratu edo lege arloko aholkularien txostenak edo udal plantillakoa ez den edozein teknikari espezialistaren aholkua eskatzea beharrezkoa bada edo Udalbatzak hori egitea egokia dela uste badu, horien lansariak eskaera aurkeztu duten subjektu pasiboen kargura izanen dira.

Halakorik gertatuz gero, aitzinetik eskatzailearen adostasuna lortu beharko da.

18. artikulua. Iruzurtzat hartuko dira arau-hauste berezi hauek:

a) Arau-hauste soila:

-Obrak egiten ari diren tokian udaltzainen eskura ez izatea obra lizentziaren egiaztagiria, behar den ordainagiri edo ordainketa-gutunarekin batera.

-Lizentzia onartua izan gabe obrak abiatzea, baina hura eskaturik izatea ordenantzek eta gainerako xedapenek eskatzen dituzten baldintza guztiekin.

b) Ez egina:

-Udal administrazioari egindako obren gehieneko balioaren edo aldaketen nahiz haien aurrekontuen berri ez ematea, inguruabarrei begira iruzurtzat hartu behar den kasuetan izan ezik.

c) Iruzurra:

-Obrak udal lizentziarik gabe egitea.

-Faltsukeria egitea karga-oinarria zehazteko funtsezko ezaugarriak aitortzean.

-Obra guztien kostuaren frogagiria ez aurkeztea hura proiektuan aurreikusia baino handiagoa denean.

19. artikulua. Arau-hausteak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean aurreikusitakoari jarraikiz zehatuko dira; horiez gain, hirigintzako arau-hausteagatik Lurzoruari buruzko Legean ezarritako zehapenak ere paratzen ahalko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko Lehenbiziko Kapituluaren 3. atalaren arabera behar diren tramiteak bete ondotik.

Bigarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatua aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira, ez baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau betetzeko kontra dauden edo traba diren udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

TARIFEN ERANSKINA

Obrak gauzatzeko aurrekontua hartuko da zergapeko egintzatzat, kanpo utzirik profesionalen lansariak, industria etekina eta BEZa, eta horren arabera, honako tasa hauek aplikatuko dira:

-Obra berriak: aurrekontuaren %0,5.

-Obra txikiak edo zaharberritzeak: aurrekontuaren %0,5.

-210,35 euro bitarte: gutieneko tarifa, 30,00 euro.

-Galtzada okupatzea: %20, obra lizentziaren gainean.

-Eraisteko lizentzia: aurrekontuaren %0,5.

ORDENANTZA, UR HORNIDURAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zergapeko egintza.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzua egiteko tarifak ondoko kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Hornidura zerbitzua erabilgarri edukitzeagatik eta hori mantentzeko lanengatik: 5,20 euro/hiruhilekoa.

b) Etxean kontsumitzeko hornidura, kontsumitutako metro kubiko bakoitza: 0,82 euro.

c) Industrian kontsumitzeko hornidura, kontsumitutako metro kubiko bakoitza: 0,64 euro.

d) Edateko on bihurtu gabeko ura kontsumitzeko hornidura. Edateko on bihurtzeko araztegiaren aitzin egindako loturak: 0,20 euro/metro kubikoa.

e) Hornidurarako hargunea paratzeagatik: 142,00 euro hargune bakoitzeko. Harguneak zenbait etxebizitza hornitzen baditu, 20,00 euro gehiago kobratuko da etxebizitza bakoitzeko, bigarrenetik aitzina. Lehen aldiz eskatzen ez diren lotura eskaeretan %50eko hobaria eginen da.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sorrarazpena

7. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.

c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean sorrarazi eta ordainaraziko da.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Bai kontagailua erosteko gastuak bai instalaziorako eta hornitzeko behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak, sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

9. artikulua. Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.

10. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertze pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Diru-bilketa

14. artikulua. 1. 5. artikuluaren a), b), c) eta d) ataletan aurreikusitako ordainarazpenak hiruhilero ordainduko dira, eta haietan behar den BEZa erasanen da, indarra duen legeriari jarraikiz.

2. Artikulu bereko d) atalean aipatzen den tasa sortzen den unean ordainduko da.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langileei sartzen ez uztea, behar bezala kreditaturik joanda ere.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten frogaketak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak bertzelakotzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

16. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

ORDENANTZA FISKALA, ESTOLDERIAREN ETA HONDAKIN
UREN ARAZKETAREN TASA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Hona hemen tasaren zergapeko egintza:

a) Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboak, toki entitatearen estolderiaren sarera lotzeko baimena eman ahal izateko behar diren baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

b) Toki entitatearen estolderiaren sarearen bitartez gorozkiak, euri-urak, ur beltzak eta hondakin urak husteko zerbitzuak.

3. artikulua. Ez daude tasa honi lotuak finka lurrera eroriak, hondamen egoeran deklaratuak edo orube edo lurzati direnak.

Salbuespenak

4. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, Tributuei buruzko Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatu pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak, ondoko ezaugarriak dituztenak:

a) Finkaren jabea, usufruktuduna edo jabari erabilgarriaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.

b) Udal mugapeko finketan zerbitzu horietaz baliatzen diren bizilagun edo erabiltzaileak, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita prekarioan ere), ordenantza honetako 2.b) artikuluan sartutako zerbitzuen kasuan.

6. artikulua. Betiere, etxebizitzaren edo lokalaren okupatzaile edo erabiltzailearen ordezko subjektu pasibotzat hartuko da higiezinen jabea.

Tributu-kuota

7. artikulua. 1. Estolderiaren sarera lotzeko lizentziari edo baimenari dagokion tributu-kuota behin baizik ez da eskatuko eta 44 euroko zenbateko finkoa izanen da hargune bakoitzeko. Hargune bat egiten delarik zenbait etxebizitzatarako, tasa goitituko da 5 euro etxebizitza bakoitzeko, bigarren etxebizitzatik aitzina.

2. Estolderia zerbitzuak egiteagatik galdatu beharreko tributu kuota finkoa izanen da, eta zenbatekoa, berriz, 7,30 euro hiruhileko bakoitzetik.

8. artikulua. Ez da inola ere ur kontsumorik kontatuko horniduragatik gutienez ere fakturatzen dena baino gutiago bada. Kontsumo horretatik heldu den kuota eskatzen ahal den gutienekotzat hartuko da.

Sorrarazpena

9. artikulua. Tasa sorrarazten da eta ordaindu beharra dago zergapeko egintzaren udal jarduera hasten den unean, jarduera honelakoetan hasiko baita:

a) Sarera lotzeko lizentziaren eskaera aurkezten den egunean, subjektu pasiboak espresuki egiten duenean.

b) Udalaren estolderiaren sarera lotzen den egunetik aitzina. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

10. artikulua. Gorozkiak, euri-urak, ur beltzak eta hondakin-urak bildu eta arazteko zerbitzuak nahitaezkoak dira toki entitateko finka guztietan, haien fatxadak estolderia duten kale, plaza edo bide publikoetara ematen badu eta sarearen eta finkaren artean ehun metrotik gorako tartea ez badago. Tasa beti kobratuko da, interesdunak sarera lotu ala ez.

Deklarazioa, likidazioa eta dirusarrera

11. artikulua. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboek alta eta baja aitorpenak egin behar dituzte tasaren subjektu pasiboen zentsuan. Finkaren titulartasunaren aldaketa egiten denetik hurrengo hilabete naturaleko azken egunera bitartean egin behar dira aitorpenak.

12. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen aitorpenek eragina izanen dute egiten den lehen likidaziotik aitzina, betiere alta eta baja aitorpenak aurkezteko epea bukatutakoan.

13. artikulua. Zentsuan hasiera batean sartzea ofizioz eginen da, sarera lotzeko lizentzia emandakoan.

14. artikulua. Tasa honen kuotak uraren hornidura eta kontsumoaren ordainagiriek dituzten epe beretan likidatu eta bilduko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

ORDENANTZA FISKALA, AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Alderdi batek eskaturik, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko agiriak emateagatik sortzen den udal jarduerak eratzen du zergapeko egintza.

Tasa ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri luzatzea eskatze hutsarekin.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Udal administrazioak edo udal agintariek luzatzen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sorrarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira subjektu pasiboak.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honek tarifa hauek izanen ditu:

a) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta edo baja tramitatzea: 20,00 euro altagatik eta 10,00 euro aldaketengatik.

b) Jarduera sailkatuen espedienteak tramitatzeagatik: 62,00 euro, gehi Namainsaren ordainsariak.

c) Eraikinen ikustaldiengatik eta agerraldiengatik: 50,00 euro, gehi ordainsariak.

d) Alderdi batek eskaturik Udaltzaingoak txostenak luzatzeagatik: 40,00 euro.

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

6. artikulua. 1. Tasa sortutzat hartuko da agiria luzatzeko eskaera Udalaren Erregistro Orokorrean aurkezten denean, eta udal bulegoetan ordenantzapeko eskabiderik ez agiririk ez da hartuko, ezta tramitatuko ere, aitzinetik ez bada ordaintzeko baldintza bete.

2. Tasa ordainduko da Udalak horretarako izendatzen duen kontuan, edo eskatzailearen banku kontuan helbideratzen ahalko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Valtierran, 2012ko otsailaren 14an.-Alkatea, Alfonso Mateo Miranda.

Iragarkiaren kodea: L1202623