48. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10/2012 FORU DEKRETUA, otsailaren 22koa, Funesko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten duena. Esku-hartze hori lurzatiak berrantolatuz eta ureztaketa tradizionala gaurkotuz eginen da.

Funesko ureztaketa tradizionaleko Ureztatzaileen Elkarteak 2009ko maiatzaren 5ean eskatu zuen lurzatien berrantolamendua egin eta ureztaketa tradizionala gaurkotu zedila.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzearen helburuak honako hauek dira: alde batetik, lurzatien berrantolamenduaren bitartez landalurrak antolatzea, nekazaritzako ustiapenek egitura eta tamaina egokia izan dezaten, eta, bestetik, ureztaketa tradizionala gaurkotzea. Lur batzuk ureztaketa sistema aldatuz gaurkotuko dira, urpetzearen ordez presioko sistema erabiliko baita. Presioko sare horiek, Nafarroako Ubidearen 1. fasearen handitzea eginez gero, handitze horren sare orokorrei lotuko zaizkie, eta, hala, presio naturalarekin ureztatu ahalko litzateke etorkizunean.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 1808/2009 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Funesko ureztaketa tradizionalaren eremuko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzeari.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 1481/2011 Ebazpenaren bidez, "Funesko lurzati berrantolamendua egitea eta ureztaketa gaurkotzea" izeneko proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen.

Horrenbestez, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legeak ezartzen duenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 22ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1.-Onespena.

Funesko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten da. Esku-hartze hori lurzatiak berrantolatuz eta ureztaketa tradizionala gaurkotuz eginen da.

2.-Onura publikokoa eta presaz egin beharrekoa dela aitortzea.

Funesko lurzatiak berrantolatuz eta ureztaketa tradizionala gaurkotuz nekazaritzako azpiegituretan egin gogo den esku-hartzearen onura publikoa eta presako exekuzioa aitortzen da, ondasun eta eskubideen desjabetzerako, aldi baterako okupaziorako eta okupazio iraunkorrerako eta bidezko diren zortasunak, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, sortzeko. Eremu hori Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrien 1. fasea handitzearen esparruan sartzen bada etorkizunean, nahitaezkoa izanen da horri lotzea.

3.-Egitekoak diren esku-hartzeen azalpena.

1. Egitekoa den gaurkotzea grabitatearen bidezko ureztaketa eremu txiki batek eta presioko ureztaketa sistema izanen duen beste batek osatuko dute.

Ponpaketa estazioa hornitzen duen linea elektriko bat eraiki behar da obrarako. Presio bidezko banaketa sareak aspertsio bidezko ureztaketarako beharrezkoa den presioa daramaten emariekin hornituko ditu sute-ahoak. Halaber, egungo bide sarea eta saneamendua hobetuko dira.

2. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, irailaren 23ko 1481/2011 Ebazpenaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin zuen, eta hartan agertzen diren baldintzak bete beharko dira.

3. Ingurumen eraginaren azterlanean proposatutako neurri zuzentzaileen arabera, eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 11. artikuluarekin bat, ureztaketa lurrak eraldatu eta gaurkotzeko kasuetan, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak ureztatzeak eraldatzearen eta gaurkotzearen onura jasotzen duten Ureztatzaileen Elkarteak sartuko ditu Departamentuak nekazaritzarako ur baliabideak ongi kudeatzeari begira egiten dituen jarduketen multzoan, dela zuzenean dela kapital publikoko Instituto Navarro de Tecnologías e Infraestructuras Agrarias S.A. (INTIA, S.A) enpresaren bitartez.

4. Zer prozedura erabiliko den.

Eremu horretako lurzatiak berrantolatzeko ohiko prozedura erabiliko da, hots, Nekazaritako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluan jasota dagoena.

5. Jarduketaren xedeko lurraldea mugatzea.

Jarduketaren xede den eremua Arga eta Aragoi ibaien artean dago eta 1.180 hektarea ditu gutxi gorabehera, denak Funesko udal mugapean.

Hona hemen mugak:

Iparraldean: Azkoiengo udal mugapea eta Río Mayor erretena.

Hegoaldean: Aragoi ibaia.

Ekialdean: Martzillako udal mugapea eta Aragoi ibaia.

Mendebaldean: Arga ibaiko Soto Sardinillas meandroaren ekialdeko ertza eta prestatzen ari diren "Arga ibaiko Soto Sardinillas meandroan habitatak hobetzea eta lotura hidrologikoa egitea" proiektuan aurreikusitako lur mugimenduak ukitzen duen eremuaren muga.

Perimetro horri Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17 a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

6. Ustiatu beharreko oinarrizko azaleren mugak zehaztea.

1. Mugape horretako lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 225 eta 45 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Mugape horretako ureztaketako ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 25 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren.

Lehorreko lurra ureztalur bihurtzeko indizea 9.0koa izanen da.

2. Laborantzako gutxieneko unitatea 45 hektareakoa izanen da lehorreko lurretarako, 5 hektareakoa presioko ureztaketarako eta hektarea 1ekoa grabitatearen bidezko ureztaketarako.

7. Foru Dekretuaren ondorioak.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Foru Legearen 14. artikuluan ezarritakoak, honako hauei dagokienez: jarduketak ukituentzat nahitaezko betebeharra izatea, atzera-eskuratzeak eta eskuratzeko beste eskubide batzuk iraungitzea, eta baimena ematen dela kasuan kasuko Eraikuntza Proiektuak prestatzeko prozedura une egokian.

8. Foru Dekretua gauzatzea.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduketak eginen ditu.

9. Ondorioak sortzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko otsailaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1203009