Iragarkia
226. ALDIZKARIA - 2012ko azaroaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA
Administrazio Elektronikoaren Ordenantza behin betiko onestea
Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2012ko ekainaren 14an egindako saioan, hasiera batean onetsi zuen Administrazio Elektronikoaren Ordenantza.
Onesteko erabaki hori 2012ko 175. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta.
Iruñean, 2012ko urriaren 5ean.-Lehendakaria, José Muñoz Arias.
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAREN ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOAREN ORDENANTZA
zioen azalpena
Iruñerriko Mankomunitateak etengabeko kezka azaldu du herritarrei eta enpresei zerbitzu hobea emateko, bere kudeaketarako teknologia berriak ekarriz barne funtzionamendua eta informazio bideak hobetzeko, herritarren partaidetza errazteko eta izapideak arintzeko.
1998. urtean Herritarren Arretarako Zerbitzua martxan jartzea aurrerapauso kualitatiboa izan zen arlo honetan. Zerbitzua ezarri aurreko lanek berekin ekarri zuten erakunde osoa inplikatzea, helburu komun hau lortzeko: herritarren eskaerei eraginkortasunez erantzutea eta eskaera horiek betetzea. Administrazioa modernizatzeko beste jarduera batzuk praktikan jartzearekin batera, gertakari horrek bidea eman du Iruñerriko Mankomunitateak kalitateko zerbitzuak eskaintzeko herritarrei aurrez aurreko eta telefono bidezko kanalen bitartez, eta orain asmoa da kanal telematikoa ere martxan jartzea.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 2003ko erreformaren ondoren, legegileak berariazko agindua sartu zuen batik bat toki erakundeei zuzendua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatzeko. Legezko agindu horrek, toki erakundeei begira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan jasotako agindua zehaztu zuen, eta hura, era berean, garatu berri du Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak. Azken lege horren edukiak erabat onartzen du herritarrak Administrazioarekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko duen eskubidea, eta horrek esan nahi du, era berean, Iruñerriko Mankomunitateak herritarrarekin komunikatu eta harremanetan jartzeko bide hori ezarri behar duela, bultzatuz bide horretatik arreta egiteko beste bi bideetatik emandako jarduerak orain arte oinarri izan duen zerbitzuaren kalitate maila bera.
Aurreko guztia kontuan izanik, Iruñerriko Mankomunitateak, legezko betebehar horren jakitun eta herritarrari Administrazioa hurbiltzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko aukera bikaina dela ziur izanik, ordenantza hau onetsi du, herritarren eta Mankomunitatearen arteko harremanerako hirugarren bide gisa kanal telematikoa abian jartzeari begira, hark bere gain hartu behar dituen konpromiso eta betebeharrak zehazteko. Horrenbestez, pertsonen eta Administrazioaren arteko harremana errazteko eskura dauden baliabide elektronikoak erabiliko dituen administrazioa bultzatzeko Iruñerriko Mankomunitateak harturiko konpromisoaren esparrua arautzen du ordenantza honek, horrekin hobetuko baita herritarrei eskainitako zerbitzua, eta herritarrentzat erraza izango baita Mankomunitatera iristea egunak dituen 24 orduetan eta asteak dituen zazpi egunetan.
Ordenantza honek hiru titulu ditu (atariko titulua barne), xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat. Atariko tituluan ordenantzaren helburua ageri da, aplikazio esparrua eta administrazio elektronikoaren alorrean Mankomunitatearen jarduera gidatzen duten printzipio orokorrak. Horrez gain, 11/2007 Legean, ekainaren 22koan, bildutakoen artean, administrazio elektronikoaren alorrean herritarrak dituen eskubide nagusiak nabarmentzen dira eta zerbitzu elektronikoetara sartzeko sistemak zehazten dira.
Administrazio elektronikoaren araubide juridikoaren oinarrizko alderdiez arduratzen da lehen titulua, eta egoitza elektronikoa, informaziorako sarbidea, identifikazio eta autentifikazio moduak, izapide elektronikoak egiteko ordezkaritza, erregistro telematikoa eta komunikazio elektronikoak arautzen ditu.
Bigarren tituluak prozedura eta txosten administratiboen kudeaketa elektronikoa arautzen du eta, hartara, finkatzen ditu bideratze horrek oinarrian dituen irizpideak, haren fase desberdinak eta prozeduraren bukaera bera. Era berean, baliabide elektronikoak erabiliz jakinarazpenak egiteko baldintzak ezartzen ditu, baita ezaugarriak eta dokumentu eta artxibo elektronikoetan eta dokumentuen konpultsa elektronikoan aplikatu beharreko araubide juridikoa ere.
ATARIKO TITULUA
1. artikulua. Helburua.
1. Ordenantza honek administrazio elektronikoaren ezarpen progresiboa arautzen du Iruñerriko Mankomunitatean, herritarrari zerbitzuak baliabide elektronikoen bidez eman ahal izateko, pertsona guztiekiko interakzioa, jarduera administratiboaren esparruan, informazioaren teknologia erabiliz gauzatuko dela bermatuz.
2. Iruñerriko Mankomunitateak bermatuko du herritarrak berarekin baliabide elektronikoak erabiliz harremanetan jartzeko duen eskubidea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak edo hura ordezkatzen duen araudiak aurreikusitako baldintzetan. Horri dagokionez, Iruñerriko Mankomunitateak segurtatuko du bere eskumenen barnean kudeatzen diren datu, dokumentu, informazio eta zerbitzuen informazioa, irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, segurtasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa, eta betiere bultzatuko du baliabide elektronikoen bidez egiten diren zerbitzu publikoen kalitatea.
2. artikulua. Aplikazio esparrua.
1. Ordenantza hau Iruñerriko Mankomunitatean aplikatuko da.
2. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateak (uraren ziklo integralaren zerbitzua eta hiri hondakinak biltzeko eta tratatzekoa kudeatzeko Mankomunitateak sortu zuen erakundea da. Horrez gain, 2007ko martxoaren 22an Batzar Nagusiak hitzartu zuen akordioaren bidez, eskualdeko ibai parkea kudeatzeko agindu zitzaion) beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, Mankomunitatearen eskumen diren zerbitzu publikoak emateko esparruan, zerbitzu horiek bitarteko elektronikoen bidez ematea ahalbidetzeko, ordenantza honetan azaldutako printzipioen arabera zuzenbide publikoko jarduerak gauzatzen direnean.
3. Aurreko atalean xedatutakoa Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzu publikoen enpresa esleipendunei ere aplikatuko zaie zerbitzu publiko horien prestazioaren esparruan. Horretarako, Mankomunitateak bere kontratazio agirietan jaso ahal izango du esleipendunak duen obligazioa zerbitzua baliabide elektronikoen bidez emateko.
4. Ordenantza hau ez zaie aplikatuko Mankomunitateari eta haren mendeko erakunde publikoei zuzenbide pribatuaren araubidean egiten dituzten jardueretan, haien eskumen esparruan ahalmen publikoetan aritzean baizik ez baita aplikatuko.
3. artikulua. Printzipio orokorrak administrazio elektronikoaren arloan.
Administrazio elektronikoaren arloan, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean bilduta dauden printzipioen arabera jokatuko du Iruñerriko Mankomunitateak, eta, bereziki, hauen arabera:
-Herritarrei zerbitzua emateko printzipioa: Iruñerriko Mankomunitateak informazioak, izapideak eta prozedurak administrazio elektronikoan jasotzeko lana bultzatuko du, printzipio konstituzional hauek modu eraginkorragoan gauzatzeko: Administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrentzako zerbitzua.
-Sinplifikazio administratiboaren printzipioa: Mankomunitateak, prozesu, prozedura eta izapide administratiboak sinplifikatzea eta integratzea lortzeko, eta bere zerbitzuak hobetzeko, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko du, nola eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren izapide edo jarduera guztiak baztertuz eta prozesu eta prozedura administratiboak berriro diseinatuz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta ondoena erabiliz.
-Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa: Mankomunitateak, administrazio elektronikoa bultzatzean, pertsonen datuen konfidentzialtasunaren eta segurtasunaren babesa bermatuko du, datuen babesari buruzko araudian, Segurtasun Eskema Nazionalean eta konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan.
-Doakotasun printzipioa: Administrazioak ezin izango du diru ordain osagarririk eskatu herritarrarekin dituen harremanetan baliabide elektroniko informatikoak eta telematikoak erabiltzeagatik.
4. artikulua. Herritarren eskubideak.
Administrazio elektronikoaren arloan, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean bilduta dauden eskubideak guztiz errespetatzean oinarrituko da Iruñerriko Mankomunitatearen jarduna, eta, bereziki, hauek errespetatzean:
a. Mankomunitatearen esku dauden datuak eta dokumentuak ez emateko eskubidea. Iruñerriko Mankomunitateak, aurrerapen teknikoek horretarako aukera ematen duten heinean, baliabide elektronikoak erabiliko ditu informazio hori biltzeko, baldin eta, datu pertsonalen kasuan, interesdunen baimena badu, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak zehaztutako baldintzetan, edo lege mailako arau batek hala zehazten duenean, bildutako datu eta dokumentuen araudiaren arabera murrizketak daudenean izan ezik. Baliabide elektronikoen bidez egin eta jaso ahal izango da baimen hori.
b. Prozedura elektroniko batean interesdun gisa agertzen bada, haren bideratze egoeraren berri baliabide elektronikoen bidez izateko eskubidea, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak jartzen dituenean izan ezik.
c. Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak lortzeko eskubidea.
d. Mankomunitatearen fitxategi, sistema eta aplikazioetan dauden datuen segurtasun eta konfidentzialtasunaren bermea izateko eskubidea.
5. artikulua. Zerbitzu elektronikoetan sarbidea izateko baliabideak.
1. Mankomunitateak bere eskumenen esparruan ematen diren zerbitzu elektronikoetarako sarbidea bermatuko die pertsonei baliabide hauen bidez:
a. Aurrez aurreko laguntzarako bulegoak. Mankomunitatean bertan aurrez aurreko laguntza emateko bulegoetan ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik egiteko moduan.
b. Sarbide elektronikorako guneak. Informazio guztia eta egoitza elektronikoan erabilgarri dauden zerbitzuak eskuratzeko guneak hauek izango dira: www.mcp.es edo https://sedeelectronica.mcp.es.
c. Telefono bidezko arreta egiteko zerbitzuak. Telefono bidezko arreta egiteko zerbitzuek herritarrari aurreko ataletan aipatu diren informazio eta zerbitzu elektronikoetan sarbidea izatea erraztuko dute.
6. artikulua. Datuen transmisioa administrazio publikoen artean.
1. 4 a) artikuluan onarturiko eskubidea eraginkortasunez erabiltzeko, Mankomunitateak beste administrazio publikoei aukera emango die interesdunen inguruan euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera.
2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako administrazio publikoek beren eskumeneko prozedurak bideratu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko. Era berean, eskatuko da, datu pertsonaletara sarbidea izateko, interesdunak baimena ematea Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan zehaztutako baldintzetan, edo lege maila duen arau batek halaxe baimentzea.
3. Artikulu honetan ezartzen denari dagokionez, Mankomunitateak beste administrazio publiko batzuekin behar diren hitzarmenak sinatu ahal izango ditu haietako bakoitzak hartutako sistema eta moduen elkarreragingarritasuna bermatzeko eta, hartara, dokumentu elektronikoak eta legeak xedatutakora egokitzen diren identifikazio eta autentifikazio baliabideen elkarren onarpena bultzatzeko. Betiere, pertsonei zerbitzua emateko printzipioan eta sinplifikazio administratiborako printzipioan oinarrituko dira lankidetza harreman horiek.
BIGARREN TITULUA
Administrazio Elektronikoaren Araubide Juridikoa
I. KAPITULUA
Egoitza elektronikoa
7. artikulua. Egoitza elektronikoa sortzea.
1. Ordenantza honen bidez Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoa sortuko da.
2. Egoitza elektronikoa da pertsonen eskura dagoen helbide elektronikoa, hori posible egiten duten telekomunikazio sareen bidez, eta sare horien titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa Iruñerriko Mankomunitateari dagokio. Hartara, egoitzaren bidez, Iruñerriko Mankomunitatearen informaziora eta zerbitzu eta izapide elektronikoetara sartu ahal izango da.
3. Herritarrek erabilgarri eta eskura izango dute egoitza elektronikoan sartzea Iruñerriko Mankomunitatearen webgunean dagoen lotura espezifiko baten bidez (Mankomunitatearen webgunea hau da: http://www.mcp.es), eta egoitzak berak helbide hau izango du: https://sedeelectronica.mcp.es.
4. Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoak, identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, beren ezaugarriengatik hala egitea eskatzen duten harremanetan, sinadura elektronikoko sistemak erabiliko ditu, gailu seguruko edo bitarteko baliokideko ziurtagirietan oinarrituta.
5. Mankomunitateak bermatuko du egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitezkeen informazioa eta zerbitzuak osoak, egiazkoak eta eguneratuak izatea, eta haien gaineko erantzukizuna hartuko du. Horrez gain, informazioa emango du adierazteko, egoitza elektronikoan, herritarrak bitarteko elektronikoak erabilita Iruñerriko Mankomunitatearekin zein kanalen bidez jar daitezkeen harremanetan.
Helburu horrekin, egoitza elektronikoak dituen informazio sistemek zer argibide eman eta horien konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta osotasuna bermatu beharko dituzte.
6. Iruñerriko Mankomunitateak ondoko printzipioak beteko ditu, bere egoitza elektronikoa sortzeko: publizitate ofiziala, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, baliagarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.
7. Mankomunitatearen egoitza elektronikoa euskaraz eta gaztelaniaz egongo da, eta zenbait informazio beste hizkuntza batzuetan eman ahal izango da, interes orokorrekotzat jotzen bada.
8. Iruñerriko Mankomunitatearen Idazkaritza Orokorrak hartuko du egoitza elektronikoaren gaineko ardura, eta berari egokituko zaio hori kudeatzea eta administratzea, alde batera utzirik, edukiaren arabera, beste arlo edo zerbitzu batzuei egokitzen ahal zaizkien eskumenak.
8. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.
1. Hasiera batean, egoitza elektronikoak ondoko edukiak izango ditu:
a) Bai egoitzaren identifikazioa, bai eta kudeaketa organo arduradunena eta egoitzan erabilgarri jarritako zerbitzuena ere.
b) Egoitza zuzen erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa barne, eta bai erabiltzaileari aholkularitza emateko zerbitzu bat ere.
c) Egoitzak ematen dituen ziurtagiriak egiaztatzeko sistema, zuzenean eta doan eskuratu daitekeena.
d) Egoitzan sinadura elektronikoa egiteko onartzen diren edo erabiltzen diren sistemen zerrenda.
e) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa, Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren egoitzarekiko lotura barne hartuta.
2. Egoitza elektronikoak ondoko zerbitzuak jarriko ditu herritarren eskura:
a) Egoitza elektronikoan eskura eta erabilgarri dauden zerbitzuen, kudeaketen eta izapideen zerrenda eguneratua, aplikatzekoak diren eskaeren, idatzien eta komunikazioen ereduekin batera.
b) Herritarrek Administrazioarekin harremanetan jartzeko duten eskubidea gauzatuz, kasu bakoitzean erabil ditzaketen bitarteko elektronikoen zerrenda.
c) Iradokizunak eta kexak aurkezteko postontzi bat.
d) Iragarki taula bat, iragarki taulan argitaratu behar diren ekitaldien eta jakinarazpenen argitaratze elektronikorako, adierazita argitaratze elektronikoaren izaera osagarria edo ordezkoa.
f) Egoitzak barne hartzen dituen organo publikoen zigilu elektronikoak, herritarrek egiaztatu ahal ditzaten.
g) Egoitzak barne hartzen dituen organoek emandako agiriak osoak eta benetakoak direla egiaztatzea. Agiri horiek egiaztatze kode seguru bidez autentifikatutakoak izango dira.
h) Egoitza elektronikoaren data eta ordu ofiziala.
i) Iruñerriko Mankomunitatearen araudia, egoitza elektronikoa bera eta erregistro elektronikoa sortzeko araudia barne hartuta.
j) Sarbidea kontratatze publikoko jarduketei eta prozedurei buruzko informaziora.
k) Interes orokorrekotzat jo edo lege edo arauekin bat exijitzen diren beste informazio batzuk.
3. Gainera, herritarrak, behin haien identitatea egiaztatuta, ondoko zerbitzuez baliatu daitezke:
a) Erregistro elektroniko orokorra. Erregistro horretan dokumentuak aurkezteko baliogabe diren egunen egutegiaren informazio zehatza ageri da.
b) Herritarron karpeta. Iruñerriko Mankomunitatearekin nor bere kabuz harremanetan jartzeko baliabide birtuala da.
Herritarron karpetaren bidez, pertsona fisikoek, eta erregistratuta dauden beren ordezkariek, mankomunitate honen jarduerarekin lotutako interes legitimoen titularrek, sistema eta prozesu telematikoak erabili ahal izango dituzte, besteak beste, ondoko zerbitzuak eskuratzeko:
-Eskura izatea Mankomunitatearen datu baseetan jasota dagoen kasuan kasuko pertsonaren gaineko informazioa.
-Eragiketak egitea eta/edo Mankomunitateak Karpetan aldian-aldian txertatzen dituen zerbitzuen administrazio-izapideak.
9. artikulua. Iragarki taula elektronikoa.
1. Lege edo erregelamendu baten xedapenak agindurik egintzak eta komunikazioak iragarki taulan argitaratu behar direnean, ediktuen bidez, aipatu taula horretan izan ordez, Iruñerriko Mankomunitateko egoitza elektronikoan kokatutako iragarki taula elektronikoan egin ahal izango da argitalpena, bai eta hori osatu ere. Iragarki taula elektronikora sartzeko, herritarrek ez dute inongo mekanismo bereziren bidez haien nortasuna egiaztatu behar izango.
2. Epeak zenbatzeko helburuetarako, horko data eta ordua agertuko da iragarkian.
3. Iragarki taula elektronikoak beharrezko sistemak eta mekanismoak izango ditu, edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 45.5. artikuluan aurreikusten dituenekin bat.
4. Mankomunitateak erraztasunak emango ditu, herritarrek iragarki taula elektronikoa erabil dezaten. Horretarako, erabilera publikoko terminal informatikoak jarriko ditu, gutxienez, Erregistro Orokorreko eta Herritarren Arretarako Zerbitzuko bulegoetan. Bertan, beharrezko laguntza emango da, herritarrek behar izanez gero, kontsultak eraginkortasunez egin ditzaten.
5. Iragarki taula elektronikoa eguneko 24 ordutan egongo da erabilgarri, egoitza elektronikoaren bidez.
II. KAPITULUA
Identifikazioa eta autentifikazioa
10. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio moduak.
1. Sinadura elektronikoaren sistema hauek erabili ahal izango dira Mankomunitatearekin telematikoki harremanetan jartzeko:
a. Sinadura elektronikorako Nortasun Agiri Nazionalean jasotako sistemak, pertsona fisikoentzat. Berariazko araubide bat izango da horien erabilera eta ondorioak arautzeko.
b. Sinadura elektroniko aurreraturako sistemak, Mankomunitateak onartutako ziurtagiri elektronikoan oinarritutakoak barne.
11. artikulua. Funtzionario publikoen identifikazio eta autentifikazio lana.
Baliabide elektronikoen bidez edozein izapide bideratzeko, kapitulu honetan ezarritako sinadura elektronikoaren tresnaren baten bidez pertsonaren identifikazioa edo autentifikazioa eskatzen denean, eta hark horrelakorik ez duenean, identifikazio edo autentifikazio hori modu baliozkoan egin ahal izango dute funtzionario publikoek, Mankomunitateko Idazkaritzak horretarako ahalmena eman ondoan, sinadura elektronikorako horniturik dauden sistemaren bidez. Horretarako, Mankomunitatearekin harremana izan behar duenak bere burua identifikatu beharko du eta berariaz baimena eman, eta hori jasota geratuko da desadostasunak edo auziak sortzen direnerako.
12. artikulua. Izapideak elektronikoki bideratzeko ordezkaritza.
1. Pertsonak ordezkarien bitartez aritu ahal izango dira Mankomunitatean baliabide elektronikoen bidez egiten diren prozedura eta izapide administratiboetan, legeria orokorrak aurreikusten duenari eta ordenantza honek ezartzen duenari jarraituta. Hala bada, jarduteko ahalmen osoa duen eta sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiria duen edozein pertsona fisikok beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk ordezkatu ahal izango ditu baliabide elektronikoaren bidez Iruñerriko Mankomunitatean egiten diren prozedura eta izapide administratiboetan. Kasu horietan, egindako jarduketak baliozkoak izan daitezen, ordezkaritza egiaztatu beharko da, eta Iruñerriko Mankomunitateak noiznahi eskatu ahal izango du hori.
2. Iruñerriko Mankomunitatearekin beste pertsona batzuen alde jarduketak elektronikoki egiteko ordezkaritza egiaztatzea prozedura hauetako baten bidez egin ahal izango da:
a) Sinadura elektroniko aurreratua erabilita, kargu edo ordezkaritzako ziurtagiri aitortu batean oinarrituta, baldin eta Mankomunitateak onartutako mota batekoa bada.
b) Ordezkariak ahalordea hartzeko aitorpena eginda eta gero egiaztatuta ordezkaritza hori Iruñerriko Mankomunitatearen ordezkaritza erregistroan.
3. Mankomunitateak eskatu ahal izango dio ahalordedunari bere ahalorde-hartzea justifikatzeko edozein unetan.
4. Ordezkaritza Iruñerriko Mankomunitatearekin lotzen dituzten izapide guztietarako eman ahal izango da, orokorrean, edo soilik izapide bat edo batzuk egiteko, aurkeztutako egiaztagirian jasotakoari edo ordezkaritza emateko egintzan ordezkatuak adierazitakoari jarraituta.
5. Emandako ordezkaritza hori aldi baterakoa edo mugagabea izan daiteke, eta, edozein kasutan, ordezkatuak geroago baliogabetzen duen arteko balioa izango du.
13. artikulua. Ordezkarien erregistroa.
1. Iruñerriko Mankomunitateak izapideak elektronikoki bideratzeko ordezkarien erregistroa eduki ahal izango du, eta interesdunek modu baliozkoan egiten dituzten inskripzio guztiak jasoko ditu horrek.
Ordezkaritzak honela sartuko dira erregistro horretan:
a) Ahalorde-hartzea egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztuta, dela paperean, dela elektronikoki.
b) Ahalorde-hartzearen aitorpena eginda ordezkariak eta hala dela egiaztatuta helburu horretarako edozein administrazio publikok edo erakundek sortutako erregistroetan, baldin eta erakunde horiek nahiko fidagarritasuna ematen badute eta lankidetzako tresna egokia sinatuta badute aurretik.
c) Ordenantza honen eta aplikatzekoa den araudiaren esparruan, Mankomunitateak ordezkaritza egiaztatzeko egokitzen duen beste edozein sistema erabilita.
2. Izapideak elektronikoki bideratzeko ordezkaritza erregistroan alta, aldaketa edo baja egiteko eskaera ezinbestekoa izango da aipatutako erregistro horretan ordezkaritzaren inskripzioa egiteko, eta ordezkaritzaren inskripzio horrek iraungo duen epea eta horren helmena barne hartuko du.
Iii. KAPITULUA
Erregistro telematikoa
14. artikulua. Erregistro telematikoa.
1. Xedapen honen bidez, erregistro telematikoa sortuko da Iruñerriko Mankomunitatean, erregistro orokorraren lagungarri, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Erregistro telematiko horrek dokumentu elektroniko normalizatuak jaso eta igortzeko ahalmena izango du, eta Iruñerriko Mankomunitatearen erregistro orokorrean sartuko da ondorio guztietarako.
2. Baliabide elektronikoen bidez bakar-bakarrik aurkeztu ahal izango dira interesdunen eskaera, jakinarazpen eta idatziak, baldin eta, formatu elektroniko normalizatuan, aldez aurretik zehaztu diren eta Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektroniko nagusian eta Bezeroaren Arretarako Bulegoan jendearen eskura dauden izapide eta prozedura elektronikoen katalogoan behar bezala jasota badaude. Egoki jotzen diren dokumentu elektronikoak gehitu ahal izango dira, betiere baldin eta elkarreragingarritasun eta segurtasun eskema nazionaletan zehazten diren formatu estandarrak eta segurtasun baldintzak betetzen badituzte.
3 Mankomunitateko Idazkaritza Orokorra da erregistro telematikoa kudeatzeaz arduratzen den administrazio unitatea.
4. Erregistro telematikoan, egunak dituen 24 orduetan egongo da sarbidea, urteko egun guztietan. Sinadura elektronikorako onartzen diren sistema aurreratuen erakunde hornitzaileetako batek emandako denbora-zigilatzearen bidez egiaztatuko dira sarrerako eguna eta ordua. Zigilatze hori teknikoki ahalik eta denbora laburrenean egingo da Mankomunitatearen egoitza elektronikoan eskaera osoa jasotzen den unetik hasita, eta horiek izango dira legezko epeak kontatzeko kontuan hartuko diren eguna eta ordua. Epea kontatzeari dagokionez, egun baliogabe batean jasotzen dena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da, alde batera utzirik egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera emango lukeen arau bat egotea. Nolanahi ere, Mankomunitatearen sarbideko egoitza elektronikoaren denbora-zigilatzearen zerbitzariaren data eta ordu ofizialei jarraituko die erregistro telematikoak, eta behar diren segurtasun neurriak izango ditu haren osotasuna segurtatzeko eta agerian egoteko.
5. Irteerako erregistro telematikoa egunak dituen 24 orduetan ibiliko da, urteko egun guztietan. Irteera data egiaztatuko da data eta ordua modu elektronikoan idatziz emateko zerbitzu baten bidez, ordenantza honen 8.3 b) artikuluan definitzen den interesdunaren karpetan jakinarazpena uzteko prozedura hasten den egunarekin bat eginez, jakinarazpen elektronikorako ezarritakoari jarraituta. Epea kontatzeari dagokionez, erregistro telematikoan egun baliogabe batean jasotzen den idatzi edo jakinarazpenaren irteeraren oharra hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da, une horretan hasiko baita formalki haren jakinarazpena, egun baliogabean bidaltzeko berariazko aukera ematen duen arau bat dagoenean izan ezik.
6. Sarbideko erregistro telematikoak automatikoki emango du interesdunek aurkeztutako dokumentu elektronikoen harreraren egiaztagiria. Inskribatu den data eta ordua azalduko dira agiri horretan, baita dagokion agindu zenbakia ere, osotasuna eta aurkeztutako dokumentuak ez arbuiatzea bermaturik betiere. Nolanahi ere, Mankomunitateak jaso duen dokumentuaren formatua birmoldatu ahal izango du hura irakurri, jaso eta artxibatzeko beharrezkotzat hartzen duenean, haren funtsezko edukia aldatu gabe.
Dokumentua telematikoki jasotzean irregulartasun teknikoak detektatzen diren kasuetan, sistemak berak horren berri eman beharko dio aurkezten duenari, dagokion errore mezuaren bidez, hartara, jakin dezan aurkezpena ez dela baliozko moduan egin. Horrez gain, mezuan bertan, dokumentuak aurkezteko erabilgarri dauden aukerak adieraziko zaizkio.
7. Mantentze tekniko edo operatiboko arrazoi justifikatuak daudenean baino ezin izango da eten erregistro telematikoaren eskuragarritasuna, eta soilik haiek konpontzeko behar den denboran. Arrazoi teknikoengatik erregistroa ez dabilenean, egoitza elektronikoan abisu bat kaleratuko da ahalik eta azkarrena. Erregistro telematikoaren funtzionamendua iragarri gabe eteten bada, horretaz ohartarazten duen mezua ikusiko du erabiltzaileak.
15. artikulua. Kanpokoen erregistro telematikoa.
Lankidetza hitzarmen egokia sinatu ondotik, erregistro telematikoa sortu ahal izango da beste administrazio publiko batzuen eskumeneko eskaerak, idatziak eta jakinarazpenak jasotzeko.
16. artikulua. Erregistro telematikorako egun baliogabeak.
1. Egun baliogabeen egutegia urte bakoitzeko foru dekretuak ezarritakoa da. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitatean foru dekretu batek zehazten du epeen zenbaketarako zein egun diren baliogabe.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren Urteko Ebazpenak Iruñerako ezartzen dituen jaiegunak gehitu beharko dira.
2. Egoitza elektroniko nagusian agertuko dira urte zehatz bakoitzeko egun baliogabeak.
IV. KAPITULUA
Komunikazio elektronikoak
17. artikulua. Hainbat komunikazio egiteko baliabide elektronikoak nahitaez erabili behar izatea.
1. Ordenantza honek Mankomunitateko Lehendakaritzari ahalmena ematen dio, behar den ebazpenaren bidez, erakunde honekin komunikatzeko baliabide elektronikoak soilik eta nahitaez erabili beharra ezartzeko, baldin eta ukituriko hartzaileak edo igorleak pertsona juridikoak badira edo pertsona fisikoen taldea, bere gaitasun ekonomiko edo teknikoarengatik, lanbide dedikazioarengatik edo beste arrazoi akreditatuengatik sarbidea eta beharrezkoak diren bitarteko teknologikoen eskuragarritasuna bermatuta duena.
2. Iruñerriko Mankomunitateak baliabide elektronikoen erabilera bultzatuko du beste administrazio publikoekiko komunikazioetan, alde batera utzirik ordenantza honen 6. artikuluan xedatutakoa, beste administrazio batzuen esku dauden datuetarako sarbide elektronikoa erabakitzeko aukerari dagokionez.
BIGARREN TITULUA
Prozeduren kudeaketa elektronikoa
I. kapitulua
Jarduteko printzipioak prozeduren kudeaketa elektronikoan
18. artikulua. Baliabide elektronikoak aplikatzea prozedurak kudeatzean.
1. Lan prozesuetan eta prozeduren eta administrazio jardueraren kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzeko orduan, irizpide hauek hartuko dira kontuan: eraginkortasuna, herritarrekiko zerbitzua eta sinplifikazio administratiboa.
2. Mankomunitatearen administrazioaren jardueraren kudeaketa elektronikoak beti errespetatuko ditu eskumenaren titulartasuna eta erabilera, eskumen hura esleiturik duen administrazio, organo edo erakundearen aldetik, eta orobat beteko ditu jarduera bakoitzaren gaineko arauetan zehazten diren baldintza formal eta materialak.
19. artikulua. Kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzeko aurretiazko baldintzak.
1. Administrazio prozedurak kudeatzean bitarteko elektronikoak aplikatzeko, edozein kasutan, aurretik prozeduraren diseinu berriaren eta sinplifikazioaren azterketa beharko da.
2. Azterketa horretan alderdi hauek hartuko dira kontuan bereziki:
-Herritarrari eskaturiko dokumentazioa kendu edo murriztea, datuekin, datuen igorpenekin edo ziurtagiriekin ordezkatuta, edo haren ekarpenaren arauketa bideratzea amaitzean.
-Parte hartzeko, gardentasunerako eta informaziorako baliabideak edo tresnak aurreikustea.
-Epeak, alferrikako izapideak eta erantzuteko denborak murriztea.
-Lan kargen eta barne komunikazioen banaketa arrazionalizatzea.
II. KAPITULUA
Prozedurak bideratzean baliabide elektronikoak erabiltzea
20. artikulua. Prozedura hastea baliabide elektronikoen bidez.
1. Interesdunek halako administrazio prozedura batzuei hasiera eman ahal izango diete baliabide elektronikoen bidez, izapide, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoan jasotako eta Mankomunitatearen eskumen diren zerbitzuetatik etorriak badira. Horretarako, bere burua identifikatu eta autentifikatu beharko dute, ordenantza honetan aurreikusitako sistemen bidez, eta egoitza elektroniko nagusian dagoen administrazio elektronikoaren atarian sartu.
2. Nolanahi ere, telematikoki hasten diren eskaerek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70.1 artikuluan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritako baldintzak beteko dituzte.
3. Eskaera hauetan interesdunak bere eskura dituen dokumentuen kopia digitalizatuak jaso ahal izango ditu, eta horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren sistemaren bidez. Mankomunitateak aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko eskatu ahal izango dio dagokion artxiboari. Salbuespen gisa, eta soilik erkatze hori egin ezin denean, eskatu ahal izango dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko.
4. Kopia horiek aurkezteak esan nahi du Mankomunitateari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta hori erabiltzeko.
5. Mankomunitateak bultzatuko du, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharrean, interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egitea, bertan adierazita baldintza horiek betetzen direla eta administrazioak eskatuta behar diren agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen duela.
6. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko egoki jotzen denean, administrazio elektronikoaren ataria eskatzeko sistema normalizatuek eduki ahal izango dituzte aurkeztutako informazioa bere sistemetan edo beste administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin bat ote datorren ikusteko egiaztapen automatikoak, bai eta eskaini ahal izango ere galdetegi elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo zati batean, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.
21. artikulua. Prozeduraren instrukzioa baliabide elektronikoen bidez.
Iruñerriko Mankomunitateak aplikazio eta informazio sistemen erabilera bultzatuko du txostenak eta prozedurak modu elektronikoan instruitzeko, horien kudeaketa errazagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Sistema horiek denboraren eta epeen kontrola bermatuko dute, prozeduren ardura duten organoen identifikazioa, eta bai txostenen bideratze antolatua ere. Sinadura elektronikorako ordenantza honen 10. artikuluan aipaturiko sistemak sartuko dira tramitazio horretan, ahal denean.
22. artikulua. Prozeduraren instrukzioa baliabide elektroniko modelizatuen bidez.
1. Prozedura elektroniko modelizatuak dira beren definizioa izapideak bideratzeko plataforma batean sartuta duten prozedurak. Hartara, plataforma horrek prozeduraren oinarrizko fluxua du, prozedurari dagozkion izapide guztiak eta epeak, eta bai prozedurari dagozkion txostenen eta erabakien plantillak ere.
2. Prozedura modelizatu bat hasteko dokumentuak eskatuko dio aurkezten duenari beharrezkoak diren dokumentu guztiak aurkezteko. Dena den, dokumentu horietakoren bat falta bada, bideratzeaz arduratzen denak eskatuko dio eskatzaileari hutsa zuzentzeko.
3. Behin onartu denean hasteko dokumentua, prozeduren katalogo bateratuan ezarritakoaren arabera prozedurak horretarako bidea ematen duenean, prozedura automatikoki hasiko da, eta izapideak bideratzeko plataformak zenbaki bat emango dio txostenari, dagozkion meta-datuak osatuko ditu, eta hasteko idatzia eta horrekin batera doazen dokumentuak instrukziorako eskumena duen organora edo unitatera bidaliko ditu. Txostenaren zenbakia idatzi ahal izango da aurkeztu duenari jaulkiko zaion hartu izanaren adierazpenean, eta ez bada hala egiten, prozedurak sortzen duen lehen komunikazio ekintzan jakinaraziko zaie interesdunei.
4. Eskumena duen unitateko kideetako bati izendatuko zaio txostena, eta izapideak bideratzeaz arduratuko da. Behin amaitutzat ematen denean, unitatearen arduradunak edo unitatean bertan horretarako eskumena duen beste kide batek sinatu egingo du egintza edo izapideari dagokion erabakia, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez, eta txostenean gordeko da. Gero, bideratzeak automatikoki jarraituko du aurretik zehaztutako bidea, eta dagokion unitatean hurrengo pausoa hasiko.
5. Eskumena duen organoak edo unitateak beharrezko jotzen badu prozedura modelizatuari egitekoren bat gehitzea, bideratzeko plataformatik bertatik egin ahal izango du, eta bartan idatziz jasoko du hala egin duela.
23. artikulua. Prozeduraren instrukzioa modelizatuak ez diren baliabide elektronikoen bidez.
1. Prozedura ez modelizatuak dira izapideen, dokumentuen edo horien funtsezko beste alderdi batzuen aurretiazko definizioa ez duten prozedurak. Prozedura horietan, aurkezteko dokumentuak aukera ematen du aurkezten duenak egoki jotzen dituen dokumentu guztiak gehitzeko. Hartara, aurkezten dituenak dokumentu horien jatorri eta edukiaren deskribapen labur bat eginda etiketatu behar ditu.
2. Behin jasota aurkezteko dokumentua, erregistroko langileek aztertu egingo dute eta haien iritziz eskumena duen unitateari emango diote.
3. Behin kalifikatu denean prozeduraren izaera, eskumena duen organoak edo unitateak hasi egingo du, txosten zenbaki bat emango dio eta haren meta-datuak osatuko ditu. Aurkezteko dokumentuak ez badu prozedura hasteko bidea ematen eta ez bada egokia inolako egitekorik egitea horren kariaz, zuzenean artxibatu egingo da. Egiteko bat edo gehiago egitea egokia bada, ordea, gauzatu egingo dira eta emaitza artxibatu egingo da, bideratzeko plataforman espresuki adierazita dokumentuaren ondoriozko egitekoak amaitu egin direla, amaitu direnean.
4. Txostenaren izapideak bideratzeko, aurreko artikuluko 4. paragrafoan aurkeztutako moduan jokatuko da, eta behin izapide bat amaitu denean eskuz zehaztuko da hurrengoa.
24. artikulua. Interesdunak prozedura elektronikoaren bideratze egoeraren inguruko informazioan sarbidea izatea.
1. Aplikatu beharreko araudiak informazio honi murrizketak ezartzen dizkionean izan ezik, interesdunak jakin ahal izango du, ordenantza honen bigarren tituluaren 10. artikuluan aurreikusitako sistemen bidez bere burua identifikatu eta egiaztatu ondoren, titular, ordezkari baimendu edo interesdun gisa ageri den edozein txostenen bideratze egoera, sarrera murriztuko zerbitzu elektronikoaren bidez; administrazio elektronikoaren atariaren bidez sartu ahal izango da bertan.
2. Txostenen bideratze egoeraren gaineko informazioak eginiko izapide egintzen zerrenda jasoko du, adierazita haien edukia zein den eta zein egunetan eman ziren.
3. Aurreko paragrafoetan deskribatutako informazioaz gainera, berak egindako idatzi, komunikazio eta eskaera guztien zerrenda lortu ahal izango du herritarrak, horiek Mankomunitatearen sarrera erregistroan jasota geratu badira, baita handik bidali zaizkion komunikazio eta ofizio guztiena ere horiek irteera erregistroan jasota geratu badira.
4. Nolanahi ere, Mankomunitateak bideratze egoeraren inguruko oharrak bidali ahal izango dizkio interesdunari, harremanetarako hark adierazitako helbide telematikoetara edo horretarako aukera ematen duen beste edozein bidetatik.
25. artikulua. Prozedura amaitzea baliabide elektronikoen bidez.
1. Baliabide elektronikoen erabileraren bidez prozedura bati amaiera ematen dion ekintza edo erabakiak beteko ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89. artikuluan aurreikusita dauden baldintzak.
2. Baliabide elektronikoak erabilita erabakitako prozedura batek bermatuko du eskumena duen organoaren nortasuna, ordenantza honetan horretarako aurreikusitako tresnetakoren bat erabilita.
26 artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpena.
1. Mankomunitateak jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango ditu baldin eta interesdunek, sinadura elektroniko onartuaren jabe izanik, sistema hori onartzen dutela adierazi badute; edo beren eskaera, idatzi edo komunikazioan jakinarazpenak jasotzeko lehentasunez baliabide telematikoa hautatu dutelako, edo haren erabilera berariaz onartu dutelako, alde batera utzirik baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak nahitaez egin beharraz ordenantza honetan xedatutakoa.
2. Iruñerriko Mankomunitateak hasiera batez, bitarteko elektronikoen bidez egingo ditu jakinarazpenak, eta horretarako Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoan "elektronikoki agertzeko" aurreikusten duen sistemaz baliatuko da.
Ondokoan datza Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoan "elektronikoki agertzearen" bidezko jakinarazpena: interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazio jarduketaren edukietara sartuko da, Herritarron Karpeta izenekoan dagoen jakinarazpen zerbitzuaren bidez. Karpeta hori Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza elektronikoan dago. Nolanahi ere, jakinarazpenak egiteko modu hau baliatzeko, aurretik, interesdunak alta eginda egon behar du Mankomunitatearen jakinarazpen elektronikoetarako zerbitzuan.
Agerpen elektronikoak jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, izapide hauek bideratu beharko dira:
a. Behin egin denean irteera-idazpena, eskuragarri jarriko da hartzailearen karpetan.
b. Jakinarazpena eskuragarri jarri den unean hartzaileari abisua bidaliko zaio, mezu elektronikoa, edo SMS, MMS edo antzeko mezua bidalia, aurretik emandako helbide elektronikora edo telefono zenbakira.
Jakinarazpen abisuak lotura bat izango du jakinarazpenaren hartzailearen karpetara. Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoa betetze aldera, jakinarazpena eskuragarri jartzea bete dela ulertuko da abisu hau bidaltzearekin batera.
c. Interesdunaren karpetan modu nabarmenduan erakutsiko da begiratu gabe dauden jakinarazpenak daudela, eta, era berean, argi adieraziko da dokumentua eskuratzeak berekin dakarrela haren edukiaren jakinarazpena.
d. Jakinarazpenaren edukia irakurri aurretik, hartzaileak hartu izanaren adierazpena sinatu beharko du sinadura elektroniko aurreratuaren bidez. Hartu izanaren adierazpena jakinarazpena bidali duen administrazio organoari edo erakundeari igorriko zaio, dagokion txostenean sartzeko. Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoa betetze aldera, jakinarazpenaren edukia eskuragarri dagoela ulertuko da hartu izanaren adierazpena sinatzearekin batera.
e. Jakinarazpenen operatoriak aukera emango dio hartzaileari jakinarazpena bistaratzeko eta, bere kasuan, horrekin batera doazen dokumentuak, horiekin batera doazen sinadura elektronikoak egiaztatzeko eta hori guztia terminal batean behera kargatzeko.
3. Hauetako edozein egin den eguna eta orduak egiaztatuko ditu jakinarazpen sistemak:
a) Jakinarazpena interesdunaren karpetan jartzea.
Interesdunaren eskura dagoelako segurtasuna egonik 10 egun natural igarotzen badira haren edukian sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan eta horrekin bat datozen arauetan aurreikusitako ondorioekin, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta frogatzen bada sarbiderako ezintasun tekniko edo materiala.
b) Jakinarazpenaren edukian sartzea.
Jakinarazpenaren edukian sartu ondotik eta denbora-zigilatzea (data eta ordua) sortu eta gero, hartu izanaren agiria balitz bezala, jakinarazpenak dituen legezko epeak kontatzen hasiko dira.
c) Aurreko inguruabar horietakoren bat ezinezko egiten duen edozein arrazoi tekniko.
III. KAPITULUA
Dokumentu eta artxibo elektronikoak
27. artikulua. Dokumentu eta ziurtagiri elektronikoak.
Mankomunitateak baliabide elektronikoen bidez balio osoz egin ahal izango ditu dokumentu eta ziurtagiri elektronikoak, baldin eta beharrezko sinadura elektronikoak badituzte.
28. artikulua. Kopia elektronikoak.
1. Mankomunitateak kopia benetako gisa onartuko ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorio juridikoekin, baliabide elektronikoen bidez eginiko dokumentu elektronikoen kopiak, interesdunak berak edo administrazio publikoek egindakoak dokumentu horiek, baldin eta jatorrizko dokumentu elektronikoa haren eskuetan badago eta sinadura elektronikoaren informazioak eta, hala behar badu, denbora-zigilatzearen informazioak aukera ematen badute dokumentu hori bat datorrela egiaztatzeko. Onarpen hori emango da, puntu honetan adierazitako baldintzak salbu, kontuan izan gabe kopiaren jatorrizko formatua mantentzen den edo ez den.
2. Mankomunitateak baliabide elektronikoen bidez eginiko kopiez den bezainbatean, hark jatorriz paper euskarrian egindako dokumentuak direnean, kopia benetakotzat hartuko dira, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako baldintzak eta jarduerak betetzen badira.
3. Mankomunitateak, hurrengo artikuluan konpultsa elektronikorako zehazten den prozeduraren bidez, herritarrak aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi elektroniko digitalizatuak lortu ahal izango ditu, balio eta eraginkortasun berdinarekin. Horretarako, irudizko dokumentuaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dira. Irudi horiek, hala erabakitzen denetan, modu automatizatuan lortu ahal izango dira dagokion zigilatze elektronikoaren bidez.
4. Mankomunitateak onartu ahal izango ditu jatorriz paperean egindako dokumentuak suntsitzeko aukera ematen duten prozeduren gidaliburuak, horien kopia elektronikoak egin badira artikulu honetan adierazitakoaren arabera.
5. Baliabide elektronikoen bidez jaulki eta elektronikoki sinatutako dokumentu publiko administratiboetatik paperezko euskarrian egiten diren kopiak, Mankomunitateari aurkezten zaizkionean, kopia benetakotzat hartuko dira, betiere baldin eta beraiekin batera inprimatzen bada egiaztatzeko kode segurua, elektronikoki sortua, beren benetakotasuna egiaztatzeko bidea ematen duena administrazio publiko, organo edo erakunde igorlearen artxibo elektronikoetarako sarbide elektronikoaren bidez.
29. artikulua. Dokumentuen konpultsa elektronikoa eta dokumentu elektronikoak paperezko euskarrian erreproduzitzea.
1. Paperezko euskarria duten dokumentuen konpultsa elektronikoa digitalizazio prozedura seguruaren bidez egingo da; hartan agertuko da Mankomunitatearen barnean konpultsa egin duen eta kopiaren benetakotasuna eta osotasuna bermatuko dituen zerbitzuan dauden langileen sinadura elektroniko onartua, alde batera utzirik ordenantza honen 10. artikuluan egiaztapen elektronikorako aurreikusi ez bezalako metodoak erabiltzea. Elektronikoki konpultsaturiko dokumentuak kopia benetakotzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
2. Bide elektronikotik hasitako izapide eta prozedura administratiboei paperezko euskarria duten dokumentuak erantsi ahal izango zaizkie, paperezko euskarria duten dokumentuen konpultsa elektronikoaren bidez.
3. Elektronikoki konpultsaturiko dokumentuak baliagarriak izango dira bai konpultsa hori egin den prozedura zehatzean bai Mankomunitateak bideratutako beste edozein prozeduratarako.
4. Bide elektronikotik hasitako prozedura bat ez denean erabat euskarri elektronikoan bideratzen, eskumena duen organoak paperezko euskarrian erreproduzituko ditu eskaerak, komunikazioak eta beste dokumentu elektroniko batzuk, txostena bideratzen jarraitu ahal izateko, eta jatorrizko dokumentu elektronikoen artxibo segurua ziurtatuz betiere.
5. Dokumentu elektronikoetatik paperezko euskarria duten kopiak egiteko, ordenantza honen 28.5 artikuluan zehaztutako baldintza teknikoak biltzen ez direnean, eskumena duten langileen eginbidea jasoko da, horiek egiaztatuko baitute jatorrizko kopia hori dokumentu elektronikoarekin guztiz bat heldu dela. Dokumentu horiek kopia benetakotzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
6. Dokumentu elektronikoak paperezko euskarria duten kopietara pasatu ahal izango dira prozedura automatizatuen bidez. Kasu horretan, paperezko euskarria duen dokumentuak mekanismo bat izango du eta horrek aukera emanen du haren edukia jatorrizko dokumentu elektronikoarekin identifikazioarekin baliozkotzeko. Mankomunitateak emandako helbide elektronikoaren bidez sartu ahal izango da jatorrizko dokumentu elektronikora, egiaztatzeko elektronikoki sorturiko kode segurua erabilita.
30. artikulua. Dokumentuak elektronikoki artxibatzea.
1. Mankomunitateak behar diren neurriak hartuko ditu administrazio jardueretan erabilitako dokumentu gehienak euskarri elektronikoren batean jaso daitezen, haiek kontserbatu ahal izateko. Euskarri horiek bermatu beharko dute, gainera, haietan jasotako datuen osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kalitatea, baita haietan sartzen diren erabiltzaileen identifikazioa eta sarreren kontrola ere, datu pertsonalen babesaren inguruan legeriak aurreikusitako baldintzetan.
2. Herritarraren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten ekintza administratiboak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, bai formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren izaera eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko. Jokoan dauden interesak behar bezala kudeatzeko dokumentu horretara aplikazio desberdinetatik heldu behar bada, Mankomunitateak ahaleginak egingo ditu datuak bateragarriak diren beste formatu edo euskarri batzuetara pasatzeko.
3. Erregistro telematikoaren bidez jasotzen eta bidaltzen diren dokumentu elektronikoak baliabide edo euskarri elektronikoetan artxibatu eta gordeko dituzte erregistroko zerbitzarien kudeaketaz arduratzen direnek. Alde batera utzirik aurreko puntuan adierazitakoa, horiek artxibatzeko, jatorrizko dokumentu elektronikoa sortu zen formatu edo euskarri bera erabili ahal izango da, edo dokumentuan jasotako informazioaren izaera edo osotasuna ziurtatuko duen beste edozein.
4. Edonola ere, dokumentuen kudeaketaren alorrean indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da dokumentu elektronikoen artxiboa sailkapen koadroari, deskribapen metodoari eta kontserbazio egutegiari dagokienez.
31. artikulua. Txosten elektronikoa.
1. Txosten elektronikoa izango da prozedura administratibo bati dagozkion dokumentu elektronikoen multzoa, edozein dela ere daukaten informazio mota.
2. Mankomunitateak sinatutako aurkibide elektronikoaren bidez bermatuko da txosten elektronikoen zenbakitzea, haren osotasuna segurtatuz. Dokumentu batek txosten elektroniko batean baino gehiagotan egon behar duenean, dagokien txosten elektronikoetan haren kopia benetakoak daudela bermatuko da, ordenantza honen 28.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
3. Pertsona interesdun gisa agertzen den txosten elektroniko guztiak, dela titular moduan, dela titularraren ordezkari, dela interes bidezko eta zuzen baten titular, haren eskura egongo dira, kontsulta ditzan, egoitza elektroniko nagusian dagoen administrazio elektronikoaren atarian, ordenantza honen 10. artikuluan aurreikusitako baliabideen bidez beren nortasuna egiaztatu ondotik. Hala eta guztiz ere, kontsulta hori mugatu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
4. Mankomunitateak bermatuko du txosten elektronikoaren kopia lortzeko interesdunak duen eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37.8 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta legezko ondorio guztietarako, txosten elektronikoa interesdunaren eskura jarri ahal izango da txostenak bidali beharrean. Txosten elektronikoa bere eskura jarri aurretik, bere burua identifikatu eta interesdun izaera egiaztatuko du ordenantza honen 10. artikuluan aurreikusitako baliabideetakoren baten bidez.
Xedapen gehigarria.-Elebitasuna izapideak elektronikoki bideratzean.
Mankomunitateak bermatuko du Nafarroako administrazio publikoetan Euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan, Iruñerriko Mankomunitatearen esparruan euskararen erabilera arautzen duen ordenantzan eta aplikatzen ahal diren gainerako arauetan xedatutakoa betetzea. Bereziki, bermatuko da egoitza elektronikoaren eduki guztiak Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan egotea eta, hartara, orobat bermatuko herritarrek duten baliabide elektronikoen bidez bi hizkuntza horietako edozeinetan harremanetan jartzeko eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Azken xedapena.-Indarrean sartzea.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean ordenantza hau.
Iragarkiaren kodea: L1215462
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
