1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
951/2012 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Oltza Zendeako udal mugapean, Ororbiako kontzejuan, grafitozko elektrodoak fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Graftech Ibérica, S.L. da.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 2A eranskineko 11. epigrafean jaso da instalazio hau, hots, "Instalazioak karbono sinterizatua edo elektrografitoa konbustio bidez edo grafitazioz egiteko" izenekoan. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 0428/2007 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zitzaion eta, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa aplikatuz, ez zen tramitatu Ingurumen eraginaren adierazpena formulatzeko prozedura.
Ondoren, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 111/2011 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratu horren azken aldaketa egin zen.
2012ko ekainaren 11n, titularrak aldaketa bat egiteko eskaera egin zuen, inpregnazioko brea eta petrolioko kokea biltegiratzeko edukiera handitzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldaketa hori ez-funtsezkotzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko asmoz abenduaren 28an emandako 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hortaz, ez da beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.
Hala ere, aldaketa nabarmena da, instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta horiek oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dute; hortaz, baimena aldatu behar da.
Era berean, egokitzat jo da atmosferara igortzen duten guneak sailkatzea, Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta haren aplikaziorako oinarrizko xedapenak eman zituen urtarrilaren 28ko 100/2001 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, eta zarata emititzeko gehieneko balioak eta neurtzeko baldintzak egokitzea, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuari jarraikiz. Errege dekretu horren bidez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatu zen, zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.
Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedura erraztuari jarraikiz tramitatu da.
Ikusirik aipatutako agindu juridikoa, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan ahalmenak erabiliz, foru dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitira indarreko araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitu dizkion eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera, ingurumena babesteko esku hartzearen arloan,
EBATZI DUT:
1. Graftech Ibérica, S.L.k Oltza Zendeako udal mugapean, Ororbiako kontzejuan, grafitozko elektrodoak fabrikatzeko instalaziorako daukan Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2012ko ekainaren 11n eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Baimena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eman zuen, urriaren 11ko 428/07 Ebazpenaren bidez.
2. Aldaketaren ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 11ko 428/07 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar izan dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.
3. Aldaketak ez du eraginik hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldian, 2015eko urriaren 11n bukatuko baita. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak baimena berritzea eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
4. Proiektatutako aldaketa funtzionamenduan hasteko, ez da eskuratu beharko aldatutako instalazioa irekitzeko beste baimen bat.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Graftech Ibérica, s.ri, Oltza Zendeako Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2012ko irailaren 28an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.
Iragarkiaren kodea: F1213845