226. ALDIZKARIA - 2012ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 7an hartua, Nafarroako Gobernuaren eta "Automocion Sostenible T+C, S.L." enpresaren arteko asmoen protokoloa onesten duena, Nafarroan abiadura-kaxa automatikoak birfabrikatzeko industria bat ezartzeko, eta proiektua foru intereseko inbertsio deklaratzen duena.

Nafarroako Gobernuak bere helburu nagusien artean du Foru Komunitatean jarduera ekonomikoa bultzatzea, lurralde horretan enplegua eta aberastasuna sortzeko.

"Automocion Sostenible T+C, S.L." enpresak abiadura-kaxa automatikoak birfabrikatzeko industria bat Iruñerrian ezartzeko interesa adierazi du.

Nafarroako Gobernuak interes handia du proiektu horretan, are gehiago gaur egungo krisi ekonomikoa ikusirik, enplegua eta aberastasuna sortu nahi dituzten enpresa proiektuak laguntzea ezinbesteko baita.

Halaber, inbertsio proiektu horren ezaugarriak, Industriaren, Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak egindako proposamen txostenean jasotzen direnak, enplegua sortzearen aldeko eragin handia, gauzatu beharreko inbertsio bolumena eta haren ezarpena errazteko beharra ikusirik, bidezko da foru intereseko inbertsio deklaratzea, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Proiektua gauzatzeko egutegia ikusirik, deklarazio honek 2013ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Gobernuaren eta "Automocion Sostenible T+C, S.L." enpresaren arteko asmoen protokoloa onestea, Nafarroan abiadura-kaxa automatikoak birfabrikatzeko industria bat ezartzeko. Horren testua erabaki honen eranskinean jaso da.

2. Proiektu hori foru intereseko inbertsio deklaratzea, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Deklarazio honek 2013ko abenduaren 31ra arte izanen ditu ondorioak.

3. Azalpen zatiko 2. puntuan dagoen foru intereseko deklarazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Batzordeari igortzea, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5. Erabaki hau Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari igortzea eta "Automocion Sostenible T+C, S.L." enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko azaroaren 7an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1215670