196. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Aldaketa, Eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen
duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2012ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Garesko udal mugapean eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen duen ordenantzan, ondoren erregelamenduaren arabera tramitatzeko.

Ordenantza honen espedientea jendaurrean jarri zen horretarako iragarkia 2012ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 19an, baita Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuta ere, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu.

2012ko irailaren 21ean egin osoko bilkuran, aldaketa behin betiko onetsi da Garesko udal mugapean eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen duen ordenantzan.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Garesen, 2012ko irailaren 24an.-Alkatea, Fidel Aracama Azcona.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOA TERRAZEKIN
OKUPATZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen du.

2. Ordenantza honen aplikaziotik kanpo dago ostalaritzako jarduerekin eremu publikoa okupatzea feria, festak, kirol, kultur eta antzeko jarduerak egiten direnean.

2. artikulua. Baimentzeko moduko instalazioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, terrazak baimentzeko moduko instalazioak dira baldin eta ostatu, kafetegi, jatetxe, ostatu-jatetxe, kafetegi-ostatu, taberna, txokolategi, izozki denda, te gela eta beste antzeko establezimendu nagusi baten osagarri izanik, beren jarduerak egiten badituzte, lurzoru publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan. Kasu guztietan, zein establezimenduren mende dauden, haren jarduera bera izanen dute eta haren produktu berak salduko dituzte.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Garesko Udalaren mugapeko erabilera publikoko lurraren okupazio guztiei aplikatuko zaie, eta baldintza bereziak ezartzen dira Alde Zaharrerako eta Udaletxeko Plazarako eta Pasealekurako.

II. KAPITULUA

Eremu publikoa okupatzeko baimena

4. artikulua. Baimena.

Ordenantza honetan araututako eremu publikoaren gaineko okupazioak baliatu ahal izateko, Udalaren lizentzia beharko da aldez aurretik. Ordenantza honetan aurreikusitakoari jarraikiz eskuratuko da.

5. artikulua. Baldintzak.

Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira lizentziak. Onuradunak ez du haietara joko bai lokalean bai terrazek okupatutako eremu publikoaren zatian aritzean duen erantzukizun zibila edo penala kentzeko edo gutxitzeko.

Lizentziak pertsonalak dira eta eskuz aldatu ezinak, debekatua baitago errentan ematea edo hirugarrenei modu batez edo bestez lagatzea.

Baimena emanik, ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak ez dira erabiliko edo konponduko.

6. artikulua. Ukatzeko arrazoiak.

Udalak terrazak paratzeko baimena ukatzen ahal du interes publikoak hala nahi duenean, dela trazadura, kokalekua, bide segurtasuna, herri lanak nahiz lan pribatuak (teilatu edo fatxada konponketak etab.) edo bertze edozein inguruabar. Baimena emateko edo ukatzeko, kontuan hartuko da, bertzeak bertze, zehapen espedienteak izatea, ingurunearen balio turistikoa, instalazioaren tradizioa, terrazen instalazioen norgehiagoka edo ingurunean mugitzeko duen eragina, edo aldi baterako den, aitzineko auzoek obrak eginez gero (fatxadak, teilatuak etab.).

Jarduerari lotutako zerga edo tasak ordaintzen ez badira, lizentzia ukatu eginen da.

7. artikulua. Lizentzia kentzea.

Interes publikoko inguruabarrak direla eta, hala nola ekitaldi publikoak, larrialdiak edo bertze edozein, lurzorua ezin bada erabili, baimenak eragina galduko du, harik eta inguruabar horiek desagertu arte.

Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, edozein unetan kentzen ahal dira baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

Kasu horietan, ukitutakoek ez dute kalte-ordainerako edo konpentsaziorako eskubiderik izanen, salbu eremu publikoa okupatzeagatik ordaindutako zenbatekoaren zati proportzionala atzera eskuratzeko, erabili ez den denboragatik.

8. artikulua. Okupatu daitezkeen eremuak.

Terrazak jartzeko lizentzia ematen ahalko da jabari publikoko ondasunak diren tokietan nahiz erabilera publikoa duten jabari pribatukoetan; betiere, ibilgailuen edo oinezkoen harat-honatak galarazi gabe, eta inguruko etxebizitza eta lokaletarako eta bertzeen erakusleihoetarako sarbideetan traba egin gabe.

Erabilera publikoa duen jabari pribatuko ondasunetan terrazak instalatuz gero, ukitutako jabeen elkarteen baimena beharko da, elkarteburuak edo legezko ordezkariak, behar bezala akreditatuta, sinatua.

III. KAPITULUA

Prozedura

9. artikulua. Baimena eskatzea.

Interesdunak Alkatetzari igorritako eskaera aurkeztu beharko du Erregistro Orokorrean, dokumentazio hau erantsita:

a) Paratu gogo diren hiri altzari homologatuen zerrenda, haien mota, ezaugarriak eta kopurua adierazita; haize-babesen edo bertzelako hiri altzarien kasuan, haien kokalekua oinplanoan.

b) Erantzukizun zibileko eta suteetako aseguruen polizaren indarraldia frogatzen duen dokumentua.

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu establezimenduaren lizentziak, baita jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan egotea eta hura ordaindu izana ere.

10. artikulua. Ebazpena.

Toki Araubidearen gaineko legerian zehaztuko da Udalaren zein organok izanen duen eskumena terrazak eta bertze elementuak instalatzeko lizentzia emateko.

Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala eginik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa aitzinetik prestaturik, legez ezarritako epeetan emanen da ebazpena. Dokumentazio guztia Udalaren Erregistro Orokorrean aurkezten denetik hasiko da epea kontatzen.

Ebazpena eman aitzin, terraza eta mahaitxoak nola kokatuko diren erakusteko eskatzen ahal diote Udalaren zerbitzuek titularrari.

Lizentzia eskuratu ondotik, okupatu beharreko eremua zehaztuko dute Udalaren zerbitzu teknikoek.

11. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren babesak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu. Halaber, okupazioa baimendu ondoren, polizaren kopia aurkeztu beharko du Udaletxean.

12. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

Ematen diren baimenen indarraldia bat etorriko da funtzionamendurako baimentzen den epearekin. Betiere, ezin da terraza instalatu baimenaren dokumentua eskuratu arte. Baimena erdiesteko baldintza izanen da aitzineko urteei dagozkien tasak ordaindu izana.

Terrazak instalatzeko aurreko aldian emandako baimenak bertzerik gabe berrituko dira ez bada aldaketarik izan eta bi aldeek, Udalak eta titularrak, berritzearen aurkako borondatea azaltzen ez badute aldi berria hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez.

Berritzea erabaki baina interesdunek aurreko urtean baimendutakoa aldatu nahi izanez gero, propio eskatu beharko dute, baimen berriak eskatzeko emandako epe berean, aldatu gogo dena baimentzeko behar den informazioa erantsita.

Bertzerik gabe berritzeko, tasa borondatezko epean ordaindu izana egiaztatu beharko da, baita aseguruen poliza eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu direla eta indarrean daudela frogatu ere.

Udalak berritzearen aurkako borondatea agertuko du, bertzeak bertze, kasu hauetan:

-Prozeduraren bat hasirik, jarduera nagusiaren edo osagarriaren funtzionamenduak eragozpenak edo kaltea eragiten duela pentsarazten denean.

-Baimenaren edo ordenantzaren baldintzak betetzen ez direla ikusten denean.

-Baimendutako aldian jarduketa publikoak egin gogo direnean, baimena ematen den uneko errealitate fisikoa aldatuz.

-Tasa ordaintzen ez den kasuetan.

13. artikulua. Funtzionatzeko aldia.

Aldi hauetarako egiten ahal da eskaera:

-Urterako; urte naturalerako, alegia.

-Sasoirako, hau da, martxoaren 15etik urriaren 31ra bitarte.

Urte bakoitzeko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira terrazetarako eskabideak.

Aitzineko epeek ez dute galarazten establezimendu berriek, hirigintzako, jarduerarako eta irekitzeko lizentziak eskuratu ondoan, urte naturalaren hondarrerako eskaera egitea, nahiz sasoirako edo horren hondarrerako.

14. artikulua. Ordutegiak.

Terrazak funtzionatzeko ordutegia ez da inoiz establezimendu nagusiak baimenduta duena baino zabalagoa izanen. Terraza ez da 10:00ak baino lehen muntatu eta funtzionatzen hasiko.

Aitzineko atalean xedatu dena goiti-beheiti, Udalak ordutegia murrizten ahal du, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak kontuan hartuta, edo asotsak inguruko bizilagunei traba egiten diela egiaztatzen denean. Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.

IV. KAPITULUA

Baldintza teknikoak okupazioa baimentzeko

15. artikulua. Homologazioak eta publizitatea.

1. Terrazetan, Garesko Udalaren Hirigintza Zerbitzuen Alorrak aldez aurretik homologatutako hiri altzari motetakoak izan beharko dira instalazioaren zerbitzuko hiri altzariak. Alorreko teknikariek erabakiko dituzte homologazioaren irizpideak; Alde Zaharrerako eta Udaletxeko Plazarako eta pasealekurako irizpide bereziak ezarriko dira, eta irizpide orokorrak gainerako eremuetarako.

2. Lurzatia. Debeku da publizitatea terrazetako hiri altzarietan. Ordenantza honetan dagokion artikuluaren arabera jarriko da establezimenduaren izena edo logotipoa olana eta eguzkitakoetan.

16. artikulua. Baldintza orokorrak.

Terrazarako baimenak bidea emanen du dokumentazioan espresuki adierazten diren altzariak paratzeko, ez bertzerik. Erdiko oina duten eguzkitakoak eta fatxadari lotutako olanak izan ezik, berariaz debeku dira gainerako estalgarrien euskarriak, desmuntatzen diren egiturak badira ere; hori udalerri guztian, ordenantza honetan espresuki baimentzen diren aldeetan izan ezik.

17. artikulua. Altzariek bete beharreko baldintzak.

Ezarriko diren hiri altzariek manu hauek bete beharko dituzte:

1. Ezin da zoru estaldurarik edo apaingarririk ezarri, ez badaude baimenean propio aipatuta.

2. Baimenean ezartzen ahal diren beladoreen (mahai eta aulkien) gehieneko kopurua eta gehieneko azalera adieraziko dira; azken hori lehenetsiko da. Ondotik deskribatzen dira mahai eta aulkien gehieneko kopurua kalkulatzeko moduluak, teorian okupatzen duten azalera adierazita:

a) Modulu karratua (1,80 x 1,80 m). < 0,80 m-ko aldea edo diametroa duen mahaia eta lau aulki, bi eta bi elkarren parean. Mahaiaren aldea edo diametroa > 0,80 m-koa bada, soberakinaren arabera handituko da azalera.

b) 1. modulu angeluzuzena (1,80 x 1,30 m). ? 0,80 m-ko aldea duen mahai karratua eta hiru aulki. Mahaia biribila bada, diametro berekoa, 2,50 m-ko aldea eta 2,70 m²-ko azalera dituen triangelu aldekidea izanen da okupazio teorikoa. Aurreko kasuan bezala, mahai handiagoak badira, soberakinaren arabera handituko da azalera.

c) 2. modulu angeluzuzena (0,80 X 1,80 m). ? 0,80 m-ko aldea edo diametroa duen mahaia eta bi aulki. Diametro handiagoko mahaiak, aurrekoetan bezala.

3. Terrazaren azalerak aukera ematen badu mahai eta aulkien lerro bat baino gehiago paratzeko, hobekien komeni den moduan kokatzen ahal dira; betiere, mahai eta aulkietan aise sartzeko maneran; horretarako, korridore bat utzi beharko da tartean, zerbitzariak mahaietara ailegatzeko. Korridore horren luzera ilara tikienaren parekoa izanen da eta zabalera, berriz, 0,50 m gutienez ere. Korridoreak okupatzen duen azalera terrazak okupatzen duen azaleraren barnean kontatuko da.

4. Zilegi da erdiko oina duten eguzkitakoak paratzea; irekita daudela, ez dute baimendutakoa baino azalera handiagorik hartuko eta 2,20 m garai izanen dira, gutxienez ere. Alkatetzak ebazpenaren bidez eman dezake baimena espaloian finkatutako oinak ezartzeko zenbait eremu edo multzotarako.

Olanak ere paratzen ahal dira, baina debeku da haien ingurua goitik behera ixtea. Haien egituraren gutxieneko altuera 2,20 m-koa da eta gehienekoa, 3,50 m. Olanak zoladuran bermatzen diren sistemen bidez eutsiko dira, baina ez dira inola ere lurzoruari lotuko. Fatxadari lotu nahi bazaizkio, eraikinaren jabeek berariaz emandako baimena izan beharko da. Lurrean bermatutako olanak eremu publikotik kendu beharko dira, sasoia bukatutakoan, kasu guztietan.

Eguzkitakoak eta olanak ehunezkoak izanen dira, lauak eta hiriaren inguruko koloreekin bat datozela; betiere, aise biltzeko modukoak izanen dira.

Onartua dago establezimenduaren izena eta logotipoa olana eta eguzkitakoen hegaletan, 0,60 × 0,20 m bitartekoak olanetan eta 0,20 × 0,20 m-koak eguzkitakoetan.

5. Onartuta dago haize-babesak paratzea, Hirigintzako Zerbitzuen Alorrak ordenantza honek indarra hartu aitzink homologatutako modeloaren araberakoak. Terrazak oinplanoan hartzen duen poligonoaren aldeetako batean kokatuko dira, baina inoiz ere ez bertze batekin izkina eginez; betiere, instalazioa haize nagusietatik babestuko dute eta ez dira oztopo bihurtuko terrazan sartzeko edo inguruan dabiltzan oinezkoendako.

6. Lore-askak paratzea ere zilegi da, karratuak, errektangeluarrak edo zirkularrak izan. Betiere, Hirigintzako Zerbitzuen Alorrari kontsulta egin eta hark bertzerik propio baimenduta izan ezik, hauek dira gehieneko luze-laburrak:

-Errektangeluarra: luzera, 1200 mm; zabalera, 600 mm; altuera, 500 mm.

-Karratua: aldea, 900 mm; altuera, 500 mm.

-Zirkularra: diametroa, 900 mm; altuera, 500 mm.

7. Kanpoan gasezko berogailuak paratzea ere zilegi da, klimatologiak behartuta terrazen tenperatura egokitzearren. Urteko baimena beharko da. 2,20 m altu baino gehiagokoak izanen dira.

8. Terrazetako edozein altzariren kokalekuak ez du trabarik eginen finketako atarietatik galtzadara joateko, eta ez du zailduko gau eta eguneko pasabideetan barna sartu eta ateratzea.

9. Terraza argitzeko instalazio elektrikoa dagoenean, lokal bustietako instalazioetarako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Gidariak edozein pertsonarengandik urrun geldituko dira, eta ezin dute espaloi gainean ibili, ezta arboladia edo hiri altzariak euskarritzat hartu ere. Fokoek ez dute inoiz itsutuko edo bertzelako ongiezak eraginen bizilagun, oinezko edo ibilgailuei. Urtero, paratzaile baimendu batek berrikusi beharko du instalazioa, eta adostasunaren txostena egin.

10. Gau eta egun bermatu beharko da Udalaren zerbitzu eta ekipamendu guztiek sarbidea izan dezaten, baita zerbitzuen konpainiek ere.

11. Irisgarritasuna eta oztopo arkitektonikoak kentzea sustatzen duen araudian agindutako guztia beteko da.

18. artikulua. Alde Zaharreko, Udaletxeko Plazako eta Pasealekuko altzarien baldintza bereziak.

Alde Zaharreko eta Udaletxeko Plazako plan bereziaren esparruan, terrazetako altzariek (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, olanak etab.), dagokien artikuluan aipatutakoez gain, baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Debeku da plastizkoko mahaiak eta plastikozko egitura duten aulkiak jartzea.

2. Ahal dela, kolore argiak (artile koloretik okrera bitarteko guztiak) eta lauak erabiliko dira. Berariaz debeku dira kolore nahasgabeak (gorria, horia etab.) edo tono nahasgabeetatik hurbil direnak.

3. Eguzkitakoak eta olanak lonazkoak izanen dira edo antzekoak, kolore argi eta lauekoak (artile koloretik okrera bitarteko guztiak).

4. Lore-askak burdin urtukoak izanen dira, forja oxirón beltzak eta, borondatezko osagarri gisa, hiriaren armarria dutela. Haize-babesak, Hirigintzako Zerbitzuen Alorrak homologatutako modelokoak.

18.bis. artikulua. Turismoko eta zerbitzuetako banaketa eremuko lurzoru urbanizagarriko altzarien baldintza bereziak.

Onartzen da kontzeko metalezko egiturak paratzea, babesteko isurialde bat edo biko sabaia dutenak, berinazkoa edo kolore argiko olanazkoa. Egituraren garaiera gehienez ere 3 m izanen da punturik garaienean; aukera dago berina perimetraleko edo berinazko itxitura finkoa paratzeko, metro bateko garaieraraino, eta olana edo pertsiana bilgarriak gehieneko garaiera jotzeraino.

Terraza mota hauek paratzen ahalko dira turismoko eta zerbitzuetako banaketa eremuko lurzoru urbanizagarrian kokatutako establezimenduetan.

19. artikulua. Handitzeak.

Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak egokitzat jotzen diren eremuetan ere aplikatuko dira, hala nola, urbanizazio berriko tokietan, monumentuen eraginpeko eremuan, eraikin katalogatuetan, lorategietan eta abar. Alkatetzak ebazpena emanen du, interesdunei entzunaldia eman ondoan.

20. artikulua. Terrazak hartu gogo duen eremuko baldintzak.

1. Eremu publikoan terrazak paratzen direnean, haien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez da oztopo izanen oinezkoendako, ez dio kalterik eginen haien segurtasunari edo ibilgailuenari, ez da traba izanen inguruko finketako atarietatik galtzadara sartu nahi dutenendako, eta ez ditu zailduko legez baimendutako pasabideetako sarrera-irteerak.

Uko eginen zaio instalazioaren eskaerari toki hauetan ezarri gogo bada:

-Galtzadan, aparkalekuan edo lorategian.

-Oinezkoen pasabideetan, seinalatuta egon edo ez, eta espaloietako elbarriendako oketsetan.

-Lokalaren eta terrazaren artean ibilgailuendako irekitako galtzada bada eta hartaz arduratzeko galtzada hori zeharkatu behar bada, oinezkoen karriketan edo "bizitegiko karrikan" izan ezik.

-Bide segurtasunari (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) kalte egiten bazaio edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen badu.

-Eraikinen eta inguruko lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina badu.

-Hiri ekipamendu edo altzarien (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

2. Terrazak hiri altzariekin eta zuhaitzekin integratuta kokatuko dira, eremu publikoan ezarrita dauden elementuak ikustea eta haien behar bezalako erabilera zaildu edo trabatu gabe. Ahal dela, terrazak multzo trinkoa osatuko du, oinezkoen pasabide nagusitik aparte; zatitzekotan, oinezkoen bigarren mailako sarbideek zatituko dute.

3. Eremu batek terraza jartzeko baldintza guztiak beteta ere, baimena ukatzen ahalko zaio edo eskatutakoak baino neurri txikiagoak baimendu, oinezkoen joan-etorria zailtzen badu, nahiz ordu batzuetan baino ez izan.

4. Terrazak espaloi gainean kokatuko dira, edo galtzadatik espaloiz berezita dauden bertze toki batzuetan, oinezkoen kaleetan izan ezik; betiere, kale horiek urbanizatzean egindako erdiko lerroa libre utziko da, larrialdiko ibilgailuak eta Udalak baimendutako bertze ibilgailu batzuk ibil daitezen.

5. Terrazak, ahal dela, establezimenduaren fatxadaren ondoko espaloian kokatuko dira, edo establezimenduaren ondoan. Ez da inoiz terrazarako baimenik emanen establezimenduaren fatxada bakar batek ez badu hura ezartzeko eremura ematen.

6. Plazetankokatzeko, haietara jo beharko du establezimenduaren fatxadak, edo sarrera plazatik izanen du. Terraza gisa erabiltzen ahal den plazaren zatia, inoiz ere ez oinezkoen azaleraren %50 baino gehiago, eskatzaile guztien artean banatuko da, haien kopuruaren eta eskatzen diren beladoreen arabera, eskaerak batera kontuan hartuta. Arkupeak oinezkoak ibiltzeko dira, eta ez da inoiz haien okupazioa baimenduko.

Plaza edo eremu jakin bateko terrazen kopuruak haren zeregin naturala aldatzen badu edo eragin larria badu ingurumenean, batera hartuko da erabakia instalazio berrien edo zaharren eskaeretan, aurreikusitako tramitazio epeen barrenean, eta egokitzat jotzen diren baldintza edo murrizketak ezarriko dira.

7. Eremuko gainerako erabilerekin bateragarriak diren ingurumenaren hots mailak ez gainditzeko maneran erabakiko da zenbat terraza kokatu, gehienez ere, plazan edo karrikan.

21. artikulua. Okupatzeko moduak.

Lurzoru publikoa edo erabilera publikoa duen lurzoru pribatua terrazekin okupatzeko, modu eta baldintza hauek bete beharko dira:

1. Terraza eraikinaren fatxadaren ondoan badago, establezimenduak hartzen duen fatxadaren zatia bezain luze izanen da, gehienez ere.

2. Terraza espaloiaren zintarriaren ondoan badago, bere erakinaren fatxada-frontea eta ondokoena bezain luze izaten ahal da; horretarako, artikulu honetan eta aurrekoetan aipatu baldintzez gain, parean izanen dituen establezimenduetan eraginik ez duela frogatu beharko da.

3. Ez da zilegi terraza bat fatxada ondoan eta bertze bat, zintarri ondoan espaloi tarte berean, paratzea.

4. Eraikin bereko establezimendu batek baino gehiagok terrazarako baimena eskatuz gero, bakoitzak bere fatxada-frontearen zabalera hartzen ahal du, eta bere fatxadaren luzeraren gainerakoa eta ondokoena parte berdinetan banatu. Kasu horretan, gutzienez ere 1,50 m-ko tartea utziko da haien artean, bi terrazen artean banatzeko.

5. Oinezkoen karrika edo pasealekuak direnean, terraza establezimenduaren fatxadari atxikita kokatuko da, haren muturrak gainditu gabe.

6. Oinezkoendako plazak direlarik, terraza establezimenduaren fatxadari atxikia paratzen ahalko da, edo haren paraleloan, eta bereizteko korridore bat izanen dute gutienez ere 3 m-koa eta gehienez ere 4koa. Lehen kasuan terrazaren luzera establezimenduaren fatxadarena izanen da; bigarrenean, zer eraikinetan dagoen kokaturik, ez dituzte gaindituko harexen mugak. Udaletxeko Plazaren kasuan, terraza arkupeetatik kanpo kokatuko da.

Establezimenduak bata bertzearen parean badaude, bi terrazen azaleren artean ez da baimendu den gehienekoa gaindituko. Terrazen multzoa homogeneoa izanen da plaza bakoitzean.

22. artikulua. Eremu publiko bateko terrazak.

Aitzineko artikuluan xedatuagatik ere, eremu publiko berean eragina duten eskaeren kopurua hartuko da kontuan; horrek lehendik baimendutako terrazak aldatzea ekartzen ahal du.

V. KAPITULUA

Araubide juridikoa

23. artikulua. Terrazaren titularraren betebeharrak.

1. Terrazen titularrek segurtasun, osasungarritasun eta apainketa baldintzak bete beharko dituzte haien elementu guztietan. Horretarako, ezinbertzekoa da hondarrak bildu eta pilatzeko elementuak izatea.

Estetikagatik eta higieneagatik, ez da zilegi jardueran sortutako produktuak, materialak edo hondarrak terrazen ondoan bildu edo pilatzea.

2. Terrazako lizentziaren titularra behartua dago hura osatzen duten eta eremu publikoan pilatzen diren elementuak egunero jartzera.

3. Establezimenduaren barrenean, kanpotik agerian dela, eremu publikoa okupatzeko sasoiko baimena egonen da.

4. Altzariak ez dira 10:00ak baino lehen ezarriko, udal zerbitzuek ohiko funtzionamendua izan dezaten.

5. Titularrak ez du terraza paratuko edo bildu eginen du udal agintariak edo udaltzainek beren eginkizunen barrenean hala agintzen diotenean ekitaldi sozial, erlijioso edo kirolekoa egiteko, terraza ibilbidean, eraginpeko eremuan edo jendetza biltzeko tokian dagoelako. Kasu horietan, Administrazioak garaiz emanen dio gertaeraren berri titularrari; horrek, jakinarazitako ordua baino lehen kendu beharko du terraza, eta ez du berriz paratuko ekitaldia bukatu arte.

6. Terrazaren titularra behartua dago hura berehala kentzera larrialdiak edo ebakuazioak hartara behartzen dutenean.

7. Denboraldiko jarduera burututakoan kenduko da terraza, eta garbitze lan guztiak eginen dira.

8. Lizentziaren indarraldia bukatuta, titularrak garbi aski utzi beharko du okupatua duen lurzoru publikoa, bertan ezarrita dauden elementu egonkor guztiak kenduta, jarduera bukatu ondoko bortz egunean. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.

9. Erantzukizun zibileko asegurua eta suteena indarrean izatea.

10. Jardueraren ondorioz eremu publikoan eta hiri altzarietan eragindako kaltea konpontzea.

24. artikulua. Debekuak.

1. Ez da zilegi mostradoreak edo terrazan zerbitzatzeko bertze elementu batzuk paratzea, establezimendutik beretik aritu beharko baita.

2. Baimendutako terraza paratzeko beharrezko direnak bakarrik, ez da elementu gehiagorik izanen eremu publikoan. Betiere, debeku da billarrak, mahai-futbolak, josteta makinak, saltzekoak edo ausazkoak, publizitatea egitekoak antzeko bertze edozein paratzea.

3. Debeku da Udalak baimendutakoaz bertzelako altzariak paratzea.

4. Debeku da publizitatea terrazetako hiri altzarietan.

5. Debekatua dago edozein ikuskizun eta musika ekitaldi egitea terrazan, baita bozgorailuak edo soinua nahiz bibrazio akustikoak handitu edo erreproduzitzen dituen bertze edozein tresna ere, edo irudiak ematen dituztenak.

6. Debeku da eremu publikoan edariak, elikagaiak edo bertzelakoak saltzen dituzten makinak paratzea, baita haurrendako erakargarri txikiak edo publizitatekoak.

25. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan jasotako beharkizun, betebehar eta debekuak ez betetzeari erraten zaio arau-haustea, baita ordenantzaren babesean emandako lizentzietako baldintzak ez betetzea ere.

Emandako lizentzien pertsona fisiko edo juridiko titularrak dira arau-hausteen arduradunak.

Zehatzeko ahalmena erabiltzeko eskua duen organoari dagokionez, Toki Araubideko legerian ezarritakoari jarraituko zaio.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1.-Arau-hauste arintzat hartzen dira:

a) Okupazio eremua edo haren ingurua egunero behar bezala ez garbitzea.

b) Udalaren baimena ikusteko moduan ez erakustea.

c) Hasteko edo ixteko orduak 15etik 30 minutu bitartean ez betetzea.

d) Terraza behar bezalako segurtasun baldintzetan ez izatea.

e) Produktu, ontzi edo hondarrak terrazan edo eremu publikoaren bertze edozein tokitan bildu eta pilatzea.

f) Larritzat edo oso larritzat jo gabe, ordenantza hau ez betetzea.

g) Lizentziaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko altzari eta apaingarrietan kalte arina egitea.

2.-Arau-hauste larritzat hartzen dira:

a) Hiru hutsegite arin egitea.

b) Hasteko edo ixteko orduak 30etik 60 minutu bitartean ez betetzea.

c) Baimenean aurreikusi gabeko hiri altzariak paratzea, edo baimenduta daudenak baino gehiago edo bertze kopuru bat, edo ordenantzan eskatzen diren baldintzak bete gabe.

d) Baimendua baino azalera gehiago hartzea, %25 bitarte, edo mugatuta dauden bertze baldintza batzuk ez betetzea. Titularraren ardura da bezeroek ez ditzatela altzariak baimendutako okupazio mugetatik kanpo eraman.

e) Okupazioa %10 baino gehiago eta %25 baino gutiago gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.

f) Instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz, bizilagunei eta inguruan dabiltzanei eragozpenak sortzea.

g) Musika tresnak edo baimenduta ez dauden bertze instalazio batzuk paratzea.

h) Terrazako altzariak kendu edo bildu eta pilatzeko betebeharra huts egitea funtzionamenduko ordutegia bukatzean.

i) Lizentziaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko hiri altzari eta apaingarriak larriki hondatzea.

j) Ordenantzan xedatuari jarraitu gabe, elementuetan publizitatea paratzea.

3.-Arau-hauste oso larritzat hartzen dira:

a) Hiru hutsegite larri egitea.

b) Terraza paratzea Udalaren baimenik gabe, edo baimendu ez bezalako toki edo denboraldi batean.

c) Funtzionatzeko ordutegia 60 minututik goiti ez betetzea.

d) Baimendua baino %25etik goitiko azalera hartzea.

e) Okupazioa %25etik goiti gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.

f) Espresuki baimendu gabeko ikuskizun edo ekitaldiak egitea.

g) Terrazaren ustiapena edozein tituluren bidez lagatzea edo azpierrentamenduan ematea bertze batzuei.

h) Udal agintariak edo udaltzainek horren agindua eman ondoan, terraza biltzeari uko egitea, terraza dagoen tokian edo haren eraginpeko eremuan ekitaldiren bat dagoelako.

i) Terraza berehala ez kentzea larrialdietan eta/edo ebakuazioetan.

j) Terraza ez kentzea denboraldia bukatutakoan.

k) Baimendutako instalazioak sei hilabetetik goiti ez erabiltzea, arrazoi justifikaturik gabe, horrek nahaste larria dakarrenean era guztietako jardueren ohiko bilakaeran edo osasungarritasun edo apainketa publikoan, araudi aplikagarriaren arabera.

l) Instalazioa berehala kentzeko agindua ez betetzea, horrek nahaste larria dakarrenean elkarbizitzan, eragin larri, berehalakoa eta zuzenekoa badu lasaitasunean, bertzeen eskubideetan, era guztietako jardueren ohiko bilakaeran, osasungarritasun edo apainketa publikoan, edo zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten denean, edo ekipamenduak, azpiegiturak, zerbitzu publikoen instalazioak, eremu publikoak edo haietako edozein instalazio modu larrian hondatzen direnean.

26. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteei zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arinei, 300 euro bitarteko isuna.

b) Larriei, 301 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

c) Oso larriei, 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

Zehapenez aparte, huts egiteak jardueraren aldi baterako etendura ekartzen ahal du, edo baimena kentzea, zein den arau-haustearen larritasuna, egitatearen gizarte oihartzuna eta bertze inguruabar batzuk, baita astungarritzat edo aringarritzat hartzen ahal diren bertze elementu batzuk.

Arau-hauste larriak behin eta berriro errepikatuz gero, ez da baimena berrituko hurrengo urteetarako.

Orobat, eta zehapena alde batera utzita, Udalaren administrazioak elementu eta instalazioak kentzeko aginduko du, eta arau-haustea egin aitzin zegoen bezala uzteko.

Ematen den epearen barrenean bete beharko dute titularrek terraza kentzeko agindua. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.

27. artikulua. Prozedura.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren gaineko Erregelamenduan ezarritakoa da zehatzeko prozedura.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betikoz argitaratzean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1213565