196. ALDIZKARIA - 2012ko urriaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Lehiaketa, 2012-2013ko ikasturtean Iruñeko ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak abiatzeko

Iruñeko Udaleko Enplegu, Merkataritza eta Turismoko eta Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatuak 2012ko irailaren 24 ean onetsi zuen Iruñeko ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak abiatzeko lehiaketa.

Iruñeko Udalak lehiaketa deitzen du, Iruñeko ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak abiatzeko.

Lehena.-Iruñeko Udalak lehiaketa bat deitzen du ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan matrikulatutako ikasleen artean Gazteei informazioa helarazteko Korrespontsaliei buruzko Udal Programan parte hartzeko prest dauden 14 eta 30 urte bitarteko zenbait gazte hautatze aldera.

Korrespontsaliei buruzko Programaren xedea ikastetxe bakoitzeko bi ikasle hautatzea da, halako eran non haien zeregina zeinek bere ikastetxean informazio-gune bat martzan edukitzea izanen baita, Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinaturik eta horrek gainbegiratuta.

Ikastetxe edo ikastetxe nagusi bakoitzak programan bi ikaslek parte hartzeko eskaera eginen du. Ikasle horiek informazio-korrespontsalia bat kudeatzea izango dute zeregin, zeinek bere ikastetxean. Gazteria Unitateak, Gaztediaren Etxeko Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinatuta, ikasle horien jarraipena eta ikuskapena egin eta prestakuntza emanen die astean behin.

Programa 2012-2013ko ikasturtean eginen da. 2012-2013ko ikasturteko lehen hiruhilekoan hasi beharko da eta 2013ko maiatzaren 31n amaituko da. Ikastetxeek programan izena emateko mugaeguna 2012ko urriaren 15a izanen da.

Bigarrena.-Lehiaketan, Iruñeko Udalaren mugapean kokaturiko ikastetxeetan matrikulatuta dauden zein bertako ikastetxe nagusietan bizi diren ikasleek parte hartzen ahal dute, ikastetxeak publikoak zein pribatuak izanik ere, betiere lehenagotik ikastetxe laguntzailetzat aintzatetsiak izan badira. Baldintza hori betetzeko, ikastetxeek aurretik eskatu behar dute gazteei informazioa helarazteko korrespontsalien proiektuan parte hartzea.

Hirugarrena.-Ikastetxeek aldez aurretik hautatuko dituzte programa garatu ditzaketen ikasleak, eta behin betiko hautaketa egiteko zerrenda helaraziko diote Iruñeko Udalari. Udalak jakinaraziko die ikastetxeei behin betiko hautaketaren emaitza.

Laugarrena.-Korrespontsalien programan parte hartu behar duten ikasleak hautatzeko ikastetxeek erabiliko duten prozeduran, ondoko parametroak hartuko dituzte kontuan, besteak beste: ikasketa-espedientea, korrespontsalia-proiektua, harremanetarako eta gizarte bizitzarako trebetasunak, eta abar.

Bosgarrena.-Hautatutako ikasleek konpromisoa hartuko dute astero Gaztediaren Etxeko Gazteendako Argibide Bulegora joateko, gazteei informazioa helarazteko berriemaile gisara egiten ari diren lanaren jarraipen teknikoa egite aldera. Programaren garapenaz arduratzen diren teknikariek emanen dizkieten prestakuntza eta aholkuak eskuratuko dituzte, eta ikastetxe laguntzaileetan aldez aurretik aukeratutako informazioaren berri emateko izanen dituzten informazio-taulen ardura hartuko dute.

Seigarrena.-Ikastetxeek aukeratutako taldeek ondoko konpromisoak hartuko dituzte:

Gazteei informazioa helarazteko beren korrespontsalia-proiektua abian jarri eta lehen klausulan ezarritako data iritsi arte iraunaraztea, ikastetxe bakoitzak aurkeztutako proiektuan proposatutakoarekin bat eta Udalak Gaztediaren Etxean duen Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinatuta.

Men egitea Gaztediaren Etxeko lantalde teknikoak egin ahal dituen egiaztapen-jarduketei orori.

Zazpigarrena.-Ikasturte osoan zehar arituko diren hautatutako ikasleek diru-sariak ezartzeke dituen deialdi publiko batean parte hartzen ahalko dute, betiere 2013. urteko udal-aurrekontuetan deialdi horretarako diru-izendapenik badago.

Zortzigarrena.-Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriok eta lehiaketaren antolatzaileek horiek interpretatu eta aplikatzeko hartu ahal dituzten erabakiak oso-osorik onartzea.

Izaera pertsonaleko datuen trataeraz bezainbatean, abenduaren 13ko Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan eta aipatu legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2012ko irailaren 24 ean.-Enplegu, Merkataritza eta Turismoko eta Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kiroleko Zinegotzi Delegatua.

Iragarkiaren kodea: L1213609