26. ALDIZKARIA - 2011ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN ELORTZIBAR

Ordenantza, Aisialdiko zentroak arautzen dituena (24. ordenantza). Behin-behineko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2010eko azaroaren 3an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin-behinekoz onestea Biltokiak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2010eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 26an.

Hura argitaratu zenetik hogeita hamar eguneko epea iragan denez espediente horren kontra inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da. (2011ko urtarrilaren 5eko osoko bilkuran aurkeztu zen haren gaineko txostena). Hona hemen haren testu osoa:

ORDENANTZA, BILTOKIAK ARAUTZEN DITUENA

Aitzinsolasa

Erabilera aldatzeko lizentzia eskuratu behar da zeren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189-H artikuluan eta Hirigintzari buruzko diziplina erregelamenduaren 1.13 artikuluan ondokoa xedatzen baita:

"Aldez aurreko lizentzia eskuratu behar da... eraikinen erabilera aldatzeko".

Etxabeak aisiarako biltoki gisa erabiltzea arautzen duen ordenantza (24. ordenantza) onetsi zen eta 2001eko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 27an, eman zen argitara; orain arte arautu du lokalak horretarako erabiltzeko lizentzien kontzesioa. Biltoki horiek ugaldu direnez gero eta herritarren gaineko eragina handitu denez gero, arau hori berriz idatzi behar da, zaharkiturik geratu baita eta leku horiek sortzen dituzten arazoak ez baititu konpontzen.

Toki Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarri doktrina, 139. artikuluan ahalmena ematen baitie udalerriei toki intereseko bizikidetza harremanak eta haien zerbitzu, hornidura, azpiegitura, instalazio eta eremu publikoen erabilera antolatzeko.

Lokalak biltokiak izateko gaitzen dituen lizentzia ez da nahastu behar ingurumena babesteko esku-hartzeko araudi horren ondorioz eskuratutako lizentziarekin. Hori dela eta, garrantzitsua da kontuan hartzea zer jarduera eginen den lokalean eta zer instalazio egon daitekeen edo egon behar duen biltoki batean.

Bestetik, abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea aldatzen baitu, zioen azalpenean jasotzen du izaera sozialeko josteta jardueretan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere besteen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak jokoan daudenean (...).

Jarduera hori baimentzeko lizentzia hirigintzako lizentzia da, eta, hala izanik, zer jarduera egin nahi den, horretarako eskatzen ahal diren baldintza guztiak bete behar ditu lokalak, baita eska daitezkeen gutxieneko ekipamenduak eduki ere.

Ordenantza honek biltokien alderdiak arautzen ditu, ezertan ukatu gabe beste kontzeptuetarako aplikatzen ahal den gainerako indarreko araudia.

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Aztertutako dokumentazioaren eta testu arauemaile honen gaineko prozeduren argitan, Udalak printzipio hauek ezartzen ditu, Udalak arlo honetan duen borondatearen laburpen gisa:

-Biltokien erabilera bizilagunen eskubideekin bateragarri egitea.

-Biltokiak izatekoak diren lekuek segurtasun eta higiene baldintza gutxienekoak betetzen dituztela bermatzea, erabiltzaileei beraiei eta herritarrei oro har eragozpenik eta arriskurik ekar ez diezaieten.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Erabilera murriztuko aisialdiko biltoki guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau (ikuskizun publikoen eta josteta jardueren gaineko legeria aplikatzen ez zaienei), Noain Elortzibarko Udalaren mugapean daudenei edo irekitzen ahal direnei.

3. artikulua. Definizioak.

Artikulu honetan ordenantzaren xedeko jarduerak zehaztu, deskribatu eta bereizi nahi dira.

Biltokiak: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak. Egitura egokia duten eraikinetako beheko solairuetan soilik egoten ahal dira. Jendea bertan biltzen da aisialdirako, kulturarako, ikasteko edo antzekoetarako.

Lokal horietarako egin behar den tramitea ordenantza honetan garatzen dena izanen da, honako salbuespen hauekin:

a) Ikuskizun publikotzat har daitekeena, zer den kontuan harturik; horrelakoetan eska daiteke jarduera sailkatu bezala tramitatzeko.

b) Merkataritzako entitate batek egiten badu, jarduera kaltegabearen tramitazioa izanen du.

BIGARREN TITULUA

Prozedura

4. artikulua. Faseak.

Lizentzia eskuratzeko egin beharreko prozedurak informazio fase bat dauka, aldez aurrekoa, eta beste hiru fase ere bai: espedientearen hasiera, tramitazioa eta ebazpena.

5. artikulua. Informazioa.

Udal jarduera normalean hasten da banan-banako harrera eginez; une horretan interesdunei jakinarazten zaie zer agiri aurkeztu behar duten eta bete beharreko inprimakien ereduak ematen zaizkie, lokala biltoki bihurtzeko lizentzia eska dezaten. Hala jokatuta saihestuko da dokumentazioa bete gabe egotea edo nahikorik ez izatea, azken finean horrek beti baitakartza errekerimenduak egitea akatsak zuzentzeko, tramitazioa atzeratzea etab.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Prozedura hastea

6. artikulua. Araubide juridikoa.

Oro har, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako xedapenei jarraituz arautuko da eta, bereziki, ordenantza honetako determinazioen arabera.

7. artikulua. Hasteko bideak.

Interesdunek eskatuta hasiko da prozedura.

Ofizioz ere has daiteke. Udalak dagokionari eskatuko dio lizentziaren espedientea hasteko, lokalen bat behar den lizentziarik gabe ari dela atzemanez gero, dagozkiokeen zehapen espedienteak ukatu gabe.

8. artikulua. Eskatuta hastea.

Biltokien lizentziaren eskabidea Erregistroan aurkezten denean hasiko da prozedura (1. eranskina). Eskabidean eta horrekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioan dauden datuak erabakigarriak izanen dira hura biltokitzat hartzeko ala ez.

Eskabideak 5 zati ditu:

1. Datu pertsonalak.

2. Lokalaren definizioa.

3. Erantsi beharreko dokumentazioa.

4. Eskaeraren sinadura.

5. Informazioa baldintzei buruz.

9. artikulua. Datu pertsonalak.

Hiru taldekideren izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta NANa agertuko dira, baita taldekide guztiek hiru horien alde egin duten izendapen onartua ere, haien izenean ari daitezen; horrela, Udalak bidaltzen ahal dituen jakinarazpenak jaso daitezke. Taldea adingabeez osatua bada, haien gurasoetako bat ere izendatuko da, gutxienez; betiere, eskatzaileak edo kideetako bat adingabea bada, aitaren, amaren edo hura ordezkatzen duen adin nagusiko norbaiten baimena erantsiko da, adingabearen erantzukizuna bere eginaz.

Taldea elkarte gisa eratuta badago, haren datuak agertu beharko dira.

Edonola ere, izen bat ager daiteke biltokirako.

10. artikulua. Lokalaren definizioa.

Eskaeran egiten den lokalaren definizioak bat egin beharko du ziurtagiri teknikoarekin alderdi guztietan, betebehar guztiak konplituta.

11. artikulua. Erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ordezkarien NANaren fotokopia. Eskaera elkarte batek eginez gero, haren eraketaren eskritura edo IFK.

b) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, ikus-onetsia (2. eranskina), non azalduko baitira eginen diren jarduerak, lokalak dituen instalazio eta ekipamenduak, eta non ziurtatuko baita biltoki gisa erabiltzeko egokia dela; orobat aipatuko da zenbat pertsona sartzen ahal diren.

Ziurtagirian honako hau agertuko da:

b.1) Suteei aurrea hartzeko instalazioen ziurtagiriak eta homologazioa.

b.2.) Kokalekuaren eta kokaeraren planoak (gutxieneko eskala, 1:5000).

b.3) Lokalaren eskalako planoetan honako honek agertu behar du: azalera eta banaketa, solairuarteak, garaiera libreak, ekipamendua, altzariak, aireztapena, berokuntza sistema -halakorik balego-, suteen kontrako neuriak, instalazioak eta harguneak (argindarra, gasa, ura, saneamendua, telefonoa, antena, telebista eta internet).

b.4) Eraikinak 80 urte baino gehiago baditu, lokalaren egituraren segurtasunari eta sendotasunari buruzko ziurtagiria, eta, behar izanez gero, eraikinarena ere bai.

c) Lokala egokitzeko lanak egin badira, obra amaierako ziurtagiria aurkeztu beharko da, lanen benetako kostuarekin. Egindako lanak txikiak badira, zuzendaritza teknikorik gabekoak, lanen benetako kostua frogatzen duten agiriak aurkeztuko dira, fakturak esate baterako.

BIGARREN KAPITULUA

Tramitazioa

12. artikulua. Akatsak dokumentazioan eta epeak.

Eskabidea jaso ondoren, Udalak aztertuko du, eta ez du lizentziarik emanen ordenantza honetan ezarritakoa aplikatzen ez bada.

Eskabidea edo dokumentazioa beteta ez balego, eskatzaileari horren berri emanen litzaioke, eta 15 eguneko epean espedientea bete beharko luke. Akatsak ez badira zuzentzen epe horretan, eskaera ezetsiko da eta espedientea artxibatuko, aldarrikapen ebazpena eman ondoan.

Eskaera edo erantsitako dokumentazioa, beteta egonda ere, aski ez balitz erabakitzeko egokia den lizentzia ematea, eskatzaileari eskatuko litzaioke dokumentazioa zuzendu, konpondu edo osa dezan. Hamabost eguneko epea emanen zaio, eta hori iragaten bada errekerimenduari kasu egin gabe, lizentzia ez zaio emanen espedientearen edukitik ondorioztatzen bada baldintzak egokiak ez direla lizentzia emateko. Epe hori amaitu eta hiru hilabetera, iraungitzea deklaratuko da eta espedientea artxibatuko.

13. artikulua. Ofiziozko tramitazioa.

Edozein kasutan, biltoki bat lizentziarik gabe martxan dagoela egiaztatzen denean, lokala eta instalazioak ixteko aginte-espedientea hasiko da, baimendutako erabilera izateagatik, eta 7 eguneko epea emanen da alegazioak egiteko.

Alegazioak egiteko epea bukatutakoan eta horiek aztertuta ebatzi eginen da. Alegazioak ezesten badira, ixteko agindua emanen da eta interesdunei hura jakinaraziko; horiek itxi egin behar dute lokala. Hura bete ezik, nahitaezko exekuzioa eginen du poliziak, instalazioak prezintatuz.

HIRUGARREN KAPITULUA

Finantzabidea

14. artikulua. Finantzatzeko bideak.

Lizentzia ematean edo ukatzean bukatuko da espedientea.

Espedientea iraungiko da baldin eta lizentzia eman edo ezesteko funtsezko informazioari buruzko errekerimenduetan zehaztutako akatsak zuzentzen ez badira.

Espedientea ezetsi eta artxibatuko da baldin eta eskatzailearen nortasun juridikoaren egiaztagiriari, haien ordezkarien egiaztagiriari edo antzeko datuei buruzko errekerimenduetan zehaztutako akatsak zuzentzen ez badira.

HIRUGARREN TITULUA

Funtzionamendua eta ikuskapena

15. artikulua. Mugak.

Lokal horiek biltoki gisa baimenaz erabiliko dira ordenantza honen mugen barruan, edo beste araudi batzuenen barruan. Zehazki, honako muga hauek ezartzen dira:

a) Ezin da lastaira, kartoi eta plastikorik (edalontziak kenduta) erabili edo pilatu, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua dakarkeen beste ezein material ere.

b) Aplikatu beharreko araudian ezarritako gehieneko asots muga ezin da gainditu.

c) Halako erabilerak beheko solairuetan bakarrik baimenduko dira, eta sekula ez eraikin kolektiboetako etxebizitzetan edo behegain independenteetan. Lokal osoak hartu beharko dituzte, eremu publikora zuzenean ematen duten sarbide independenteak dituztela. Ez da onartuko beste lokal edo jarduera batzuetatik sartzea, ezta atari barrenetik edo etxebizitzetatik ere.

d) Ezin da altzaririk atera kalera.

e) Musika ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute, 22:00etatik aurrera.

f) Adin txikikoek debekaturik izanen dute edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitzea, indarra duen legediarekin bat.

g) Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

h) Ezin da sukalderik, laberik, plakarik edo janariak prestatzeko aparaturik eduki.

i) Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

j) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

k) Gehieneko edukiera (jende kopurua), aplikatu beharreko araudiaren arabera.

l) Ezin da mahai-futbolik, mahai-tenis jokorik edo antzeko asotsik ateratzen duten jokorik eduki.

m) Beste edozein, ordenantza honetako edo sektore honetan aplikatzekoa den araudiko xedapenen ondoriozkoa.

16. artikulua. Nahitaezko ekipamenduak.

Lokalek, gutxienez, honako hau izanen dute:

a) Edateko ur korrontearen hornidura.

b) Energia elektrikoaren hornidura.

c) Komun itxia, kanpotik zuzenean aireberritzen dena, komun-zuloz eta konketaz hornitua.

d) Aireztapena.

e) Suteei aurrea hartzeko neurriak, itzalgailuak barne, larrialdiko argiteria eta ebakuazio bideak eta sua itzaltzeko gailuak, araudiaren arabera.

17. artikulua. Erabiltzaileen eta ordezkarien datuak eguneratzea.

Udalari, 15 eguneko epean, jakinarazi beharko zaio biltokiaren erabiltzaileen edo ordezkarien osaera aldatzen bada.

18. artikulua. Ikuskapena.

Urtero edo arauak betetzen ez direla uste denean, Administrazioak ikuskatzeko bisitak egiten ahal ditu instalazioak titularrek aurkeztu dokumentazio teknikoari eta emandako lizentziaren baldintzei egokitzen ote zaizkien egiaztatzeko.

Ikuskapenean akatsak atzematen badira, dagokion espedientea irekiko da.

19. artikulua. Jardueraz aldatzea.

Jarduera baimenduak, jarduera horretarako ezarritako edozein muga bere funtzionamenduan gainditzen badu, eta hura beste araudian sailkatzen ahal bada, beste lizentzia bat eskatu beharko da, egindako jarduerarekin bat. Lizentzia hori eskatu eta ebatzi arte, eta zein den kasua, funtzionatzeko baimena eman edo irekitzeko lizentzia eskuratu arte ez da jarduera bakar bat eginen lokalean.

LAUGARREN TITULUA

Zehatzeko prozedura

20. artikulua. Aplikazio araubidea.

Aplikatu beharko da Polizia Administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantza.

Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira.

Ordenantza honetan bildutako zehapen administratiboak ezin dira betearazi dagokion espedientea irekitzen ez bada.

Alkatea izanen da organo eskuduna zehapen espedienteak irekitzeko eta arau-hausteak zehatzeko, non ez duen jardueren gaineko legeriak beste eskumenik zehazten.

21. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, ordenantza honetako 17. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

b) Edozein altzari mota kalera ateratzea.

c) Arau-hauste arin baten erantzuleak zuzen ez identifikatzea.

d) Bestelako edozein, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzeaz gainera beste ataletan espresuki aipatzen ez badira.

22. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak dira:

a) Lokala baldintza egokietan ez edukitzea.

b) Lokala behar bezain garbi ez izatea, bai barrenetik bai kanpotik, eremu publikoaren gaineko ordenantzan (garbitasuna) zehaztutakoaren arabera.

c) Lokalean gauaz edo egunaz animaliak edukitzea arduradunik gabe.

d) Adingabeek alkohola kontsumitzeko debekua ez betetzea.

e) Leihoak eta ateak itxita ez edukitzea musika izanez gero 22:00etatik aurrera.

f) Gai sukoiak erabili edo biltegiratzea.

g) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskua dakarten elementuak edo sukaldea paratzea.

h) 16. artikuluan zehaztutako gutxieneko ekipamenduak, lizentzia eskuratzeko beharrezkoak, aldatu, mugatu edo kentzea, besteak beste: edateko uraren hornidura, elektrizitatearen hornidura, komunak, aireztapena, suteei aurrea hartzeko neurriak eta lizentzian ezarritako beste edozein, hura gabe lizentzia ezin bada eman.

i) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea.

j) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

k) Usain txarrak botatzea, udaltzainek kaletik, etxebizitzatik edo lokaletik -patioak, leihoak eta balkoiak barne- hautematen badituzte.

l) Noain Elortzibarko Udalak baimendutako ikuskatzaileak, osasun langileak edo polizia sartzea eragoztea, ordenantza honen 18. artikuluarekin bat.

m) Arau-hauste larri baten erantzuleak zuzen ez identifikatzea.

l) Hutsegite arinen errepikapena edo berrerortzea.

23. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larritzat hartuko dira honako hauek:

a) Lizentziaren eskatzaileek alegatzen duten haietarako ez beste helburu baterako erabiltzea lokala, gazteei biltokia erabiltzeko baimena ematen dien ebazpenean jasota ez dagoen baterako.

b) Lokala ireki edo erabiltzea behar den baimena eskuratu baino lehen edo itxiarazi ondoren.

c) Gai sukoiak pilatzea edo erabiltzea, pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskutsuak badira.

d) Lokalaren lizentzia azpiarrendatu, laga edo eskualdatzea, Udalaren baimena eduki gabe.

e) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak dakartzaten elementuak edo sukaldea paratzea.

f) Ordenantza honetako 16. artikuluan aipatzen diren gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

g) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

h) Noain Elortzibarko Udalak baimendutako ikuskatzaileak, osasun langileak edo polizia sartzea galaraztea, ordenantza honen 18. artikuluarekin bat.

i) Noain Elortzibarko Udalak ekipamenduei edo erabileraren mugei buruz egindako errekerimenduari kasurik ez egitea.

j) Lokala lizentziarik gabe biltoki gisa erabiltzearen erantzuleak zuzen ez identifikatzea.

k) Arau-hauste oso larri baten erantzuleak zuzen ez identifikatzea.

l) Hutsegite larrien errepikapena edo berrerortzea.

24. artikulua. Erantzuleak.

Arau-hausteak benetan egiten dituztenak izanen dira haien erantzuleak. Arau-hausteen egileei edo taldearen ordezkariei zuzenduko zaie espedientea.

Horrek guztiak ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, edo kalte-ordainak bestela, taldeko kide gisa agertzen diren guztiei eskatzea modu solidarioan, baldin eta ez badute borondatezko epean ordaintzen, arau-hauslea taldeko kidea ez bada ere.

9. artikuluan zehaztutako erantzuleek arau-hausleak identifikatu behar dituzte.

25. artikulua. Zehapenak.

Polizia Administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantzak ezarriko ditu arau-hausteen zenbateko ekonomikoak. Edonola ere, 300 euro ordaindu beharko dira gutxienez arau-hauste arinengatik, 600 euro arau-hauste larriengatik eta 1500 euro arau-hauste oso larriengatik.

26. artikulua. Mailaketa.

Polizia Administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen ordenantzan eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz mailakatuko dira arau-hausteak.

Arau-hauste larriek, diru zehapenaz gainera, baimena etetea ere ekar dezakete, 180 egunera bitarte.

Arau-hauste oso larriek, diru zehapenaz gainera, lizentzia ezeztatzea ekar dezakete, edo lokala behin betiko ixtea erabilera horretarako, eta ez dute lizentzia berririk eskuratuko 3 hilabetetik 3 urte arteko epean.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Ondoko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

b.1) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den. Alde horretatik, zabarkeria asmo txarrarekin parekatuko da.

b.2.) Kalteak nolakoak diren.

b.3) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Erantzukizunaren astungarritzat hartuko dira giza osasunean edo bizilagunen segurtasunean izan dezakeen eragina, kalte akustikoa, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, asmo txarra edo zabarkeria, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

27. artikulua. Lizentzia ezeztatzea.

Lizentzia ezeztatzen ahal dira lokalak ordenantza honetan ezarritakoa betetzen ez duenean, dagokion espedientea ireki ondoren.

Eragozpenak behin eta berriro sortzen dituztela egiaztatuz gero, ez da baimenik emanen lokal horiek erabiltzeko, ixteko agindua emanen da eta interesdunek itxi beharko dituzte. Hori bete ezean, poliziak nahitaezko betearazpenari ekinen dio.

Orobat, lizentzia ezeztatzen ahal da lokalaren jarduerari lotzen zaizkionean delituak edo zigor hutsegiteak edo administrazio hutsegite larriak edo oso larriak, bizilagunen segurtasunari dagokionez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indar hartzen duenetik aurrera instalatzen diren biltokiei ez ezik, lehendik zeudenei ere aplikatuko zaizkie arau hauetan ezartzen diren determinazioak, eta, beraz, indar hartzen duenetik kontatzen hasi eta sei hilabeteko epean, lizentzia aurreko araudiari jarraikiz eskuratu dutenek beren egoera arautu beharko dute hemen aipatzen diren determinazioen arabera.

Ondorio hauetarako, ofizioz hasteko, araudi berria eta lizentzia berritu beharreko errekerimendua jakinaraziko zaizkie lokal baimenduei, beste eskaera bat egin dezaten eta ordenantza honen edukierari jarraikiz beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezaten.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Biltokiak arautzen dituen udal ordenantza honek 24. ordenantza ordeztuko du, Etxabeak aisiarako biltoki gisa erabiltzea arautzen duena, 2001eko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, ekainaren 27an. Ordenantza hori guztiz indargabeturik geratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

1. ERANSKINA

Lokalaren lizentzia eskatzea

1. Datu pertsonalak.

Ordezkariak. Elkartea bada, ordezkaria eta haren datuak.

Izena .............................., abizenak ..........................................................., helbidea .........................................................., jaiotze data .../../.., NANa .................................., telefonoak .................................., e posta ..........................................

Izena .............................., abizenak ..........................................................., helbidea .........................................................., jaiotze data .../../.., NANa .................................., telefonoak .................................., e posta ...........................................

Izena .............................., abizenak ..........................................................., helbidea .........................................................., jaiotze data .../../.., NANa .................................., telefonoak .................................., e posta

Biltokiaren izena (aukeran)

Erabiltzaileak. Adin txikikoek aitaren, amaren edo tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.

2. Lokalaren definizioa.

Tokia

Azalera: beheko solairua ................... m², solairuartea ........................... m², guztira ......................... m².

Lokalaren edukiera (jende kopurua): ................... lagun.

-Lokalaren instalazioak (x batez markatu zer dagoen).

[ ] Girotzeko musika ekipoa, 70dBko barneko soinu maila edukita.

[ ] Hozkailua. [ ] Telebista.

Aireztapena: [ ] Naturala. [ ] Nahitaezkoa. [ ] Aire girotua.

Berokuntza: [ ] Elektrikoa. [ ] Gasekoa. [ ] Bestelakoa (zein)

Jolas-makinak: [ ] Kontsolak. [ ] Elektronikoak. [ ] Bestelakoak.

Altzariak: [ ] Mahaiak. [ ] Aulkiak. [ ] Sofak. [ ] Armairuak.
[ ] Bestelakoak.

3. Erantsi beharreko dokumentazioa.

-Ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

Pertsona fisikoen izenean jarduten denean:

[ ] Ordezkarien NANaren fotokopia.

Pertsona juridikoen izenean jarduten denean

[ ] IFKren fotokopia.

[ ] Eratzeko eskrituraren azaleraren fotokopia.

[ ] Ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

-Erantsitako agiriak.

[ ] Tekniko eskudunak izenpetutako ziurtagiri ikus-onetsia, lokala erabilera horretarako gai dela adieraziz, 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

[ ] Kokalekuaren eta kokaeraren planoa.

[ ] Lokalaren planoak, azalerak, banaketak, solairuarteak, garaiera libreak eta suteei aurrea hartzeko neurriak dauden adieraziz.

[ ] Suteen kontrako babesa paratutakoa homologatuta dagoelako ziurtagiriak.

[ ] Eraikinak 80 urte baino gehiago baditu, lokalaren egituraren segurtasunari eta sendotasunari buruzko ziurtagiria, eta, behar izanez gero, eraikinarena ere bai.

[ ] Obra amaierarako ziurtagiria, obren benetako kostuarekin, edo [ ] fakturak.

[ ] Bestelakoak (zein)

4. Eskaeraren sinadura.

Sinatzaileek eskatzen dute eskabide honetan zehaztutako lokalari biltoki gisa lizentzia emateko, beharrezko dokumentazioa aurkeztuz.

Noainen, 20....(e)ko ........................aren ...........(e)an.

5. Informazioa baldintzei buruz.

-Gutxieneko ekipamenduak:

a) Edateko ur korrontearen hornidura.

b) Energia elektrikoaren hornidura.

c) Komun itxia, kanpotik zuzenean aireberritzen dena, komun-zuloz eta konketaz hornitua.

d) Aireztapena.

e) Suteei aurrea hartzeko neurriak, itzalgailuak barne, larrialdiko argiteria eta ebakuazio bideak eta sua itzaltzeko gailuak, araudiaren arabera.

-Mugak:

a) Ezin da lastaira, kartoi eta plastikorik (edalontziak kenduta) erabili edo pilatu, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua dakarkeen beste ezein material ere.

b) Aplikatu beharreko araudian ezarritako gehieneko asots muga ezin da gainditu.

c) Halako erabilerak beheko solairuetan bakarrik baimenduko dira, eta sekula ez eraikin kolektiboetako etxebizitzetan edo behegain independenteetan. Lokal osoak hartu beharko dituzte, eremu publikora zuzenean ematen duten sarbide independenteak dituztela. Ez da onartuko beste lokal edo jarduera batzuetatik sartzea, ezta atari barrenetik edo etxebizitzetatik ere.

d) Ezin da altzaririk atera kalera.

e) Musika ekipoa piztuta dagoen aldiro, ate-leihoek itxita egon beharko dute.

f) Adin txikikoek debekaturik izanen dute edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitzea, indarra duen legediarekin bat.

g) Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

h) Ezin da sukalderik, laberik, plakarik edo janariak prestatzeko aparaturik eduki.

i) Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik.

j) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

k) Gehieneko edukiera (jende kopurua), aplikatu beharreko araudiaren arabera.

l) Ezin da mahai-futbolik, mahai-tenis jokorik edo antzeko asotsik ateratzen duten jokorik eduki.

m) Beste edozein, ordenantza honetako edo sektore honetan aplikatzekoa den araudiko xedapenen ondoriozkoa.

-Erabiltzaileen eta ordezkarien datuak eguneratzea.

Udalari, 15 eguneko epean, jakinarazi beharko zaio biltokiaren erabiltzaileen edo ordezkarien osaera aldatzen bada.

2. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua

Nik, (zehaztu izen-abizenak, titulazioa, profesionalaren elkargoa eta haren zenbakia) naizen honek,

Ziurtatzen dut:

Izena: ................................................k (lizentzia eskatu duenaren izena) hemen dagoen biltokia jarri/handitu nahi duela:

Jarduera (deskribatu xehetasunez zein den eginen den jarduera eta nola eginen den).

Soilik biltokiari dagokionez, ezin da elkarte gastronomikoen jarduerarik egin.

Erantsitako planoetan jasotzen diren azalera, banaketa, garaiera, ekipamendua, altzariak, aireztapena, instalazioak eta gainerako ezaugarriak ditu lokalak.

Lokalak baditu (deskribatu zein diren lokalaren instalazioak eta ekipamenduak; solairuartea, lokalaren gela bakoitzaren aireztapena, komunak, osasun eta higiene neurriak, suteei aurrea hartzeko neurriak, isolamendu akustikoaren mota etab. Orobat, zerrendatu behar da zer paratu den: haizagailuak, aireztapena, betiere zehaztuz ea konpresoreak, haizagailuak, jasogailuak, makineria finkoa, hozkailuak etab. eta adieraziz haietako bakoitzaren potentzia mekanikoa eta osotara)

Egiaztaturik lokalak eta instalazioek biltokiei aplikatzen zaien indarreko araudia betetzen dutela, batez ere, benetako neurketek frogatzen duten bezala, entzumenari buruzko, suteei aurrea hartzeko neurriei buruzko, egiturei buruzko (lokalaren egoera dela eta, hala beharrezkoa bada, solairuarteen kasuan adibidez) eta osasunari buruzko araudiari dagokionez.

Horrenbestez, ziurtatzen dut lokala eta instalazioak egokiak direla biltoki gisa erabiltzeko, betiere ................. laguneko edukierarekin, gehienez ere.

Noainen, ...........(e)ko..............aren .....(e)an.

(Sinadura)

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2011ko urtarrilaren 7an.-Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

Iragarkiaren kodea: L1100511