102. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

34/2011 FORU AGINDUA, maiatzaren 13koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, "Nafarroa 2012 Planaren obretarako mailegu eremua eta hondakindegia zabaltzeko proiektua. Lehentasunezko jarduketa: Irurita-Elizondoko saihesbidea" izeneko proiektua behin-behinean onetsi, eta jendaurrean jartzen duena, ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, ingurumen eraginaren adierazpenaren ondorioetarako eta ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako.

Ingurumenaren zuzendari nagusiak azaroaren 28an emandako 2445/2007 Ebazpenaren bidez, "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko informazio azterlanari dagokion ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatzen du.

2008ko urtarrilaren 22ko erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zuen. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu zuen, eta 2008ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 11n.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren apirilaren 16ko 33/2008 Foru Aginduaren bidez, "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" proiektua behin-behinean onetsi, eta jendaurrean jarri zen. 2008ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 2an.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren otsailaren 24ko 14/2009 Foru Aginduaren bidez, "N-121-B errepidea errepidea, tartea: Irurita-Elizondo" proiektua behin betiko onetsi zen.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren abenduaren 10eko 109/2009 Foru Aginduaren bidez, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa: Irurita-Elizondoko saihesbidea"ren obrak Obras Especiales de Navarra, S.A. eta Harinsa Navasfalt, S.A. enpresek osatzen duten UTE Irurita Elizondo aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zitzaizkion 11.079.776,64 euroko zenbatekoan (BEZa barne). Obren exekuzio epea 18 hilabetekoa zen.

Materialen aprobetxamenduari dagokionez, saihesbidea eraikitzeko proiektuak adierazten zuen hondeaketatik ateratako materiala lubeten mami eta zimendu gisa erabiltzen ahal zela. Gainera, mailegatutako materialaz 171.841 m³-tan betelanak egitea aurreikusi du proiektuak, obrako lurren gabezia konpentsatzeko.

2010eko abuztuaren 3an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ingurumen ukipenen azterlana tramitatu zen Baztango udal mugapearen 14. poligonoko 238. azpilurzatian 154.000 m³-ko lehen mailegua egiteko, aldi baterako okupazioa 1,64 Ha-koa zela. Departamentu horrek aldeko txostena eman zuen, 2010eko abuztuaren 23an.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 28ko 441/2010 Foru Aginduaren bidez, Baztango udal mugapearen 14. poligonoko 238. lurzatian 1,64 Ha-ko aldi baterako okupazioa egitea onetsi zen, Irurita-Elizondoko saihesbidearen obretarako materialak erauzteko asmoz.

Hondeaketa eta betelanak garatzean, lur erauzketetako materialekin lan egitea zaila zela konturatu ziren. Proba tarteak egin ziren, obran jartzeko metodo bereziak behar izan zituztenak. Hala ere, ez zen inoiz lortu agirian eskatutako trinkotze dentsitatea. Era berean, amaituriko lubetaren geruza desitxuratzen erraza zen; horrek etorkizunean asentuak agertzearen beldurra pizten zuen.

Aurrekoaren ondorioz, obrako lurren hasierako gabezia nabarmen handitu zen, lur erauzketetan benetan agertzen ziren eta arrakasta bermatuta lubetetan erabili ezin ziren materialak baztertu beharrekoak ziren-eta. Hori dela eta, hasieran aurreikusitako mailegua handitu behar da.

Horregatik, " Nafarroa 2012 Planaren obretarako mailegu eremua eta hondakindegia zabaltzeko proiektua. Lehentasunezko jarduketa: Irurita-Elizondoko saihesbidea" idatzi da. Proiektu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan tramitatu da, 2011ko apirilaren 26an. Departamentu horrek aldeko txostena eman du, 2011ko maiatzaren 4an.

Zabaltzeko proiektuak Baztango udal mugapearen 14. poligonoko 238. lurzatian 0,36 Ha-ko aldi baterako okupazioa egitea aurreikusi du. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 28ko 441/2010 Foru Aginduaren bidez onetsitako aldi baterako okupazioari batuz gero, aldi baterako okupazio osoa 2 Ha-koa izanen da.

Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 20.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, eraikitze proiektuen behin betiko onespenak berarekin ekarriko ditu onura publikoaren deklarazioa eta ondasunak okupatu eta eskubideak erosi beharra, desjabetzearen, aldi baterako okupazioaren edo bide-zorrak ezartzearen edo aldatzearen ondorioetarako.

Bestaldetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39.3 artikuluan xedaturikoarekin bat, bidezkoa da ingurumen eraginaren azterlana jendaurrean paratzea, proiektuaren ingurumen eragina ebaluatu ahal izateko.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak aldeko txostena eman du, proiektua ingurumenaren aldetik egokia dela adierazteko.

Horrenbestez, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak txosten bidez adierazi eta proposatu duenarekin bat eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Behin-behinean onestea "Nafarroa 2012 Planaren obretarako mailegu eremua eta hondakindegia zabaltzeko proiektua. Lehentasunezko jarduketa: Irurita-Elizondoko saihesbidea".

2. Proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana hilabetez jendaurrean jartzea, ingurumen eraginaren adierazpenaren eta ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako. Bidezkotzat jotzen diren ohar edo alegazioak egiten ahalko dira idatziz epe horretan, bai eta akatsak zuzentzeko datuak aurkeztu ere. Interesdunek eskura izanen dituzte proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko eta Baztango Udaleko bulegoetan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuko web orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia Nafarroan gehien zabaltzen diren egunkarietako batera bidaltzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari (Ingurumena Zaintzeko Atala), Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari (Desjabetze Atala), Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari eta Baztango Udalari, eta Baztango Udaletxeko iragarki oholean argitara dadila eskatzea.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 13an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

ERANSKINA

"NAFARROA 2012 PLANAREN OBRETARAKO MAILEGU EREMUA ETA HONDAKINDEGIA ZABALTZEKO PROIEKTUA.
LEHENTASUNEZKO JARDUKETA: IRURITA-ELIZONDOKO SAIHESBIDEA"

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eta bana-banakoa

Aldi baterako okupazioak.

FINKA

ZK.

JABEA ETA HELBIDEA

AZALERA DESJ.

KATASTROA

Pol.

Lurz.

Lur mota

BAZTANGO UDAL MUGAPEA

1

Baztango Udala

Foruen Plaza, z.g., 31700 (Elizondo)

20.000

14

238J

Oihan lurra eta larreak

F1108903

Iragarkiaren kodea: F1108903