100. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

761E/2011 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, energia berriztagarrien instalazioetarako diru-laguntzak emateko 2011ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak energiaren arloan dituen helburuetako bat da energia berriztagarriaren ekoizpena sustatzea, lehiakorrak diren energia iturri guztiak baliatuz. Horrela ugariagoak izanen dira mix energetikoan leku garrantzitsua duten energia baliabide autoktono eta berriztagarriak. Helburu hori lortzeko, beste neurri batzuen artean, energia berriztagarrien instalazioetan inbertitzen lagundu behar da, eta horixe da laguntzetarako deialdi honen helburua.

Energia Berriztagarrien 2005-2010 aldirako Planaren esparruan urteko lankidetza-hitzarmenak sinatu izan dira Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuarekin (IDAE) eta haien bitartez erakunde horrek funtsak eskualdatu dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, orain arteko diru-laguntzetarako deialdietan erabili izan direnak.

Energia Berriztagarrien Planaren iraunaldia amaituta, IDAEk egokitzat jo du, Energia Berriztagarrien 2011-2020 aldirako Plana onesten den arte laguntzak eten ez daitezen, trantsiziozko hitzarmena sinatzea 2011rako. Hitzarmen horren bidez, aurrekoetan bezala, IDAEk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari funtsak emanen dizkio energia berriztagarrien arloko teknologien ezarpena sustatzeko. Funts horiek gehituko zaizkio ebazpen honen xede den deialdian hasiera batean baimendutako gastuari.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen energia berriztagarrien instalazioetarako 2011ko diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bitartez tramitatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Energia berriztagarrien instalazioetarako diru-laguntzak emateko 2011ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

300.000,00

G/810002/7609/425200: Energia berriztagarrietako toki entitateen inbertsioetarako diru-laguntzak

2011

30.000,00

G/810002/7800/425200: Energia berriztagarrietako inbertsioetarako diru-laguntzak

2011

Halaber, 2011ko ekitaldian kontu-sailetan izaten ahal den diru erabilgarria deialdiaren hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 6an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Diru-laguntzaren xedea.

Diru-laguntza honen xedea da ezarpenerako babesa behar duten energia berriztagarriei garatzen laguntzea eta Nafarroako III. Energia Planak, 2020ra artekoak, ezarri dituen helburuak lortzea.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Onuradun izan daiteke edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko nahiz pribatu, energia arloko zerbitzuetako enpresak barne, ondoko baldintzak betetzen baditu:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Betetzen direla egiaztatzeko, eskaeraren inprimakian datorren "erantzukizuneko aitorpena" bete beharko da.

Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egiten denean.

b) Instalazioaren jabea izatea; errentamenduko inbertsioak kanpoan gelditzen dira.

Leasing bidez finantzatzen diren instalazioak sartzen ahalko dira, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik ordaintzen bada eta kontratuan konpromiso irmoa ageri bada, leasinga bukatzean aktiboa eskuratzeko.

2. Gainera, biomasa termikoko, geotermiako eta eguzki energia termikoko instalazioen kasuan, onuradun izan ahalko dira Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (IDAE) garatutako programa hauetan gaitutako enpresa laguntzaileak:

-Eraikinetako biomasa termikoaren sektoreko enpresekin borondatezko akordioak egiteko Programa (Biomcasa, 2009ko martxoaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

-Energia geotermikoaren sektoreko enpresekiko programa (Geotcasa, 2010eko 122. Estatuko Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

-Eraikinetako eguzki energia termikoaren sektoreko enpresekiko programa (Solcasa, 122. Estatuko Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

Kasu horretan, diru-laguntzaren xedeko proiektuak programa horietan ezarritako baldintzak beharko ditu bete, eta proiektua kasuan kasuko programaren bidez finantzatu bada, eskuratzen den diru-laguntza IDAEk emandako mailegua amortizatzeko erabiliko da. Proiektuak ez badu programa horretako finantzabiderik eskuratzen, instalazioaren azken erabiltzaileak hartu beharko du diru-laguntza eta enpresa onuradunak ondorio hori frogatu beharko du Enpresako Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen duen moduan.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen instalazioak.

1. Diru-laguntzen xede izan daitezke Nafarroan arau honetan zehazten diren instalazio motetan egiten diren inbertsioak, baldin eta dagokien araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Bereziki, ez dute diru-laguntzarik izanen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondorioz, Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten baitu, nahitaezkoak diren instalazioek.

Hala ere, proiektuan, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera, nahitaezkoa bada energia berriztagarrien instalazioa egitea ura berotzeko, eta instalazio hori eraikineko berokuntza eta/edo hozte sistemaren osagarri gisa ere diseinatzen bada, instalazio horretarako diru-laguntza jaso ahalko da oinarri hauetan adierazitako moduan.

a) Eguzki energia termikoa:

a.1) Instalazio berriak.

a.2) Lehendik dauden instalazioen auditoretza eta erreformak.

Lehendik dauden instalazioen erreformak izan dezake diru-laguntza, erreforma hori auditoretza baten ondorioa denean, hartan instalazioaren errendimendu desegokia agertu ondoren. Kasu horretan, auditoretzaren kostuak ere izan dezake diru-laguntza.

Auditoretzaren ondorioz instalazioak erreformarik behar ez badu, ez da hartarako diru-laguntzarik izanen. Gainera, hasierako instalazioa egin ez zuenak ez, beste instalatzaile batek egin beharko ditu erreforma horiek.

Auditoretzaren gutxieneko edukia:

-Hasierako instalazioaren eskema.

-Hasierako instalazioaren simulazioa eta analisia, kalkulatzeko metodo dinamiko edo orduen araberako baten bidez; arreta berezia eskainiko zaie gainberotzeari eta arazo horiek hasierako instalazioan konpontzeko moduari.

-Atzemandako arazoak eta hartu beharreko konponbideak azaltzen dituen txostena.

-Instalazioaren eskema, hartutako aldaketak zehaztuta.

Baldin eta a) letra honetako instalazioek eguzkiaren erradiazioa jasotzeko 20 m²-tik gorako azalera erabilgarria badute (14 kW-etik gorakoak), nahitaez jarri beharko zaie, zirkuitu primarioan, eguzki sistemak ematen duen energia neurtzeko sistema. Instalazio txikiagoetarako ere gomendatzen da sistema hori jartzea.

b) Eguzki energia fotovoltaikoa, sareari lotu gabea:

Elektrizitatea sortzeko instalazioak, sareari lotu gabeak, metaketarekin edo metaketarik izan gabe, 100 Wp eta 100 kWp arteko eguzki energiaren eremu fotovoltaikoko potentzia dutenak.

c) Eguzki energia fotovoltaikoa, sareari lotua:

c.1) Bizitegi, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen diren eraikin finko eta itxietako estalki edo fatxadetan material sendoez egindako instalazioak, baldintza hauek betetzen badituzte:

-Kanpoan geldituko dira 30.000 eurotik gorako kostua duten instalazioak.

-Lurzatian ezarritako diru-laguntzaren xedeko instalazioaren gehieneko potentzia, hau da, lurzati horretan diren instalazio guztien potentzien batura, ez da 100 kW-etik gorakoa izanen.

-Toki entitateen kasuan, instalazio horiek ez dute diru-laguntzarik izanen.

c.2) Helburu didaktikoko instalazioa.

c.3) Toki erakundeek hiri-altzarietan edo argiterian egindako instalazioak, erakusteko eta kontzientziatzeko helburua dutenak.

c.2) eta c.3) ataletan, eskatzaile bakoitzak ezarritako potentzia 5 kW-ekoa izanen da, gehienez ere, eta didaktikoa izateko edo erakusteko helburua bete dezan, instalazioa ikusteko modukoa izanen da edo jendea sartzeko modukoa.

d) Haize-energia, sareari lotu gabea:

Elektrizitatea sortzeko instalazio eolikoak, 10 kW bitarteko potentziakoak, metaketarekin edo metaketarik izan gabe.

e) Energia eolikoa, sareari lotua:

e.1) Bizitegi, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen diren eraikin finko eta itxietako estalkietan material sendoz egindako instalazio eolikoak, sareari lotuak, edo 30 metro baino hurbilago ezarritako zutoin edo dorreetan kokatuak.

Instalazio horiek, diru-laguntza izateko, sareari lotutako energia fotovoltaikorako (oinarri honen c.1) atalean deskribatua) eskatzen diren gutxieneko baldintza berak bete beharko dituzte.

e.2) Elektrizitatea sortzeko instalazio eolikoak, sare elektrikoari lotutakoak, 5 kW-eko gehieneko potentzia dutenak, toki entitateek egindakoak, erakusteko eta kontzientziatzeko helburuarekin. Erakusteko eginkizuna bete dezan, instalazioa ikusteko modukoa edo jendea sartzeko modukoa izanen da.

f) Biomasa:

Energia termikoa sortzen duten instalazioak, etxean, industrian edo eraikinetan erabiltzeko, biomasa erregai izanik, gutxieneko errendimendua %75ekoa badute. Beroa aire bitartez banatzen duten instalazioek ez dute diru-laguntzarik izanen.

Ekipamendu horiek fabrikatzailearen gomendioei jarraituz instalatu behar dira, eta komeni da sistema egoki batez hornitzea (hiru bideko balbula edo balbula termostatikoa duen ponpa), itzulerako urak gutxienez 50 ºC-ko tenperatura izanen duela bermatzeko. Galdararen eta edozein berokuntza-zirkuitu, ur beroaren biltontzi edo inertzia-biltontziren artean instalatu behar da. Gomendagarria da, halaber, tximiniak tiroa erregulatzeko sistema mekanikoa izatea; galdarako ke irteeraren eta errautsen erregistro estalkiaren artean instalatu behar da, eta ez kebidean.

Hiru instalazio mota daude, diru-laguntzaren xede:

f.1) Galdara automatikoak: %90etik gorako errendimendua izan beharko dute. Galdara automatikoa izateko, gutxienez ere pizteko, elikatzeko, garbitzeko eta errautsa ateratzeko sistemak automatizatuta izan behar dute, baita gutxienez 100 orduko autonomia bermatzen duen erregai biltontzia ere (ez dira sartzen autonomia hori emateko nahikoa ez den erregai biltontzi txiki bat duten berogailuak).

f.2) Erregai mota anitzeko galdarak (hainbat motatako biomasa erabiltzen dutenak), egurra gasifikatzeko galdarak, pellet berogailuak edo aurreko puntuan aipatutako sistema guztiak automatikoak ez dituzten galdarak.

f.3) Berokuntzaren edo ur beroaren sistema hidraulikoari konektaturiko beste instalazio batzuk ("paila" edo beheko suaren gisakoak).

70 kW-etik gorako berotze potentzia duten instalazioetan, sortutako energia termikoa neurtzen duen sistema jarri beharko da nahitaez, eta gomendagarria da instalazio txikietan.

g) Geotermia:

Lurraren barreneko tenperatura aprobetxatuz energia erabilgarria ekoizten duten instalazioak.

30 kW-etik gorako berotze potentzia duten instalazioetan, kontsumitutako energia elektrikoa eta emandako energia termikoa neurtzen dituen sistema jarri beharko da nahitaez, eta gomendagarria da instalazio txikietan.

Gainera, instalazio horietako bero-ponpak 3,75etik gorako COP izan beharko du.

h) Instalazio mistoak, aurreko mota horietako bi edo gehiago dituztenak.

4. oinarria. Abian jartzeko eguna.

Instalazioak 2010eko abuztuaren 1etik 2011ko azaroaren 25era bitarte hasi beharko du funtzionatzen. 8. oinarriaren 1. ataleko h) edo i) letretan zehazten den ziurtagiriaren data hartuko da funtzionamenduan hasteko datatzat.

Gainera, instalazioari dagozkion faktura eta ordainagirien datek ziurtagiri horren dataren aurreko hogeita lau hilabeteetakoak izan beharko dute.

5. oinarria. Diru-laguntza izan dezakeen kostua.

1. Energia ekoizteko behar diren elementuetan egindako inbertsioetarako bakarrik emanen da diru-laguntza. Puntu horretan adostasunik ez bada, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalaren iritzia gailenduko da.

Nolanahi ere, diru-laguntzen xedeko inbertsio eta gastuek 1.500 eurotik gorakoak izan beharko dute (BEZa kanpo). BEZa diru-laguntzaren xede izanen da, salbu eta onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean.

2. Sareari lotuta dauden eta helburu didaktikoak dituzten eguzki energia fotovoltaikoko instalazioen eta toki entitateek egindako eta erakusteko helburua duten instalazio eolikoen kasuan, helburu horretarako osagaiak, bereziki panel didaktikoak, izan daitezke diru-laguntzen xede. Panel horien eduki grafikoan ondoko hau azalduko da, gutxienez ere, instalazio fotovoltaikoen kasuan, eta antzeko edukia instalazio eolikoak badira:

a) Eguzkia, hodeiak eta lurra. Eguzki izpien gaineko datuak, erradiazio maila eta motak, instalazioaren deskripzio grafikoaz eta funtzionamenduaz gain.

b) Panelaren bitartez, irakasle eta ikasleek galderak egin eta erantzunak jasoko dituzte eguzki-energiari eta sareari lotutako instalazioari buruz, funtzionamendu interaktiboa baliatuz.

c) Instalazioaren monitorizazioak datu hauek emanen ditu, gutxienez ere:

-Erradiazioa.

-Tenperatura.

-Istanteko ekoizpena edo egunean metatutako energia.

-Guztira metatutako ekoizpena.

-Saihestutako CO2-aren gaineko datua, kg-tan adierazia, edo zenbat arbola behar diren hura xurgatzeko etab.

3. Sareari lotutako instalazio fotovoltaiko eta eolikoetan, 3. oinarriaren c.1) eta e.1) ataletan zehaztutakoetan, 30.000 eurokoa izanen da instalazioaren gehieneko kostua (BEZa kanpo).

4. Instalazio geotermikoei dagokienez, diruz lagunduko dira bai erauzketa-putzuei eta jariakin primarioa lurraren azpian berriro injektatzeari dagozkien kostuak, bai kolektoreari eta bero-ponpari dagozkienak.

5. Proiektuan, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera, nahitaezkoa bada energia berriztagarrien instalazioa egitea ura berotzeko, eta instalazio hori eraikineko berokuntza eta/edo hozte sistemaren osagarri gisa ere diseinatzen bada, diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostuaren %70 izanen da diruz lagundu daitekeena.

6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, instalazioaren kostuak izan dezakeen diru-laguntzari buruz ondoko taulan ezarritako portzentajea aplikatuko da, ondotik adierazten diren gehieneko kostuak kontuan hartuta:

INSTALAZIO MOTA

DIRU-LAGUNTZA (%)

Eguzki energia termikoa

Integrazio arkitektonikorik gabe

%30

Integrazio arkitektonikoarekin

%40

Auditoretzak lehendik dauden instalazioetan

%50

Eguzki-energia fotovoltaikoa, lotu gabea

%30

Energia eolikoa, lotu gabea

%30

Eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotua

%10

Energia eolikoa, sareari lotua

%30

Biomasa

"Paila" edo beheko suak

%20

Erregai anitzeko galdarak, egurra gasifikatzekoak, berogailu edo galdara erdiautomatikoak

%30

Galdara automatikoak

%40

Geotermia

%20

Instalazio bakoitzeko, kostu hauek dira diru-laguntza izan dezaketen handienak:

INSTALAZIO MOTA

DIRU-LAGUNTZA IZAN DEZAKEEN GEHIENEKO KOSTUA

Biomasa

Gehienez 99 kW-ekoak diren instalazioak (ikus adibidea taularen azpian)

Pelletak:

-Lehen 20 kW-ak: 800 euro/kW

-21 kW-etik 50 kW-era bitarte: 400 euro/kW

-51 kW-etik 99 kW-era bitarte: 200 euro/kW

Ezpalak: %20 gehiago

100 kW-etik aurrerako instalazioak

Pelletak: 500 euro/kW

Ezpalak: 600 euro/kW

1.000.000 euro

Eguzki-energia fotovoltaikoa/eolikoa, sareari lotua

Didaktikarako edo erakustekoak

40.000 euro

Hondarra

30.000 euro

Eguzki energia fotovoltaiko lotu gabea, energia eoliko lotu gabea, eguzki energia termikoa eta geotermia

250.000 euro

Auditoretzak eguzki energia termikoaren instalazioetan

20 m²-tik beherako instalazioak

1.000 euro

20 m²-tik gorako instalazioak

5.000 euro

(*) Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gehieneko kostua kalkulatzeko adibidea. Pellet galdara, 70 kW-ekoa: (20 kW * 800 euro/kW) + (30 kW * 400 euro/kW) + (20 kW * 200 euro/kW).

Aurrekoa gora-behera, diru-laguntzen xede diren instalazioak merkatu prezioa baino prezio altuagoa dutenean, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eskubidea izanen du gehieneko beste kostu batzuk aplikatzeko diru-laguntzetarako.

Instalazio guztietan, diseinuko edo ingeniaritzako lanei dagokien zenbatekoa ez da instalazioaren guztirako kostuaren %10 baino gehiago izanen.

2. IDAEk garatutako programetan (Biomcasa, Geotcasa eta Solcasa) laguntzaile diren enpresek egiten dituzten biomasa termikoko, geotermiako eta eguzki energia termikoko proiektuetan, diru-laguntzaren xede izan daitekeen gehieneko kostua izanen da programa horien oinarrien 11. atalean ezarritako finantzaketa-muga. Proiektu motak 9. atalean finkatuta daude.

3. Toki entitateek egindako instalazioetan ez dira aurreko mugak aplikatuko, sareari lotutako energia fotovoltaiko eta eolikoko instalazioak direnean izan ezik.

7. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Jaiegun ez diren larunbatak egun balioduntzat hartuko dira.

2. Eskabideak lehentasunez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez. Fitxan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta guneak jarriko ditu, zerbitzuen katalogoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak.

Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira eskabideak.

3. Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal den ereduan eginen da eskaera. Eredu horretan adierazten diren agiriak erantsiko dira, eta, bide telematikotik aurkezten badira, eskaneatuta aurkeztuko dira, dokumentu banatan, bakoitzari bere izena jarrita (adibidez, "Aurrekontua").

Gainera, hurrengo kasuetan, honako hau hartuko da kontuan:

a) Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen batzuetan, Eraikuntzaren Kode Teknikoko HE4 eta HE5 oinarrizko agiriak bete beharretik salbuesten diren eremuak ezarri dira. Eguzki instalazio termiko eta fotovoltaikoen kasuan, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera nahitaezkoak diren zehazte aldera, instalazioa dagoen herriko Udaleko idazkariaren ziurtagiria erantsiko da, zeinean adieraziko baita non dagoen instalazioa eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen horietakoren baten eraginpean dagoen.

b) Eskatzailea energia zerbitzuetako enpresa bat bada, enpresa horrek eta instalazioaren erabiltzaileak energia zerbitzuetarako sinatu duten kontratuaren zirriborroa aurkeztu beharko da. Bertan adieraziko da diru-laguntzak zenbat murriztuko liokeen kostua bezeroari.

c) Sistema zentralizatuak dauzkaten jabe erkidegoetan, eskabidea erkidegoaren izenean aurkeztu beharko da, ez auzo bakoitzaren izenean.

3. Diru-laguntzarako eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen edo dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamabost egun balioduneko epean, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Errekerimendu hori eskatzaileari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian argitaratuko da, laguntzen fitxan.

8. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eskabideak ebaluatuko ditu aurreko arauetako irizpideei jarraikiz eta gero, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko irizpide guztiak betetzen dituztela.

2. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen laguntzen fitxan argitaratuko da, eskaera aurkezten denetik gehienez ere 6 hilabeteko epean.

Epe horretan ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea alde batera utzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan.

3. Diru-laguntza hauek banatzeko prozeduran ematen diren ebazpen guztiak interesdunari jakinarazi eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian argitaratuko dira.

9. oinarria. Instalazioa egin dela frogatzea.

1. Diru-laguntza kobratzeko eskubidea lortzearren, onuradunak, ebazpenean adieraziko den epean -inoiz ere ez 2011ko azaroaren 25a baino beranduago- instalazioa egin izana frogatu beharko du dokumentazio hau 6. oinarrian adierazitako tokietan aurkeztuta:

a) Instalazioari edo diruz lagundutako gastuari dagozkion fakturen fotokopiak (fakturak kontzeptuka zehaztuta egonen dira), eta haiek ordaindu izanaren agirienak (banku-agiriak edo ordainagiriak). Fakturak diru-laguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

Instalazioak leasing bidez finantzatzen badira, onuradunak azken kuotaren frogagiria aurkeztu beharko du, errentamendu finantzarioko kontratua bukatu baino lehen.

Jabe erkidegoetan egindako instalazioetan, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa eta gastuen trazabilitatea argitzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatuko da, eta haren lotura diru-laguntzaren xedeko instalazioarekin.

b) Instalazioaren argazkiak eta hura osatzen duten elementuena, formatu digitalean (CD edo DVD), edo posta elektronikoaren helbidearen bidez, kontzesioaren ebazpenean adieraziko baita.

c) Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastua 30.000 eurotik gorakoa bada, instalazioetarako, edo 12.000 eurotik gorakoa, eguzki instalazio termikoen auditoretzetarako, onuradunak aitorpen bat aurkeztu beharko du, hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpideei jarraituz hautatu dela dioena. Aitorpenaren eredua eskura dago Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian, laguntzen fitxan.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

d) Potentzia 5 kW-etik gorakoa duten instalazio termikoen kasuan (eguzkikoak, geotermikoak edo biomasakoak), honako hauek gehituko dira: instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 1eko 424/2009 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera tramitatua. Horren bidez Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (RITE), uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak onetsia, garatzeko arauak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean.

e) Behe tentsioko instalazioen kasuan (fotovoltaikoak eta eolikoak), honako hauek gehituko dira: instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak abuztuaren 21ean eman 181/2003 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, edo horren ordezko arauari jarraituz, tramitatuko dena. Foru agindu horren bidez behe tentsioko instalazioak abian jartzeko tramitazio administratiboan segitu beharreko prozedura ezarri zen.

f) Onuraduna energia zerbitzuen enpresa bat bada, honako hauek gehitu beharko ditu:

-Besteren entitateari saldutako energiaren prezioaren kalkulua, zehaztuta.

-Instalazioak sortutako energia saltzeko prezioen taula, non inbertsioa berreskuratzeko epea jasoko baita, diru-laguntza deskontatu ondoren.

-Instalazioaren erabiltzailearekin sinatutako kontratuaren fotokopia, non argi eta garbi azalduko baitira eskaintzen diren baldintza ekonomikoak.

-2. multzoko batuketa eta saldoen balantzea, goitik behera banatua, inbertsioa agertzen duela.

-Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

g) Biomasako, geotermiako eta eguzki energia termikoko instalazioa IDAEk garatutako programei (Biomcasa, Geocasa eta Solcasa) atxikita badago, honako hauek erantsi beharko dira:

-IDAErekin sinatutako finantzabidearen kontratua.

-Instalazioaren erabiltzailearekin sinatutako kontratuaren fotokopia, non argi eta garbi azalduko baitira eskaintzen diren baldintza ekonomikoak. Gainera, programaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko balioko du.

-2. multzoko batuketa eta saldoen balantzea, goitik behera banatua, inbertsioa agertzen duela.

-Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Horrez gain, Administrazioak diru-laguntza ordain dezan, aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, "Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera" inprimakia (jatorrizkoa). Hori Nafarroako Gobernuaren atarian eskura daiteke, www.navarra.es helbidean, hain zuzen.

10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Interesdunek aurkeztutako egiaztagiriak aztertuko ditu Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Ebazpenean onartutako diru kopuru berbera ordaindu behar bada, ebazpena ez zaio interesdunari ohiko postaz jakinaraziko, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian baizik, laguntzen fitxan argitaratuta.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdi honen 2. oinarrian jasotzen diren salbuespenekin, diru-laguntzaren xedeko instalazioen jabe izatea eta haiek abian mantentzea, gutxienez ere bost urtez, laguntza ematen duen ebazpenetik hasita, leasing kontratuen kasuan izan ezik, orduan epea kontratua bukatzen den egunetik kontatuko baita.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, diru-laguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

b) Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Arauak ez betetzeagatik diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

12. oinarria. Diru-laguntzen "de minimis" izaera.

Onuraduna enpresa bat baldin bada, deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzen barrenean sartuko dira, Europar Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan eta Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz; lehenbiziko erregelamenduan zehazten da nola aplikatu Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei; bigarrena, berriz, nekazaritzaren sektoreko laguntzei buruzkoa da.

Erregelamendu horiekin bat, diru-laguntza horren zenbatekoa, enpresak hiru zergalditan "de minimis" kontzeptuagatik harturikoak baturik, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, edo 7.500 eurokoa Europar Erkidegoa osatu zuen Itunaren I. eranskineko zerrendan ageri diren produktuak ekoizten diharduten enpresentzat.

Horretarako, enpresak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan araubide horretan hartutako laguntzak eskabidean adieraztera.

13. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak ondasun berentzat emandako edozein diru-laguntzarekin.

Zehazki, sareari lotutako instalazio fotovoltaiko eta eolikoetarako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak enpresetan inbertitzeko ematen dituen laguntzekin.

2. Halaber, Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduaren 2.5 artikuluan xedatutakoarekin bat, "de minimis" laguntzak ezin metatu zaizkio diru-laguntzaren xedeko gastu berei dagokien laguntza publiko bati ere, baldin eta metaketa horrek kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batean edo Batzordeak hartutako erabakian ezarritako laguntzaren muga gainditzen badu.

14. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) jarriko dira jendaurrean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, esleitutako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1108699