100. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 16an hartua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak hastea xedatzen duena, 230.000.000 euro gehienez.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak, 64. eta 66. artikuluetan, xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.

Bestalde, 2011rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2010 Foru Legearen 16. artikuluak honako hau ezartzen du:

1. Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko, muga bakarra ezarriz, alegia, 2011ko abenduaren 31ko saldo bizia ez izatea 2011ko urtarrilaren 1ekoa baino 288.600.000 euro handiagoa. Horietarik 45.000.000 euro Nafarroan Abiadura Handiko Trena eraikitzeko egin beharreko lanak finantzatzeko erabiliko dira, Estatuarekin sinatutako hitzarmenaren barnean.

2. Artikulu honen lehen idatz-zatian ezarritako muga gainditzen ahal izanen da hasiera batean aurreikusi gabeko finantza aktiboak eratzearen ondorioz, betiere Europako Kontuen Sistemak ezarritako irizpideak betetzen badira eta urteko zorpetze programan erabakitzen bada; hala beharko du, halaber, Nafarroako Gobernuak eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioak hitzartzen dituzten bestelako zorpetze-eragiketetan ere, Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren baitan eta aurrekontu egonkortasunaren gaineko arauek ezartzen dituzten mugak gainditu gabe.

3. Edonola ere, aurreko bi idatz-zatien ondoriozko muga gainditzen ahalko du 2010eko ekitaldia arte hitzartutako eta erabili gabe geratu den zorpetzearen zenbatekoak.

4. Aurreko idatz-zatietan jasotako zorpetze-eragiketen jaulkipena eta, kasua bada, formalizazioa, eragiketa batean edo batzuetan gauzatzen ahalko dira, eta 2011ko ekitaldia baino geroagorako luzatzen ahalko dira."

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak has daitezen xedatzea, 230.000.000 euro gehienez. Eragiketa horien helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Aurrekontuak Birrorekatzeko 2009-2013 Plan Ekonomiko-finantzarioan dagoen defizit erreala hein batean finantzatzea. Hona zertara bideratuko diren eragiketa horiek:

-Zorpetzea birfinantzatzera: 91.200.000 euro.

-Ekitaldiko zorpetze garbira: 43.600.000 euro.

-Abiadura Handiko Trenaren aurrekontuko inbertsioa aldi baterako finantzatzera: 45.000.000 euro.

-Aurreko ekitaldietan hitzartutako eta erabili gabe geratu diren zorpetzeetarako (horiek 2008ko eta 2009ko defizit errealen zati bati dagozkie): 50.200.000. Zenbateko horrek ez dakar 2011. urterako gasturako ahalmenik.

2. Zenbateko horren barnean, gauzatzen diren baloreen jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

3. Erabaki honetan bildutako finantza-eragiketetarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez, baloreen jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza eragiketen ituntzea zehaztuko dira. Horretarako, ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 16an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1108968