74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Udal ordenantza, Berriobeitiko Udaleko Kontzejuei diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2010eko martxoaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriobeitiko Udaleko Kontzejuei diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituen udal ordenantza. Erabakia 2010eko 40. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 31.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ordenantza, Berriobeitiko Udaleko Kontzejuei diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena

1.-Xedea eta helburua.

Araudi honen xedea da Berriobeitiko Udalak bera osatzen duten 10 kontzejuek sustatutako obrak bulkatzeko ematen dituen laguntzen araubidea ezartzea. Laguntza horiek indarra duen legediak kontzejuei ezarri dizkien eskumenen barneko jarduketetan oinarritzen dira.

Deialditik kanpo egonen dira Kontzejuek beren eskumenen esparrutik kanpo egiten dituzten jarduerak edo obrak.

2.-Finantzaketa.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak aurrekontuan "Kontzejuendako laguntzak, obrak sustatzeko" izena duen kontu-sailaren kontura finantzatuko dira.

3.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza horien onuradunak izaten ahalko dira Berriobeitiko Udala osatzen duten hamar Kontzejuak, proiektatu den obra diruz laguntzen ahal direnen artean sartu beharrez urteko eskabidea behar bezala aurkezten dutenak.

4.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

5.-Egin beharreko obrek bete beharreko baldintzak.

Modalitate guztietan diru-laguntzen xede diren eta eskatzaileek garatuko dituzten obra proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Obra Kontzejuaren eskumenekoa izatea.

b) Hurrengoetan egin beharreko obrak izatea:

-Udaletxeak (eraikuntza, konponketa eta zaharberrikuntza obrak).

-Pilotalekuak (eraikuntza, hobekuntza, konponketa eta estaldura obrak).

-Interes soziokulturaleko ondasunak leheneratzea: harraskak, putzuak eta abar.

-Udaleko eta udalez gaindiko bideen hobekuntza eta konponketa (finka partikularretara sartzeko landa bideak izan ezik).

-Hilerrien eta horietarako sarbideen hobekuntza eta konponketa obrak.

6.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Laguntzak Berriobeitiko Udalak diruz laguntzeko moduko obratzat jo dituenak finantzatzeko baizik ez dira erabiliko.

7.-Eskabideak aurkeztea.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Laguntza eskabideak Berriobeitiko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoan.

7.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Kontzejuko buruak sinatu duen eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezartzen denaren arabera diru-laguntzen onuraduna izateko ezarritako debekuetan ez dagoela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena, entitateko buruak sinatua.

b) Transferentzia bidezko ordainketaren eskabidea, bankuko kontuaren zenbakia adierazita.

c) Obrak exekuzio proiekturik behar ez badu, egin beharreko obra deskribatzeko txostena edo proposamena aurkeztuko da. Obrak proiektu teknikoa behar badu, horren kopia aurkeztuko da.

d) Obraren aurrekontu osoa eta xehakatua.

e) Obraren bidez lortu nahi diren helburuak.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko dira eskabideak eta, haiek osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen bertze agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.

Nolanahi ere, aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bertzenaz, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

8.-Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabideak betebeharrak bete ezean edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskabidea ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio.

9.-Tramitazio eta balorazio organoak.

Informazio Batzorde Iraunkorrak eskabideak baloratu, eta Udalaren osoko bilkurari proposatuko dio laguntzak onesteko.

10.-Balorazio irizpideak.

Balorazioa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren izaera: 40 puntu, gehienez. Egin beharreko proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna kontuan hartuko dira, oinarrien eta helburuen arteko egokitzapena eta koherentzia, eta proposatu diren helburuak beteko direla bermatzeko baliabideen erabilgarritasuna aintzat hartuta.

b) Programaturiko obraren interesa: 40 puntu, gehienez. Xede den jendegunea (balioespen kuantitatiboa eta kualitatiboa) eta udalerrian duen eragina kontuan hartuko dira.

c) Proposatu den obraren berezitasuna: 20 puntu, gehienez.

Proposatu diren obrak balioesteko, 55 puntu lortu beharko dituzte, gutxienez.

11.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Aurrekontuan zenbat diru dagoen, horren araberakoa izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa; hura ondotik ematen diren baremo eta aplikazio irizpideei jarraikiz finkatuko da:

a) Diru-laguntzaren zenbatekoa aurrekontuan adierazitako gastu osoaren %25 izanen da, BEZa kanpo.

b) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du, inolaz ere, bere kabuz edo bertze erakunde edo instituzio batzuetatik -publiko zein pribatu- etorritako diru-laguntza edo laguntzekin batera, egindako obraren aurrekontuaren %80ko kostua gainditu.

12.-Ebazpena.

Eskabideak baloratu ondoan, Informazio Batzordeak ebazteko proposamena eginen dio Udalaren osoko bilkurari hilabeteko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatuta, berak onets dezan.

Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Nolanahi ere, eskabideei buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.

13.-Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza ordaintzeari dagokionez, gastu justifikatutzat joko da diru-laguntzaren xede den obrarako erabiltzen dena, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartean (biak barne) egin eta ordaindu bada.

Diru-laguntza kobratzeko, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Berriobeitiko Udalean, 2010eko abenduaren 15a baino lehen:

a) Egin diren eta diru-laguntzarekin finantzatu diren obrak azaltzeko txosten laburra. Obrak proiektua behar bazuen, obra bukaerako ziurtagiria, aurkeztuko da, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Proiekturik behar ez bazuen, egindako obraren memoria eta horren aurrekontuaren laburpena aurkeztuko dira.

b) Diru-laguntzaren xede den proiekturako bertze laguntza eta diru-sarrera batzuk eskuratu badira, haien aitorpena, zenbatekoak, jatorriak eta diruak diruz lagundutako obretarako nola aplikatu diren adierazita.

c) Obra proiekturik gabe egin bada, aipatzen diren gastuak justifikatzen dituzten fakturen edo antzeko froga balioa duten bertze edozein agiriren jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainagiriak ere. Frogagiriak onetsi ondoan, horiek aurkeztu direnetik 30 eguneko epean ordainduko dira laguntzak.

14.-Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Berriobeitiko Udalaren ekarpenarekin batera helburu bera duten bertze diru-laguntza batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo bertze administrazio publiko batzuenak, bertze entitate pribatu edo publiko batzuenak edo pertsona partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide bereki batzuekin batuta, aurrekontuan adierazi eta egin den obraren kostuaren %80 baino handiagoa. Izan ere, kasu horretan deialdi honi dagokion laguntza murriztuko da.

15.-Onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematea oinarritzen duten obrak egitea, oinarri arauemaileen arabera.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Berriobeitiko Udalari.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan azaltzen diren kasu eta baldintzetan, laguntza osoa edo zati bat itzultzea.

d) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Diruz laguntzen ahal den gastua 15.000 eurokoa baino handiagoa bada, Kontzejuak frogatu beharko du kontratista eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Kontratazioak irizpide horiek betetzen dituela ulertuko da, kontratistak hautatzeko prozedurak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren baldintzak betetzen baditu.

16.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari lotuko zaio.

17.-Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarriotan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatua eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.

18.-Indarra hartzea.

Araudi honek behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Berriobeitin, 2010eko maiatzaren 19an.-Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

Iragarkiaren kodea: L1008879