74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

820/2010 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzuari agintzen diona Nafarroa inf012 telefono bidezko arreta zerbitzuaren kudeaketa.

I.-Gertakariak.

Lehendabizikoa.-Ikusita Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak baimena eman duela Nafarroa Inf012 telefono bidezko arreta zerbitzuaren kudeaketa agintzeko. Agindua Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak eman du.

Bigarrena.-Ikusita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak horren gaineko baimena eman duela.

Hirugarrena.-Ikusita txosten teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa.

II.-Zuzenbideko oinarriak.

Lehena. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuek egin ditzatela agintzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Foru Komunitateko Administrazioari atxikitako erakunde publikoek ere agindu bera ematen ahal dute.

Bigarrena. Bestetik, aipatu 39. artikuluaren hirugarren idatz-zatiak dioenez, kudeatzeko agindua departamentu berekoa ez den administrazio-organo bati emateko, bi kontseilarien baimena beharko da.

Hirugarrena. 39. artikuluaren bosgarren idatz-zatian esaten da kudeatzeko agindua ematen duen baimenean aginduaren araubide juridikoa adieraziko dela eta zehazki aipatuko direla xedeko jarduerak, iraupena, agindutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, azkenik, eginkizunak bere gain hartzen dituen entitatearen edo organoaren eginbeharrak eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak. Hori guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da eraginkorra izan dadin.

Laugarrena. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak eskumena du familiaren, adingabeen babesaren eta kontsumoaren arloan, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroa inf012 telefono bidezko arreta zerbitzuaren kudeaketa agintzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzuari.

2. Hauek dira Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzuak bete beharreko eremu, prestazio eta baldintzak:

a) Intraneteko kontsulta moduluaren mantentze-lanez arduratzea eta hura teknikarientzako baliabide gisa erabiltzea.

b) Informa informazioko datu basearen mantentze-lana eta berariazko dokumentazioa Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiarentzat.

c) Call center zerbitzua (deiak hartzea, eskaerak prozesatzea, abisuak, kexak, iradokizunak), 10.000 dei arte. Terminalaren edo telefono deiak banatzeko zerbitzua horren barrenean dago. 48 ordu lehenago, hasierako eragiketaren berri eman beharko zaie 012 zerbitzu zentraletakoei.

d) Adierazleen taula eskaintzea hiru hilean behin.

e) Kanpainetan parte hartzea (izen-emateak, inkestak etab.) (gehieneko bolumena, aurreko puntuan sartua)

f) Irteerako deiak kudeatzea (ahotsez eginak eta sms-ak),1.500 gehienez ere, erabilera estandarrean.

g) 2 iragarki berariazko, prentsan.

h) 2 prestakuntza ekintza.

3. Kudeatzeko agindu honek 2010eko abenduaren 31 arte izanen du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.

4. 6.300 euro jartzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren esku -kontabilitate zentroa (000)-, 2010eko gastuen aurrekontuko "012 Telefono Zerbitzua" izeneko 950000 92000 2279 231500 kontu-sailaren kargura.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzura, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratiboaren Atalera eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia, Loren Albéniz Ascorbe.

Iragarkiaren kodea: F1008489