74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

315/2010 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, proiektua legeztatu eta Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Leitzako 4. poligonoko 656. lurzatian dagoen finka hobetzeko. Sustatzailea Construcciones y Obras Pagocelay, S.L.U. da.

2010eko otsailaren 11n baimena eskatu zen, hurbileko urbanizazio bateko obren ondoriozko lur soberakinak (2.512,50 m³) gordetzeko (Leitzako 4. poligonoko 656. lurzatiko obrak). Lurzati hori larreetarako da eta hegoaldean Gorriztaran erreka du muga.

Jarduketaren ezaugarriak ikusirik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C O) eranskinean dago sartuta. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Aipatu den abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 107. artikulua aplikatuz, bidezkoa da jardueraren legeztapena aginduko duen ebazpena eta Ingurumen ukipenetarako baimena ematea.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientea osaturik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Proiektua legeztatu eta Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Leitzako 4. poligonoko 656. lurzatian dagoen finka hobetzeko. Sustatzailea Construcciones y Obras Pagocelay, S.L.U. da.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Betegarriaren maldatik okupazioaren mugetan dauden alorretaranzko iragaiteak leuna izan beharko du eta etenik gabea maldetan; betegarria profilatuko da eta okupazioan neurria ez gainditzen ahalegindu beharko da.

-Hego-mendebaldeko errekaren ondoko landaredia zaindu beharko da; alde hartarantz betegarririk gabeko zerrenda bat utzi beharko da, gutxienez ere 5 metroko zabalerakoa, eta betegarriak zeron bukatu beharko du alde hartarantz, malda leun, jarraitu eta landu daitekeen batean.

-Lur biltegia profilatu ondoren, landare lurra zabalduko da azaleran, nekazaritzako erabilera lehengoratzeko egokia den lodiera emanez, eta malda egokitu eginen da drainatzea egiteko.

-Belar hazien nahasketa batekin ereinen da eremu hori.

-Lur biltegia ustiatu eta lehengoratzeko epea 2010eko ekainean bukatuko da.

3. Proiektua legeztatzeko, ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, kontuan izanik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoa.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Leitzako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 12an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1008962