74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

289/2010 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Altsasuko mendebaldeko hondakin urak Altsasu-Urdiaingo HUArekin lotzeko proiektua" egiteko. Proiektua NILSA-Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A.k sustatu du.

2010eko otsailaren 4an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren helburua Geltokiko auzoko eta Altsasuko mendebaldean dagoen auzoberriko isurkiak jasotzea da, Altsasuko saneamendu-sare orokorrean sartzeko eta Altsasu-Urdiango araztegira eramateko. Isurki horiek, gaur egun, Altzania ibaira joaten dira zuzenean.

Jarduketa hauek egin nahi dira:

-Grabitate bidezko hondakin uren hustubidea.

-Inpultsio bidezko kolektore bat.

-Ur horniduraren hodia.

Kolektoreak Altsasuko herrigunearen mendebaldean du abiapuntua, Altzania ibaiaren eskuineko bazterrean, ibaiaren gaineko autobidearen pasabidetik 38 metro ibaian gora. Hortik, kolektorea ibaiaren ibilguraino jaitsiko da eta ibaia gurutzatuko du ezkerreko bazterreko oinarriraino, eta ibilgutik segituko du 100+000 k.p.raino. Hor Donostia-Gasteiz autobidearen azpitik igaroko da, ezkerreko bazterrean ibaia mugatzen duen hesiaren zapataren gainetik.

100+000 k.p.tik 209+039 k.p.raino hodi igorlea Altzania ibaiaren ezkerreko bazterretik joanen da, baratze batzuk zeharkatuz. Gero, bitan gurutzatzen du Altsasu-Gasteiz trenbidea, bigarrenean hodiak sartuz. Gero, larre batzuetan sartzen da Itsasiako industrialdeko ponpaketara iritsi arte, 532+055 k.p.an.

Proiektuaren eta jarduketa eremuaren ezaugarriak direla eta, ondorioztatu da proiektuaren exekuzioak eta abian jartzeak ez duela ingurumen ukipen nabarmenik eragingo, betiere ingurumen ukipenen azterlanean eta ebazpen honetan berean proposatzen diren neurriak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Altsasuko mendebaldeko hondakin urak Altsasu-Urdiaingo HUArekin lotzeko proiektua" egiteko. Proiektua NILSA-Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A.k sustatu du.

2. Baimena ematearekin ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

-0+000 k.p.tik 100+000 k.p.ra hodi igorlea ibilgutik eramanen da, proiektuan adierazten den bezala, ibaia luzera gurutzatuz, eta ez zeharka, azpiegiturek ibilguak gurutzatzen dituztenean eskatu ohi den bezala. Helburua da ezkerreko bazterrean dagoen haltzadia modu onargarrian babestea, izan ere, Altzania ibaian agertzen den ibai-bazterreko formazio natural bakanetako bat da proiektuaren eragin eremuaren barrenean (Altsasuko baratze aldea), hain handia baita gizakiaren eragina bertan.

-Hodi igorleak Altzania ibaiaren bazterrak uki ditzakeen bi puntuetan okupazio-zerrenda balizen bidez mugatuko da. Zerrenda hori 7 metro zabal izanen da gehienez. Zerrendaren ondoko bazterreko landaredia behar bezala babestuko da, eta lanak oztopatzen dituzten adarrak inausiko dira, beharrezkoa baldin bada.

-Ibilgua ukitzen duten obrak 30 eguneko epean eginen dira, gehienez, uztailetik irailera bitarte. Obrak bukatu eta gero, ibaiaren ohea berriz eginen da, lehendik kendu eta behar bezala pilatutako errekarriekin.

-Proiektuan jasotzen den bezala, zanga ireki aurretik, landare-lurraren geruza kenduko da (gutxienez 30 cm) eta lurra modu egokian bilduko da, gero lursaila lehengoratzeko lanetan erabiltzeko. Horrez gain, ukitutako pareta eta hesi guztiak lehengoratuko dira, bai eta finketan ukitutako hustubideak eta drainatzeak.

-Sobran gelditzen den lurra eta zoladurak desegitetik sortutako hondakinak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Obretan sortutako isurkinak eta hondakinak zehatz-mehatz kontrolatuko dira.

-Proiektuan proposatutako landareztatze-neurriez gainera (S. atrocinerea landatzea eta ereitea), sahats adar-aldaxkak ere sartuko dira, eremuan dauden espezieetakoak eta bertan bilduak, urtarrilean eta otsailean, eta landaketen mantentze-lanak eginen dira, landareak erabat sendotu arte.

-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Altsasuko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 29an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1008104