74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

188/2010 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, logistikaren eta salgaien garraioaren sektoreko enpresentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2010ean haien lehia jarrerari buruzko banakako azterketak egin ditzaten.

Nafarroako Logistikaren eta Salgaien Garraioaren Klusterreko Management Foroak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak abiarazi zuenak, zenbait ekimen proposatu ditu, hala nola Nafarroako Foru Komunitateko logistikaren eta salgaien garraioaren sektoreko enpresen lehia jarrerari buruzko banakako azterketak egitea.

Garraio Zuzendaritza Nagusiak egoki deritzo banakako azterketa horiek egiteari; izan ere, horiei esker, batetik, sektoreko enpresen lehia eta kudeaketa egoera ezagutu eta horren araberako banakako hobekuntza planak ezartzen ahalko dira enpresotan, eta bestetik, sektorearen egoera orokorra ezagutu ahal izanen da.

Horregatik, hots, lehia jarrerari buruzko banakako azterketak egitea sustatzeko onetsi da logistikaren eta salgaien garraioaren sektoreko enpresei 2010ean haien lehia jarrerari buruzko banakako azterketak egiteko diru-laguntzak emateko deialdi hau.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez, Garraio Zuzendaritza Nagusiari baimena eman zitzaion diru-laguntza hauek emateko banakako ebaluazioaren araubidean.

Horrenbestez, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 28. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Logistikaren eta salgaien garraioaren sektoreko enpresei 2010ean haien lehia jarrerari buruzko banakako azterketak egiteko diru-laguntzak emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarriei jarraikiz.

2. 25.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Klusterraren proiektuetarako laguntzak" izeneko 62110 630000 7709 441100 kontu-sailaren kargura (RCSA 2607).

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen kontu-hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 7an.-Garraioetako zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da logistikaren eta salgaien garraioaren sektoreko enpresentzako diru-laguntzak emateko deialdia ezartzea, banakako ebaluazioaren araubidean, haien oinarrizko kudeaketa sistemekin eta plangintza estrategikoarekin lotutako lehia jarrerari buruzko banakako azterketak egin ditzaten.

2. oinarria. Onuradunak.

2.1. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte jarraian ageri diren baldintzak betetzen dituzten logistikaren edo salgaien garraioaren sektoreko enpresa edo langile autonomo guztiek:

a) Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

b) Proiektua Garraio Zuzendaritza Nagusiak homologatutako ahokulari baten bidez egitea.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira homologazioa lortzeko beharrezko argibideak, bai eta kontsultoretza homologatuen zerrenda ere.

c) Enpresakide bat izendatzea proiektuko arduradun.

2.2. Ezin izanen dituzte diru-laguntza hauek jaso Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako debekuren bat duten eskatzaileek.

3. oinarria. Diruz lagun daitezkeen gastuak eta burutzeko epea.

3.1. Diru-laguntza emanen da enpresaren oinarrizko kudeaketa sistemekin eta plangintza estrategikoarekin lotutako lehia jarrerari buruzko banakako azterketak kontsultoretza homologatu bidez egiteko eta banakako ekintza plan bat egiteko.

Banakako azterketak honako azterketa alor hauek izan beharko ditu kontuan: bezeroarekiko ikuspegia, estrategia, baliabideen kudeaketa, berrikuntza eta hobekuntza, pertsonak, prozesuak eta gizarte erantzukizuna.

Banakako ekintza planak urtebeteko epemuga izanen du.

3.2. Diru-laguntzen xede diren proiektuak 2010eko ekainaren 1etik azaroaren 12ra bitartean egin beharko dira.

3.3. Ez dira diruz lagunduko enpresa onuradunen plantillako langileen nominak.

4. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

4.1. Diru-laguntzetarako zenbateko osoa 25.000 eurokoa izanen da eta 2010eko gastuen aurrekontuko "Klusterraren proiektuetarako laguntzak" izeneko 62110 630000 7709 441100 kontu-sailaren kargura finantzatuko da.

4.2. Proiektuaren kostuaren %85 (BEZik gabe), eta gehienez ere 640 euro, emanen zaie 2009an 1,5 milioi eurotik beheiti fakturatu eta plantillan 15 langile baino gutxiago duten enpresei.

Proiektuaren kostuaren %80 (BEZik gabe), eta gehienez ere 800 euro, emanen zaie 2009an 1,5 milioi euro edo hortik goiti fakturatu eta plantillan 15 langile edo gehiago duten enpresei, bai eta aurreko lerroaldean adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten enpresei ere.

4.3. Enpresa bakoitzak proiektu bat aurkezten ahalko du gehienez.

5. oinarria. Eskabideak eta agiriak.

5.1. Eskabideak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erregistroan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3-behea, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren iragarkian (2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 18koa) ageri diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskabideei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data, tokia eta minutua adieraz daitezen. Datu horiek eskabidea igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

5.2. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko lanegun baliodunean hasi eta 2010eko azaroaren 30ean bukatuko da.

5.3. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak horretarako espreski diseinatutako ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuan dago eskuragai, eta/edo Interneteko helbide honetan: www.cfnavarra.es. Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, bai eta enpresaren IFK ere, merkataritzako pertsona juridikoak badira.

b) NANa edo AIZa pertsona fisikoa bada.

c) Jarduera ekonomikoen zergaren azken ordainagiriaren kopia edo, ordainagiririk igorri ez bazaio, aipatutako zergaren erregistroan alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

d) Erantzukizuneko aitorpena, zeinak adieraziko baitu eskatzaileak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela eta Garraio Zuzendaritza Nagusiari datu horiek kontsultatzeko baimena ematen diola.

e) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzailea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak onuradun izateko ezartzen dituen debekuren batean ez dagoela azaltzen duena.

f) Proiektua egiteko aukeratutako kontsultoretza homologatuaren izena.

g) Proiektuaren pertsona arduradunaren izendapena.

h) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak behar bezala sinatua, non adieraziko baitira enpresak 2009. urtean fakturatutako zenbatekoa eta 2010eko martxoan plantillan zituen langileen kopurua.

5.4. Eskaerak deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

6. oinarria. Instrukzioa.

Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak instruituko du emakida prozedura eta ofizioz eginen ditu ebazpen proposamena egiteko beharrezko datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen jarduketak oro.

Eskaerak sarrera egunaren hurrenkera zorrotzari jarraikiz tramitatuko dira. Behin aurkeztutako agiri guztiak egiaztatuta, instrukzio organoak behar bezala arrazoitutako ebazpen proposamena emanen du, eta organo eskudunari, hots, Garraioetako Zuzendaritza Nagusiari, igorriko zaio, ebazpena eman dezan.

7. oinarria. Ebazpena.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 2 hilabetekoa izanen da. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskatzaileak eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko du.

8. oinarria. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

8.1. Emandako diru-laguntza ordainduko da ebazpena eman eta diru-laguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Horretarako, onuradunek 2010eko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte fakturak eta benetan egindako gastuaren frogagiriak.

8.2. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostua diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, edo gastua frogatzeko agirien bidez egiaztatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion murriztapen proportzionala ezarriko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

8.3. Gastuak eta ordainketak deialdi honetan ezarritako epean eta moduan justifikatzen ez badira, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

9. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

10. oinarria. De minimis araubidea.

Deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis laguntzak" dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako de minimis laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepideko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, hiru zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean. De minimis laguntzen baturak, diru-laguntza hau barne, gehieneko mugak gainditzen baditu, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga horiek ez gainditzeko.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xedea bete, eta diruz lagundutako proiektua aurrera eramatea.

b) Garraio Zuzendaritza Nagusiaren aurrean frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta diruz lagundutako proiektua egin eta diru-laguntzaren xedea bete dutela ere.

c) Garraio Zuzendaritza Nagusiak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrolerako jarduketak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Garraio Zuzendaritza Nagusiari.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

f) Idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuaren hasierako edukiaren edo baldintzen gaineko edozein aldaketa; izan ere, Garraio Zuzendaritza Nagusiak espreski onetsi behar ditu aldaketa guztiak.

g) Idatzizko eta ahozko publizitatea eta zabalkundea egiten bada, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Garraio Zuzendaritza Nagusiaren parte-hartzearen berri emanen da.

12. oinarria. Ordaindutakoa itzuli beharra.

Jasotako diru-laguntza itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Garraio Zuzendaritza Nagusiak www.cfnavarra.es web orrian emanen du eman diren diru-laguntzen berri, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

16. oinarria. Ordezko araudia.

Oinarri hauetan ezarri gabeko orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1010063