74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Sanferminetan lehergailuen zirkulazioa murriztea

Sanferminak direla eta, eta Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 14. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, hauxe

ERABAKI DUT:

Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 23.3. artikuluak emandako eskumenak baliatu ditut eta ondokoetan xedatutakoa bete dut: Herritarren Segurtasunari buruzko 1/1992 Lege Organikoaren 1 eta 14. artikuluak, Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra onetsi zuen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren 39. artikulua, eta Lehergailuen Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 16ko 230/1998 Errege Dekretuaren 2. artikulua.

Horrenbestez, eta segurtasun-arrazoiak direla medio, uztailaren 6 eta 14 bitartean murriztu eginen da lehergailuen zirkulazioa eta kontsumoa Sakanan eta Iruñerrian.

Salbuespenez, alde horietan dagoen obra garrantzitsuren batean nahitaezkoa bada lehergailuak kontsumitzea eta garraiatzea, bidezko eskaera egin ostean horretarako baimena eman ahal izanen da. Leherketak, dena den, eguneko lehen orduetan egin behar dira.

Erabaki honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu daiteke, hilabeteko epean, Barne ministroari zuzendua; horrela xedatu da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuta).

Iruñean, 2010eko ekainaren 4an.-Gobernuaren ordezkaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: E1010051