74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRA

JUS/1294/2010 Agindua, maiatzaren 5ekoa,
Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautapen prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak ezartzen dituena

Uztailaren 28ko JUS/2544/2006 Aginduak oinarri orokorrak ezarri zituen Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidego eta eskaletan sartzeko hautapen prozesuak arautzeko.

Geroztik agindu horri eragiten dioten arau aldaketak egin dira. Hala ere, kontuan izanik oinarri orokorrak ezartzea hautapen prozesu homogeneoak lortzeko bidea eta prozesu horien argitasunerako laguntza eraginkorra dela, beharrezkotzat jotzen da oinarriak eguneratu eta egokitzea 2010eko lan publikoaren eskaintzari dagozkion deialdiak argitaratu baino lehen.

Oinarri hauetan arau orokorrak jaso dira, deusetan galarazi gabe deialdi bakoitzerako arau berariazkoak, horiek beren oinarrietan arautuko baitira.

Hori horrela, agindu hau ematen da, arau orokorrak biltzen dituena Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidego eta eskaletan sartzeko hautapen prozesuetan aplika daitezen, deusetan galarazi gabe haietako bakoitzerako oinarri berariazkoak argitaratu behar izatea Estatuko Aldizkari Ofizialean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak aurretik txostena emanda, lan publikoaren eskaintza bakoitzari buruzko errege dekretuak ezartzen dituen epe eta baldintzetan.

Horrenbestez, xedatzen dut:

Lehena.-Xedea eta aplikatu beharreko araudia.

1. Agindu honen xedea da oinarri orokorrak ezartzea Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren VI. liburuan aipatzen diren Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautapen prozesuak arautzeko, deusetan galarazi gabe deialdi bakoitzaren oinarri berariazkoak.

2. Lan publikoaren eskaintzak direla-eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetan sartzeko hautapen prozesuetarako deialdiak egiten direnean, ondoko arauak aplikatuko zaizkie: kasuan kasuko lan publikoaren eskaintza onesten duen errege dekretua; oinarri orokor hauek; deialdian bertan xedatutakoa; eta gainera, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoa, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena; abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretua, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko Erregelamendua onesten duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatua; eta gaiari buruz indarra duten gainerako arauak.

Modu osagarrian, oinarri hauetan eta berariazko deialdian ezartzen ez den guztirako, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legean eta funtzio publikoari buruzko Estatuko gainerako arauetan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Tratu berdintasunaren printzipioa.

Deialdietan kontuan hartuko da, lan publikoa eskuratzeari dagokionez, emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasunaren printzipioa, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluarekin eta martxoaren 22ko 3/2007 Legearekin bat etorriz eta Ministroen Kontseiluak 2005eko martxoaren 4an hartutako erabakia betetzeko, horren bidez Estatuko Administrazio Orokorreko Genero Berdintasunerako Plana onetsi baitzen.

Hirugarrena.-Lanpostuen deskripzioa.

Lanpostuen deskripzioa prozesu bakoitzaren oinarri berariazkoetan eginen da, lan publikoaren eskaintzari buruzko errege dekretu bakoitzean ezartzen den moduan.

Baliabideak eskualdatu zaizkion autonomia erkidego baten lurraldean dauden lanpostuak autonomia erkidego horren lurralde eremurako eskainiko dira, baina hark berariaz uko egiten badie, besteekin elkartuko dira.

Lurralde eremu baterako eskainitako lanpostuetatik baten bat bete gabe geratzen bada, ezin izanen zaie beste lurralde eremu batekoei metatu.

Lurralde eremu bakoitzean eskainitako lanpostuetatik, barne igoeraren bidez betetzeko gorde beharko dira lan publikoaren eskaintzan kidego bakoitzari esleitutako lanpostu hutsen %50. Barne igoeraren bidez betetzen ez diren lanpostuak txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie.

Laugarrena.-Hautapen prozesuak.

Hautapen prozesuak oposizioaren bidez edo oposizio-lehiaketaren bidez egin ahalko dira. Barne igoerak beti eginen dira oposizio-lehiaketaren bidez.

Bi sistemek izanen dute oposizioaldia, kanporatzeko eta lehenbiziko fasea izanen dena. Deialdi bakoitzaren I. eranskinean zehaztuko dira fase horretako balorazioak, ariketak eta puntuazioak.

Hautapen prozesuetan oposizioaldia edo oposizio-lehiaketa gainditu ondoren, hautapen ikastaro teoriko eta praktikoa, edo praktikaldia, eginen da. Horren modalitatea, edukia, iraupena eta kalifikatzeko sistema kasuan kasuko deialdian zehaztuko dira.

Ikastaroak edo praktikaldiak dirauen artean izangaiak praktiketako funtzionarioak izanen dira.

Hautapen ikastaroa edo praktikaldia Justizia Ministerioaren edo autonomia erkidegoen mendeko zentro, institutu edo prestakuntza zerbitzuetan egin ahalko da, edo Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko Erregelamenduaren 39. artikuluan adierazitako lanlekuetan, izangaiak parte hartu duen lurralde eremu berean, betiere.

Ezinbesteko kasuetan hautapen ikastaroa edo praktikaldia egin edo amaitzerik ez dutenek praktiketako funtzionario izateari utziko diote, baina hurrengo ikastaroan berriro izendatu ahalko dituzte praktiketako funtzionario, eta oposizioan edo oposizio-lehiaketan lortu zuten puntuazioari eutsiko diote.

Bosgarrena.-Programak.

Oposizioaldiko proben programak, bai txanda irekian bai barne igoerakoan, Langileak Hautatzeko Batzordeak egin eta onetsiko ditu, eta Justizia Ministerioak deialdiaren aurretik argitaratuko duen aginduan azalduko dira. Deialdi bakoitzean adieraziko da noiz argitaratu den agindu hori Estatuko Aldizkari Ofizialean. Barne igoerako oposizioaldiko programak beti izanen dira txanda irekian eskatzen direnak baino gutxiago eta/edo laburragoak.

Seigarrena.-Egutegia.

Hautapen probak egiteko egutegia deialdi bakoitzean ezarriko da. Oposizioaldia beti amaitu behar da lan publikoaren eskaintzaren urtea bukatu baino lehen, salbu eta Justizia Ministerioak onartutako arrazoi objektiboengatik epea luzatzen denean.

Zazpigarrena.-Hautagaien betekizunak.

1. Hautapen prozesuan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta karrerako funtzionario gisa lanpostuaz jabetu arte, deialdi bakoitzeko baldintzez gainera, parte hartzeko baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

1.1. Nazionalitatea: Espainiako nazionalitatea izatea.

1.2. Adina: Hemezortzi urte izatea gutxienez, eta nahitaezko erretiroko adina ez izatea.

1.3. Titulazioa: deialdi bakoitzaren oinarri berariazkoen arabera, kasuan kasuko kidegoan sartzeko eskatzen den titulua izatea edo eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei (89/48/EEK Zuzentaraua).

1.4. Gaitasuna: kasuan kasuko kidegoko lanetan aritzeko gaitasun funtzionala izatea.

1.5. Gaikuntza:

a) Dolozko delitu batengatik inoiz kondenatu gabea izatea 3 urte baino gehiagoz askatasunaz gabetzeko zigorrera, edo bestela birgaituta edo zigor aurrekariak ezereztuta egotea.

b) Diziplina espedientearen bidez administrazio publikoen zerbitzutik bereizia ez izana, ezta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere, edo, hori gertatu bada, behar bezala birgaitua egotea; eta hautapen probak zein kidegotarako diren, hartako kide ez izatea.

2. Barne igoerako probetan parte hartzeko, funtzionarioek kasuan kasuko kidego edo espezialitatean sartzeko eskatzen den ikasketa titulua izan behar dute, eta horren azpiko hurrengo titulazioa dagokion kidegoan bi urteko antzinatasuna izan behar dute, gutxienez, karrerako funtzionario gisa, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean; eta kidegoan sartzeko ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte egun berean, eta lanpostuaren jabetza hartzeko egunera arte eutsi behar diete.

Zortzigarrena.-Desgaitasuna duten pertsonen sarrera.

1. Lan publikoaren eskaintzari dagozkion hautapen probetarako deialdietan, eskainitako lanpostu huts guztien %5 gorde behar dira gutxienez ere, %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat.

%33tik goitiko elbarritasuna duten pertsonatzat joko dira, abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, abenduaren 2ko 51/2003 Legearen ondorioetarako, ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik duten Gizarte Segurantzako pentsiodunak, eta ezintasun iraunkorragatiko edo desgaitasunagatiko erretiro pentsioa aitorturik duten klase pasiboetako pentsiodunak.

2. Desgaitasuna dutenentzat gordetako lanpostu horietako bat nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean.

3. Desgaitasuna duten izangaiek, desgaitasuna dutenentzat gordetako lanpostuetarako aurkeztu zein ez, eskabide ofizialean eskatu ahal izanen dute denboraren eta baliabideen aldetik zentzuzko egokitzapenak egin daitezela hautapen prozesuko probetan, berdintasunez parte hartu ahal izateko.

Eskabidearekin batera irizpen tekniko fakultatiboa aurkeztu beharko dute, desgaitasun maila kalifikatzen duen organo teknikoak egina. Agiri horren bidez frogatu behar dituzte aitortutako elbarritasun maila ekarri duten urritasun iraunkorrak, hautapen organoak erabaki ahal izan dezan eskatutako egokitzapena bidezkoa den ala ez.

4. Desgaitasunak dituzten pertsonentzako erreserba kuporako aurkezturiko izangairen bat, ariketak gainditu bai, baina lanposturik lortu ezik, sistema orokorreko (txanda irekia edo barne igoera) izangaiek baino puntu gehiago lortuz gero, sarrerako sistema orokorrean sartuko da, puntuen hurrenkerari jarraikiz.

5. Desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak bete gabe geldituz gero, ez zaizkie gehituko sarrerako txanda arruntei, barne igoerako deialdietan izan ezik.

Bederatzigarrena.-Eskabideak.

1. Hautapen prozesuetan parte hartu nahi dutenek Justizia Administrazioko hautaprobetan onartua izateko eta azterketa egiteko eskubidearen tasak likidatzeko eskabidearen eredu ofiziala (790 eredua) bete beharko dute. Inprimaki hori autokopiakoa da eta goialdean "Justizia Ministerioa, Justizia Administrazioko hautaprobetan onartua izateko eskaera eta azterketa tasaren likidazioa" izenburua du. Eredua gaztelaniaz eta autonomia erkidegoetako beste hizkuntza ofizialetan eskuratzen ahalko da. Eredu hori Justizia Ministerioaren www.Mjusticia.es web gunetik eta lanpostuak eskaintzen dituzten autonomia erkidegoen web guneetatik jaitsi ahal izanen da. Halaber, eredua dohainik banatuko da Justizia Ministerioan, justizia auzitegi nagusietan, entzutegi probintzialetan, Justizia Ministerioaren lurraldeetako gerentzietan, lanpostuak eskaintzen dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunetan, Lehendakaritza Ministerioko Informazio Administratiborako Zentroan eta Gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzetan.

2. Eskaera, dagokion tasa pagatu eta gero, hemen ere aurkezten ahalko da:

a) Justizia Ministerioko Erregistro Orokorrean (Jacinto Benavente, 3, 28071 Madril).

b) Deialdian hala adieraziz gero, interesdunek Justizia Ministerioko Erregistro Telematikoan ere aurkeztu ahalko dituzte eskabideak, deialdiari buruzko aginduan emanen den Interneteko helbidearen bitartez.

Eskabidea horrela aurkezten dutenek bide telematikotik ordaindu beharko dute azterketa egiteko eskubideen tasa, web gunean dauden jarraibideei kasu eginez.

c) Halaber, eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organo edo bulegoetako erregistroetan aurkeztu ahalko dira.

Tasa-salbuespena eskatu eta, oinarri honetako 4. puntuaren arabera, parte hartzeko eskabidearekin batera agiri gehiago aurkeztu behar dituzten oposiziogileek ezin izanen dute erabili bide telematikoa. Administrazioko erregistroetara edo posta bulegoetara joan beharko dute eskabidea aurkeztera, behar diren agiriekin batera.

Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azal irekian aurkeztuko dira, posta funtzionarioak data eta zigilua jar ditzan, gutuna ziurtatu baino lehen.

Atzerrian egindako eskabideak Espainiaren ordezkaritza diplomatiko edo kontsularren bidez bidali ahalko dira, bederatzigarren oinarri honen 5. puntuan zehazten den moduan.

Eskabideak Justiziako estatu idazkariari zuzenduko zaizkio.

3. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Eskabidea betetzeko jarraibideak emanen dira eskabidearen atzealdean eta deialdi bakoitzaren eranskin batean.

Lanpostuak lurralde eremuka eskaintzen direnean, izangaiek deialdiko lurralde eremuetako bakar batean parte hartu ahalko dute, eta hautapen prozesua gaindituz gero, lurralde eremu horretako lanpostu hutsetako bat hartu beharko dute nahitaez.

Tasen salbuespenerako eta murrizketarako eskubidea duten izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte hautapen probetan parte hartzeko eskabidearekin batera:

-Lan-eskatzaile gisa agertu, eta tasa ordaindu beharretik salbuetsi nahi duten izangaiek:

Hamargarren oinarri honetako 6.b puntuan aipatzen diren zinpeko aitorpena eta ziurtagiria.

-Gutxienez %33ko desgaitasuna duten izangaiek eta abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuko pentsiodunek:

Oinarri honetako 6.a) puntuan aipatzen den desgaitasunaren ziurtagiria.

Aurrekoaz gain denboraren edota baliabideen egokitzapena eskatzen badute hautapen probak egiteko, hautapen ikastaro teoriko-praktikoa barne: egokitzapenaren bidezkotasunari buruzko irizpen tekniko fakultatiboa, desgaitasun maila zehazteko irizpena eman zuen balorazio organo teknikoak egina.

-Familia ugarietako kideek, oinarri honetako 6.c) puntuan aipatzen den titulua, eguneraturik.

Gainerako izangaiek, hautapen prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezteko garaian, ez dute inolako agiririk erantsi behar, ez parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko, ez lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduak frogatzeko.

5. Azterketa egiteko eskubideen tasa deialdi bakoitzean ezarriko da.

Tasaren likidazioa bide telematikotik egin ahalko da, deialdian hala aurreikusiz gero. Deialdian adieraziko da nola ordaindu.

Paperezko eskabidea aurkeztu nahi bada, azterketa-eskubideak ordaintzeko, zerga bilketan laguntzen duen edozein banku, aurrezki kutxa edo kreditu kooperatibatara jo, eta eskabidea aurkeztu behar da, behar bezala beteta. Eskabidean azterketa-eskubideak ordaindu izana ageri beharko da, edo diru-sarrera jaso duen erakunde laguntzaileak emandako ziurtagiri mekanikoaren bidez, edo, bestela, zigilua, baimendutako sinadura eta sarrera egin den data ipiniz, datu horietarako propio lagatako tokian. Ordainketa eginda, interesdunak Administrazioarentzako eta interesdunarentzako aleak eramanen ditu berekin, parte hartzeko eskabidearen kopia-paperean eginak, zeinetan erakunde laguntzailearen balidazioa ageriko baita, egindako ordainketaren frogagarri, gero hura aurkez dadin oinarri honetako 2. puntuan ezarritakoari jarraikiz.

Atzerriko eskaerak dagozkien Espainiaren ordezkaritza diplomatiko edo kontsularren bidez tramitatzen ahalko dira. Eskaerarekin batera, bankuaren agiria ere aurkeztuko da, azterketa egiteko eskubideen tasa BBVAko (San Bernardo kalea, 18, Madril) kontu korronte honetan diru-sarrera eginik pagatu duela frogatzen duena: ES 62 0182 2370 42 0208000060, "Altxor publikoa, atzerrian tasak biltzeko kontu mugatua." Diru-sarrera hori zilegi izanen da zuzenean BBVAren edozein bulegotan egitea edo beste edozein bankutatik transferentzia eginez.

6. Tasen salbuespena edo murrizketa.

Honako hauek tasak ordaindu beharretik salbuetsiko dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak, edo abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuaren 1. artikuluan aipatzen diren pentsiodunak. Horiek guztiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute beren egoera frogatzen duen ziurtagiria, organo edo autonomia erkidego eskudunak emana.

b) Deialdiari buruzko agindua argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak. Salbuespen honetaz baliatu ahal izateko nahitaezkoa izanen dute uko egin ez izana bidezko lan eskaintzei, edo lanbide sustapeneko, prestakuntzako edo eraberritzeko ekintzei, eta, halaber, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik ez izatea hilabetean.

Lan-eskatzaile direla frogatzeko agiria, zeinak aipatu baldintzak betetzen direla ere frogatu beharko baitu, enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan eskatuko dute. Duten errenta frogatzeko, berriz, aski izanen da eskatzailearen zinpeko aitorpena edo promes idatzia. Bi agiriok eskabideari erantsi behar zaizkio.

c) Kategoria bereziko familia ugarietako kideak salbuetsita egonen dira tasaren zenbatekoaren %100 pagatzetik, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 12.1.c) artikuluari jarraikiz. Kategoria orokorrekoek %50eko beherapena izanen dute. Familia ugariaren izaera eta kategoria titulu eguneratuaren bidez frogatuko dira.

Eskabideak aurkezteko ezarritako epean azterketa-eskubideak ordaindu izana (edo, hala denean, salbuespena) frogatu ezean, izangaia prozesutik kanpo geratuko da.

Aipatutako erakunde laguntzaileetan eskabidea aurkeztu eta azterketa-tasa ordaintzeak ez du inoiz ordeztuko parte hartzeko eskabidea behar den garaian eta eran aurkezteko tramitea, hamargarren oinarriaren 2. puntuan adierazten den moduan.

7. Eskabidean atzematen diren egitezko akatsak, akats materialak edo aritmetikoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

Hamargarrena.-Izangaien onarpena.

1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, agintari eskudunak ebazpena emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Ebazpen hori aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuetarako deialdia egin duten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan. Bertan, baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda emanen da, baztertu izanaren arrazoiak azalduko dira, onartutako eta baztertutako izangai guztien zerrenda ziurtatuak zein tokitan dauden ikusgai adieraziko da, eta hamar egun balioduneko epea ezarriko da, ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, baztertzeko arrazoi izan den akatsa edo hutsunea zuzentzeko.

2. Betiere zerrendak toki hauetan jarri behar dira ikusgai: Justizia Ministerioaren www.Mjusticia.es web gunean, lanpostuetarako deialdia egiten duten autonomia erkidegoen web guneetan, Justizia Ministerioko Herritarrentzako Informazio eta Laguntza Bulego Nagusian (Jacinto Benavente plaza, 3), justizia auzitegi nagusietan, Justizia Ministerioaren lurraldeetako gerentzietan, lanpostuak eskaintzen dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunetan eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Informazio Bulego Nagusian.

3. Akatsak zuzentzeko epea amaitu ondoren, aldaketak, halakorik bada, hasierako zerrendak argitaratu ziren toki beretan jarriko dira ikusgai.

4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

Hamaikagarrena.-Epaimahaiak.

1. Hautapen prozesuetako kalifikazio epaimahaiak Justizia Ministerioak izendatuko ditu. Izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuak eskaintzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da, deialdian bertan, edo bestela, deialdia argitaratzen den egunetik hasi eta onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendetako akatsak zuzentzeko epea amaitu ondoren 15 egun igaro arteko epean.

2. Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego orokorretan sartzeko hautapen prozesu bakoitzerako kalifikazio epaimahai bakarra izendatuko da eta berak eginen du hautapen prozesua deialdian finkatutako lurralde eremu guztietan.

Lanpostuak eskaintzen dituen autonomia erkidego bakoitzean, Justizia Ministerioak, autonomia erkidegoko organo eskudunen proposamenari jarraituz, epaimahai delegatu bat izendatuko du.

Azterketa egoitzetan, bertan epaimahai bakarra edo epaimahai delegaturik ez badago, Justizia Ministerioak Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia erkidegoko administrazioko (bi kasuetan Justizia Ministerioan edo autonomia erkidegoko organo eskudunean dihardutenak) edo Justizia Administrazioko funtzionarioak izendatzen ahalko ditu, probak garatzen laguntzeko, epaimahai bakarrak edo epaimahai delegatuak zuzendurik. Hori ordezkatuko dute eta hautaproba bakoitzean betearazpen materialerako eta antolaketa administratiborako beren esku uzten diren eskumenak izanen dituzte.

3. Kalifikazio epaimahai bakarrari dagokio egin behar diren probak prestatzea, probak egiteko egutegia eta balorazio-irizpideak zehaztea, eta epaimahai delegatuek egin ditzaketen kontsultak ebaztea.

Epaimahai delegatuak kalifikazio epaimahai bakarraren mendean eta zuzendaritzapean ariko dira beraren delegatu gisa, bakoitza bere lurralde eremuan, hautapen prozesuan zehar izangaien arteko aukera berdintasuna bermatzeko.

Epaimahaien jardunbidea eta osaera bat etorriko dira une oro Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko Erregelamenduarekin, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin eta indarra duten gainerako xedapenekin.

4. Kalifikazio epaimahai bakarrek mahaikide kopuru bakoitia izanen dute. Bost mahaikide izanen dira gutxienez, tartean magistratu edo epaile, fiskal, idazkari judizial edo auzitegiko mediku bat, mahaiburu ariko dena, eta Justizia Ministerioko karrerako funtzionario bat, idazkari ariko dena. Gainerako kideak ere karrerako funtzionarioak izanen dira eta espezialitate printzipioari jarraituz izendatuko dira; horrela, epaimahaiko kide guztiek izanen dute kasuan kasuko kidegoan sartzeko eskatzen den mailako titulua edo goragokoa. Epaimahai delegatuak modu berean osatuko dira baina Justizia Ministerioko funtzionarioen ordez autonomia erkidegoko funtzionarioak jarriko dira, bertako organo eskudunak zuzenean izendatuak. Betiere, autonomia erkidegoko organo eskudunak bost mahaikidetik bi proposatuko ditu.

Epaimahaietako kideek abstenitu egin beharko dute azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan azaltzen diren inguruabarrak gertatzen direnean. Oposiziogileek arrazoi berengatik mahaikideak errekusatu ahalko dituzte epaimahaia eratzen denetik hamabost eguneko epean edo, arrazoiak agertu ahala, hautapen prozesuan zehar noiznahi.

5. Ezin izanen dira epaimahaietan aritu dagokien araudian goi karguduntzat jotzen direnak, ezta deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaprobetarako izangaien prestakuntzan jardun dutenak ere.

Hautapen edo izendapen politikoko langileak, bitarte baterako funtzionarioak, behin-behineko langileak eta lan-kontratudunak ere ezin izanen dira epaimahaietan aritu.

Deialdian hala aurreikusten denean, epaimahaiek aditu aholku-emaileak bildu ahal izanen dituzte proba guztietan edo batzuetan lagun diezaieten. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoen arloetan bakarrik lagunduko diete epaimahaiei, eta artikulu honetan goiko lerroaldeetan ezarritakoa aplikatuko zaie.

6. Epaimahaiek, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan xedaturikoarekin bat, bi sexuen artean aukera berdintasuna betetzea bermatuko dute.

7. Epaimahaiek behar diren neurriak hartuko dituzte desgaitasuna duten izangaiek besteek bezalako baldintzetan egin ahal ditzaten ariketak. Horretarako, ahal diren egokitzapenak eginen dira denboran eta baliabideetan, desgaitasuna duen pertsonak eskabidean hala adieraziz gero.

Epaimahaiak kontuan hartuko du ekainaren 9ko PRE/1822/2006 Aginduan xedatutakoa, horren bidez irizpide orokorrak ezarri baitziren lan publikorako hautapen prozesuetan desgaitasuna duten pertsonei denbora gehiago emateko, eta zilegi izanen du txosten bat eta hala bide denean laguntza ere eskatzea Estatuko Administrazio Orokorreko edo autonomia erkidegoetako organo tekniko eskudunei.

8. Komunikaziorako eta beste gorabeheretarako, kalifikazio epaimahai bakarraren eta epaimahai delegatuen egoitza deialdi bakoitzean zehaztuko da.

9. Deialdi bakoitzeko kidegoa zein taldetakoa den, epaimahaiak talde hari dagokion kategoria izanen du, zerbitzuarengatiko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat.

10. Epaimahaietan edo hautapen organoetan nork bere kontura parte hartuko du. Ezin izanen da inor ordezkatu edo inoren kontura jardun.

11. Hautapen organoak beren kideen inpartzialtasunaren eta profesionaltasunaren printzipioei lotuko zaizkie, eta gizonezko eta emakumezko kideen kopuruen arteko orekara joko dute, Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 53. artikuluan eta Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 60.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Hamabigarrena.-Hautapen prozesua nola eginen den. Oposizioaldia.

1. Zozketa bidez zehaztuko da oposiziogileek zein hurrenkeratan jardun behar duten, Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzuko langileen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionario zibilen lanbide sustapenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 17. artikuluan adierazten den bezala, eta hori deialdi bakoitzaren oinarrietan jasoko da.

2. Izangaiei dei bakarra eginen zaie ariketa bakoitzerako, eta agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geratuko dira.

Hala ere, haurdunaldiko arriskuaren edo erditzearen ondorioz izangairen batek hautapen prozesua bukatzerik ez badu eta inguruabar hori behar bezala frogatzen badu, baldintzapeko egoeran geratuko da, prozesua bukatzeko eta geroratutako faseak gainditzeko zain, deialdi bakoitzean horretarako ezartzen diren baldintzetan. Epaimahaiak aintzat hartuko du geroratze horrek ez diola kalterik egin behar gainerako izangaiek prozesua zentzuzko epean ebazteko duten eskubideari. Nolanahi ere, geroratutako faseak egin beharko dira hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen.

3. Behin hautapen prozesua hasita, gainerako azterketak egiteko iragarkiak azterketaren hasiera ordua baino hamabi ordu lehenago, gutxienez, argitaratuko dira, lehengo ariketa bera bada, edo hogeita lau ordu lehenago, hurrengo ariketa bat bada. Iragarki horiek Justizia Ministerioaren (www.Mjusticia.es) web gunean eta, hala behar denean, autonomia erkidegoen web guneetan jarriko dira.

4. Epaimahaiak behar diren neurriak hartuko ditu oposizioaldiko idatzizko ariketen zuzenketa izangaiak nor diren jakin gabe egin dadin, hautapen organoaren aurrean irakurri behar ez badira. Oposiziogile baten azterketan bera nor den antz emateko moduko izen, ezaugarri, marka edo zeinurik ageri bada, epaimahaiak oposiziotik kanpo utzi ahalko du izangai hori.

5. Hautapen prozesuko edozein unetan, epaimahaiak zilegi izanen du izangaiei beren nortasuna frogatzeko eskatzea. Orobat, epaimahaiak jakiten badu izangairen batek ez dituela betetzen deialdian eskatutako baldintza guztiak, interesdunari entzun ondoren, hura baztertzea proposatu beharko dio Justizia Ministerioko agintari eskudunari.

6. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatzean, epaimahaiek Justizia Ministerioaren www.Mjusticia.es web gunean eta autonomia erkidegoetako web guneetan argitaratuko dituzte ariketa gainditzeko ezarririko gutxieneko puntuazioa lortu duten oposiziogileen zerrendak, lurralde eremu bakoitzean lortutako puntuazioekin batera, eta zerrendetan ageri direnei dei eginen diete hurrengo ariketa egin dezaten.

Zerrenda horietan ageri ez diren oposiziogileak ez gaitzat hartuko dira, eta hautaketa prozesutik kanpo geldituko.

Oposizioaldiko ariketa guztiak amaitutakoan, gainditu dituztenen zerrenda eginen da lurraldeka, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta, eta horixe izanen da lurralde bakoitzean oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

Hamahirugarrena.-Hautapen prozesua nola eginen den. Merezimenduen balorazioa lehiaketaldian.

1. Oposizio-lehiaketetarako deialdietan, oposizioaldia amaitutakoan, hura gainditu duten izangaiek hogei egun naturaleko epea izanen dute lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak frogatzen dituzten agiriak aurkezteko, deialdi bakoitzean ezartzen denaren arabera. Agiri horiek Justizia Ministerioko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Jacinto Benavente plaza, 3, 28015 Madril), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetatik. Izangaiari, epe horretan agiriak aurkeztu ezik, ez zaio punturik emanen lehiaketaldian. Gaztelania ez den hizkuntza ofizialen bat duten autonomia erkidegoetan parte hartzen duten oposiziogileek ere, txanda irekian nahiz barne igoerako txandan, goian aipatutako epean aurkeztu ahal izanen dute hizkuntza ofiziala dakitela frogatzeko agiria. Halaber, deialdian autonomia erkidegoetako zuzenbide zibilari, foru zuzenbideari edo zuzenbide bereziari buruzko ezagutzak baloratzen badira, epe horretan aurkeztuko da ezagutza horien frogagiria.

Justizia Administrazioan egindako zerbitzualdiaren frogagiria ofizioz emanen du administrazio arduradunak.

2. Lehiaketaldiko merezimenduak baloratzeko baremoa Justizia Ministerioak onetsiko du, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko Erregelamenduaren 10.3 artikuluan ezarritako moduan, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da deialdiaren aurretik, edo bestela deialdiaren eranskinean argitaratuko da.

3. Kalifikazio epaimahaiak Justizia Ministerioaren www.Mjusticia.es web gunean eta epaimahai bakarraren eta epaimahai delegatuen egoitzetan argitaratuko du izangaien zerrenda, lehiaketaldiko merezimenduen behin-behineko balorazioarekin. Bertan agertuko dira baremoaren atal bakoitzean lortutako puntuak eta guztizko puntuazioa. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda hori argitaratu eta biharamunetik hasita, alegazioak aurkezteko. Epe hori bukaturik, epaimahaiak lehiaketaldiko behin betiko balorazioa daukan zerrenda argitaratuko du.

Hamalaugarrena.-Autonomia erkidegoetako gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialak baloratzea eta autonomia erkidegoetako zuzenbide zibilari, foru zuzenbideari edo zuzenbide bereziari buruzko ezagutzak baloratzea hala ezarria duten autonomia erkidegoetan.

Hautapen prozesu bakoitzeko nahitaezko ariketak eta, halakorik bada, lehiaketaldia bukaturik, gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat daukaten autonomia erkidegoetan aurkeztu eta probak gainditu dituztenen zerrendako izangaiei dei eginen zaie aukerako ariketa egin dezaten, hizkuntza hori dakitela frogatzeko, eskabidean hala eskatu bazuten. Ariketa hori ez da baztergarria izanen. Orduan, kasuan kasuko epaimahai delegatuak hizkuntzaren jakite maila frogatzen duten agiriak baloratuko ditu, jakite hori agirien bidez frogatu nahi izan duten oposiziogileek behar den epearen barruan aurkeztutakoak.

Azterketan eta ziurtagirietan lorturiko puntuak deialdi bakoitzeko baremoaren arabera doituko dira eta bakarrik kasuan kasuko autonomia erkidegoko postuak banatzeko izanen ditu ondorioak.

Era berean jokatuko da eta ondorio berak sortuko dira autonomia erkidegoetako zuzenbide zibilari, foru zuzenbideari edo zuzenbide bereziari buruzko ezagutzak baloratzean, deialdian balorazio hori aurreikusia dagoen kasuetan.

Hamabosgarrena.-Praktiketako izendapena eta hautapen ikastaroa.

1. Oposizioaldia edo oposizio-lehiaketa amaituta, epaimahaiek hura gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko diote Justizia Ministerioko organo eskudunari. Zerrendako izangaiak ez dira izanen deialdian eskainitako lanpostuak baino gehiago. Eremu bakoitzean zer zenbaki lortu duten ageriko da, eta halaber NANa, ariketa bakoitzean izan duten puntuazioa, eta nahitaezko ariketetan eta, halakorik izan bada, lehiaketaldian guztira lortutako puntuazioa. Guztizko nota horren ondoan, baina bereiz eta hari batu gabe, autonomia erkidegoko gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialean izandako nota ere jasoko da hala behar denean, eta erkidegoko zuzenbide zibilari, foru zuzenbideari edo zuzenbide bereziari buruzko ezagutzagatik lortutakoa, hala behar denean.

2. Justizia Ministerioko organo eskudunak prozesua gainditu duten oposiziogileen zerrenda argitaratuko du Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuak eskaini diren autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan. Proposaturiko izangaiek hogei egun naturaleko epea izanen dute, zerrenda Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, deialdian eskatutako baldintzen frogagiriak aurkezteko, praktiketako funtzionario izenda ditzaten.

Funtzionario publikoek ez dute aurkeztu beharko aurreko izendapenerako frogatu zituzten baldintza eta betekizunen frogagiririk. Haien gaineko ministerio edo erakundeak egindako ziurtagiria bakarrik aurkeztu beharko dute, funtzionarioak direla eta izendapenerako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

Aipatu epearen barrenean, ezinbesteko kasuetan salbu, agiriak aurkezten ez badituzte edo, horiek azterturik, eskakizunen bat bete gabe dutela ikusten bada, izangai horiek ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak deuseztatuak geldituko dira, parte hartzeko eskabideko faltsukeria dela eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Azkeneko kasu horretan, edo izangairen batek uko eginez gero, betiere epaimahaiak deitutako lanpostu adina izangai proposatuta, Justizia Ministerioak azkeneko horri eskatuko dio ariketak gainditu eta proposatutako izangaien atzetik dauden izangaien zerrenda osagarria, deitutako lanpostu guztiak bete arte.

Kasu horretan, zerrenda osagarri hori osatzen duten izangaiek oinarri honetan bertan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, Justizia Ministerioaren web gunean argitaratu eta bost egun balioduneko epean.

Ukitutako oposiziogileei, berezko hizkuntza ofiziala eta/edo foru zuzenbidea baloratzen duten lurralde eremuetan aurkezten direnei, dagokion aukerako probarako dei eginen zaie edo bere garaian aurkeztutako egiaztagiriaren puntuazioa gehituko zaie.

Deialdiari buruzko aginduan eskatutako baldintzak izangai guztiek betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Justizia Ministerioak agindu bat emanen du hautaprobak gainditu dituzten izangaiak praktiketako funtzionario izendatu eta hautapen ikastarora deitzeko. Agindu hori Justizia Ministerioaren web gunean argitaratuko da.

3. Hautapen ikastaroa edo praktikaldia egiten den zentroari, institutuari, zerbitzuari edo unitate nahiz lanlekuko arduradunari dagokio izangaien aprobetxamendua ebaluatzea, deialdian ezarritako graduazioa erabiliz.

4. Deialdi bakoitzean legez aurreikusitako moduan adierazten den hautapen ikastaroa edo praktikaldia gainditzen ez duten izangaiek karrerako funtzionario izendatuak izateko eskubidea galduko dute, deialdia egin duen agintariaren ebazpen arrazoitua dela bide.

5. Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren 61.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, izendapenaren aurretik edo lanpostuaz jabetu baino lehen izangairen batek uko eginez gero, betiere epaimahaiak deitutako lanpostu adina izangai proposatuta, Justizia Ministerioak azkeneko horri eskatuko dio ariketak gainditu duten eta proposatutako izangaien atzetik dauden izangaien zerrenda osagarria, deitutako lanpostu guztiak bete arte.

Azkeneko kasuan, zerrenda osagarri horretako izangaiek, autonomia erkidegoko hizkuntzari buruzko azterketa edo balorazioa egin baino lehen, bidezkoa bada, praktiketako funtzionario izendatuko dituzte eta eginen den hurrengo deialdi arruntean edo berezian hautapen ikastaroa egin beharko dute.

Hamaseigarrena.-Hautapen prozesua gainditzea. Karrerako funtzionarioen izendapena. Destinoak.

Hautapen prozesua amaiturik, hautapen ikastaroaren edo praktikaldiaren kalifikazioa jaso ondoren, hura gainditu eta betekizunak frogatu dituzten izangaiak karrerako funtzionario izendatuko dira eta esleitu zaien lanlekua adieraziko da, Justizia Ministerioaren agindu baten bidez. Agindu hori Estatuko Aldizkari Ofizialean eta eskumenak bereganatuak dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da.

Kasu bakoitzean eskumena duen administrazioak eskainiko ditu lanpostuak, hautapen prozesua gainditzen duten izangaiek bete ditzaten.

Izangaia zein lurralde eremutan aurkeztu den, bertako lanleku bat esleitu behar zaio nahitaez, lurralde horretan lortutako puntuazio ordenaren arabera. Horretarako kontuan hartuko da, halakorik izanez gero, izangaiak aukerako ariketetan lortutako puntuazioa, baremoaren eta deialdian ezarritako gainerako betekizunen araberakoa, baita oposiziogileek adierazitako lehentasunak ere, ezertan galarazi gabe Desgaitasuna duten pertsonek lan publikoa eskuratzeko eta lanpostuak betetzeko arauak ezartzen dituen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa.

Eskaintzen diren lanpostuak aukeratzeko orduan barne igoerako txandako funtzionarioek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean.

Barne igoerako txandako funtzionarioren batek jatorrizko kidegoan jardunean jarraitzea aukeratzen badu, borondatezko eszedentzian dagoela deklaratuko da, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 506.d) artikuluan aurreikusten den bezala, eta hark bete gabe utzitako lanpostua txanda irekian hautapen prozesua gainditu duten izangaiei ere eskainiko zaie.

Hamazazpigarrena.-Mugaegunak eta epeak.

Deialdietan ezarritako mugaegun eta epe guztiak Estatuko Aldizkari Ofizialeko argitalpen datatik aurrera kontatuko dira, iragarkia autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan eta Estatukoan aldi berean argitaratzerik ez dagoenean.

Xedapen indargabetzailea. Indarrik gabe geldituko da uztailaren 28ko JUS/2544/2006 Agindua, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidego eta eskaletan sartzeko hautapen prozesuak arautzeko oinarri orokorrak ezartzen dituena.

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Agindu honek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Madrilen, 2010eko maiatzaren 5ean.-Justiziako ministroak eskuordeturik (JUS/3770/2008 Agindua, abenduaren 2koa), Justiziako estatu idazkaria, Juan Carlos Campo Moreno.

Iragarkiaren kodea: E1009417