74. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

35/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Nafarroako Gobernuak emana. Horren bidez aldatu egin dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onartutakoa) eta Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduan aldaketak eginen dira "BEZ multzoa" izenez ezagutzen diren Europar Batasuneko hiru zuzentarauren edukia Batasuneko estatuen barne-zuzenbidera egokitu eta horrekin osatu behar delako, Zergari buruzko Foru Legea ere era berean aldatu baita.

Honako hauek dira aipatutako zuzentarauak:

-2008/8/EE Zuzentaraua, 2008ko otsailaren 12koa, 2006/112/EE Zuzentaraua aldatzen duena zerbitzuak emateko lokalizazioari dagokionez.

-2008/9/EE Zuzentaraua, 2008ko otsailaren 12koa, balio erantsiaren gaineko zergaren itzulketarako xedapenak ezartzen dizkiena itzulketa egin behar den Batasuneko estatuan finkatuta egon beharrean Batasuneko beste estatu batean finkatuta dauden subjektu pasiboei.

-2008/117/EE Zuzentaraua, 2008ko abenduaren 16koa, 2006/112/EE Zuzentaraua aldatzen duena Batasunaren barruko eragiketei lotutako zerga iruzurraren aurka egiteko.

Horren arabera, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduan eragina izan dezaketen aldaketak bi multzotan bereiz daitezke. Batetik, modu berritzailean arautu da zergaren aplikazio lurraldean finkatuta dauden enpresaburuek edo profesionalek aurkeztutako itzulpen eskaera batzuk tramitatzeko prozedura, zehazki, Batasunaren barruan baina zergaren aplikazio lurraldetik kanpo egin diren eragiketetan jasandako kuotei dagozkienak. Kuota horiek itzultzeko prozedura nabarmen erraztu da, eta leihatila bakarraren sistema ezarri da; horrela, itzulketa tramitatzeko eskaera baliabide elektronikoen bidez aurkeztu behar da eta horretarako Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren atari elektronikoan horretarako eskaintzen diren inprimakiak bete behar dira. Zerga egoitza Nafarroan duten zergadunek sistema hau erabili behar dute, horrela ezarri baita Europako Kontseiluaren 2003ko urriaren 7ko 1798/2003 Erregelamenduan (EE). Erregelamendu hori balio erantsiaren gaineko zergaren esparruko administrazioen arteko lankidetzari buruzkoa da, eta horren bidez Ekonomia eta Ogasun Ministerioari lotuta dauden organoei eman zaie Batasuneko estatuen artean informazioa trukatzeko eskumena. Ondorioz, zerga behar bezala aplikatzen dela bermatzeko erabiltzen den informazioa baliabide elektronikoen bidez trukatzeko sistema komun honen barruan, eta bereziki Batasunaren barruko transakzioei dagokienez, Nafarroako Zerga Ogasunak funtzio bakarra du: sistemari modu aktiboan laguntzea, aipatutako erregelamenduaren esparruan. Hau da, zerga administrazioak eskaera egiaztatuko du kuotak ordaindu ziren Batasuneko estatura itzulketaren eskaera bidali baino lehen, azken estatu honek egin behar baitu itzulketa.

Eta bestetik, 2008/8/EE eta 2008/117/EE Zuzentarauek ezarri dituzten aldaketen ondorioz, Batasunaren barruko eragiketen aitorpen laburtuaren edukia eta hori aurkezteko epeak aldatu dira. Edukian ezinbestean jaso behar dira Batasunaren barruko zerbitzuen emateei eta zerbitzu horien eskurapenei buruzko informazioa. Zerbitzu emateen zergapeko egintzaren lokalizazio arauetan egindako aldaketen ondorioz, eta zerga behar bezala aplikatzen dela kontrolatu ahal izateko, aurrerantzean helburuko estatuak emandako edo eskuratutako Batasunaren barruko zerbitzuaren berri izan behar du. Aurkezteko epeak, oro har, hilekoak izanen dira; baina aitorpenean jaso behar diren Batasunaren barruko eragiketen baturak muga jakin batzuk gainditzen ez baditu hiru hilean behin aurkeztu ahal izanen dira.

Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan ere egin dira berrikuntzak, aurrekoak bezala, balio erantsiaren gaineko zergari lotuta dauden eta Batasuneko zuzenbidean ezartzen diren zerbitzu emateen zergapeko egintzaren lokalizazio arau berrietan egindako aldaketen ondorioz, IFZ/BEZ izenekoaren esleipena 2008/8/EE Zuzentarauaren edukira egokitu behar delako. Hori dela bide, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia esleitu beharreko kasu berri bi daude:

a) Subjektu pasiboei, baldin eta zergaren aplikazio lurraldean finkatuta ez dauden enpresaburuek edo profesionalek emandako zerbitzuen hartzaileak badira.

b) Batasuneko beste estatu bateko lurraldean zerbitzuak eman dituzten enpresaburuei edo profesionalei, subjektu pasiboa bada zerbitzu horien hartzailea.

Foru dekretu hau bi artikuluz eta azken xedapen batez osatua dago.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluak emandako txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 31ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, hauxe

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren aldaketa, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen hura.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) ondorengo manuak honela idatzita geldituko dira:

Bat. 20.3.3.b) artikulua.

"b) Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak."

Bi. 20 bis artikulua gehitu da.

"20 bis artikulua. Zergaren aplikazio lurraldean finkatuta dauden enpresaburuek edo profesionalek aurkeztutako itzulketa eskaerak, Europar Batasunaren barnean egindako eragiketek jasandako kuotei dagozkienak, lurralde horretan egin diren eragiketen kuotei dagozkienak izan ezik.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 63 bis artikuluan arautzen diren itzulketa eskaerak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren atari elektronikoan horretarako eskaintzen diren inprimakiak betez. Organo horrek berehala jakinaraziko dio eskatzaileari eskaera jaso dela, eta horretarako hartu izanaren agiri elektronikoa bidaliko dio; ondoren, kuotak jasan dituen Batasuneko estatura bidaliko du eskaera, baliabide elektronikoen bidez, jaso denetik 15 eguneko epean.

2. Hala ere, baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko zaio eskatzaileari eskaera ez dela bidaliko, dagokion epean honako kasuren bat ematen bada:

a) Enpresaburua edo profesionala ez izatea, eta horren arabera ez jardutea.

b) Zerga osorik kentzeko eskubidea sortzen ez duten eragiketak bakarrik egitea.

c) Zergak nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezian, araubide erraztuan edo baliokidetasun errekarguko araubidean ordaintzen dituzten jarduerak besterik ez egitea.

Zerga egoitza Nafarroan duten zergadunak direnean, Nafarroako Zerga Ogasunak inguruabar horiek egiaztatzen lagun dezake.

3. Eskatzaileak jakinarazpenak helbide elektronikora egiteko zerbitzuan eman behar du izena, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak artikulu honetan aipatutako eskaerei buruz egiten dituen komunikazioak jaso nahi baditu.

Hiru. 21.2. artikulua.

"2. Noizbehinkako emateari dagokion fakturaren jatorrizkoa. Eskatzaileak eman behar du eta, bertan, honakoak jaso behar dira: eragiketarako erabili den garraiobidearen datu teknikoak eta entrega hartuko duenaren identifikazio datuak."

Lau. 57.1.1. artikulua.

"1. Ondasunak bidali edo hartzea, Zergaren araubide komuna arautu duen Legearen 70. artikuluko lehenengo idatz-zatiaren 7. zenbakiko b) letran aipatzen diren peritu txostenak edo lanak egiteko.

Bost. 62.7. artikulua.

"7. Ondoren zehazten direnek aitorpen-likidazio berezia aurkeztu beharko dute, ez aldirokoa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ezarritako tokian, moduan, epeetan eta hark emandako inprimakien bidez:

1. Zergari buruzko Foru Legearen 5. artikuluaren 1. zenbakiaren e) letran adierazitako pertsonak, Batasuneko beste estatu baterako norakoa duten garraiobide berrien entregengatik.

2. Zergari lotuta dauden garraiobide berriak Batasunaren barruan eskuratzen dituztenak, Zergari buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa betez.

3. Enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoak, baldin eta Batasunaren barruan ondasunak (garraiobide berriak ez direnak) eskuratzen badituzte eta eskurapen horiek zergari lotuta badaude; eta Zergari buruzko Foru Legearen 5. artikuluko 4. zenbakian xedatutakoaren arabera enpresaburutzat edo profesionaltzat hartzen badira.

4. Kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen ez duten eragiketak edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia nahiz baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikatu ahal zaizkien jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak, baldin eta zergari lotuta dauden ondasunen eskurapenak egiten badituzte Batasunaren barruan edo Zergari buruzko Foru Legearen 31. artikuluko 1. zenbakiaren 2. idatz-zatian jasotako eragiketen hartzaileak badira.

5. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia aplikatu ahal zaien jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak, baldin eta zergari lotuta eta hori ordaintzetik salbuetsita ez dauden higiezinetako inbertsioko ondasunak ematen badituzte, eta horien ondorioz zerga likidatu eta ordaindu behar badute, Zergari buruzko Foru Legearen 74. artikuluko 1. zenbakiaren bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.

6. Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikatu ahal zaien jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak, baldin eta Ogasun Publikoari eskatzen badiote bidaiariei ordaindu dizkioten kuotak itzultzeko, kuota horiek zerga ordaintzetik salbuetsita dauden ondasunen entregei badagozkie Foru Lege Arautzailearen 18. artikuluko 2. idatz-zatiaren A) letran xedatutakoaren arabera, eta zergari buruzko foru legearen 17. artikuluko 2. zenbakian eta erregelamendu honen 8. artikuluan ezarritako salbuespena aplikatzeari uko egin dioten eragiketak egiten badituzte.

7. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zehazten dituen bestelako subjektu pasiboak."

Sei. 62.8. artikulua.

"8. Zerga Administrazioak hitzarmenak sinatu ahalko ditu beste administrazio publiko batzuekin, entitateekin eta sektore edo interes sozialak, laboralak, enpresakoak edo profesionalak ordezkatzen dituzten erakundeekin, zerga honen aitorpen-likidazioak aurkezteko gizartearen lankidetza gauzatzeko.

Aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmenak, besteak beste, ondoko alderdiei buruzkoak izanen dira:

1. Informazio eta zabalkunde kanpainak.

2. Aitorpen-likidazioak egiteko eta modu egokian eta egiazkoan betetzeko laguntza.

3. Aitorpen-likidazioak bidaltzea zerga administrazioari.

4. Akatsak zuzentzea, subjektu pasiboek baimena eman ondoren.

5. Ofiziozko itzulketen tramitazioa nola dagoen jakinaraztea, subjektu pasiboek baimena eman ondoren.

Zerga administrazioak jarduera horiek burutzeko behar den laguntza emanen du, baina horrek ez du kenduko zerbitzu horiek subjektu pasibo guztiei emateko ahalbidea.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, foru agindu baten bidez, baldintza batzuk ezarriko ditu hitzarmenak sinatu dituzten entitateek aitorpen-likidazioak, urteko aitorpen-laburpenak edo zerga arloko arauek eskatutako beste edozein agiri baliabide telematikoen bidez aurkezteko, hirugarren pertsonen izenean.

Halaber, foru agindu horretan aurreikusi ahalko da bestelako pertsona edo entitateek baliabide telematikoen bidezko aurkezpen sistema hori erabiltzeko aukera, hirugarren pertsonen izenean."

Zazpi. 67. artikulua.

"67. artikulua. Aitorpen laburtua.

Enpresaburuek eta profesionalek aitorpen laburtu bat aurkeztu behar dute kapitulu honetan ezarri bezala Batasunaren barruan egiten dituzten ondasunen eta zerbitzuen entrega eta eskurapenei buruz."

Zortzi. 68. artikulua.

"68. artikulua. Aitorpen laburtua aurkeztu beharra.

Ondoren zehazten diren eragiketetako edozein egiten duten enpresaburuek eta profesionalek (izaera hori Zergari buruzko Foru Legearen 5. artikuluaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera eskuratu dutenean ere) nahitaez aurkeztu behar dute aitorpen laburtua:

1. Batasuneko beste estatu baterako diren ondasun entregak, baldin eta salbuetsita badaude Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluaren 1., 2. eta 3. zenbakietan xedatutakoa betez.

Eragiketa horien artean sartuko dira Zergari buruzko Foru Legearen 9. artikuluaren 3. idatz-zatian jasotako ondasunen trasferentziak eta, zehazki, Zergaren araubide komuna arautu duen Legearen 27. artikuluko 12. idatz-zatian xedatutakoaren arabera inportazioa salbuetsita izan duten geroko ondasun entregak.

Ez dira zenbaki honetan aipatutako ondasun entregatzat hartuko honako hauek:

a) Zergari buruzko Foru Legearen 5. artikuluaren 1. zenbakiko e) letran jasotako pertsonek noizbehinka egiten dituzten garraiobide berrien entregak.

b) Zergaren subjektu pasiboek egiten dizkietenak Batasuneko beste edozein estatutan zerga horren ondorioetarako identifikazio zenbakirik ez duten hartzaileei.

2. Zergaren aplikazio lurraldean horren ondorioetarako identifikatu diren pertsonek edo entitateek egindako zergari lotutako ondasunen eskurapenak Batasunaren barruan.

Eragiketa horien artean sartuko dira Batasuneko beste estatu batetik egindako ondasunen transferentziak (Zergari buruzko Foru Legearen 16. artikuluaren 2. idatz-zatian aipatutakoak) eta, zehazki, Batasuneko beste estatu batean aurretik inportatu diren ondasunen Batasunaren barruko eskurapenak, baldin eta inportazio hori zerga ordaintzetik salbuetsita egon bada Zergaren araubide komuna arautu duen Legearen 27. artikuluaren 12. idatz-zatian ezarritakoen antzeko baldintzetan.

3. Zerbitzuak Batasunaren barruan ematea.

Erregelamendu honen ondorioetarako, Batasunaren barruko zerbitzuen emateak izanen dira hurrengo betekizunak betetzen dituztenak:

a) Emateei aplikatu ahal zaizkien lokalizazio arauekin bat etorriz, zergaren aplikazio lurraldean ematen ez direnak.

b) Batasuneko beste estatu batean zergari lotuta baina ordaintzetik salbuetsita ez daudenak.

c) Hartzailea enpresaburua edo profesionala izatea, eta horren arabera jardutea; halaber, Batasuneko estatu horretan egon behar da jarduera ekonomikoaren egoitza edo haren establezimendu iraunkorra, nahiz helbidea edo ohiko bizilekua. Bestela, hartzailea enpresaburu edo profesional bezala jarduten ez duen pertsona juridikoa izan behar da, zerga honen ondorioetarako identifikazio zenbaki bat eduki behar duena, Batatasuneko estatu horrek emana.

d) Subjektu pasiboa hartzailea izatea.

4. Europar Batasunaren barruko zerbitzu eskurapenak.

Erregelamendu honen ondorioetarako, zerbitzuen Batasunaren barruko zerbitzu eskurapenak izanen dira enpresaburu edo profesional batek ematen dituenak eta zergaren aplikazio lurraldean zergari lotuta daudenak, horretatik salbuetsita egon gabe. Betiere, jarduera ekonomikoaren egoitza edo horiek emateko establezimendu iraunkorra edo, bestela, haren helbidea edo ohiko bizilekua Batasunean egon behar da baina zergaren aplikazio lurraldetik kanpo.

5. Batasunaren barruko ondasunen eskurapenen hurrengo entregak (Zergari buruzko Foru Legearen 23. artikuluaren 3. zenbakian aipatzen direnak). Batasuneko beste estatu batean egin behar badira, Espainiako Zerga Administrazioak balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako ezarri duen identifikazio zenbaki baten bidez."

Bederatzi. 69. artikulua.

"69. artikulua. Aitorpen laburtuaren edukia.

1. Aitorpen laburtuan honako informazio hau jaso behar da:

1. Ondasunen hornitzaileak eta eskuratzaileak eta zerbitzuen emaileak eta hartzaileak identifikatzeko datuak, baita horietako bakoitzarekin egin diren eragiketen zerga oinarri osoa ere.

Eragiketen kontraprestazioa euroa ez beste kontu-unitate batean ezarri bada, eragiketa horien zerga oinarria eurotan eman beharko da sorrarazpenaren data erreferentzia gisa hartuta.

2. Zergari buruzko Foru Legearen 9. artikuluaren 3. idatz-zatian eta 16. artikuluaren 2. idatz-zatian jasotzen diren ondasunen transferentzietan subjektu pasiboari Batasuneko beste estatuan eman zaion identifikazio zenbakia adierazi behar da.

3. Erregelamendu honen 68. artikuluaren 5. idatz-zatian jasotako eragiketetan bereiz adierazi behar dira hurrengo entregak; eta, horiei dagokienez, datu hauek eman behar dira:

a) Balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako identifikazio zenbakia, enpresaburuak edo profesionalak eragiketa horiek egiteko erabiltzen duena.

b) Bidalketa edo garraioa hartu duen Batasuneko estatuan balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako emandako identifikazio zenbakia; hurrengo ematearen eskuratzaileak eman behar izan du.

c) Ondasunen bidalketa edo garraioa heldu den Batasuneko estatuan subjektu pasiboak egin dituen entregen zenbateko osoa, hartzaile bakoitza kontuan hartuta betiere.

2. Aitorpen laburtuan jasotako datuak zuzendu eginen dira akatsen bat egiten denean edo Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako kasuren baten ondorioz aldaketaren bat gertatzen bada.

3. Sorrarazi diren aitorpen aldiko aitorpen laburtuan adieraziko dira eragiketak.

Aurreko 2. idatz-zatian aipatutako kasuetan, zuzenketaren bat egiten bada ondasunen eta zerbitzuen hartzaileari jakinarazi zaion aitorpen aldiko aitorpen laburtuan jasoko da zuzenketa hori."

Hamar. 70. artikulua.

"70. artikulua. Aitorpen laburtua aurkezteko tokia, modua eta epeak.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 34. artikuluaren 9. arauan xedatutakoa betez, zerga egiaztatu eta ikertzeko eskumena Nafarroako Ogasun Publikoaren esku duten subjektu pasiboek Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bulegoetan aurkeztu beharko dute aitorpen laburtua.

2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ezarritako tokian eta moduan aurkeztu behar da aitorpen laburtua, hark onartutako eredua erabiliz.

3. Aitorpen aldia eta aitorpen laburtua aurkezteko epeak ondoren zehazten dira:

1. Oro har, aitorpen laburtua hilabete natural bakoitzean aurkeztu behar da, hurrengo hilabeteko lehenengo hogei egun naturaletan; salbuespen gisa, ekaineko, uztaileko eta iraileko aitorpenak abuztuaren 5ean, irailaren 20an eta urtarrilaren 31n aurkeztu ahalko dira, hurrenez hurren.

2. Erreferentziako hiruhilekoan zehar eta aurreko lau hiruhileko naturaletako bakoitzean zehar, aitorpen laburtuan adierazi beharreko ondasun entregen eta zerbitzu emateen zenbateko osoa 50.000 eurotik gorakoa ez bada (balio erantsiaren gaineko zerga zenbatu gabe), dagokion hiruhileko aldiaren hurrengo hilabete naturaleko lehenengo hogei egunetan zehar aurkeztu beharko da aitorpen laburtua. Alabaina, bigarren eta laugarren hiruhilekoko aitorpenak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n aurkeztu ahalko dira, hurrenez hurren.

Hiruhileko natural bakoitzeko hilabeteren baten amaieran aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoa gainditzen bada, aitorpen laburpen bat aurkeztu beharko da hiruhileko natural hori hasi denetik igarotako hilabeterako edo hilabeteetarako. Aitorpen hori lehenengo hogei egun naturaletan zehar aurkeztu beharko da, baina aurreko 1. idatz-zatian ekaineko, uztaileko eta irailerako aitorpenei buruz ezarri diren salbuespenak beteko dira.

4. Aurreko 3 zenbakian xedatutakoa gorabehera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena eman dezake aitorpen laburtuaren erreferentzia urte naturala izan dadin. Horretarako, enpresaburu eta profesionalengan honako egoerak gertatu behar dira:

a) Aurreko urte naturalean, beren ondasun entregen eta zerbitzu emateen zenbateko osoa (balio erantsiaren gaineko zerga alde batera utzirik) 35.000 euro baino gehiago ez izatea.

b) Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluko 1 eta 3. idatz-zatietan xedatutakoaren arabera zerga ordaindu beharretik salbuetsita dauden ondasun entregei (garraiobide berrien entregak kanpo) dagokien zenbateko osoa, aurreko urte naturalean, 15.000 euro baino gehiago ez izatea.

5. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen zenbatekoen konputua, jardueraren hasierako ekitaldian, jardueran hasitako lehen hiruhileko naturalean egindako eragiketen zenbatekoa urtera proiektatuz eginen da.

Hamaika. Seigarren xedapen iragankorra gehitu da.

"Seigarren xedapen iragankorra. 2010. eta 2011. urteetan Batasunaren barruko eragiketen aitorpen laburtua aurkezteko muga, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako.

Erregelamendu honen 70. artikuluaren 3. zenbakiko 2. idatz-zatian aipatu den muga 100.000 eurokoa izanen da 2010. eta 2011. urteetako aitorpen laburtuei dagokienez.

2. artikulua. Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua aldatzea.

Identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuaren 9. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da, eta honela geldituko da:

"2. Aurreko idatz-zatian zehaztutako identifikazio fiskaleko zenbakia honako pertsona edo entitate hauei esleituko zaie:

a) Balio erantsiaren gaineko zergaren mende dauden Europar Batasunaren barneko ondasunak entregatu edo eskuratzen dituzten enpresaburuei edo profesionalei, Europar Batasunaren barneko eskurapen horien xede diren ondasunak atzerriko enpresa edo lanbide jarduerak egiteko erabiltzen badira ere.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren aplikazio lurraldean finkatuta ez dauden enpresaburuek edo profesionalek emandako zerbitzuen hartzaile diren enpresaburuak edo profesionalak, haien subjektu pasiboak badira.

c) Lokalizazio arauen arabera, Batasuneko beste estatu bateko lurraldean zerbitzuak eman dituzten enpresaburuak edo profesionalak, subjektu pasiboa bada zerbitzu horien hartzailea.

d) Enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoak, Europar Batasunaren barruan egindako ondasun eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergari lotuta daudenean, Zergari buruzko Foru Legearen 13.1 eta 14. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, baina 2010eko martxoaren 3az geroztik izanen ditu ondorioak. Dena den, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onartutakoaren) 68. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen den zerbitzuen Batasunaren barruko eskurapenei buruzko informazioa foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurkeztutako aitorpen laburtuetan jaso beharko da.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 31n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1009651