58. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

150/2010 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren mendean unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxe publikoetarako "Teknologia Berriak eta Hezkuntza" Programako (PNTE) proiektuen deialdia onesten duena, 2010-2011 ikasturterako.

Hezkuntza Departamentuak informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruz dituen helburu nagusietako bat haiek curriculumean txertatzea da. Helburu hori lortzeko ekintzen artean dago urtero teknologia berrien proiektuetarako deialdia egitea, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko guztiek parte hartzeko.

Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuak txostena aurkeztu du, teknologia berrien proiektuetarako 2010-2011 ikasturterako deialdiaren oinarriak onets daitezela eskatzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuaren mendean unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxe publikoetarako "Teknologia Berriak eta Hezkuntza" Programako (PNTE) proiektuen deialdia onestea, 2010-2011 ikasturterako. Deialdiaren oinarriak eranskinean jaso dira.

2. Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzura, Irakasleen Prestakuntza Atalera eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 6an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Oinarriak

Lehena.-Deialdia egiten da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendean unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxe publikoetarako "Teknologia Berriak eta Hezkuntza" Programako (PNTE) 2010-2011 ikasturteko proiektuetarako.

Bigarrena.-Ikastetxe bakoitzak proiektu bat aurkezten ahal du, gehienez ere. Proiektu hori ezin izanen da aurkeztu oinarri hauetako modalitate eta helburuen antzekoak dituen beste edozein deialditan. Deialdian ezin izanen dira aurkeztu Integra TIC / Integra IKT proiektu esperimentalean hautatu diren ikastetxeak.

Hirugarrena.-Deialdi honen xedeko proiektuak bi modalitate hauetako batean sartuko dira: hezkuntzako material eta baliabide digitalak sortzea; edo teknologia berriak hezkuntzako lanean txertatzea eta horren gaineko ikerketa eta berrikuntza.

A. Hezkuntzako material eta baliabide digitalak sortzea.

Lehentasuna emanen zaio honako hauek garatzeari: ikaskuntza edukiak kudeatzeko sistemetarako (adibidez, Moodle) hezkuntzako material eta baliabide digitalak, hezkuntzako objektu digitalen (adibidez, "Agrega") errepositorioak, JClic formatuan edo antzekoan sortutako hezkuntzako objektu digitalak, webquest-ak, arbel digital, PDI edo bideo digitaletarako materialak, ustiatze didaktikorako gida barne.

Hezkuntzako material eta baliabide digital horiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

-Unibertsitatez kanpoko ikasketen curriculuma garatzeko lagungarriak izatea.

-Eduki baliagarri eta zorrotza izatea, kontzeptu akatsak eta azaleko tratamenduak saihestuta.

-Dinamikoak, elkarreragileak eta erabilerrazak izatea.

-Ustiatze didaktiko eta teknikorako gidaliburua izatea.

-Osagarri diren elementu guztiak, testua zein multimedia izan, jatorrizkoak izatea edo Creative Commons lizentziarekin onartutako egile eskubideak izatea.

B. Teknologia berriak hezkuntzako lanean txertatzea eta horren gaineko ikerketa eta berrikuntza.

Ikastetxean irakasle talde bat sortzea, diziplinartekoa edo maila artekoa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hezkuntzako lanean txertatzeko eta gai horren gaineko ikerketa eta berrikuntza sustatzeko ekintza eta jarduerak bultzatuko dituena.

Teknologia berriak ikasgelan txertatzeko estrategiak eta arlo horren gaineko ikerketa eta berrikuntza sustatzeko estrategiak finkatzen dituzten proiektuak lehenetsiko dira; on line ikasteko tresnak baliatuta (Moodle) hezkuntza lana diseinatzen dutenak; 2.0 web orriko tresnak (blogak, wikiak etab.) gelako proiektuetan txertatzen dituztenak; internet bidezko ikerketa lanerako proposamenak (webquest, miniwebquest etab.) baliatuta curriculuma garatzeko egokitzapen metodologikoak planteatzen dituztenak; orobat, Lehen Hezkuntzako edukien ataria (La Cabaña del Bosque-Piki) baliatuta, ikasleekin egiteko jarduerak bultzatzen dituztenak.

Laugarrena.-A modalitatearen garapena. Hezkuntzako material eta baliabide digitalak sortzea.

1. Helburua. Hezkuntzako material eta baliabide digitalak sortzeko lana sustatzea, ikastetxeak berak diseinatu eta planifikatuak, eskola komunitatearentzat balio didaktiko nabarmena baldin badute. Hala tresna berrien erabilera berriztatzailea, nola ikastetxeak dituen baliabideen aprobetxamendua hartuko da aintzat.

2. Garapena. Proiektuan behinik behin ondoko alderdi hauek garatu eta aurkeztu beharko dira:

-Ikastetxean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzeko egiten diren jardueren memoria, halakorik egiten bada.

-Proiektuaren bidez lortu nahi diren helburuak.

-Garatu nahi den proiektuaren deskribapena; alderdi interesgarrienak zehaztuko dira eta proiektua egiteko aurrez ikusi den lan plana zein den zehatz-mehatz agertuko da.

-Prestatu beharreko materialen eta baliabideen deskribapena.

-Materialak curriculumeko zein arlotan eta mailatan txertatzen diren.

-Materialek lantzen dituzten gaiak.

-Proiektua denboran nola garatuko den (zirriborroa).

-Lana gainerako jarduera arruntetan nola txertatuko den.

-Erabili asmo diren baliabideak.

-Proiektua egiteko prestakuntzaren eta horniduraren arloan zer behar dauden ahalik eta gehien zehaztea, gutxi gorabeherako aurrekontu eta guzti.

3. Lantaldearen konpromisoak. Proiektua bukatutakoan, eta 2011ko ekainaren 15a baino lehen, prestatutako materialak aurkeztuko ditu koordinatzaileak bere eskualdeko ILZko Erregistroan.

Halaber, fitxategi informatizatu baten bidez, azken memoria kargatuko du web aplikazioan, hartara "Teknologia berrien proiektuak" delakotik sartuta (helbidea: http://pnte.educacion.navarra.es/portal/Proyectos+de+NNTT); gutxienez, datu hauek jasoko dira:

-Proiektuaren garapena.

-Egindako jarduerak eta esperientziak.

-Prestatutako materialen deskribapen zehatza.

-Prestatutako materialaren ustiatze didaktiko eta/edo teknikorako gida.

-Lantaldeak jardueraren garapenari eta emaitzei buruz egindako balorazioa.

Materiala Nafarroako Gobernuaren jabetzapean geldituko da eta hura erabiltzen ahalko du, betiere zer taldek sortu duen aipatuta. Horrela, Proiektuari loturik prestatzen diren material guztietan honako hauek agertu beharko dira nabarmen: "Nafarroako Gobernua-Hezkuntza Departamentua" eta "Hezkuntzako Teknologia Berrien Programa" logotipoak eta "PNTE proiektuetarako deialdia 2010-2011" dioen testua.

Bosgarrena.-B modalitatearen garapena. Teknologia berriak hezkuntza lanean txertatzea eta horren gaineko ikerketa eta berrikuntza.

1. Helburua. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ikastetxean txertatzea eta arlo horren gaineko ikerketa eta berrikuntza lanak egitea, diziplinarteko eta/edo maila arteko proiektuak garatuz, ikastetxe bereko irakasle taldeek zuzendu eta planifikaturik.

2. Garapena. Proiektuetan gorago proposatu den helburua lortzen laguntzen duten gaiak jorratuko dira eta, horretarako, modalitate honetarako ezarri diren lan ildoak garatu beharko dira. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen dituen edozein jarduerari buruzkoak ere izan daitezke proiektuak, baldin eta curriculuma garatzen laguntzen badute, metodologia berriztatzaileen bidez ikasleen ikaskuntza aktiboa bultzatzen badute eta informatikako eta ikus-entzunezko baliabideen baterako erabilera sustatzen badute.

Proiektuaren eskaeran aurreikusitako lan plana zehaztu beharko da, argi eta garbi, gutxienez ere alderdi hauek bilduko dituena:

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak curriculumean txertatzeko eta horien gaineko ikerketa eta berrikuntzarako egiten diren jardueren memoria.

-Esperientziaren bidez lortu nahi diren helburuak.

-Aukeratutako proiektuaren azalpena, konturik interesgarrienak, epeak eta prestatu beharreko materialak zehaztuta. Azalpen honek 20 orri beteko ditu gehienez.

-Erabili asmo diren baliabideak.

-Proiektua gauzatzeko behar den prestakuntza, eta aplikazioen hornidura eta erabilera beharrak, behar bezala justifikatuak.

3. Lantaldearen konpromisoak. Proiektua bukatutakoan, eta 2011ko ekainaren 15a baino lehen, prestatutako materialak aurkeztuko ditu koordinatzaileak bere eskualdeko ILZko Erregistroan.

Halaber, fitxategi informatizatu baten bidez, azken memoria kargatuko du web aplikazioan, hartara "Teknologia berrien proiektuak" delakotik sartuta (helbidea: http://pnte.educacion.navarra.es/portal/Proyectos+de+NNTT);gutxienez, datu hauek jasoko dira:

-Proiektuaren garapena.

-Egindako jarduerak eta esperientziak.

-Prestatutako materialen deskribapen zehatza.

-Prestatutako materialaren ustiatze didaktiko eta/edo teknikorako gida.

-Lantaldeak jardueraren garapenari eta emaitzei buruz egindako balorazioa.

Materialak Nafarroako Gobernuaren jabetzapean geldituko dira eta erabiltzen ahalko ditu, betiere zer taldek sortu dituen aipatuta. Horrela, Proiektuari loturik prestatzen diren material guztietan honako hauek agertu beharko dira nabarmen: "Nafarroako Gobernua-Hezkuntza Departamentua" eta "Hezkuntzako Teknologia Berrien Programa" logotipoak eta "PNTE proiektuetarako deialdia 2010-2011" dioen testua.

Seigarrena.-Hezkuntza Departamentuak bi modalitate horietan hautatzen dituen proiektuetarako eginen duen ekarpena. Proiektuen ezaugarrien arabera, proiektu horiek garatzeko ondoko laguntza izanen da:

1. Aholkularitza.

-Teknologia berrietako aholkulari bat esleituko da proiektuaren jarraipenaz arduratzeko. Horrez gainera, proiektu jakin batzuetan, kasuan kasuko arloko edo mailako beste aholkulari batzuek ere hartzen ahalko dute parte.

2. Prestakuntza.

-Irakasleen Prestakuntza Atalak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Atalak behar diren prestakuntza jarduerak antolatuko dituzte, deialdi honen ebazpenean aukeraturiko proiektuak garatuko dituzten irakasleentzat.

-Jarduera horiek ikastetxean berean, urrutiko hezkuntzaren bidez edo dagokion ILZn eginen dira, aukeratzen den proiektuaren beharren eta ezaugarrien arabera.

-Batzordearen iritziz 2010-2011 ikasturteko Prestakuntza Planean sarturiko jardueren antzekoa den prestakuntza jarduerarik ez da antolatuko.

-Jarduera horiek antolatu eta egiaztatuko dira irakasleendako prestakuntza jardueren gaineko araudi orokorraren arabera.

3. Hornidura.

-Hamargarren oinarrian aipatzen den batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen baliabide ekonomikoak eta/edo materialak eskainiko dira, bai aurkezten diren beharrei aurre egiteko, bai proiektua egin ahala sortzen diren beharrei erantzuteko.

-Hezkuntza Departamentuak maileguan (proiektua egiten den bitartean) edo gordailuan utziko du materiala ikastetxearen esku.

-Ikastetxeari gordailu gisa utziriko materiala bertatik eramaten ahalko du Hezkuntza Departamentuak proiektuaren amaierako ebaluazioa negatiboa bada edo ezarritako helbururako erabiltzen ez bada, edo Departamentuak berak justifikaturiko beste arrazoi batzuengatik.

Zazpigarrena.-1. Proiektuak koordinatzaile bat edukiko du, ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle bat hain zuzen. Hona hemen haren eginkizunak:

-Esperientziaren garapena koordinatu eta arintzea.

-Lantaldearen bilkurak koordinatzea.

-Lan plana eta ikasturtearen amaierako memoriak eta barne ebaluazioak prestatzeaz arduratzea. Proiektuari lotutako jarraipen txostenak ere eginen ditu, hala eskatzen zaionean.

-Materialaz eta ekipamenduen erabilera egokiaz arduratzea.

-Kasuan kasuko eskualdeko teknologia berrietarako aholkulari-irakaslearekin eta Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko langileekin bidezkotzat jotzen diren harremanak izatea.

2. Teknologia Berrien aholkulari batek hautatzen diren proiektuen jarraipena eginen du. Otsailean, aholkulariak lehenengo txostena eginen du proiektuaren egoeraz. Halaber, proiektua bukatutakoan, eta ekainaren 30a baino lehen, aholkulariak amaierako txostena prestatuko du, eginiko jarraipena, garaturiko prozesuari buruzko balorazioa eta lorturiko emaitzak bilduko dituena. Bestetik, proiektu guztietan prestatutako materiala igorriko du Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Curriculumean Txertatzeko Bulegora.

Gainera, proiektuaren koordinatzailearekin bat, taldeko kide bakoitza "Gai" edo "Ez gai" kalifikatzeko proposamena eginen diote deialdi honen hamargarren oinarrian aipatzen den batzordeari.

Zortzigarrena.-1. Proiektuak tramitatzeko prozesu guztia, eskaeratik azken memoria aurkeztu artekoa, "Teknologia Berrien Proiektuak" izeneko web aplikaziotik bakarrik eginen da, hartara helbide honetatik sartuta: http://pnte.educacion.navarra.es/portal/Proyectos+de+NNTT, aplikazioan berean azaldutako jarraibideen arabera.

Ikastetxeko zuzendariak eginen du deialdi honetan parte hartzeko eskaera; prozesua hasteko, PNTEko erabiltzaile kontua erabiliko du aplikazioan identifikatzeko.

2. Eskaera egiteko epea eta dokumentu guztiak aurkeztekoa 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, aurretik aipatu diren jarraibideen arabera.

Epe hori bukatutakoan, ez da eskaerarik tramitatuko aplikazioak eskatutako datu guztiak bete ez badira, proiektua deskribatzen duten fitxategiak eta hura onesteko klaustroaren aktarena barne.

3. Gutxienez 4 kidek eta gehienez 10ek osatuko dute irakasle taldea, proiektuaren koordinatzailea barne dela.

Bederatzigarrena.-ILZko lantalde pedagogikoak txosten bat eginen du onartutako eskaera bakoitzeko. Txosten hori prestatzeko, beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatzen ahal dio proiektuaren koordinatzaileari.

Hamargarrena.-1. Deialdi honen gaineko ebazpena Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emanen du. Eskaerak aukeratzeko proposamena egiteko, batzorde bat osatuko da, eta kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Ataleko burua.

Idazkaria:

-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Curriculumean Txertatzeko Bulegoko burua.

Batzordekideak:

-Irakasleen Prestakuntza Ataleko burua, edo berak izendatzen duena.

-Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

-Teknologia berrietako irakasle aholkularia.

2. Batzordeak honako hau kontuan hartuz baloratuko ditu eskaerak:

-Zer ataletan aurkezten diren, horrexen helburuak eta berariazko baldintzak.

-Proiektu osoaren bideragarritasuna eta adierazitako lan ildoak.

-Ikastetxe eskatzaileak teknologia berrietan egin duen ibilbidea. Aurreko deialdietan parte hartu ez duten ikastetxeen proiektuek lehentasuna izanen dute. Halaber, modu positiboan baloratuko da ikastetxean behin betiko destinoa duen teknologia berrien arduradun bat izatea.

-Kasuan kasuko Irakasleei Laguntzeko Zentroak egindako txostena.

-Ikastetxeko Zuzendaritzaren konpromisoa, proiektuko kideen ordutegi pertsonaleko ordu batzuk proiektuan batera lan egiteko utz daitezen, bai eta lan horretarako aukeratzen diren tokien baldintzak ere, horrelakorik baldin badago.

-Ikastetxearen eta haren eskualdearen ezaugarriak.

-Parte hartzen duten irakasleen kopurua eta egoera administratiboa.

3. Eskatutako baldintzaren bat bete ezean edo eskabidea epez kanpo aurkeztuz gero, ikastetxea deialditik kanpora geldituko da.

4. Hautapen prozesuak dirauen bitartean elkarrizketak egiten ahalko dira, bai ILZetako aholkulariekin, egiten duten txostenaren gaineko kontuak zehazteko, bai proiektuetako koordinatzaileekin, proiektuaren edukiak argitzeko eta proiektua abian jarri eta garatzeak sortzen dituen eskaerak aztertzeko.

5. Hezkuntza Departamentuak jakinaraziko die ikastetxe eskatzaileei haien proiektua hautatu den ala ez.

Hamaikagarrena.-1. Hamargarren oinarrian aipaturiko batzordeak proiektuen azken ebaluazioa eginen du 2011ko irailean.

2. Batzordeak, proiektuak ebaluatzeko, honako hauek hartuko ditu kontuan: koordinatzaileak aurkezten duen amaierako memoria eta proiektuari esleitutako teknologia berrietako aholkulariak egiten duen txostena.

3. Batzordeak beharrezkoa dela uste badu, proiektuaren koordinatzailea eta/edo aholkulari arduraduna agertzeko eska dezake; hitza izanen du, baina botorik ez.

4. Proiektu bakoitzerako eta haren parte hartzaile bakoitzerako, ebaluazioaren emaitza positiboa edo negatiboa izanen da. Ebaluazioa positiboa denean, koordinatzaile gisa edo parte hartzaile gisa, proiektuan parte hartu izanaren ziurtagiria emateko proposatuko zaio Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari. Ziurtagiri horrek ez du inola ere ordu-krediturik aitortuko.

5. Ikasturte hasieran, eta irailaren 15a baino lehen, proiektuaren lantaldeko kideetako bat aldatzeko planteatzen ahal dio ikastetxeak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Curriculumean Txertatzeko Bulegoari. Aldaketa horren zergatia behar bezala arrazoitu beharko da. Bulegoak bi asteko epean emanen du erantzuna, gehienez ere, kideen aldaketa onartuz edo ukatuz.

6. Batzordeak nahikotzat jotzen dituenez gain, hasierako taldeko parte hartzaileen kopuruaren heren bat baino gehiago aldatuz gero, proiektua negatiboki ebaluatuko da.

7. 4. puntuan adierazitako ziurtagiriek proiektuaren ebaluazio positiboa adierazi eta datu hauek azalduko dituzte:

a) Ziurtagiriko titularraren izena, deiturak eta NANa.

b) Proiektua garatzeko lanetan izandako postua: parte hartzailea edo koordinatzailea.

c) Proiektuetarako deialdia egin duen ebazpena.

d) Proiektuaren modalitatea eta izenburua. Teknologia berrietako eta hezkuntzako programaren proiektua dela zehaztuko da.

e) Proiektua zein ikastetxetan egin den.

f) Jarduera zein ikasturtetan egin den.

Iragarkiaren kodea: F1007054