58. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

171/2010 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Osasunerako Eskolen Europako Sarean sartzeko deialdia arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzat.

Osasunaren hezkuntza eta sustapen proiektuak garatzen dituzten Europako ikastetxeak elkartzen dituen sarea sortzea OMEko Europako Eskualde Bulegoak, Europar Batasuneko Batzordeak eta Europako Kontseiluak bultzaturiko proiektua da. Haren helburua eskola osasungarriak lortzea da, hezkuntzako komunitate osoari bizimodu osasungarriak izaten laguntzeko, osasuna sustatzeko giroan.

Hezkuntza Departamentuak eta Osasun Departamentuak, 1994an, lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu zuten, eskolaren esparruan Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko, eta sinadura haren ondorioz garatzen ari da aipatu den proiektua Nafarroako Foru Komunitatean. Urte hartan sinatutako proiektuaren lehentasunezko xedea zen "ikastetxeei Osasuna Sustatzen duten Eskolen zeregina betetzen laguntzea, Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste erakunde batzuek bultzatutako ildoan".

Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarea Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak OSEESen sartzeko deialdia arautzen zuten urteko deialdien bidez osatzen joan da.

2008-2009 ikasturtean osasuna sustatzen duten eskolak koordinatzeko Europako erakundearen izena aldatu zen: Osasunerako Eskolen Europako Sarea (OEES) (SHE-Schools for Health in Europe network) izena hartu zuen, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarearen (OSEES) ordez. Hori dela eta, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak irailaren 30ean eman zuen 440/2009 Ebazpenak onetsi zuen, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarearen ordez, Osasunerako Eskolen Europako Sarea (OEES) erabiltzea.

Nafarroako Foru Komunitatean komeni da Osasunerako Eskolen Europako Sarea (OEES) bultzatzea. Horrek Hezkuntza Departamentua behartzen du deialdi publiko bat egitera, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori hartu ahal izateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe gehiago Osasunerako Eskolen Europako Sarean (OEES) sartzeko deialdia baimentzea, 2010. urterako, ebazpen honen 1. eranskinean ageri diren arauei jarraikiz.

2. 7.000 euroko gehieneko gastua egoztea, eskolaren esparruan osasunaren hezkuntza eta sustapen proiektuak garatzeko, "Bizikidetzako eta balioetan oinarritutako hezkuntzako programa" izeneko 425004 42350 2269 321202 kontu-sailaren 0040001471 kontabilitate espedienteari. Kontu-sail hori Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 15ean emandako 122/2010 Ebazpenaren bidez baimendu zen 2010. urterako gastuen aurrekontuan agertu zen.

3. Deialdia eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Hezkuntza Berrikuntzaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2010eko apirilaren 19an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Osasunerako Eskolen Europako Sarean (OEES)
sartzeko 2010eko deialdiaren oinarriak

Lehena.-Deialdiaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie, Osasun Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektuak aurkez ditzaten, Osasunerako Eskolen Europako Sarean (OEES) sartzeko, 2010. urtean.

Bigarrena.-Proiektuen baldintzak.

Ikastetxe bat OEESen sartzeko proposa dadin, osasunerako hezkuntza eta osasunaren sustapena garatzeko proiektu bat aurkeztu behar du, eta baldintza hauek bete:

a) OEES bultzatzen duten erakundeek gomendatutako printzipio orokorrak kontuan hartzea:

-Ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan Osasunerako Hezkuntzaren edukiak sartzea zeharka, adibidez, elikadura, ariketa fisikoa egin beharra, gorputz eta jarrera higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, droga-mendekotasunen prebentzioa, afektibitate eta sexu hezkuntza, emozio osasuna eta abar.

-Bizimodu osasungarriak eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izaten laguntzen duten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.

-Haurren gaitasuna handitzea, beren osasunaren inguruan egokienak diren erabakiak har ditzaten.

-Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak eta osasun eta segurtasun arloetako neurriak hartuz, neurri horiek betetzen diren begiratuz eta kudeaketa egitura egokiak ezarriz, behar baldin badira.

-Lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean lankidetza harremanak ezartzea, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.

-Irakasleei osasun kontuetarako funtsezko eginkizunak eman eta Osasunerako Hezkuntzan dagokien ardura handitzea, osasuna sustatzeko prestakuntza egokia emanez.

-Osasun zerbitzuek Osasun Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektuetan laguntza emateko duten hezkuntza ahalmenaz baliatzea, eta hezkuntza zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen erantzukizun partekatua eta lankidetza estua bultzatzea.

-Berdintasuna zeharka sartzea ohitura osasungarrien ikaskuntzan, eta zainketaren etika berri bat ere sartzea, berdintasunean oinarritutako gaitasun pertsonalak eta harremanetakoak garatzen laguntzeko.

-Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea laneko osasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari buruzko alderdiak.

Ikastetxeek beren hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo osasun arloko lehentasunei buruzko beste irizpideren bat sartzen ahalko dute.

b) Lan plan bat agertzea, III. eranskinaren araberakoa, hiru urtean garatzeko.

c) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen klaustroak onetsia izatea, eta proiektuko jarduketetan irakasleen eta ikasleen %25 gutxienez inplikatuko dela agertzea.

d) Familiek, osasun etxeetako profesionalek, eremuko gizarte zerbitzuek eta toki entitateen ordezkaritzak parte hartzeko ekintzak zehaztea.

Hirugarrena.-Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Osasuna sustatzen duten eskolek laguntza hauek izanen dituzte: OEESeko Batzorde Teknikoaren aholkularitza eta jarraipena; osasunerako baliabideak eta material didaktikoak; prestakuntzarako berariazko jardueren eskaintza, ikastetxeko irakasleek osasunerako hezkuntzaren arloan prestakuntza izan dezaten; sareko eskolek esperientzen jarraipen eta trukerako urtero egiten dituzten topaketak; osasunaren sustapenari lotutako jardueretarako diru-laguntzak; eta Osasuna Sustatzen duen Eskola gisa egiaztatzea, proiektuaren hirugarren urtea bukatutakoan eta Batzorde Teknikoak aldeko txostena eman ondoren.

Osasuna Sustatzen duen Eskolaren egiaztagiria lortu ondoren, ikastetxeek OEESen kideak izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta horretarako behar diren baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.-Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Osasunerako Eskolen Europako Sarean sartzeko proposatzen diren ikastetxeek ondokoetarako konpromisoa hartuko dute:

a) Eskola osasungarriko proiektu bat garatzea hiru urtean, gutxienez.

b) Ikastetxeko Osasun Batzordea eratzea, kide hauekin: irakasleak, ikasleak, familiak, ikastetxeko irakaskuntzaz kanpoko langileak eta osasun etxeen eta tokiko erakundeen ordezkariak.

Batzorde horren zereginak izanen dira proiektua dinamizatzea, hezkuntza komunitatearen ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntzak proposatzea.

Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko, eta pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginengatik.

c) Ikasturte bakoitzaren uztailaren 15a baino lehen, urteko txostena aurkeztea Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuan. Txosten horri esker, amaitzen den ikasturtean egindakoaren memoria jakinaraziko da. Era berean, urriaren 30a baino lehen hurrengo ikasturterako lan proiektua aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartuko duten irakasleen zerrendarekin batera. Baldintza horiek bete ezean, OEESetik baztertuko da (ikusi IV. eranskina).

d) Hiru urteak bukatutakoan, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikusi V. eranskina), aplikazioko aldi osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.

e) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Ikastetxe eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskaera orria, II. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela eta ikastetxeko osasun batzordea eratu dela azaltzen duten aktak.

-Osasun Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektua, hiru urterako, aurreko oinarrietan aipatutako betebeharrak biltzen dituena.

Seigarrena.-Eskaerak aurkeztea.

Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute eskaera.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan aurkeztuko dira, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautu duen Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari zuzenduak.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Seigarrena.-Ikastetxeak hautatzea.

Osasun Hezkuntzaren eta Osasunaren Sustapenaren Koordinaziorako Batzorde Autonomikoak edo horrek bidezkotzat jotzen duen organoak baloratuko ditu proiektuak. Baloraziorako, VI. eranskinean ageri diren irizpideak aplikatuko dira.

Hautatzen diren ikastetxeak Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarean (OEES) sartuko dira, aurreko deialdietan sartu diren gainerako ikastetxeekin batera. Sarean sartu diren ikastetxe guztien zerrenda deialdiaren VII. eranskinean ageri da.

Zortzigarrena.-Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

OEESeko Batzorde Teknikoak proposaturik, eta urteko txostena ontzat jotzen bada, hezkuntzako berrikuntza jardueren 30-60 ordu ziurtatuko dira (VI. eranskineko balorazio irizpideen arabera), egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da, parte hartzen duten gainerako irakasleen lanari baino 15 ordu gehiago emanez.

Bederatzigarrena.-Argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak saritutako lanak argitaratzen ahalko ditu eta argitalpenak memoria guztia edo zati bat edukitzen ahalko du. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

Hamargarrena.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak deialdi hau ebatziko du, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuak, Eskolan Osasun Hezkuntzaren eta Osasunaren Sustapenaren Koordinaziorako Batzorde Autonomikoaren burua baita, egiten duen proposamena ikusi eta gero.

II. ERANSKINA

Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarea (OEES).
Parte hartzeko eskabidea

............................................... jaunak/andreak, Nafarroako Foru Komunitateko ...................... herriko ........................................ ikastetxeko zuzendaria den aldetik,

eskatzen du, .........(e)an egindako Eskola Kontseiluak eta ...........(e)an egindako Irakasleen Klaustroak onetsi ondoren, "Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarea (OEES)" izeneko hezkuntza berrikuntzako proiektuan parte hartzea.

Horretarako, ikastetxe honek agiri hauek aurkezten ditu:

Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren aktak.

Horrekin batera, ..............................................., jauna/andrea, Klaustro honetako irakaslea, proiektuko koordinatzaile arduradun izendatu da.

............................(e)n, 2010eko ........aren ......(e)(a)n.

Sin.: .................................

Ikastetxeko zuzendaria.

III. ERANSKINA

Proiektuaren lan plana prestatzeko eskema

1.-Aukeratu den proiektuaren justifikazioa.

2.-Testuinguruaren azalpena.

3.-Lehentasunak ezartzea.

4.-Helburuak.

5.-Familien, osasun etxeetako profesionalen, gizarte zerbitzuen eta toki entitateen ordezkarien parte-hartzea.

6.-Jarduerak.

7.-Metodologia.

8.-Epeak.

9.-Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

10.-Aurreikusitako antolamendu mota eta funtzionamendua.

.........................(e)n, 2010eko .........aren ....(e)(a)n.

O.E.

Zuzendaria.

Proiektuaren ikastetxeko koordinatzaile arduraduna.

IV. ERANSKINA

Proiektuaren urteroko txostena prestatzeko eskema

2009-2010 ikasturtean egindakoaren memoria:

1. Proiektuaren datu orokorrak: izenburua, helburuak, edukia eta ikasle hartzaileak.

2. Ikastetxearen antolamendua osasun hezkuntzarako edo osasunaren sustapenerako proiektua garatzeko.

3. Egindako jarduerak. Hasiera bateko asmoak eta epeak noraino bete diren.

4. Baliabideak eta langileak. Proiektuan esku hartu duten irakasleen zerrenda.

5. Proiektuaren ebaluazioa eta bertan egindako doiketak.

2010-2011 ikasturterako lan plana:

1. Proiektuaren izenburua.

2. Helburuak.

3. Proiektuaren edukiak.

4. Ikasle hartzaileak.

5. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea.

6. Gehituko diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

7. Proiektuaren faseak eta epeak.

8. Aurreikusitako prestakuntza jarduerak.

9. Taldeko partaideak.

10. Proiektu berriaren azalpen laburra.

........................(e)n, 2010eko .......aren ....(e)an.

O.E.

Zuzendaria.

Proiektuaren ikastetxeko koordinatzaile arduraduna.

V. ERANSKINA

Proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko eskema

1. Proiektua garatu deneko egoeraren ezaugarri orokorrak eta kasuan kasukoak.

2. Proiektuko helburuak noraino bete diren:

-Hasiera batean proposatuak.

-Proiektua bukatzean lortuak.

3. Proiektuko partaideak: irakasleak, osasun langileak, hezkuntza komunitatekoak (guraso elkarteak, elkarteak, etab.), erakunde ofizialak.

4. Egindako jarduerak:

5. Proiektuan izaniko aldaketak hura egiten ari zelarik:

-Helburuak.

-Edukiak.

-Jarduerak.

-Metodologia.

-Baliabideak.

-Ebaluazioa.

-Bestelakoak.

6. Ebaluazioa egiteko, erabilitako prozesuaren laburpena.

7. Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak.

8. Prestatutako materialak.

.......................(e)n, 2010eko ....................... aren ......(e)(a)n.

O. E.

Zuzendaria.

Proiektuaren ikastetxeko koordinatzaile arduraduna.

VI. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

Proiektuan ondoko alderdi hauek azaldu beharko dira, proiektua bera eta irakasle parte-hartzaileen orduen ziurtapena baloratzeko oinarrizko alderdiak izanen baitira:

1. Testuinguruaren azterketa eta ikastetxeko osasun beharrak egokitzea.

2. Ikastetxearen izaera eta baliabideak erabiltzeko aukerak.

3. Osasuna sustatzeko jardueretan orain arte izandako esperientzia.

4. Proposatutako helburuen zehaztapena eta bideragarritasuna. Atzemandako osasun beharrekin koherentzia izatea.

5. Hautatutako edukien eta proposatutako jardueren zehaztapena eta koherentzia.

6. Metodologia berritzailea.

7. Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea sustatzea.

8. Prozesuaren ebaluazioaren deskribapena.

9. Proiektua eremu bereko ikastetxeetan koordinatzea.

10. Berdintasunerako irizpideak aplikatzea.

VII. ERANSKINA

Osasunerako Eskolen Europako Nafar Sarea (OEES)
osatzen duten ikastetxeak eta haien proiektuaren izenburua

Ribera del Arga BHI. Azkoien. Hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Eunate BHI. Iruña. Teoriaren eta praktikaren aldetik iraunkorra den ikastetxea lortzeko bidean.

Marqués de Villena BHI. Martzilla. Osasunaren sustapena.

María Inmaculada LH. Iruña. Eskola osasungarriaren proiektua.

Ega BHI. San Adrián. Elikadura osasungarria.

Iturrama HLHI. Iruña. Haurren obesitatearen prebentzioa.

Navarro Villoslada BHI. Iruña. Ongizatea eta emozio osasuna.

Cuatrovientos BHI. Iruña. Kontsumo arduratsua.

Joaquín Romera DBHI. Mendabia. Osasuna sustatzeko hezkuntza jarduerak.

El Molino HBI. Iruña. Osasunerako hezkuntza, desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatearen alde.

Angel Martínez Baigorri HLHI. Lodosa. Jarrera osasungarrien garapena, erabakiak hartzeko gaitasuna eta gatazken ebazpen ona.

Virgen de la Cerca HLHI. Andosilla. Harremanak izaten ikastea.

Santamaría la Real ikastetxea. Sarriguren (Eguesibar). Osasunaren sustapena.

Pitillasko HLHI. Osasun sarea.

Muñoz Garde HBIP. Iruña. Elikadura nahasteei lotutako portaeraren arazoak.

Toki Ona BHI. Bera. Toki Ona-OEES.

Iragarkiaren kodea: F1007101