5. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114/2009 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, "NA-132 errepideko 7+200 k.p.an (Oteitzako ekialdeko sarbidea) biribilgune bat egiteko proiektua" jendaurrean egoteko epea ebatzi eta proiektu hori behin betiko onesten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak, ekainaren 18ko 57/2009 Foru Aginduaren bidez, "NA-132 errepideko 7+200 k.p.an (Oteitzako ekialdeko sarbidea) biribilgune bat egiteko proiektua" behin-behinekoz onetsi zuen eta, onespenaren iragarkia 2009ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 3an, argitaratu ondoren, jendaurrean jarri zuen hala proiektuaren eduki teknikoari dagokionez, nola desjabetzeak ukituko dituen lurrak okupatu beharrari dagokionez.

Zainketa Zerbitzuak aditzera eman du alegazio hauek jaso direla, jendaurreko epea amaitu eta gero:

-1. alegazioa:

José de Miguel Aramendiak eta Eduardo eta Daniel de Miguel Garcíak, 659 lurzatiaren jabeak diren aldetik, alegatzen dute beren lurzatia erdibitua gelditzen dela Leringo bidea birjartzearen ondorioz. Bide horrek zerealen biltegi batera darama eta zenbait finkatarako sarbidea ere bada. Finka erdibitzeak ondorio kaltegarriak ditu beren laborantza lanen garapenerako, izan ere horrek zaildu eginen du finkan duten nabe baterako sarbidea eta galaraziko du nekazaritza-tresnak nabearen kanpoko zelaian uztea. Hala, finka ezin izanen da ia ezertarako erabili.

Erantzuna:

Alegazioa ezesten da.

NA-132 errepidetik Oteitzara sartzeko egungo elkargunea biribilgune baten bidez eraldatzeak xedetzat dauka elkargune horretan bide segurtasuna hobetzea eta, horrez gain, bide hori erabiltzen duten ibilgailuen mugimenduak zentralizatzea, hala Leringo bidea finketara eta zerealen biltegietara sartzeko erabiltzen duten ibilgailuena -horrek ibilgailu astunen eta nekazaritzakoen trafiko handia sortzen baitu-, nola herrira errepide horren ezkerraldera dagoen bidetik sartzen diren ibilgailuena.

Horretarako, proiektuan aurreikusten da Leringo bidea zuzenean lotzea biribilgunearekin. Hala, saihestuko da biribilgunetik 150 metrora ezkerretara biratzeko dagoen elkargunea, horrek istripuak eragin litzakeen puntu gatazkatsua sor bailezake. Proiektuan aurreikusia dago finkara bi aldeetatik sartu ahal izatea. Lanek ez dute galaraziko nekazaritza-tresnak nabearen kanpoko zelaian uztea eta finka erdibitzeak ekar litzakeen kalteak desbajetze fasean baloratuko dira.

-2. alegazioa:

Ignacio Urmeneta Arizalak, bere izenean eta beste hamaikarenean, 730A, 730B, 730C, 730D eta 839 finken jabeak diren aldetik eta Leringo bidearen birjarpenak ukitzen dituen aldetik -bide horrek zerealen biltegi batera darama eta zenbait finkatarako sarbidea ere bada-, alegatzen dute bide hori egitea ez dela beharrezkoa eta nahikoa izanen litzatekeela biribilgunea egitea, trafikoa arautu eta elkarguneko bide-segurtasuna hobetzeko. Hori horrela, bidearen birjarpena proiektutik kentzeko eskatzen dute.

Erantzuna:

Alegazioa ezesten da.

Biribilgunearen xedea da elkargunean bide-segurtasuna hobetzea eta, horrez gain, Leringo bidea finketan eta zerealen biltegian sartzeko erabiltzen duten ibilgailuen mugimenduak zentralizatzea, horrek ibilgailu astun eta nekazaritzakoen trafiko handia sortzen baitu.

Bideak NA-132 errepidearekin egun duen elkargunea elkargunetik 150 metrora kokatzen da. Distantzia hori Sustapen Ministerioaren Errepideen Instrukzioaren 3.1 IC arauan ibilgailu artikulatuentzat definitutakoa baino txikiagoa da. Hortaz, beharrezkoa da bideak errepidearekin duen elkargunea tokiz aldatzea.

-3. alegazioa:

Ignacio Urmeneta Arizalak, Encorna Arizalaren eta beste zenbaiten izenean, 730B finkan dagoen nekazaritzako biltegiaren jabeak diren aldetik, alegatzen dute Leringo bidearen birjarpenarekin biltegia gauzaeztandu eta baliogabetuko litzatekeela, bide berriarekiko izanen lituzkeen distantziak direla eta. Halaber, egungo sarbidea NA-132 errepidetik egiten denez, sarbide hori ixtean, egungo sarrera gauzaeztanduko da.

Erantzuna:

Alegazioa ezesten da.

Proiektuan aurreikusten denez, biltegira bidetik sartuko da, bi biltegietarako eginen den sarbide bakarretik. Hortaz, Leringo bidetik doazen ibilgailuen trafikoak ez ditu ukituko ibilgailuek biltegian sartu eta ateratzeko egin beharreko bira-maniobrak. Hori horrela, ez dago arrazoirik biltegiaren balioa gutxitzeko.

Biribilgunea egitean, errepidearen bazterra ez da aldatuko biltegia ukitzen duen lekuan, hortaz, ibilgailuek berdin-berdin egin ahal izanen dituzte eraikinari atxikia dagoen zelaigunetik egun egiten dituzten bira-maniobrak.

-4. alegazioa:

Ignacio Urmeneta Arizalak, bere izenean eta ukitutako beste bederatzirenean, 730A, 730C eta 730D finken jabeak diren aldetik, alegatzen dute Leringo bidearen birjarpenak 730A eta 730B finkak bereizten dituela baliorik handiena duten lekuan, finkaren balioa eta erabilgarritasuna larriki kaltetuz.

730C lurzatian bi ur putzu eta 730B biltegira sartzeko atea daude. Hala, lurzati horretan 146 metro aldi baterako okupatzeak kalteak eragin ditzake, putzuen kasuan, ibilgailu astunengatik edo lanetan erabilitako materialek eragindako kutsaduragatik eta, atearen kasuan, sarbidea zailtzeagatik.

Jabeek eskatzen dute proiektutik kentzeko biribilgunea Leringo bidearekin lotzen duen bide berria.

Erantzuna:

Alegazioa ezesten da.

730A finka zatitzearen ondorioz eragin litezkeen kalteak lanek ukitutako ondasunak eta eskubideak desjabetzeko fasean ebaluatuko dira.

730C finkaren aldi baterako okupazioa finkan dauden putzuak ez ukitzeko moduan eta biltegirako sarrera ez zailtzeko moduan eginen da.

-5. alegazioa:

Ignacio Urmeneta Arizalak, bere izenean eta Rosario Arizala Gómezenean, 839 finkaren jabeak diren aldetik, alegatzen dute 451m²-ko lursail batean 151 m² ukituko direla. Hala, finkak kalte ugari izanen ditu bere azaleran eta ezer gutxirako balioko du. Halaber, finka larretzat jotzen da, baina bertan olibondoak daude eta desjabetzeak uki ditzake.

Eskatzen dute olibondoen balioa aintzat hartzeko eta desjabetutako azalera alboan dagoen eta udalaren jabetzakoa den azalera bereko lurzatiarekin trukatzeko.

Erantzuna:

Lanek olinbondoengan izan ditzaketen eraginak aintzat hartuko dira lanek ukitutako ondasunak eta eskubideak desjabetzeko fasean.

Desjabetu beharreko azalera alboan dagoen eta udal jabetzakoa den azalera bereko lurzatiagatik trukatzeari dagokionez, eskaera Oteitzako Udalari egin beharko zaio, bera baita lurzatiaren jabea. Alegazioaren zati hori ezesten da.

Horiek horrela, Zainketa Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuko 2.2 artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. "NA-132 errepideko 7+200 k.p.an (Oteitzako ekialdeko sarbidea) biribilgune bat egiteko proiektua" jendaurrean paratzeko epea ebaztea, azalpen zatian adierazten den moduan.

2. "NA-132 errepideko 7+200 k.p.an (Oteitzako mendebaldeko sarbidea) biribilgune bat egiteko proiektua" behin betiko onestea, 588.932,55 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan gehien zabaltzen diren egunkarietako batean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Zainketa Zerbitzuari, Desjabetze Atalari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek administrazio bidea amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2009ko abenduaren 23an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F0928970