26. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

"San Fermin 2010" kartel lehiaketarako oinarriak

1.-Lehiaketa honek 2010eko Sanferminetako kartel ofiziala hautatzea du helburu.

2.-Kartela 100 zentimetro altu izanen da, eta 70 zentimetro zabal.

Ondoko testua eramanen du:

Pamplona / Iruña

San Fermin 2010

6 al 14 de julio / Uztailaren 6tik 14ra

3.-Lehiaketan artista nazionalek zein atzerritarrek parte hartu ahalko dute, gehienez ere lan bana aurkeztuta, originala, argitaratu gabea eta teknika librekoa. Ezin izanen dira aurkeztu aurreko edizioren batean finalistak izandako obrak.

4.-Lanak hartzeko epea 2010eko martxoaren 1etik 31ra bitartean egonen da zabalik.

5.-Lanak lanegunetan aurkeztuko dira, astelehenetik larunbatera, 10:30etik 13:30era, ondoko lekuan:

Ziudadelako Bulegoa

Armada etorbidea, zk.g.

31002 Iruña (Nafarroa)

Telefonoa: 948 228 237 / Posta elektronikoa: ciudadela@pamplona.es

6.-Lanak euskarri zurrun baten gainean muntatu behar dira, epaimahaiak baloratzeko eta, halakorik behar izanez gero, erakusgai paratzeko; halaber, lanak behar bezala paketatuak aurkeztu behar dira.

7.-Kartelak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira, kartelaren atzeko aldean goiburu bat idatzia izanen dutelarik.

Kartelarekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztu behar da, eta kanpoko aldean kartelaren goiburu bera idatzi. Barruko aldean, ondokoak sartuko dira: egilearen izen-deiturak, helbidea, telefono zenbakia, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, egilearen curriculum profesional laburra eta egileak sinatutako aitorpena, non adierazi beharko baitu aurkezten duen obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela.

8.-Antolatzaileek ez dituzte haien bizkar hartuko lehiaketan parte hartzen duten lanek jasan ditzaketen galera edo kalteak.

9.-Lanak igortzeko eta itzultzeko gastuak lehiakideen kontura joanen dira.

10.-Behin lehiaketa ebatzi eta hogeita hamar egun baliodun iraganda hautatu gabeko lanen egileek haien obrak erretiratzen ez badituzte, horiei uko egiten dietela ulertuko da, eta Iruñeko Udalak nahi duenerako erabili ahal izanen ditu, erreklamaziorik aurkezteko edo kalte-ordainik jasotzeko inongo eskubiderik aitortu gabe.

Kartela itzul diezaieten, betiere lehiakideen kontura, lehiakideek Ziudadelako bulegoarekin jarri behar dute harremanetan.

11.-Iruñeko Udalak beretzat gordeko du Sanferminak iragarriko dituen kartelean Hiriaren armarria paratzeko eskubidea, edota jatorrizkoan agertzen den armarria aldatu edo ordezkatzekoa nahiz hori kokalekuz aldatzekoa, kartel saridunaren behin betiko konposizioan.

12.-Horra epaimahaia osatuko dutenak:

Epaimahaiburua: Iruñeko Udaleko Kultura Zinegotzi Delegatua.

Epaimahaikideak:

-Iruñeko Udalean ordezkaririk duten alderdi politikoetako zinegotzi bana. Koalizioa osatzen duten alderdi politikoen kasuan epaimahaikide bat arituko da koalizioaren ordezkari.

-Diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloko hiru profesional.

-Iruñeko Udaleko Kultura Alorreko zuzendaria.

-Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako Teknikaria

-Idazkaria: Ziudadelako ofizial administraria.

13.-Epaimahaiak zortzi kartel finalistak aukeratuko ditu. Gero, herritarrek parte hartzeko aldia irekiko da, gutxienez hamar egunekoa. Herritarrek banakako botoaren bidez parte hartuko dute, horretarako erabilgarri jarriko diren bitartekoak baliatuta, halako moduz non boto gehien jasotzen duen kartela izanen baita sariaren irabazlea. Hala herritarrek parte hartzeko aldia nola bozketaren prozedura behar den unean eta moduan iragarriko dira.

14.-Sari bakarra ezarri da, 4.500 euroz hornitua, eta hori Iruñeko Udalaren Aurrekontu Orokorraren 50/45310/642000 kontusailaren kontura finantzatuko da. Diru kopuru horri PFEZ dela-eta dagokion atxikipena aplikatuko zaio.

15.-Sariaren irabazleak salerosketa kontratu bat sinatuko du Udalarekin, eta horretan, kartelaren jabetza emanen dio Udalari, sariaren zenbatekoaren truke.

Halaber, saria ordainduta, Iruñeko Udalak lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eskuratuko ere; orobat, lan horiek libreki erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, betiere barne harturik lana edozein euskarri edo formatutan erreproduzitzeko eskubideak, bai eta lana banatzeko eta jendaurrean paratzekoak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak on-line eran igorri eta zabaltzea nola internet bezalako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

16.-Iruñeko Udalak erakusketa bat eratuko du, lan irabazleak eta Epaimahaiak hautaturiko lanek osatua. Halaber, Udalak beretzat gordetzen du hautatutako kartelekin beste zenbait erakusketa publiko antolatzeko eskubidea, zehazteke gelditzen diren leku eta egunetan. Kartel horien irudiak lehiaketaren berri hedatzeko erabili ahalko dira.

Horrelako kasuetan, hautaturiko kartelak azken erakusketa amaitu eta ondorengo 30 egun baliodunen epean erretiratu beharko dira, betiere Ziudadelako Bulegoarekin harremanetan jarritakoan.

Saririk jaso ez baina erakusteko hautatuak izan diren obren egileek ez dute eskubiderik izanen, horren truke, inolako diru-ordainik jasotzeko, baina erakusketan obren egileen izenak azalduko dira.

17.-Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, jakitera ematen da jasotako datuak Iruñeko Udalarena (Udaletxe plaza zk.g., 31001 Iruña) den fitxategi automatizatu batean bildu ahal izanen direla, betiere datuak zertarako diren eta horren arabera. Halaber, jakitera ematen da badela datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, betiere Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrera (Kondestablearen jauregia: Kale Nagusia, 2 - 31001 Iruña) nahiz erregistro osagarrietara joaz, eta zehazki ondokoetara: Kultura Alorra (Descalzos k., 72, 2. solairua); Garapen Iraunkorreko Alorra (San Saturnino k., 2, beheko solairua), Herritarren Segurtasuneko Alorra (Iratxeko monasterioaren k., 2, beheko solairua); Hirigintza eta Etxebizitza Alorra (Armada etorbidea, 2, 5. solairua); eta Lehendakaritza, Gizarte Ongizate eta Kirol, eta Hezkuntza eta Gazteria alorrak (Zapateria k., 40, beheko solairua).

18.-Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek oro onartu eta Epaimahaiaren erabakiei men egitea.

Oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen kontra, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2010eko otsailaren 23an.-Kultura zinegotzia, Paz Prieto Sáenz de Tejada.

Iragarkiaren kodea: L1003318