26. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

HIRIBERRI AEZKOA

Ordenantza fiskala, Hiriberri Aezkoako Udalaren multimedia aretoaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Hiriberri Aezkoako Udalak, 2009ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hiriberri Aezkoako Udalaren "Pettuberro" multimedia aretoaren erabilera arautzen duen ordenantza fiskala. Iragarkia 2009ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 25ean, baita iragarki oholean ere, eta horren ondotik, jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betetzeko, osorik argitaratzen da haren testua.

ORDENANTZA, HIRIBERRI AEZKOAKO UDALAREN "PETTUBERRO" MULTIMEDIA ARETOAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udalaren "Pettuberro" multimedia aretoa Udalarena da, eta haren erabilpenaren eta erabileraren ardura Hiriberri Aezkoako Udalarena da. Kultura eta teknologia berriaren erabilpena bulkatzeko sortu da, baita Hiriberri Aezkoako herritarren partaidetzari bidea emateko eta haien erreferentzia izateko gizarte gaien eta kulturaren arloan.

2. artikulua. Udala arduratuko da, Kulturako bere zinegotziaren bitartez, bertan egiten diren jarduera eta ikastaro guztien antolaketaz, kudeaketaz edo segimenduaz.

3. artikulua. Multimedia aretoa ez da Hiriberri Aezkoako inongo kolektiboren egoitza izanen.

4. artikulua. Irekitzeko ordutegiak. Udalari dagokio hura irekitzeko ordutegiak zehaztea, halakorik egiten bada, eta horiek alda daitezke urtaroen arabera. Ordutegiak osoko bilkuran zehaztuko dira.

5. artikulua. Bertan egin beharreko jarduerak bereziki kultura, hezkuntza, udal, arte eta josteta arlokoak izanen dira. Ondotik ematen direnak halakotzat hartzen dira eta lehentasuna izanen dute.

-Zinema eta bideo proiekzioak, ikus-entzunezkoak.

-Ikastaroak, mintzaldiak, hitzaldiak.

-Udalaren osoko bilkurak eta batzarreak.

Salbuespenez eta leku beharra dela-eta lagatzen ahalko da izaera sindikal edo politikoa duten ekitaldi edo bileretarako, betiere Udalaren onespena badute.

6. artikulua. Hona nor den multimedia aretoko zerbitzu eta jardueren erabiltzailea: edozein lagun, parte hartzaile bada bertan antolatzen diren ikastaroetan edo ikuslea gainerako jardueretan.

Hauek dira erabiltzaileen betebeharrak:

-Erretzea debeku da multimedia aretoaren barnean.

-Jatea debeku da multimedia aretoaren barnean, Udalak salbuespenez onartzen duenetan izan ezik.

-Debeku da arras animaliak sartzea.

-Lokala garbi eduki behar da.

-Begiratuko dira, orobat, Udalak ezartzen dituen ordutegiak. Gainera, sakelako telefonoak, erlojuen alarmak etab. deskonektatu edo isilaraziko dira.

-Kasu eginen zaie Udaleko zinegotzien erranei, bereziki Kulturako zinegotziarenei.

Hiriberri Aezkoako Udalak berea du aipatu erranei kasurik egiten ez dieten lagunak onartzeko eskubidea. Espazioak behar ez bezala erabiltzeak handik bidaltzea ekartzen ahal du.

7. artikulua. Multimedia aretoko elkarte edo talde erabiltzailea da bere jardueretarako hura erabiltzen duena.

8. artikulua. Udalak antolatzen dituen jarduerek lehentasuna izanen dute partkularrei edo elkarteei erabiltzeko ematen zaien baimenen aitzinetik. Halaber, Hiriberri Aezkoako elkarte edo taldeek, baita herritar erroldatuek ere, lehentasuna izanen dute udalerritik kanpoko elkarte edo partikularren aitzinetik.

9. artikulua. Ikus-entzunezko baliabideak Udaleko langileek erabiliko dituzte edo entitate antolatzaileak behar bezala kreditaturiko adituek, Udalak bere adostasuna eman ondotik.

10. artikulua. Multimedia aretoa lagatzeko prozedura:

a) Multimedia aretoa erabiltzeko eskaerak gutienez ere 5 egun lehenago aurkeztu beharko dira, Udalak horretarako eskura jartzen dituen inprimakien bidez.

b) Lagapenak erabaki idatzien bidez gauzatuko dira.

c) Erabiltzaileen kontura izanen dira:

-Tasa, kontribuzio edo zergak ordaintzea, horrelakorik izanez gero, 1. eranskinean ezartzen den gisan.

-Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.

-Administrazioaren permiso eta baimenak.

d) Jarduera bat burutzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak erabiltzeko ongi gelditzen ote diren, jarduera hasi aitzinetik zeuden egoera berean.

e) "Pettuberro" aretoan egiten diren jarduera guztietan, publizitaterik izanez gero, Udalaren armarria paratu beharko da, haien entitate laguntzailea den aldetik.

11. artikulua. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

A) Erantzukizunak:

1.-Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal eta administratiboak, eta orobat lan nahiz zerga arlokoak, edo edozein moldetakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Udala horietatik arrunt salbu geldituko baita.

2.-Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez duen berak egin behar diren konponketen ardura zuzenean hartzen, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

B) Arau-hausteak: Arau-haustetzat joko dira:

1.-Jabetzaren kontrako hutsegite eta delituak.

2.-Instalazioak eta zerbitzuak behar ez den bezala erabiltzea. Horri dagokionez, multimedia aretoa erabiltzen duen entitateak oker edo hondamenen batez ohartzen bada, bere jardueran gertatu ala ez, jakinaren gainean jarri beharko du Udala, ahalik eta agudoen jarri ere; hala egiten ez badu, ulertuko da entitatearen jarduerak eragin duela hondamena.

3.-Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan hondamen edo kalteak eragitea.

4.-Multimedia aretoan sartzeko giltzen kopiak egitea Udalaren baimenik gabe.

C) Zehapenak:

1.-Aitzineko artikuluetan xedatua bete beharrez zehapenik paratuz gero, kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den kalte-ordainetik aparte ezarriko da hura.

2.-Aipatu diren erantzukizun eta zehapenak derrigorrezko diru-bilketaren bidez mamitu eta betearaziko dira.

Hiriberri Aezkoan, 2010eko otsailaren 9an.-Alkatea, César del Río Bayonés.

ERANSKINA

"Pettuberro" aretoa erabiltzeko tasak

12. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatuaren babespean ezarri da eranskin honetako prezio publikoa.

13. artikulua. Prezio publikoak eskatuko dira "Pettuberro" aretoa nahiz Udalaren bertze edozein toki kultur kontuetarako erabiltzeko eskubidea ematen duen Udalaren baimenagatik.

14. artikulua. Ordaindu beharra baimena eman ondoan sortuko da, eta aretoa erabili baino bi egun lehenago egin beharko da, gutienez. Ordaintzera beharturik dago Hiriberri Aezkoako Udalak "Pettuberro" aretoa erabiltzeko baimena ematen dion pertsona edo entitatea.

15. artikulua. "Pettuberro" aretoa erabiltzeko daten erreserbak ez du baliorik izanen aldi berean aitzinatzen ez bada sorrarazitako zenbatekoaren %25. Erreserben deuseztapena bakar-bakarrik onartuko da arrazoiak idatziz frogatzen badira, ekitaldiaren data baino 10 egun lehenagotik, gutienez.

16. artikulua. Tarifak:

a) Hiriberri Aezkoako irabazi asmorik gabeko pertsona edo elkarteek "Pettuberro" aretoa edo Udalaren bertze toki batzuk erabiltzen dituztenean: "Pettuberro" aretoa alokatzea:

a. Ordubete: 10 euro.

b. Jardunaldi osoa (gehienez ere 8 ordu): 60 euro.

c. Jardunaldi erdia (gehienez ere 4 ordu): 30 euro.

Ezarritakotik goitiko denbora kobratzeko, gutieneko zatia ordubetekoa izanen da . Sarrera kobratzen badute, b) letrako tarifa ordainduko dute.

a) Hiriberri Aezkoatik kanpoko irabazi asmorik gabeko pertsona edo elkarteek "Pettuberro" aretoa edo Udalaren bertze toki batzuk erabiltzen dituztenean:

a. Ordubete: 20 euro.

b. Jardunaldi erdia (gehienez ere 4 ordu): 40 euro.

c. Jardunaldi osoa (gehienez ere 8 ordu): 80 euro.

Sarrera kobratzen badute, c) letrako tarifa ordainduko dute.

a) Bere kasa dabiltzan pertsona, enpresa edo gisakoek "Pettuberro" aretoa edo Udalaren bertze toki batzuk erabiltzen dituztenean:

a. Ordubete: 30 euro.

b. Jardunaldi erdia (gehienez ere 4 ordu): 60 euro.

c. Jardunaldi osoa (gehienez ere 8 ordu): 120 euro.

17. artikulua. "Pettuberro" aretoan egin beharreko jarduerek kultura edo gizarte aldetik interesa izateagatik Udala haien laguntzailea denean edo Udalarekin hitzarmen bat sinatua dagotenean, hobariak ezartzen ahalko dira ezarritako kuoten ordainketan, are dohainik izaten ahal ere.

18. artikulua. "Pettuberro" aretoa eskatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da udal bulegoetan, Hiriberri Aezkoako San Salvador karrikan baitaude, edo bertzenaz posta elektronikoa erabili, aretoa erabili baino 5 egun lehenago.

19. artikulua. 12 urtetik beheitikoek heldu batekin joan beharko dute.

Iragarkiaren kodea: L1002409