26. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Ordenantza fiskala, Barañaingo Udalak antolatu eta udal telezentroan egiten diren prestakuntzako lantegietan ikasteagatik ordaindu beharreko prezio publikoa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2009ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Barañaingo Udalak antolatu eta udal telezentroan egiten diren prestakuntzako lantegietan ikasteagatik ordaindu beharreko prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2009ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 25ean, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka -xedapen administratiboa baita- ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2009ko otsailaren 8an.-Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

ERANSKINA

ORDENANTZA FISKALA, BARAÑAINGO UDALAK ANTOLATU ETA UDAL TELEZENTROAN EGITEN DIREN PRESTAKUNTZAKO LANTEGIETAN IKASTEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Telezentroko zerbitzuen xedea da herritarrak informazioaren eta komunikazioaren gizartera hurbiltzen laguntzea eta tresnatako balio izatea aplikazio informatikoekin lan egiteko espazio fisiko eta birtual finko bat behar duten profesional, ikasle, elkarte, enpresa eta oro har jendeei.

Telezentroa 2006ko irailean hasi zen funtzionatzen eta giltzarri bilakatu da Barañain herriaren garapenerako proiektuan. Ireki zenetik prestakuntzarako 137 lantegi baino gehiago eman die Barañainen erroldaturiko 1.700 lagun baino gehiagori, eta 4.300 ordu baino gehiago egin dira bertan, sarrera libre eta dohainekoa izanik, Interneten nabigatzeko eta zerbitzuak duen ekipamendu informatikoa erabiltzeko.

Prestakuntza lantegiak Telezentroko ekintzarik adierazgarrienetariko bat dira. Ekintza hau baitezpadakoa da, sektore honetan ezagutzak eten gabe eguneraturik izateko dagoen eskaeraren ondorioz. Orobat, teknologiaren aldeko isuria sortzen da, kualifikazioen hobekuntza bulkatzen, lanpostu berrien sorrera sustatzen eta haize ematen zaio sektoreko honetako zerbitzuen enpresa eta profesionalak agertzeari.

Gaurdaino, Barañaingo Udal Telezentroko oinarrizko jarduera izan da alfabetatze digitala, herritarrei eta elkarteei zuzendua. Hona alfabetatze digital edo teknologikoaz egin daitekeen definizioa: informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiltzeko gaitasuna, hau da, ordenagailua, Internet, sakelako telefonoak eta bertze gailu eta periferiko batzuk, gero eta azkarrago sartzen ari baitira gure bizitzaren arlo guztietan.

Gaur egun 6 lantegi ematen dira (Ordenagailua deskubritzea, Word hastapena, Word aurreratua, Excel hastapena, Power Point hastapena eta Internet-Posta elektronikoa). Lantegiak astebetan egiteko daude pentsatuta; maiztasuna da bi ordu egunean astelehenetik ortziralera, hau da, 10 ordu guztira. Barañainen erroldaturik dauden pertsonei zuzenduak daude, eta gaurdaino denak dohain izan dira.

Gaur egun eskaera lantegi eta plazen eskaintza baino handiagoa da puskaz; horren ondorioz, anitz gabe gelditzen dira. Telezentrotik titularrei oroitarazi eta etorriko direla baieztatzen dugu; hala ere, batzuk ez dira etortzen. Horregatik indfartu nahi da ikuspuntu pedagogikoa, jendea gehiago engaiatzeko, prestakuntza lantegiak balio erantsi bat izan dezan.

Proposatzen da prezio publiko sinboliko bat kobratzea, eta horrela lanpostuak segurtatu eta Telezentroa preskuntzarako espazio gisa ahalik eta hobekien aprobetxatzeko aukera izanen da. Gisa hartara estaliko da ematen zaizkien fotokopien kostua (38.000 fotokopia urtean, nonbait hor), orain arte dohanik ematen baitzitzaien prestakuntza lantegiko material gisa.

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehenengo Tituluko III. kapituluko 2. azpisailean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 28. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Ordenantza honen zergapeko egintza da alderdi batek eskaturik egiten den udal jarduera, Barañaingo Udalak Udal telezentroan antolatzen eta ematen dituen prestakuntza lantegietan matrikulatzeko eskariaren kariaz, betiere Barañaingo Udalak espresuki dohainekoak deklaratzen ez baditu.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den prezio publikoa ordaintzera beharturik daude Udal Telezentroan egin behar diren prestakuntza ekintzetan parte hartzeko eskaera egiten duten pertsona fisiko edo juridikoak. Horretarako, dagokion matrikula formalizatu beharko dute, prestakuntza lantegiak haiei zuzenduta baitaude.

Tarifak

4. artikulua. Ordenantza honen eranskinean agertzen da ordainarazi beharreko prezio publikoa.

Ordaintzeko beharra

5. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da subjektu pasiboak ikastaroen eskaria egiten duen momentuan, behar den matrikula formalizatuz kasuan kasuko lantegian.

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

6. artikulua. Prezio publikoak ordainduko dira ikastaroa edo jarduera antolatzeko oinarriek kasu bakoitzerako ezarritako moduan eta tokian.

7. artikulua. Prezioa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla-eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio. Gainerakoetan ez da dirurik itzuliko.

8. artikulua. Hemen arautzen den prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, horiek premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez galdatzen ahalko dira, eta diru-bilketari buruz aplikatzen ahal zaion araudiari jarraikiz.

Azken xedapen bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta ondorio juridiko osoak sorrararaziko.

UDAL TELEZENTROKO PRESTAKUNTZA LANTEGIETARA JOATEKO PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA

Epigrafea.-Telezentroak antolatzen eta ematen dituen prestakuntza lantegiak.

-Prezio publikoa prestakuntza lantegi eta lagun bakoitzeko: 6 euro.

Barañaingo Udalak eginen du prezio publikoaren administrazioa eta kobrantza, kasu bakoitzean prestakuntza lantegiaren antolaketa arauek ezartzen duten moduan eta halabereko tokian, zozketa publikoa egin eta onartuen eta erreserben zerrenda argitara eman ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1002280