26. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

303/2010 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, 2010eko deialdiak onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatean ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratzeko, ehizari lotutako arloei buruz gaitasun eta ezagutza probak gainditu beharko dira.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan gaitasun proben baldintzak eta edukia garatzen dira. Baldintza horien artean, homologatutako prestakuntza ikastaro bat egiteko beharra aipatzen da eta ezartzen da gaitasun probetan nahitaez honako gai hauei buruzko ezagutza izatea: ehizari buruzko alderdi legalak, basa faunari buruzko ezagutza, ehiza eta segurtasun metodoak, eta ehizarako arteak eta baliabideak eta haien erabilera.

Xedapen horiek betearazteko, bidezko da deialdiak eta baldintzak finkatzea, ehizan lehenbizikoz ari nahi dutenek ezagutza aski badutela egiaztatzeko aukera izan dezaten, ehizarako lehenbiziko administrazio lizentzia eskuratu aurretik.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2010eko deialdiak onestea.

2. Deialdi horien arauak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ebazpen honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko otsailaren 5ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

2010eko deialdiak, Nafarroako Foru Komunitateko
ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko
beharrezko gaitasun probak egiteko

1.-Xedea.

Deialdi hauen xedea prestakuntza ikastaroa eta ehiza gaietako gaitasun ziurtagiria lortzeko azterketa egitea da. Ziurtagiria Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak luzatzen du, eta Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezkoa da.

Izangai bakoitzak ehiza gaiei buruzko gaitasun azterketa gainditzeko bi deialdi izanen ditu. Azterketara aurkezteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea.

2.-Inskripzioa.

2.1. Prestakuntza ikastarorako eta lehenbiziko edo bigarren deialdian azterketa egiteko izena emateko epe bakarra izanen da eta 2010eko martxoaren 31n bukatuko da.

2.2. Izena emateko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira.

Izena emateko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (Armada etorbidea 2; 31002, Iruña):

a) Prestakuntza ikastaroan eta azterketan parte hartzeko izena emateko eskabidea, eranskinean ageri den ereduaren araberakoa.

Lehen deialdian izena eman eta probetara aurkezten ez direnek eta lehen deialdiko azterketa gainditzen ez dutenek nahikoa izanen dute prestakuntza ikastaroko bertaratze ziurtagiria aurkeztea bigarren deialdian parte hartzeko.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Azterketa egiteko 12 euroko tasa ordaindu dela ziurtatzen duen ordainketa-gutuna, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarritakoa.

Izena emateko eskaera eta ordainketa-gutuna, interesdunak eskatuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Atalak luzatuko ditu (Yanguas y Miranda kalea, 27-1. solairua; 31003 Iruña). Internet bidez ere eskuratzen ahal dira Nafarroako Gobernuaren web orrian.

3.-Onartuen zerrenda.

2010eko apirilaren 15etik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izangai onartuen zerrenda argitaratuko du, prestakuntza ikastaroa egiteko tokia, data eta ordua izangai bakoitzeko zehaztuta, baita lehenbiziko deialdian azterketa egiteko tokia, data eta ordua ere.

2010eko maiatzaren 26tik aurrera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bigarren deialdiko azterketa egiteko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du, tokia, data eta ordua izangai bakoitzeko zehaztuta.

Aipatu zerrendak Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; 31002 Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (Armada etorbidea, 2; Iruña) argitaratuko dira. Internet bidez ere eskuratzen ahal dira Nafarroako Gobernuaren web orrian.

4.-Prestakuntza ikastaroa:

Nafarroako ehiztarien 2008ko azterketa prestatzeko eskuliburuaren edukiak lantzea du xede ikastaroak, baita izangaiei eskuliburua ulertzen laguntzea ere, ezagutza handitu eta azterketa gainditu dezaten.

Gaitasun probak gainditu nahi dituzten izangai guztiek nahitaez egin beharko dute ehizari buruzko prestakuntza ikastaroa, bost orduko iraupena duena. Horretarako NANa, papera eta bolaluma aldean dituztela agertu beharko dute. Onartuen zerrendan zehaztuko da izangai bakoitzaren eguna eta ordua.

2008ko edo 2009ko prestakuntza ikastaroan parte hartu izanaren ziurtagiria duten izangaiek ez dute zilegi prestakuntza ikastaroa berriz egitea.

Zein toki, egun eta ordutan emanen den prestakuntza ikastaroa:

-Tokia: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Hitzaldi Aretoa (Armada etorbidea, 2-erdisotoa, Iruña)

-Egunak eta orduak:

  • 2010eko apirilaren 23an (ostirala), 16:00etatik 21:00ak arte.
  • 2010eko apirilaren 24an (larunbata), 09:00etatik 14:00ak arte.
  • 2010eko maiatzaren 7an (ostirala), 16:00etatik 21:00ak arte.
  • 2010eko maiatzaren 8an (larunbata), 09:00etatik 14:00ak arte.

Izangai bakoitza saio bakar batera agertuko da. Ikastaroan parte hartzeko, izena emateko eskabidea bete beharko da eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabide horrek ere balio du ehiztari azterketan parte hartzeko.

Bertaratutako ikasleek ikastaroaren bertaratze ziurtagiria jasoko dute, azterketara aurkezteko aurretiko betebeharra dena.

5.-Azterketa.

5.1. Azterketaren edukia.

Azterketak test moduko 30 galdera teoriko izanen ditu, epaimahaiak 500 galderako multzo batetik aldez aurretik aukeratuak.

Gaitasun ziurtagiria lortzeko azterketa eskuliburuaren eta galdera koadernoaren edukian oinarrituko da. Horren erreferentzia honako hau da: "Nafarroako ehiztarien 2008ko azterketa prestatzeko eskuliburua"

5.2. Balorazioa.

Erantzun zuzeneko galderak puntu banarekin baloratuko dira. Erantzuna zuzena ez bada, ez da punturik emanen.

Proba hau gainditzeko, 23 puntu edo gehiago erdietsi beharko dute.

5.3. Azterketen egunak:

-Lehendabiziko deialdia: 2010eko maiatzaren 22an eta/edo 23an.

Lehenbiziko deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko dira izangai bakoitzerako tokia, eguna eta ordua.

-Bigarren deialdia: 2010eko ekainaren 5ean eta/edo 6an.

Bigarren deialdiko onartuen zerrendan zehaztuko dira izangai bakoitzerako tokia, eguna eta ordua.

Izangaiek NANa eta bolaluma aldean dituztela beharko dute agertu. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

6.-Emaitzak jendaurrean jartzea.

Kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak izangaiek lortutako emaitzen zerrenda jarriko du Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2; Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan (Armada etorbidea, 2; Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren web orrian.

7.-Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Salvador del Pino López, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko burua.

Ordezkoa: Ana Palacios Arellano, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko teknikaria.

Lehenengo mahaikidea: Enrique Castién Arriazu, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ordezkoa: Manuel Lamuela Aguado, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Arrantza Kudeatu eta Animaliak Babesteko Bulegoko burua.

Bigarren mahaikidea: M.ª Carmen Galbarra Cobos, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantzaren Laguntzako Bulegoko burua.

Ordezkoa: Eva Ganuza Pelegrin, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ehiza eta Arrantza Ataleko administraria.

Idazkaria: Félix Armendáriz Martínez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Saturnino Salgado Domínguez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengoa bertan izan gabe.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Eskaera:

(Letra larriz idatzi eta datu guztiak osorik bete)

.............................jauna/andrea. NANa: ......................................... bizilekua: ............. kalea: ........................................... zenbakia....... solairua...... posta kodea: ............. telefonoa: .................

Nafarroako Foru Komunitateko ehizarako lehenbiziko lizentzia administratiboa lortzeko beharrezko gaitasun probak egiteko 2010eko deialdiko oinarriak onartzen dituela eta eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela azaltzen du.

Horregatik, eta aipatu deialdian eskatutako agiriak erantsita (NANaren fotokopia eta azterketako tasaren ordainketa-gutuna),

Prestakuntza ikastaroa eta gaitasun azterketa egiteko onartua izatea eskatzen du, ehizarako lehenbiziko lizentzia izateko beharrezkoa den gaitasun ziurtagiria lortzeko.

.................(e)n, 2010eko .............aren ..............(e)an.

Eskatzailearen sinadura

Argibideak eskatzailearentzat: Onartutakoen zerrendetan adieraziko dira izangai bakoitzak zein egun eta ordutan agertu behar duen prestakuntza ikastaroan eta zein toki, egun eta ordu esleitu zaion izangai bakoitzari lehen deialdiko azterketa eta bigarren deialdikoa egiteko. Zerrenda horiek deialdiaren oinarrien arabera argitaratuko dira. Azterketa egiteko nahitaezkoa da prestakuntza ikastaroa egitea. Prestakuntza ikastaroaren bertaratze ziurtagiria eskuratzen duten izangaiek bakarrik egiten ahal dute azterketa.

INGURUMENAREN ETA URAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F1002612