26. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Atarrabiako trafikoa arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2009ko martxoaren 31n egin osoko bilkura arruntean, legez ezarritako quoruma zuela, erabaki zuen hasiera batean onestea Atarrabiako trafikoa arauten duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hori jendaurrean egon zen, 2009ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, urriaren 5ean, baita Udalaren iragarki oholean ere.

Erabaki horren jendaurreko epea iraganik eta hasiera batean onetsitako ordenantzaren testuaren aurkako alegaziorik aurkeztu ez denez, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, behin betikoz onetsitako ordenantzaren testu osoa argitara ematen da. Erabaki hori administrazio xedapena da eta haren kontra ez da administrazio bideko errekurtsorik paratzen ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 107.3 artikuluaren arabera. Hortaz, behin betiko onespen honi kontra egiteko bideak honakoak dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Atarrabian, 2010eko otsailaren 9an.-Alkatea, Pello Gurbindo Jiménez.

ERANSKINA

ATARRABIAKO TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
Aitzinsolasa

Atarrabiako trafikoa arautzen duen ordenantza hau eman da ondoko artikuluetan xedatuari jarraikiz: Toki Araubidearen gaineko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-b) artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta martxoaren 24ko 5/1997 Legearen 7.b) artikulua (lege honek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu zuen), artikulu horiek guztiek Udalaren gain uzten baitituzte hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorretako eskumenak.

Ordenantza honen arauak ondokoetan xedatutakoaren osagarri dira: Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua eta Zirkulazioari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua onesten duen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aplikatu eta garatzekoa.

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da zirkulazioa arautzea Atarrabiako udal mugapeko errepide eta bideetan.

Ordenantza honetako aginduak aplikatuko dira Atarrabiako udal mugape osoan eta behartuko dituzte zirkulaziorako on diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako on ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituzten bide eta lurren titularrak ere bai.

2. artikulua. Udalaren eskumenak.

Atarrabiako Udalak eskumen hauek ditu:

a. Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal mugapearen barnean, baita haren zaintza ere Udaltzaingoaren eta haren laguntzaileen bitartez, bide horietan egiten diren arau-hausteen salaketa eta beraien zehapena, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.

b. Xedapen orokorren bitartez hiribideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuen banaketa bidezkoa erabiltzaile guztien artean ibilgailuen trafikoaren nahitaezko arintasunarekin eta oinezkoen karriken erabilpenarekin.

c. Ibilgailuak hiribideetatik kentzea eta gero altxatzea, araudiak horrela jasotzen duenean.

d. Kirol proben baimena, oso-osorik Atarrabiako udal mugapean barna baizik pasatzen ez direnean.

e. Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola atxikirik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela sorgorkariek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.

f. Bideak ixtea, beharrezkoa denean.

g. Pasabideak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste larritzat hartuko baitira.

Atarrabiako udal mugapeko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbestez, ibilgailu bat 30 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrora aparkatu beharko da.

Aparkatua denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

II. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Erabiltzaileak. Arau orokorrak.

1. Hiribideen erabiltzaileak behartuta daude jokatzera zirkulazioa ez trabatzeko, jendearentzat arrisku, kalte edo trabarik ez sortzeko eta ondasunak ez hondatzeko maneran.

2. Hiribideetan barna dabiltzan gidari edo oinezko guztiek kasu egin beharko diete agintaritzako agenteek egiten dizkieten oharrei, eta begiratu beharko dituzte zirkulazio seinaleek ematen dituzten aginduak.

3. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bestelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

4. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

5. artikulua. Gidariak.

Behar bezain arduratsu eta behar bezain kontu handiz gidatu beharko dute, kalterik ez egiteko ez beren buruari ez besteei, kasu emanez arriskuan ez jartzeko gidaria bera nahiz ibilgailuaren gainerako bidaiariak eta bidearen beste erabiltzaileak.

6. artikulua. Gidariaren betebeharrak.

Ibilgailu baten gidariak izan behar du mugitzeko aisetasuna eta behar den ikus eremua, eta gidatze lanera jarria izan behar du gogoa, etengabe izan ere, bere segurtasuna, ibilgailuaren gainerako bidaiariena eta bidearen beste erabiltzaileena bermatu beharrez. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du, behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.

Espresuki debeku da:

a) Gidatzean etengabe izan behar den arretarekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea,eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko beste edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.

b) Alde horretatik salbuetsirik dago gidariak ikusmen dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dituzte erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.

c) Agintaritzako agenteak ere salbuetsirik daude debeku horretatik, manaturik dauzkaten egitekoetan ari direnean.

d) Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriro sortzen dituen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea

e) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik bidea garbi ikusten uzten ez duten kristalak izatea.

f) Ibilgailuko ateak irekitzea arruntik gelditu baino lehen, edo ateak irekiz bideko beste erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.

7. artikulua. Hiri garraioa

Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuen zirkulazioa erraztu beharrez, gainerako ibilgailuen gidariek alde batera egin beharko dute posible duten guztietan, edo abiadura mantsotu, baita gelditu ere, beharrezkoa bada, garraio kolektiboko ibilgailuek beren bideari segitzeko behar diren maniobrak egin ahal ditzaten geraleku seinalatuetatik ateratzean.

8. artikulua. Hiri arteko garraio kolektiboa

Beren jardueran aritzean, hiri arteko garraio kolektiboko ibilgailuek Atarrabia badute abiapuntu edo helmuga generikoa, horretarko ezarritako tokietan baizik ezin izanen dira gelditu, edo Udaltzaingoak adierazitako tokietan.

9. artikulua. Isuri kutsagarriak sortzeko debekua.

-Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, ateratzen duten asotsa eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.

-Debeku da bideetan barna ibiltzea hodia irekia duen ibilgailu edo ziklomotorrean.

-Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

-Baimendu gabeko erreforma izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.

-Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio frogetan laguntza ematera.

-Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:

a) Gerta daitekeen istripua galarazteko.

b) Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.

10. artikulua. Eremu publikoko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo eremu publiko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Atarrabiako Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.

Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ibilgailuaren titularra aurkitzera ahalegindu beharko da eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.

Aurkitzea posible ez bada, agintzaritzako agente hurbilenari emanen zaio aditzera, edo bestela, Atarrabiako Udaltzaingoko zentralari.

III. KAPITULUA

Oinezkoak

11. artikulua. Oinezkoendako lehentasun eremuak edo sarbide murriztukoak.

Atarrabiako Udalak, segurtasuna zaintze aldera edo zirkulazioaren arintasuna edo oinezkoen joan-etorria errazte aldera, murriztapenak ezartzen ahalko ditu Atarrabiako halako alde batzuetan sartzeko baita hango karriketan aparkatzeko ere, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 16. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Oinezkoendako lehentasun eremu edo sarbide murriztuetan ez zaio sartzen, ibiltzen edo aparkatzen utziko Udalaren behar den baimena ez duen ibilgailuari edo ordenantza honen 11. artikuluaren arabera debeku orokorretik kanpo dagoenari.

Horietara sartzen diren ibilgailu baimenduek bete beharko dituzte seinaleetan edo dagokion baimenean zehazten diren murrizketak eta ordutegia.

Zamalanetarako ibilgailuak sartu ahalko dira eremu horietara, horretarako baimen berezirik izan gabe, betiere lan horietarako ezarritako ordutegian; bestetik ere, eremu horietatik alde egin beharko dute gehienez ere 15 minutuko epean, lan horietarako zehaztutako bukaera ordutik aitzina.

12. artikulua. Oinezkoendako eremuak

Ordenantza honen ondorioetarako, oinezkoendako eremuak izanen dira ibilgailuek, mota zein den ere, erabat debekatua badute sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea.

Oinezkoendako eremuak horretarako seinale zutikakoen bidez mugatuko dira, balizatzeko besteko elementu mugigarriak erabiltzen ahalko badira ere, haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozteko edo murrizteko.

Oinezkoendako eremuetan, ibilgailuen abiadura 20 km/h izanen da gehienez ere.

13. artikulua. Trafikoarendako eremu murriztuetara sartzeko baimenak.

Oinezkoendako edota sarbide murriztuko eremuetan ibiltzeko eta aparkatzeko ordenantza honetan ezartzen den debekua ibilgailu mota guztiei dagokie, bizikletak, ziklomotorrak, motozikletak eta ondotik zehazten diren zerbitzuetan ari diren ibilgailuak kenduta:

1. Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.

2. Estatuko segurtasun indar edo kidegokoak.

3. Zabor bilketakoak.

4. Bidaiarien garraio publikokoak.

5. Uraz, argindarraz, gasaz eta telefoniaz hornitzeko enpresenak eta gisakoenak.

6. Osasun garraioko ibilgailuak.

7. Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.

8. Mugikortasun murriztuko jendeendako ibilgailuak aparkatzeko txartelak dituztenak.

9. Bizilagunak badira euren garajeetarako sartzeko eta ateratzeko baimena dutenak oinezkoen eremuetan barna, horretarako soilik iragaten ahal dira.

10. Oinezkoendako eremu murriztuetara sartzeko, ixteko sistemaren bat bada edo eta garajeetara sartzeko giltza edo telekontrola beharrezkoa denean, edo mugikortasun beharrak izateagatik, haiek eskuratzeko eskaera egiten ahal da, honako agiriak aurkeztuta:

-Garajeko lekuaren eskritura edo hura erosi izanaren kontratu pribatua.

-Zein ibilgailutarako eskatzen den giltza edo telekontrola, haren dokumentazioa.

-Aparkatzeko txartelaren kopia, mugikortasun murriztuko pertsonak badira.

Giltza edo telekontrola eskuratu ahal izateko, Udalak zehazten duen diru-kopurua ordaindu beharko da, fidantza gisa.

Ibilgailua ez bada Atarrabiako ibilgailuen erregistroan, beste fidantza bat ordaindu beharko da. Fidantza hori itzuliko zaio hura herrian izen eman eta berehala.

Eremu horietara sartzea soil-soilik baimenduko da garajeetara sartzeko edo zamalanetarako bada, eta erabat debekatua dago eremu horietan aparkatzea.

14. artikulua. Oinezkoak.

1. Oinezkoek ibiliko dira berendako espaloi, pasabide eta ibiltokietan.

2. Orokorrean, obren esleipen hartzaileek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak, ordezko espaloiak etab. Udalaren edo udal organo eskudunaren lizentzia edo baimen espresa beharko da, eta hark ezar ditzakeen neurri zuzentzaileak bete.

15. artikulua. Debekuak.

1. Galtzada guruzatzea baimendu ez diren tokietan barna.

2. Laster edo jauzi egitea, edo gainerako oinezkoei traba egiteko maneran ibiltzea.

3. Autobusak eta zerbitzuko publikoko gainerako ibilgailuak itxarotea horretarako ezarri diren tokietatik edo espaloietatik kanpora, edo galtzadan sartzea geldi daitezela eskatzeko.

4. Espaloietan gelditzean taldeak eratzea, gainerako erabiltzaileen joan-etorria zailtzen edo eragozten dutenak .

5. Ibiltzen ari diren ibilgailuetara igotzea edo jaistea.

IV. KAPITULUA

Patinekin edo monopatinekin ibiltzea

16. artikulua. Zirkulazioa.

Motorrik gabeko patinak edo gisako tramankuluak erabiltzen dituztenak, espaloietan, oinezko eremuetan eta bidegorrietan barna ibiliko dira, baina ez ibilgailu motordunak ibiltzeko lerroetan. Ari direnean, patinatzaileek oinezkoen ibiliari egokituko diote berea, eta betiere trabarik egin gabe edo arriskurik sortu gabe ariko dira. Inoiz ez dute lehentasunik izanen oinezkoen aldean.

17. artikulua. Monopatinak.

Monopatinak eta gisako tramankuluak horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan baizik ez dira erabiltzen ahalko, kirol moduan erabili ere. Monopatinak ez dira erabiltzen ahalko ez espaloietan ez oinezkoendako eremuan, ezta bidegorrietan ere.

Inoiz ez da baimenik emanen patinak, monopatinak edo gisako tramankuluak erabiltzen dituztenak beste ibilgailu batzuei lotzeko edo beroiek herrestan eramateko.

V. KAPITULUA

Bizikleten zirkulazioa eta erabilera

18. artikulua. Bizikletak

Bizikletak, trafikoaren arloan indarra duen araudiak loturiko beste ibilgailu bat gegiago den aldetik, ahal dela bidegorrietan eta gainerako bide eta ibilbide seinalatuetan barna ibiliko dira, baina edozein ibilgailu bezala, galtzada arruntetan barna ibiltzeko baimena dute.

19. artikulua. Argiak, txirrina eta osagarriak.

Bizikletek txirrina eta argiak edo islagailuak izan beharko dituzte, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan. Orobat, adingabeak edo bestelako karga eramateko elementu osagarri egokiez horniturik egon daitezke, hala nola aulki uztartuak, atoiak, erdi atoiak eta gainerako gailu behar bezala egiaztatu eta homologatuak, pisuaren aldetik agintzen diren mugak dituztela.

20. artikulua. Zirkulazioa bidegorrietan barna.

Trafikotik eta oinezkoak ibiltzeko eremuetatik bereizitako bidegorriak bizikletaz, patinez, bizikleta elektrikoetan eta ezgaitasuna dutenendako aulkietan ibiltzeko baizik ez dira erabiliko. Bide horien erabiltzaileek neurriko abiadura eraman behar dute, 20 km/h-tik goitik egiten ez duena, eta kasu eman beharko dute eta kontuz ibili, bide osoan.

21. artikulua. Oinezkoendako eremuetan barna zirkulatzea.

Eremu horietan oinezkoek dute lehentasuna, bain kalearen sekzioak ezinezkoa egiten badu metroko tartea izatea, gutxienez, txirrindulariaren eta oinezkoen artean, txirrindulatik jaitsi eta txirrindulariak oinez jarraitu beharko du.

Eremu eta kaleak badira jende sobera hartzen dutenak, txirrindulariak zirkulatzeko erabateko debekua ezar daiteke halako ordutegi baterako.

22. artikulua. Bizikletak parke, pasealeku eta espaloietan zirkulatzea.

Oinezkoendako gainerako eremuetan bezalaxe, lehentasuna izanen da beti oinezkoarena, eta txirrindulariek metro bateko tartea utziko beharko dute, gutienez, oinezkoekin.

Parke publikoetan, bizikletak eremu zolatuetan barna ibiliko dira, inoiz ez berdeguneetan barna.

Espaloietan eta bidegorrietan barna ibiltzen diren txirrindulariak, galtzadetara ailegatzen direlarik, gelditu beharko dute, zangoa lur gainean ezarri eta galtzadan barna dabiltzan ibilgailuetatik ikusi dituztela egiaztatuta, segitzen ahalko dute aitzina. Pasabide horietan, txirrindulariek lehentasuna dute galtzadan barna ibiltzen diren ibilgailuen aitzinetik.

Pasabide zehatzik ez bada, galtzadara sartu beharko dute oinezkoendako pasabideak erabilita.

23. artikulua. Galtzadan barna zirkulatzea.

Galtzadan barna dabiltzan txirrindulariak eskuineko lerroan barna ibiliko dira, bat baino gehiago izanez gero. Orobat, eskuinaldetik ibiliko dira lerroaren barnean. Gainerako ibilgailuek bezala, trafikoko arau guztiak bete beharko dituzte.

Gainerako ibilgailuek, ziklistak aitzinatzean edo haien ondoan joatean, segurtasun tartea utzi beharko dute, gutienez ere 1,5 metrokoa.

Zenbait txirrindulari batera ibiltzen badira, paraleloan joaten ahalko dira, betiere trafikoari traba egiten ez badiote eta bide-lerro bat baino gehiago okupatzen ez badute. Halakoetan, semaforoak, gurutzabideak eta gisakoak gurutzatzeari dagokionez, ibilgailu bakartzat hartuko da txirrindulari talde osoa.

VI. KAPITULUA

Abiadura

24. artikulua. Abiadura mugak.

1. Orokorrean, 50 km/h da hiribideetan eta zeharbideetan ibilgailuek goititu behar ez duten abiadura. Hona hemen salbuespenak:

a) Ibilgailu bereziak, balaztatze-seinalerik ez dutenak, atoiak eramaten dituztenak edo motokultoreak edo haiekin parekaturiko makinak direnak: 25 kilometro/ordua.

b) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak, gainerako ibilgailu bereziak, bizikletak eta ziklomotorrak: 40 kilometro/ordua.

2. Aitzineko atalean adierazi den muga beheititzen ahalko da oinezkoendako trafikoaren handiak edo bestelako inguruabarrek komenigarri egiten duten aldeetan.

VII. KAPITULUA

Seinaleak

25. artikulua. Ezartzea.

Alkatetzak edo Udaleko organo eskudunak aginduko da kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordezkatzea. Orokorrean, partikularrek ez dute zilegi izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuendako pasabideko seinaleak, Alkatetzak edo Udaleko organo horrek behar den baimena eman ondoan.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

26. artikulua. Aplikazioa.

Hiriko sarbideetan paratzen diren seinaleek udal mugape osoan izanen dute indarra, halako karrika tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.

Oinezkoendako lehentasun eremuen eta zirkulazio murriztuko edo aparkatze mugatuko gainerako aldeen sarreretan paratzen diren seinaleek delako perimetroko barne bide guztietan izanen dute indarra, beste seinale batek salbuespena adierazi ezik.

27. artikulua. Edukia

Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak...), Udalak baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bestelakorik paratzeko, nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.

Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, Kaleen garbiketa arautzen duen udal ordenantzan ezarritakoari jarraikiz bidezko izan daitekeen zehapena aparte utzirik.

Zirkulazioko Seinale eta Bideko Marken Katalogo Ofizialean ohartarazi, jakinarazi, agindu edo arautu nahi denari dagokion erranahia duen seinalerik ez bada, Udalak onetsiko du egokiena iruditzen zaion seinale eredua edo seinale multzoa.

Delako seinalea edo seinale multzoa diseinatzeko, ahaleginak eginen dira aipatu katalogoko forma, sinbolo eta hiztegi berariazkoak erabiltzeko, oker egiteko biderik eman gabe.

28. artikulua. Bidegorriak.

Bidegorriek seinale berariazkoak izanen dituzte, zutikakoak nahiz etzanak. Seinale etzanek zirkulazioaren norantza adieraziko dute, eta ohartaraziko hurbil dela oinezkoendako pasabidea, semaforoa edo gurutzagunea. Zutikakoek oinezkoekin partekatzen diren eremuak arautuko dituzte, baita semaforoak dituzten gurutzabideetan nahitaez egin behar diren geldiketak ere, eta ibilgailu motordunen gidariei ohartaraziko diete txirrindulariak heldu direla zirkulazioaren bi norantzetan. Seinale horiez gain eta horien osagarri, Udalak beste seinale batzuk ere paratzen ahalko ditu, argibideak emateko eta jendeak kasu emateko.

Galtzadak gurutzatzeko seinaleak honelakoak izanen dira: marra bikoitz etena, zuria, 0,40 m zabal eta 0,50 m luze, tarte bera dagoela hurrengo markaraino eta bi marren artean tarte aldakorra dagoela, bidegorriaren zabalera zein den eta horrela.

VIII. KAPITULUA

Zamalanak

29. artikulua. Arau orokorrak.

1. Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak haietarako erreserbatutako guneen barrenean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

2. Hiribideetan salgaiak banatzeko dauden ibilgailuendako gehieneko pisu baimendua 8.000 kg izanen da; masa handiagoa eramaten duten ibilgailuek behar den udal baimena eskuratu beharko dute lan horiek egin ahal izateko.

3. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

4. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots guti aterata.

5. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aitzinaldea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatu den eremutik kanpora atera.

30. artikulua. Denbora.

Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

31. artikulua. Kasu bereziak.

Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (aldaerak, fuelaren hornidura, obrak etab.), betiere aitzinetik eskatzen bada eta dagokien tasa ordainzen bada.

IX. KAPITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

32. artikulua. Zirkulazioa.

1. Debeku dute herrigunean zehar ibiltzea Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, aldi berean Erregelamendu horren 1 edo 2.a arrisku etiketak eraman behar badituzte.

2. Ibilgailu horiek aipatu eremua zeharkatzeko, Alkatetzak edo Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

33. artikulua. Aparkatzea.

Guztiz debekatua dago 32. artikuluan aipatu ibilgailuek Atarrabiako udal mugape osoan aparkatzea.

34. artikulua. Ibilgailu bereziak.

Ezaugarri bereziengatik, tamainagatik edo zamaren kokaeragatik, Zirkulazioaren gaineko Erregelamendu Orokorraren 39. artikuluan eta Bideko Erregelamendu Orokorraren 14.2 artikulan ezarritako baimena behar duten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Atarrabiako Udalari, Atarrabiako Udaltzaingoak udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua eman diezaien. Horrek dagokion tasa sorraraziko du.

35. artikulua. Bestelako ibilgailuak.

Debeku da Atarrabiako udal mugapeko bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezik.

Trizikloak ez dira ibiltzen ahalko ez bidegorrietan ezta espaloietan ere, metro bat zabal baino gehiago badira.

Segway-ekin bizikletekin bezala jokatuko da eta ordenantza honetan horiendako erran diren guztiak aplikatuko zaizkie.

X. KAPITULUA

Elbarriek aparkatzeko txartela, erreserbatuak eta aparkatzea

36. artikulua. Prozedura

Txartela eskuratzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu behar dute, eta harekin batean honako hauek:

-Elbarritasun mailaren ziurtagiria, garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan eskuratutako puntuak agertuko dituena. Baremo hori abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinean heldu da, 3410. orrialdean.

-Karneterako argazki bat.

-Ezgaitasuna duenaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta, halakorik bada, gidariaren lagunarenarena.

-Ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia (ibilgailuak beharko du egon inskribaturik Atarrabiako ibilgailuen erregistroan).

-Gidabaimena.

-Erroldaren ziurtagiria.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Instituturen mendeko Minusbaliatuen Oinarrizko Zentroko Baloratzeko eta Orientatzeko Lan taldeak aplikatuko du baremoa. Baldintza horren ordez aski izaten ahalko da Atarrabiako Udaleko Laneko Osasun Ikuskatzailetzaren Unitatearen txostena, eskatzailea hartan biltzen diren baldintzetara egokitzen dela dioena.

Eskaera aztertuko du horretarako eskudun den Zinegotzigoak.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, behar den aparkatzeko txartela luzatuko da.

Seihilekoan behin, gutxienez, mugikortasunaren gainean eskumena duen zinegotziak ebazpena emanen du eta hartan azken ebazpenetik onetsi diren txartel guztiak jasoko dira. Orobat, ukazioen ebazpen arrazoitua emanen du.

Baldintzak:

1. %33 edo gehiagoko elbarritasun maila aitortua izatea.

2. 3 urtetik goitikoa izatea.

3. Osasun egoera dela edo beste arrazoi batzuk direla-eta, etxetik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez bizitzea.

4. Egoera hauetariko batean egotea:

-Elbarriak, baremoaren A edo B ataletan daudenak eta, gehienetan, beren muga funtzionaletara egokiturik dagoen ibilgailu baten jabe eta gidariak direnak.

-Elbarriak, baremoaren D, E, F, G eta H ataletako puntuazioen baturak 7 puntu edo gehiago egiten dutenean, eta ibilgailu baten jabe eta gidariak direnak.

-Bizikideak eta etxe berean bizi direnak, elbarriak laguntzen edo garraiatzen dituztenak, pertsona horiek 4.1 atalean sarturik daudenean eta ibilgailu baten gidariak ez direnean.

-Bizikideak eta etxe berean bizi direnak, elbarriak laguntzen edo garraiatzen dituztenak, pertsona horiek 4.2 atalean sarturik daudenean, 65 urtetik beheitikoak direnean eta ibilgailu baten gidariak ez direnean.

-Bizikideak eta etxe berean bizi direnak, elbarriak laguntzen edo garraiatzen dituztenak, pertsona horiek 4.2 atalean sarturik daudenean, 65 urtetik goitikoak direnean eta ibilgailu baten gidariak ez direnean. Horiek titularrak izaten ahalko dira, halako eremu batzuei mugaturiko txartelenak (osasun etxeen edo zentro publikoen inguruak etab.). Eskaeran beren premiak azaldu beharko dituzte.

Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan argitaraturiko arauei jarraikiz, elbarritasun mailaren balorazioa egiteko, oinarria da gaitz iraunkorrak zehaztea, eta hala izaten da inor alterazio organiko edo funtzionaletatik oneratzerik ez denean, erran nahi baita ukituriko organoaren egitura edo eginkizuna ez dela lehengoratzen edo hobetzen ahal. Hori dela-eta, aparkatzeko txartelak behin betikoz emanen dira, salbu eta osasun txostenaren tramitazioan kontrakoa adierazten denean; halakoetan zenbat denboratarako ematen den adieraziko da, baina inoiz ez da izanen sei hilabete baino gutiagorako.

Hala ere, administrazioaren kontrola bermatu beharrez, txartelek 5 urteko iraungipena izanen dute. Epe hori iraganik, txartela eskatu beharko da berriz. Lehengo txartela eskuratzeko baldintzak aldatu ez badira, eskaera aski izanen da besterik gabe berritzeko.

Ezgaitasuna duen pertsona ibilgailuan lekualdatzen denean baizik ez da erabiltzen ahalko aparkatzeko txartela, orduan baizik ez baita baliozkoa izanen. Txartela erabiltzen bada ezgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, besterik gabe dagokion zehapena sortuko da eta txartela kautelaz kenduko, behar diren peskizak egin ahal izateko.

Txartelak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak aldatuz gero, horien berri eman beharko dute txartelen esleipen hartzaileek, horren arabera erabaki beharko baita berritzen edo deuseztatzen zaion. Aldaketen berri ematen ez bada, txartela besterik gabe kautelaz kenduko zaio behar diren peskizak egin ahal izateko, dagozkien zehapenez aparte.

Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira, baina berritzen direnean beroriek eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak bete beharko dituzte.

Baremoa:

A) Gurpil-aulkira beharturiko erabiltzailea.

B) Mugitzeko behar-beharrezko ditu bi makila.

C) Mugitzeko gauza da, baina eskasia intelektual larrien ondorioz kontrolatzen zailak diren portaera erasokor edo gogaikarriak agertzen ditu, eta horrek garraiobide normalizatuak erabiltzea zailtzen.

EZ DU

ZAILTASUNIK

MUGA

ARINA

MUGA

LARRIA

MUGA

OSO LARRIA

(EZIN DU)

D) Bazter zelaietan ibiltzea

0

1

2

3

E) Oztopoak dituzten bazterretan ibiltzea

0

1

2

3

F) Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea

0

1

2

3

G) 40 cm-ko eskailera maila gainditzea

0

1

2

3

H) Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea

0

1

2

3

37. artikulua. Elbarriendako toki erreserbak.

Txartela zer ibilgailutarako den, haren gidariak bizi diren etxebizitzaren inguruan badira baizik ez dira onartuko elbarriendako toki erreserbatuak sortzeko eskaerak.

Elbarriendako tokiak ez dira eskatzailearendako bakarrik erreserbaturik egonen; txartel ahalmen emaileak dauzkaten gainerakoek ere erabiltzen ahalko dituzte.

38. artikulua. Bestelako erreserbatuak.

1. Administrazio publikoek eta bestelako erakunde publiko edo pribatuek beren egoitzen inguruan aparkatzeko erreserbatuak eskatzen ahalko dituzte.

Erreserbatzeko tokiak hagitz kasu mugatuetan baizik ez dira onartuko, eta betiere hala egitea trafikoarendako edo ibilgailuen joan-etorriarendako mesedegarri, eragozpenak kentzeko baliagarri edo nolanahi dela ere interes publikoarendako onuragarri gertatzen den neurrian.

Udalak bere aldetik erabakitzen dituen baldintzak paratzen ahal ditu ematen den lizentziari dagokionez, eta emate hori berritu edo bere aprobetxamendua aldatzen ahalko da noiznahi edo kalte-ordainik izan gabe.

2. Eskumena duen Zinegotzigoak, eskabidea eta bestelako alderdi batzuk azterturik, hala nola alde horretako trafikoa eta aparkatzea, erreserbatua baimendu edo ezetsiko du, eta erabakiko du zein ibilgailuk erabiltzen ahalko duten eskaera egin dutenen artean. Halaber ematen ahalko du Udaleko beste ibilgailu batzuek edo beste administrazioetakoek erabiltzea. Ibilgailu bakoitzerako txartela banakakoak jaulkiko ditu, eta horiek ikusgai paratu beharko dituzte erreserbatua erabiltzen dutenean.

3. Eskaera eta dokumentazioa:

Tokia erreserbatzeko lizentziak eskatu nahi izanez gero, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskariaren xedea zehazten duen eskabidea, onura jasoko lukeen jardueraren titularrak sinatua.

b) Eskatzen den erreserba beharrezkoa eta trafikoarendako oro har nahiz interes publikoarendako onuragarria dela egiaztatzeko txosten mardula.

c) Planoa, erreserbatzeko eskatzen den tokia ahalik eta zehatzen adierazi eta mugatzen duena.

d) Toki erreserbatuan aparkatzen ahal duten ibilgailuen matrikulen eta titularren zerrenda.

4. Toki erreserbatzeko lizentzia horien kontzesioa, oro har, nahi badakoa izanen da.

5. Erreserbatu horien ondorioz dagokien tasa sorraraziko da, Atarrabiako Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasorik baitago.

XI. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

39. artikulua. Arau orokorrak.

1. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.

2. Jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

3. Galtzadan geldituz gero, ibilgailua ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.

4. Auto-taxiak eta alokatzen diren bestelako ibilgailu arinak Udal Administrazioak zehazten dituen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.

5. Autobusak, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak izan, udal agintaritzak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.

6. Udal administrazioak ikastetxeetako titularrei eskaera eginen die, ikasleak garraiatzeko zerbitzua badute, batez ere ibilbideen proposamena jakiteko eta, horiek aztertu eta onetsi ondoren, aipatu agintaritzak zehaztuko ditu ibilbide bakoitzeko egoki ikusten dituen geltokiak non izanen diren, eta hain zuzen ere debeku izanen da geltoki horietatik aparte ikasleak hartu edo uztea.

7. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, betiere zirkulazioak edo erregelamenduzko edozein baldintza bete beharrak eraginez ez bada.

8. Gidariek hogei zentimetro baino gutiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean.

Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

9. Udal Administrazioiari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe.

10. Udal Administrazioak aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordainduzkoa, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.

40. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak.

1. Debeku da 5.000 kg baino gehiagoko gehieneko pisu baimendua duten ibilgailuak aparkatzea udal mugapeko bide guztietan, salbu eta zamalanak egiteko ezarrita eta seinalatuta daduen tokietan.

2. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagoko edukiera duten autobusak aparkatzea udal mugapeko bide guztietan, salbu eta zamalanak egiteko ezarrita eta seinalatuta daduen tokietan.

3. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

4. Debeku da karabanak, atoiak eta erdiatoiak aparkatzea, Udaleko organo eskudunek baimena eman ezik.

Modu generikoan, autokarabanak aparkatuko dira luzetara aparkatzea uzten den eremuetan. Baterian, berriz, bakarrik aparkatzen ahalko dira haien luze-zabalak aparkatzeko tokia baino gehiago ez badira eta galtzadan edo espaloian berrogeita hamar zentimetro baino gehiago sartzen ez badira.

5. Debeku da karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

41. artikulua. Gelditzea.

Honelakoetan debeku da gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

d) BUS, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.

f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

g) Bidariarien garraio kolektiboko ibilgailuak Udal Administrazioak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.

h) Hiriko garraio publikorako erreserbatuak diren erreietan, edo bizikletentzat erreserbatutakoetan.

i) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

j) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.

k) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

l) Semaforoek araututako gurutzagune batean, gurutzagunea arautzen duten semaforoei eusteko zutoinek mugaturiko eremuaren barnean, seinaleek kontrakoa adierazi ezik.

m) Zirkulazioaren bi norabideko bideetan, norantzaren ezker aldean gelditzean.

n) Bigarren ilaran.

o) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

p) Elbarriek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

q) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duten beste edozein tokitan.

42. artikulua. Aparkatzea.

Honelakoetan debeku da aparkatzea:

a) Gelditzeko debekua seinale zutikako nahiz etzanen bidez seinalaturik dagoen tokietan.

b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

c) BUS, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.

e) Aparkatzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

g) Bigarren ilaran, nolanahi ere.

h) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatzen denean.

i) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragozten edo oztopatzen denean.

j) Espaloirik ez duten karrika urbanizatuetan, horretarako seinalaturik dauden tokietan izan ezik.

k) Elbarriek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

l) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.

m) Galtzadaren erdian.

n) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo, bereizgarria jarrita ere, ibilgailua aparkaturik uztean udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.

o) Oinezkoendako pasabideetan, txirrindulariendako pasabideetan eta bidegorrietan.

p) Luzetara aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.

q) Bide bazterrean.

r) Aldi batean bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Kasu horretan behar bezala jarri beharko da seinalea, gutxienez hogeita lau ordu lehenagotik.

s) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin. Edo bertatik legez kanpoko jardueretan ari bada, hala nola, kalez kaleko baimenik gabeko salmenta, edota ibilgailuen konponketa ez-puntuala eremu publikoan.

t) Eremu publikoko toki berean ondoz ondoko hogeitamar egunez edo denboa luzeagoz egoten denean; horrelakoetan, egun baliodunak baizik ez dira kontatuko.

Nolanahi ere, jabeak egiaztatu behar du, berez edo beste pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanai aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, horretarako egun baliodunak kontatuko direla.

XII. KAPITULUA

Ibilgailu abandonatuak

43. artikulua. Definizioa.

Ibilgailu abandonatuak karrikatik kenduko dira, bere hartan epe mugarik gabe egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte.

Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.

44. artikulua. Prozedura.

Ibilgailuak eremu publikoan daudenean, Atarrabiako Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta bortz egun naturaleko epea emanen dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kenduko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

Aitzineko lerroaldean aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ibilgailua udal altxatokira eramanen da.

Altxatokian 15 egunez egonez gero, eta inork ere bere gain hartu eta lekualdatzearen gastuak ordaintzen ez baditu, hiri hondakin solidotzat hartuko da eta desegitera eramanen.

Beste edozein arrazoirengatik (trafikoko arau-haustea eta abar) ibilgailu bat altxatokira eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hamabot eguneko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta altxatzeko gastuak horiek altxatokitik eraman aitzin ordaindu beharko dira.

XIII. KAPITULUA

Arau-haustea, zehapenak eta kautelazko neurriak

45. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak.

Halaber, arau-hauste horiek kontuan hartuko dira ondokoen arabera: Trafikoaren gaineko Legea eta Erregelamendua (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onesten duen martxoaren 2ko 339/90 Legegintzako Errege Dekretua eta testu hori aplikatu eta garatzeko Zirkulazioaren gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua). Halaber, aplikagarri izanen da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna zehapen kontuetarako aldatu zuen azaroaren 23ko 18/2009 Legean xedatutakoa, hura onetsi baitzen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez. Horrek eman zion idazketa berria martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 65 eta 67. artikuluei. Dekretu horrek onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna, arau-hauste eta zehapenei dagokienez.

46. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Bidezainek eta Udaltzaingoko laguntzaileek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo sorgorkariak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko gorputzez nahiz buruz behar den egoera bestelakotzen badute.

d) Gidariak alkohola, sorgorgarriak edo gisako beste gai batzuk hautemateko probak egin behar eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean, edo izanda ere gainean ez daramanean, non ez duen azkeneko bi kasu horietan bere nortasuna eta helbidea frogatzen.

f) Gidariak gidabaimena edo horren ordezko baimena aurkezten ez eta haren nortasunaz eta helbideaz dudak daudenean.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat eremu publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Bidaiarien kopuru edo kokaeraren ondorioz edo garraiatzen diren gauzen kokaeraren ondorioz, gidariak mugitzeko eta ikusteko dituen aukerak modu nabarmen eta arriskutsuan murrizten direnean.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Motozikleta edo ziklomotor baten gidaria kasko homologaturik gabe ibiltzen denean, gabezia hori zuzendu arte.

m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

n) Ibilgailuari baimendu gabeko erreforma handia egin zaionean.

Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

2. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

47. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udaltzainek eta Udaltzaingoko laguntzaileek eremu publikotik kendu eta udal altxatokira eramaten ahalko dute, honakoetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo dagokion udal ordenantzaren arabera ordaindutako denbora halako bi egiten duenean.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

48. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 46. artikuluaren a) atalean adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten erpinetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian elbarriak pasatzeko oketsean aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

i) Elbarriendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasaleku, irlatxo, bidegorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

o) Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

p) Oinezkoendako eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

q) Landetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.

r) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

49. artikulua. Bestelako kasuak.

Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

2. Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

3. Larrialdietan.

Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

50. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera.

Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, behar den ordenantza fiskalean kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaintzen bada.

XIV. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

50. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide-segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.

Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuaren 4.eta 5. artikuluen arabera, ikusten diren arau-hausteen salaketa agintaritzaren agenteek egiten ahal dute, edo arau-haustea ikusten duen edonork.

51. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.

52. artikulua. Instrukzioa eta ebazpena.

Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren espedienteak alkate udalburuak izendatzen duenak instruituko ditu. Tramitazioa burututa, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezko ebazpena.

53. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hausteen preskripzio epea hiru hilabete da arau-hauste arinetarako, sei hilabete arau-hauste larrietarako, eta urte bat arau-hauste oso larrietarako.

54. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Atarrabiako Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta horren ondotik Iruñeko Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

55. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta gidabaimenaren puntuen galera ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetako bat galtzeko zehapena ezar dezan, hala behar badu.

56. artikulua. Jakinarazpena.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

57. artikulua. Errekurtsoak.

Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendurik, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; edo, aldez aurretik eta aukeran, ondoko errekurtso hauetakoren bat:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean biak, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Xedapen Iragankor Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1002340