118. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Gizarte ekipamenduen udal zerbitzu publikoa arautzen
duen ordenantza berria. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2010eko ekainaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Gizarte ekipamenduen udal zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza berria.

Aurreko erabakia 2010eko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 28an, argitaratu ondotik, hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluei zein Nafarroako Toki Araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legeari jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da Gizarte ekipamenduen udal zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzaren testu osoa.

Tuteran, 2010eko irailaren 1ean.-Alkate udalburua, M.ª Victoria Castillo Floristán.

Gizarte ekipamenduen udal zerbitzu
publikoa arautzen duen ordenantza

1. Aitzinsolasa

1978ko abenduaren 6ko Konstituzioaren I. Tituluaren barrenean, Bigarren Kapituluan (Eskubideak eta askatasunak) eta Hirugarren Kapituluan (Politika sozial eta ekonomikoa gidatzeko printzipioak) jasotzen diren xedapenak dira gizarte eta kulturaren sustapenerako eta garapen komunitarioaren printzipioen oinarria.

Foru Komunitatearen berezko eskumen esklusiboak erabiliz, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluan, II. Tituluaren Bigarren Kapituluan, jasotzen baitira, Nafarroari dagozkio, besteak beste, kultura, turismoa, kirola, aisialdia eta garapen komunitarioa antolatzea. Eskumen horiek arautuko dira berariazko foru araudiaren bitartez.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean, II. Tituluaren III. Kapituluan, udalerriei ematen zaie gizarte zerbitzuak, gizarte sustapenekoak eta gizarteratzekoak egiteari dagozkion gaiak arautzeko eskumena (25 k artikulua), bai eta kultura eta kirol jarduerak edo instalazioak eta aisialdia eta turismoa arautzekoa ere (25 m artikulua).

Toki autonomiak nork bere burua arautzeko ahalmen handia dakar, udalerriari gaitasuna ematen baitio, barneko antolamenduari buruzko arauak ez ezik, bere eskumenen arabera jorratzen ahal dituen alor guztiei buruzkoak ere emateko. Horiek horrela, kanpoko erregelamendu juridikoak edo arau-emaileak ordenantzak deitzen dira toki administrazioaren esparruan.

Egun, Tuterako Udalak Gizarte eta kultur ekipamenduen udal zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzaren bidez arautzen ditu bere gizarte ekipamenduak, 2000ko martxoaren 6an hartu baitzuen indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

Hamar urte igarota, eta kontuan izanda lortutako eskarmentua gizarte ekipamenduen funtzionamenduari buruz, beste ordenantza bat egin gogo da, egungo betebehar eta eskaeretara egokitua, Tuterako gizarte eta kultur zerbitzu eta ekipamenduen sorrera, mantentze-lanak eta kudeaketa arautzeko asmoz, betiere indarra duten legezko xedapenen esparruan.

Gizarte eta kultur sustapenerako, betiere sustapena mugimendu, zentzu eta komunitateko bizitzaren bultzatzailetzat hartuta (azken finean, sustapena, gaztelaniazko "animación" da, eta hori latinezko "anima" -arima- hitzetik eta grekozko "??????" -haizea- hitzetik dator), Udalaren beste alor eta zerbitzuetarako bezala, beharrezkoak dira zenbait bitarteko, giza baliabide eta jarduketa, zeinek, behar bezala araututa, garapen komunitarioaren xedea lortzen lagunduko baitute, kalitatea bermatuz.

I. KAPITULUA

Definizioa

1.1 artikulua. Garapen komunitarioa eta pertsonala, elkartegintza eta herritarren partaidetza sustatzeko hornidura eta orientazioa duten zerbitzu publikoak dira gizarte ekipamenduak.

1.2. Gizarte ekipamenduen kudeaketa zein arlotan banantzen den, horiek dira programak. Hona hemen:

a) Herritarrak orientatzea eta informatzea.

b) Toki eta baliabideak lagatzea.

c) Sustapena eta partaidetza.

d) Ekipamenduen eta haien zerbitzuen kudeaketa eta administrazioa.

e) Gazteriaren udal aterpetxearen kudeaketa.

II. KAPITULUA

Funtzioak

2. artikulua. Udalak bermatuko du gizarte ekipamenduak toki egokiak direla demokraziarako, aniztasunerako, partaidetza komunitariorako, herritarren sustapenerako, gizarteratzerako eta gizarte elkarrekintzarako, kudeaketa eredua kontuan hartu gabe.

3. artikulua. Ekipamenduen egitekoa izanen da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea, Udalaren eta herritarren premia, eskari eta interesei erantzunez heziketa, kultur, aisialdi, josteta eta gizarte arloko jarduketak bulkatzean.

III. KAPITULUA

Programak

4. artikulua. Informazio eta orientabideen programa (A). Gizarte ekipamenduek zerbitzu bat izanen dute informatu, orientatu eta bideratzeko herritarrek eduki ditzaketen zalantzak, dudak eta kezkak.

5. artikulua. Espazioak eta baliabideak lagatzeko programa (B). Gizarte ekipamenduek zerbitzu bat izanen dute, ahal duten heinean, zenbait jarduketaren garapena errazteko hainbat epe jakinetan, betiere espezializazio, trinkotze, optimizazio, balioaniztasun eta erabilera partekatuaren irizpideak gogoan izanda.

6. artikulua. Sustapenaren eta partaidetzaren programa (C). Gizarte ekipamenduek behar adina bitarteko, baliabide eta langile izanen dituzte zentroak dinamizatzeko jarduerak antolatu eta programatzeko, Tuteran haiek bilaka daitezen gizarte eta kultura arloko ereduak eta gizartearen garapenerako guneak.

7. artikulua. Kudeaketaren eta administrazioaren programa (D). Haren xedea da gizarte ekipamenduen programak zaindu, garatu eta koordinatzea, eta komuna izanen da ekipamendu guztietarako eta haien zerbitzuetarako, zentro bakoitzaren berezko ezaugarriak gorabehera.

8. artikulua. Gazteriaren udal aterpetxearen programa (E). Gazteriaren udal aterpetxearen kudeaketa integralari dagokio programa hau, bezeroei kalitatezko zerbitzua emateko, Tutera eta Erriberaren irudia zabaltzeko asmoz.

IV. KAPITULUA

Baldintza orokorrak gizarte ekipamenduen funtzionamendurako

9. artikulua. Tuterako Udalak kudeatuko du gizarte ekipamenduen espazioen, baliabideen eta zerbitzuen erabilera, betiere kontuan izanik integrazioa eta partaidetza, herritar guztiak sartu ahal izateko, edozein gizabanako edo talde delarik ere.

10. artikulua. Espazioetan sartu, eta zerbitzuak eta baliabideak erabili ahal izateko, dagokion udal egiaztagiria eduki (karneta, txartela edo antzeko zerbait), eta/edo, eskumena duen udal organoak ezarritako tasak ordaindu beharko da, halakorik bada.

11. artikulua. Erabiltzaile orok, pertsonek nola entitateek, bere jarduerak egokitu beharko dituzte Udalak organo eskudunaren bitartez onesten duen zerbitzuen egutegira eta ordutegira. Salbuespenez, baimentzen ahal da ekipamenduak irekitzea.

12. artikulua. Gizarte ekipamenduen espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilerak bat egin behar du haien izaera eta eginkizunekin, egindako eskaerarekin eta bertan dagoen ekipamenduarekin.

13. artikulua. Debeku zaie irabazteko asmoa duten entitateei espazioetara sartzea eta zerbitzuak edo baliabideak erabiltzea, baldin eta dagozkion udal organoek aldez aurretik ez badiete oniritzia ematen.

14. artikulua. Ordenantza hau garatzeko, ekipamendu bakoitzak bere barne araubidearen erregelamendua izan dezake, organo eskudunak onetsiko duena, zentroaren ezaugarriekin bat egin dezan.

15. artikulua. Ekipamenduek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, segurtasun eta higiene aldetik, bertako zerbitzu eta jarduerekin bat.

16. artikulua. Udalak izanen du higiezinak zaintzeko eta zerbitzuak, programak edo jarduerak kudeatzeko ardura, bidezkoa juzgatzen duena egokituz edo martxan jarriz, gizartearen bilakaerara egokitzeko.

17. artikulua. Behar diren neurriak hartuko dira, herritarren ekimenetik sortutako jarduerak eta gizartearen partaidetza sustatzeko eta horien eta udal proposamenen arteko koordinaziorako.

18.1 artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek espazio, baliabide eta zerbitzuak erabiltzeko eskubidea dute, betiere erabilgarri badaude, udal organo eskudunak ezarritako kasuan kasuko tasak ordaindu ondoren, hala behar badu.

18.2. Pertsona eta entitate erabiltzaileek ondoko eskubideak izanen dituzte:

a) Programak eta zerbitzuak erabiltzeko eskubidea, erregelamendu honetan ezartzen den moduan, dagozkion tasak ordaindu ondoren, halakorik bada.

b) Informazioa jasotzeko eskubidea programa eta zerbitzuak erabiltzeko baldintzei buruz.

c) Gizarte ekipamenduen kudeaketa hobetzeko egokiak juzgatzen diren iradokizunak egiteko eskubidea, baita erreklamazioak egiteko ere, programa eta zerbitzuen funtzionamenduaren inguruan. Biak Herritarrendako Laguntza Zerbitzuren bidez tramitatuko dira, eta Tuterako alkate udalburuari zuzenduko zaizkio.

d) Eskubidea, orobat, eskatzeko Udalak bete ditzala bere zerbitzu eskaintzetan hartzen dituen konpromisoak.

18.3. Pertsona eta entitate erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, eskabideak izanen dituzte eskura ekipamendu bakoitzean.

a) Eskabide horietan hau agertuko da: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta NANa, eta egin nahi den iradokizuna edo erreklamazioa.

b) Eskatzen ahal da nor den programa eta zerbitzuen ardura duen edozein pertsona, dagokion iradokizuna edo erreklamazioa egiteko.

19. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek ondoko betebeharrak dituzte espazioak, baliabideak eta zerbitzuak erabiltzeko, ordenantza honetako eta barne araubideko erregelamenduetako artikuluen arabera.

19.1. Behar bezala jokatzea, egintzen nola hizkuntzaren aldetik, gainerako pertsona edo entitate erabiltzaileei trabarik egin gabe, eta gizartean elkarrekin bizitzeak ezartzen dituen mugen barruan jokatuz.

19.2. Pertsona eta entitate erabiltzaileei eta langileei beharrezko errespetua izatea, eta, oro har, onartu egin behar dira horiek adierazitakoa bizikidetzari eta programa eta zerbitzuak erabiltzeari dagokienez.

19.3. Instalazioak, programak eta zerbitzuak behar bezala erabiltzea, haiek zainduz eta zainaraziz, eta pertsona edo entitate erabiltzailea erantzulea izanen da erabilera desegokia hari egozten ahal zaionean.

19.4. Erabiltzen diren espazioak eta baliabideak txukun eta garbi edukitzea, paperontziak, armairuak ekipo informatikoak etab. behar bezala erabiliz.

19.5. Ardurapean dituzten pertsonei erantzukizuna eskatzea, instalazioak edo zerbitzuak erabiltzen ari direnean, ezbeharrik edo trabarik ez egoteko gainerako pertsona eta entitate erabiltzaileen eta haien artean.

19.6. Programa eta zerbitzuen ordutegiak errespetatzea une oro, bai eta ordenantza hau ere, langileek zentzu horretatik ematen dituzten aginduei kasu eginez.

20.1 artikulua. Gizarte etxeak kudeatzeko zentroak ezarri du pertsona edo entitate erabiltzaileekin komunikatzeko bideak hauek direla: posta eta posta elektronikoa, telefonoa, eta, hala balegokio, ohiko bide administratiboak: eskabideak, erreklamazio orriak eta Herritarrei Laguntzeko Zerbitzua, hori guztia indarra duen araudiarekin bat.

20.2. Komunikazioa egin dela frogatu behar denean, honakoak izanen dira komunikatzeko bideak: posta eta posta elektronikoa, eta eskabideak, erreklamazio orriak eta Herritarrei Laguntzeko Zerbitzua, bai eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean onartutako guztiak ere.

21. artikulua. Ekipamenduetan topatzen diren objektu galduak ekipamendu bakoitzeko B Programaren bulegoan utziko dira zazpi egunean. Denbora hori ere iragandakoan, Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan.

22. artikulua. Arau hauekin ikustekorik ez duen orori eta haiek interpretatzeari dagokienez, espazio, programa edo zerbitzuaren arduradunak hartuko du lehendabiziko erabakia kasu zehatz bakoitzean, eta gero, bidezkoa bada, gaia Tokiko Gobernu Batzarrera igorriko da, behin betiko erabakia har dezan. Edonola ere, pertsona edo entitate erabiltzaileak onartu behar du, une oro, instalazio edo zerbitzuaren arduradunak hartutako erabakia.

V. KAPITULUA

Informazio eta orientabideen programaren baldintzak (A)

23.1 artikulua. Informazio eta orientabideen programaren (A) xedea da herritarrei gaitasuna ematea trebetasunak gara ditzaten dagoen informazioa aurkitu, aztertu eta erabiltzeko, haien autonomia sustatuz.

23.2. Informazio eta orientabideen programaren eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Herritarrei interesgarria suerta dakiekeen informazioa bildu, tratatu eta zabaltzea, bai eta zerbitzuaren kalitatea ona izateko behar diren dibulgazio sistema eta bitarteko guztiak sortu, mantendu eta erabiltzea ere.

b) Banan-banako aholkularitza informazioa bilatzeko prozesuan, pertsona erabiltzaileek erabaki egokiak har ditzaten.

c) Ahalmen osoa erabiltzea ekimen, jarduera, harreman eta kolaborazio berriak sustatzeko, datu-banaketaz haratago joanez.

23.3. Honako hauek dira A Programaren zerbitzuak:

a) Kontsulta: banan-banako laguntza bertaratuendako, telefono bidez edo posta elektronikoaren bidez.

b) Interneteko ikasgela: teknologia berrien erabilera pertsonala, Interneten sartzeko aukerarekin.

c) Dokumentu funtsa: kontsulta eta material bibliografiakoa eta ikus-entzunezkoa uztea.

23.4. Ardura duten langileek egokituko dute programa horri 22. artikuluaren arabera atxikitako zerbitzuen eta bitartekoen erabilera, berariazko araurik ez badago edo egintza edo inguruabar jakin batzuetan.

VI. KAPITULUA

Espazioak eta baliabideak lagatzea (B)

24.1 artikulua. Espazioak eta baliabideak lagatzeko programaren xedea da pertsona edo entitate erabiltzaileei ematea haien lana egiteko behar dituzten oinarrizko baliabideak eta espazioak.

24.2. Ahal izanez gero, ekipamenduetan elkarteen bulego komun bat paratzen ahalko da, tasen edo prezio publikoen bidez arautua, entitate eta pertsona erabiltzaileek erabil dezaten.

24.3. Ondoko instalazioak dira gizarte eta kultur ekipamenduak:

a) Rúa Gizarte Etxea.

b) Lestonnac Gazteriaren Etxea-Gizarte Etxea.

c) Lourdes Gizarte Etxea.

d) Griseras auzoko Gizarte Etxea.

e) Queiles pasealekuko kioskoa.

f) Gazteriaren udal aterpetxea.

g) Beste edozein instalazio, baldin eta ordenantza honek ezartzen duen definizioa betetzen badu eta organo eskudunak gizarte ekipamenduak kudeatzeko zentroari lotzen badio.

25. artikulua. B Programak ondoko araudiari jarraituko dio funtzionatzeko:

25.1. Ekipamenduaz arduratzen den langile teknikoek kudeatuko dute B Programa, 22. artikuluan adierazitako eskumenak edukita.

25.2. Espazioak eta baliabideak partekatu behar dira, eta pertsonek edo entitateek ez dituzte modu esklusiboan erabiliko.

25.3. Erabilera eta balio anitzekoak izateko sortu dira espazioak eta baliabideak, eta pertsona eta entitate erabiltzaile guztien eskura daude, esklusibotasun eta bazterketarik gabe.

25.4. Optimizazioaren irizpideen arabera kudeatzen dira espazioak eta zerbitzuak, osagarria baita Udalaren sustapen eta partaidetzaren eta kudeaketa eta administrazioaren estrategiekin.

25.5. Eskaeraren fitxak aurkeztuta lagako dira espazioak eta baliabideak.

a) Fitxa bakoitzean beharrezko datuak bilduko dira talde kudeatzaileak eskatzaileen ordutegiak eta jarduerak, helbidea -jakinarazpena egin behar baita- eta eskabideak egin dituzten pertsonak koordinatzeko, bai eta espazioa zein jardueratarako eskatzen den, haren izaera eta edukiera zehatza ere.

b) Gutxienez jarduera hasi baino 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

c) Entitate guztiek, lehendabiziko eskaeran, estatutuak aurkeztu beharko dituzte, organo eskudunak erregistratuak eta onetsiak. Aldaketa eginez gero, hura ere aurkeztu beharko du, bai eta, orobat, kudeaketaren arduradunak eskatzen dion aldiro ere.

25.6. Lagapena ez da irmotzat joko organo eskudunak eskatzaileari kontzesioa jakinarazi arte.

25.7. Espazioak uztean ekipamendura sartzeko giltzak eman behar badira, eskatzaileak izanen du haien gaineko ardura baita haiek erabiltzearen gainekoa ere.

25.8. Pertsona edo entitate orok eskatu eta lortzen ahalko ditu espazioak edo baliabideak, ondoko artikulu hauei jarraikiz, eta zuzenean baztertuko dira epaileek ebazpenaren bidez legez kontrakoak deklaratutako elkarteak.

25.9. Bi jarduera espazio eta ordutegi berean eginez gero, irtenbideak bilatuko dira haietako bat bertan behera ez uzteko, ahal izanez gero; horrelako kasuak arautuko dira Zinegotzigo arduradunaren irizpideen arabera.

25.10. Materialak aretoetan uzteko eskubidea mugatuko da kudeaketa zentroaren organo arduradunak egiten duen kontzesioaren arabera, betiere kontuan izanik eskura dagoen espazioa, material hori zein den eta egin beharreko jarduera; edozein kasutan, adierazi beharko da materialak tarte baterako utziko direla, eta Udala ez dela erantzulea haiek galdu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

25.11. Espazioaren kontzesioa nolakoa, halakoa izanen da materialak uzteko eskubidea, eta bertan behera geratuko da gizarte etxeak erabiltzeko eskubidea galtzen denean, arrazoia zernahi dela ere; horrelakoetan, 30 egun balioduneko epea ezarriko da pertsona edo entitate erabiltzaileen ondasunak ateratzeko, eta epe hori iragandakoan, ondasunak Udalaren biltegietara igorriko dira.

25.12. Materialak uzteko eskubidea izateko, txukun eta garbi geratu behar da espazioa, horien titularra den pertsonaren edo elkartearen erantzukizunpean; Udalak, gordetegia nahaspilan badago edo argi bada bideraezina dela, titularrari eskatzen ahalko dio utzitako materialak berriz antolatzeko edo handik ateratzeko; horretarako, 30 egun balioduneko epea ezarriko da, jakinarazten denetik hasita, eta epe hori iragandakoan, materialak Udalaren biltegietara igorriko dira.

26.1 artikulua. Aurreikusten da entitateek bi modutan erabiliko dituztela espazioak, eskaeraren arabera:

26.2. Urteko lagapena:

a) Jarduerak modu egonkorrean eta urte batez egiteko gizarte etxeak eskatzen dituzten entitateei aplikatuko zaie.

b) Erabilera mota hau izateko, ezinbestekoa da irabazi asmorik gabeko entitatea izatea, legez osatua egotea eta dagozkion legezko erregistroetan inskribatuta egotea (Nafarroako Gobernuaren eta Tuterako Udalaren Elkarteen Erregistroa); zuzenean baztertuko dira politikoak, sindikalak edo erlijiosoak diren entitateak.

c) Zerbitzu hau lortzeko, beharrezkoa izanen da Udalaren dagokion egiaztagiria izatea, eta hura arautzeko baldintzak organo eskudunak ezarriko ditu.

d) Ezein entitatek ez du adieraziko gizarte etxe baten helbidea dela haren egoitza soziala.

e) Urtero banatuko dira berriz gizarte etxeen espazioak eta baliabideak urteko jarduera egonkorreko entitateen artean, beharrezko aldaketak eginez edo bermatuz, haiek ahalik eta hobekien funtziona dezaten.

26.3. Aldi baterako lagapena:

a) Gizarte etxeak eskatzen dituzten entitateei aplikatuko zaie, haien jarduerak aldi baterakoak eta iraupena desberdinekoak -ordu batean nola zenbait hilabetetan- badira, baina egonkorrak ez.

b) Zerbitzu hau lortzeko, beharrezkoa izanen da Udalaren dagokion egiaztagiria izatea, eta hura arautzeko baldintzak organo eskudunak ezarriko ditu.

c) Pertsonak edo taldeak aldi baterako sartzen ahalko dira, legez elkarte gisa osaturik ez badaude ere, gai tasatuetan eta organo eskudunak berariazko kontzesioa emanda honelako kontuetarako: musika, dantza edo bestelako diziplinen entsegua, banakako ikasgela eta antzekoak.

d) Aldi baterako lagapenetik kanpo geratuko dira kultu erlijiosoak, edozein direla era.

27 artikulua. Bi araubide ezarriko dira espazioak lagatzeko urteko lagapenaren modalitatean.

27.1. Araubide komuna.

a) Espazioak lagatzeko araubide komunak espazioen erabilera partekatua dakar, espazioaren kudeaketa egokituko baita jarduerara, aretoaren edukierara parte hartzaileen arabera eta haren bateragarritasunera beste jarduerekin.

27.2. Berariazko araubidea.

a) Berariazko araubidean, salbuespenez eta 25.2 artikuluan ezarritakoa gorabehera, erabilera murriztuko eremu bat erreserbatzen ahal da, denbora zehatz baterako eta erabilera mantentzeko eskubiderik gabe organo eskudunak ezarritako denboraz haratago.

b) Organo eskudunak arautuko ditu berariazko araubidearen baldintzak, iraupen jakineko protokoloaren edo hitzarmenaren bidez, ondoko irizpide objektibo hauek kontuan izanik: elkarte eskatzailearen beharrak eta izaera, haren lanaren interesa edo herritarrekiko erabilgarritasuna, eta organo eskudunek emandako balorazio objektiboko beste irizpide batzuk: jendeari harrera egiteko orduak, xede diren herritarrak, bere baliabideak...

VII. KAPITULUA

Sustapenaren eta partaidetzaren programa (C)

28. artikulua. Sustapenaren eta partaidetzaren programa horrek diseinatu, egin eta ebaluatu beharko ditu gizarte eta kultur jarduketak eta gizartearen esku-hartzeak, elkartegintza eta aisialdi aktiboa sustatzeko eta herritarren partaidetza, oinarrizko gizarte sarearen sendotasuna eta demokrazia kulturalaren garapena bultzatzeko ere bai.

29. artikulua. Sustapenaren eta partaidetzaren programak bultzatuko du entitateek, ekipamenduen erabiltzaileen taldeek eta hiriak parte har dezaten zentroaren bizitzan, nola eta haien ordezkariek, kudeaketa taldearen profesionalek eta Udalak izendatutako langileek osatutako batzarrak edo kontseiluak eratuz.

30 artikulua. Departamentu arteko organo informatibo bat sortzen ahalko da gizarte ekipamenduen jarduerak koordinatzeko; bertan, parte hartzen duten departamentuetako ordezkariak, teknikariak eta profesionalak ariko dira, ezartzen den proportzio orekatuan eta Udalak horretarako zehazten duen maiztasuna, ardurak, ahalmenak eta eginkizunak edukita.

31.1 artikulua. Gizarte ekipamenduak erabiltzen dituzten entitateek edo pertsonek eskatzen ahalko dute jarduerak edo esku-hartzeak egin daitezela, batzarrarekin edo kontseiluarekin, talde kudeatzailearekin eta Tuterako Udalarekin koordinatuta, eta beharrezko bideak ezarriko dira koordinaziorako edo elkarlanerako.

31.2. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izanen da Udalaren dagokion egiaztagiria izatea, eta hura arautzeko baldintzak organo eskudunak ezarriko ditu.

32. artikulua. Udalaren programak ezohikotzat hartzen badira, haien garrantzia edo interesa dela eta, ahalik eta lasterren jakinaraziko zaizkio talde kudeatzaileari eta batzarrari edo kontseiluari, espazioak, baliabideak, programak eta jarduerak koordinatu ahal izateko.

33. artikulua. Jarduera publikoen programazioa ohiko hedabide eta euskarrien bitartez emanen da aditzera, baina bereziki Gizarte Etxean berean kokatutakoak baliatuz.

VIII. KAPITULUA

Kudeaketa araubidea (D Programa)

34.1 artikulua. Gizarte ekipamenduak, tokiko zerbitzu publikoa izanik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako edozein modutan kudeatzen ahal dira.

34.2. Udalari dagokio hura kudeatu eta garatzeko modua ezartzea.

34.3. Tuterako Udalari dagokio, baita zeharkako kudeaketaren kasuetan ere, kontrolatzeko eta zuzentzeko beharrezko botereak erabiltzea, gizarte ekipamenduen zerbitzuak ongi funtzionatzen duela bermatzeko.

IX. KAPITULUA

Gazteriaren udal aterpetxearen E Programaren baldintzak

35. artikulua. Tuterako gazteriaren aterpetxeak bere lagapen sistema garatuko du, bere izaeraren eta eginkizunen arabera, organo eskudunak onetsiko duen berariazko erregelamendu edo araudi baten bidez, betiere sartzen ahal den udalez gaindiko entitateen esparruetara egokituz.

36. artikulua. Ardura duten langileek arautuko dute programa horri 22. artikuluaren arabera atxikitako zerbitzuen eta bitartekoen erabilera, berariazko araurik ez badago edo egintza edo inguruabar jakin batzuk egiten badira.

X. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

37.1 artikulua. Dagokion ordenantza fiskalean jasotako tasek arautuko dute nola erabiliko dituzten baliabideak, programak eta/edo zerbitzuak gizarte eta kultura ekipamenduak erabiltzen dituzten elkarteek, taldeek edo pertsonek.

37.2. Baliabideak, programa eta/edo zerbitzuak erabiltzeko kuota edo matrikula kobratzen ahalko du talde kudeatzaileak edo Udalak, organo eskudunak zein esaten duen, horrexek.

37.3. Gizarte ekipamenduak eta gazteriaren udal aterpetxea erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarriko da zein diren gizarte eta kultura ekipamenduak erabiltzen dituzten elkarteek, taldeek eta pertsonek ordaindu beharreko tarifak baliabide, programa eta/edo zerbitzuak erabiltzeagatik eta matrikulagatik.

38. artikulua. Baimentzen ahalko da pertsonek edo entitateek ordaindutako jarduerak egitea gizarte etxeetan. Tuterako Udalak berariazko baimena eman ondoren, jarduera horietatik lortutako dirua haiek antolatu dituen entitate edo pertsonarenak izanen dira, betiere berariazko erabileraren tasa ordainduta nahitaez, bai eta indarrean dauden gainerako udal tasak eta zergak ere.

XI. KAPITULUA

Diziplina araubidea

39. artikulua. Ezarritako debekuak.

39.1. 18 urtez azpikoek alkohola izatea edo kontsumitzea eta harekiko tolerantzia, Adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legearekin bat, eta hura zabaltzen da gainerako erabiltzaileengana, haien adina edo egoera edozein dela ere.

39.2. Droga toxikoen, gai sorgorgarrien zein psikotropikoen kontsumoa, izatea edo trafikoa eta harekiko tolerantzia, herritarren segurtasuna babesten duen otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.i) artikuluarekin bat.

39.3. Pertsona eta entitate erabiltzaileen segurtasuna eta babesa sustatzeko, baita gizarte etxeen izaera neutrala ere, ezin da haietara honekin sartu: edukiaz edo esanahiaz edozein bortizkeria edo bazterkeria motatara (generokoa, etnia, erlijio-eta jakin batekoa izateagatik...) bultzatzeko moduko diren pankartak, ikurrak, irudiak edo leloak, armak edo horiek bezala erabiltzen ahal direnak, bengalak edo su artifizialak edo erregelamenduaren bidez hala zehazten direnak.

39.4. Gizarte ekipamenduren baten helbide bat entitatearen egoitza sozialerako erabiltzea.

39.5. Salerosketan edo salmenta jarduketaren batean aritzea ekipamenduetan, 38. artikuluan xedatua alde batera utzita.

39.6. Suteak sortu edo zabaltzen ahal dituzten materialak metatzea. Debeku horrek Eraikuntzaren Kode Teknikoaren babesa du; izan ere, berariazko erregelamentazioan arautuko dira sua pizteko arriskua murrizten duten baldintzak.

39.7. Jatekoak prestatzeko aparatuak izatea edo haiek jatea gizarte etxean, organo eskudunaren berariazko baimena eduki gabe.

39.8. Aretoak betetzea altzariekin edo kanpoko beste edozein gauzarekin, organo eskudunaren berariazko baimena eduki gabe.

39.9. Espazio, zerbitzu, programa edo jardueretara joatea lagun egiteko animaliekin, non ez diren itsu-zakurrak edo antzekoak.

40. artikulua. Gizarte eta kultur ekipamenduak erabiltzeak ondoko zehapen araubidea izanen du:

40.1. Arau-hauste oso larriak.

a) Oldarkor jokatzea edo irain larriak botatzea talde kudeatzailearen edo higiezina erabiltzen duten gainerako entitate edo pertsonen kontra.

b) Basakerietan aritzea instalazio, altzari eta baliabideen kontra; horrelakoetan, kalteak konpontzeko sistema antolatuko da.

c) 39. artikuluaren 1, 2 eta 3. puntuetan xedatua egitea.

d) Astean arau-hauste larriak bitan edo gehiagotan egitea, hilabetean lau aldiz edo gehiagotan, eta urtean sei aldiz edo gehiagotan.

e) Indarra duten legeetan delitutzat hartutako edozein jokabidea edo egintza.

40.2. Arau-hauste larriak.

a) Instalazioak, altzariak eta baliabideak hondatzea edo gaizki erabiltzea nabarmenki; horrelakoetan, kalteak konpontzeko sistema antolatuko da.

b) Desegoki eta/edo gaizki jokatzea talde kudeatzailearekin edo higiezina erabiltzen duten gainerako entitate edo pertsonekin.

c) Gizarte eta kultur ekipamenduak eta haien programak eta/edo zerbitzuak erabiltzeko tasak ez ordaintzea.

d) Gizarte etxeetako programak eta/edo zerbitzuak erabiltzea beharrezko udal egiaztagiririk gabe.

e) 39. artikuluaren 4, 5 eta 6. puntuetan xedatua egitea.

f) Astean arau-hauste arinak bitan edo gehiagotan egitea, hilabetean lau aldiz edo gehiagotan, eta urtean sei aldiz edo gehiagotan.

g) Indarra duten legeetan arau-haustetzat hartutako edozein jokabidea edo egintza.

40.3. Arau-hauste arinak.

a) Ez betetzea espazioak eta baliabideak erabiltzeko ordutegiak, sobera berandu nola sobera goiz izateagatik.

b) 39. artikuluaren 7, 8 eta 9. puntuetan xedatua egitea.

c) Programen eta zerbitzuen funtzionamendu arauen edozein artikulutako arau-hauste puntuala.

41. artikulua. Arau-hauste horiei zehapen hauetako bat edo gehiago ezarriko zaizkie:

41.1. Arau-hauste oso larriak.

a) Gizarte eta kultur ekipamenduak eta haien programa eta/edo zerbitzuak erabiltzeko eskubidea kentzea urte batetik bost urtera bitarte.

b) 600 eurotik 1.200 eurora bitarteko isuna.

c) Segituan jakinaraztea beharrezko prozedurak eta eginbideak irekitzeko eskumena duten Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei.

41.2. Arau-hauste larriak.

a) Gizarte eta kultur ekipamenduak eta haien programa eta/edo zerbitzuak erabiltzeko eskubidea kentzea hilabete batetik urte batera bitarte.

b) 300 eurotik 599 eurora bitarteko isuna.

41.3. Arau-hauste arinak.

a) Gizarte eta kultur ekipamenduak eta haien programa eta/edo zerbitzuak erabiltzeko eskubidea kentzea aste batetik hilabete batera bitarte.

b) 299 eurorainoko isuna.

42. artikulua. Organo eskudunek ezarriko dute zein diren entitate edo pertsona erabiltzaile batek ekipamenduan eragin dituen kalte materialak edo bestelakoak konpontzeko neurriak, dagozkion zehapen administratiboak gorabehera.

43. artikulua. Tuterako Udalak bere gain hartuko du beharrezko ekintza judizial eta administratiboak erabiltzeko eskubidea, bere eskubideak eta interesak defendatzeko gizarte eta kultur ekipamenduei dagokienez.

44. artikulua. Gizarte Etxeen Kudeaketa Zentroa arduratuko da zehapen espedienteei tramitazio administratiboa ematen.

44.1. Zehapen ekonomikorik ez dakarten arau-hauste arinak, ardura duen zinegotzigo eskuordeak emanen ditu ebazpenaren bidez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honetako xedapenak bete beharrez, gizarte ekipamenduak urte baterako erabiltzen dituzten entitateek hilabete bateko epea daukate horretara egokitzeko, ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartutakoan, indarrik gabe geratuko da Gizarte eta kultur ekipamenduen udal zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta 2000ko martxoaren 6an indarra hartu zuena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Tuterako Udalak bere gain hartzen du ordenantza hau interpretatzeko eskubidea. Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1014501