118. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Gutxieneko zerbitzuak grebarako

Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak ondoko ebazpena eman zuen 2010eko irailaren 22an. Hona testu osoa:

"Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak irailaren 22an eman 124/2010 Ebazpena, Oltza Zendeako Udalaren gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena 2010eko irailaren 29an CC.OO. eta UGT sindikatuek deitutako greba orokorrerako.

Jose María Cuende Vallejo, Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak.

Ikusirik CC.OO. eta U.G.T. sindikatuek greba orokorra deitu dutela 2010eko irailaren 29rako.

Kontuan harturik lanuztea egiteko eskubidea Espainiako Konstituzioaren 28. artikuluko 2. idatz-zatian aitorturik dagoela, eta eskubide hori bateragarri egin behar dela, testu konstituzionalak berak adierazten duen bezala, gizartearendako oinarrizko zerbitzuekin, horretarako berme zehatzak ezarriz. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu behar dira, Konstituzio alorreko jurisprudentziak behin eta berriro dioenez, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta behar adina arrazoituta ezarriko dira.

Kontuan harturik, Konstituzioaren 23. artikuluaren arabera, herritarrek eskubidea dutela gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo bozkatze unibertsaleko aldian aldiko hauteskundeetan libreki hautatutako ordezkarien bidez.

Kontuan harturik, bestetik, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak eta hurrengoek zenbait zerbitzu publiko ezartzen dituztela, udalerriek nahitaez eman behar dituztenak.

Kontuan izanik grebarako deia eginik, Oltza Zendeako Udalaren zerbitzu publikoak ezin direla guztiz gelditu, herritarrei kalte konponezina eraginen liekeelako.

Hori dela-eta, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri beharra dago, grebarako eskubide konstituzionala errespetaturik ere, gai publikoetan parte hartzeko eta zerbitzu publikoak hartzeko herritarrek duten eskubidea ere bermatuta egon dadin, Espainiako Konstituzioaren 23 eta 28. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Kontuan izanik lan harremanetarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zitzaiola, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58. b) artikuluaren arabera, eta, oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzuak zehaztu eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena gobernuaren agintaritzari dagokiola, Lan Harremanei buruzko Araudia aldatzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedaturikoaren arabera.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldeak, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 58.b) artikuluak xedatutakoa kontuan hartuz, eta Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 h) artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.-Oltza Zendeako Udaleko langileek eta zerbitzuek 2010eko irailaren 29an eginen duten greban gutxieneko oinarrizko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

1.-Zerbitzu orokorrak:

a) Herritarrendako laguntza: administrari-ofizial batek lan egin beharko du lanaldi osoan.

b) Zerbitzu osagarriak:

-albientearen eginkizunak betetzeko C mailako langile batek (arduraduna edo albientea) lan egin beharko du lanaldi osoan.

-garbiketako langile batek behar adina denboran lan egin beharko du osasun kontsultategia garbitzeko.

2.-Haur Eskola, 0-3 urtekoendako:

Zerbitzua ematen duen enpresak bermatu behar du zaindari batek bi unitateko eta zuzendariak ordutegi osoko zerbitzua emanen dutela eta garbiketa enplegatu batek lanaldi erdian.

3.-Kirol instalazioak:

Kontzesioaren esleipena duen enpresak bermatu beharko du Ororbiako Abajitabidea kiroldegiko instalazioak ordutegi osoan irekiko direla.

Bigarrena.-Eskuarki erabiltzaileari harrera egiten dioten langileek emanen dituzte aurreko artikuluan aipatzen diren funtsezko zerbitzuak, haien egoera gutxieneko zerbitzuen barrenean dagoenean.

Hirugarrena.-Lehen zenbakian aipatu gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzua ematen ez badute edo hartan edozein aldaketa eginez gero, legearen kontrakotzat joko da ondorio guztiekin, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta zerbitzua bete ez edo hura aldatzen dutenek erantzukizuna izanen dute.

Orobat, 0-3 urtekoendako Haur Eskolako eta Kirol instalazioetako zerbitzuak administrazio-kontratuaren bidez egiten dituzten enpresak dagokien kontratuzko erantzukizunaren pean eroriko dira, baldin eta ebazpen honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen ez badituzte.

Laugarrena.-Aurreko ataletan xedatutakoak ez du inolako murrizketarik ekarriko greban dauden langileen eskubideetan, lanuztea erregulatzen duen araudian onartzen baitzaizkie.

Bosgarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Oltza Zendeako Udalaren iragarki oholean argitara dadila agintzea eta Oltza Zendeako Udaleko langileei jakinaraztea, bai eta Dindaia Fundazioari eta Urdi S.L. enpresari ere. Orobat, haren berri emanen zaio Udaleko osoko bilkurari, egiten duen hurrengo lehenengo bilkura arruntean."

Aditzera ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, eta jakinarazten erabaki honen aurka -ez baita irmoa administrazio bidean- errekurtso hauetako edozein aurkezten ahal dela:

1. Aukeran berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen udal organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakiaren jakinarazpenaren biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 116 eta 117. artikuluei jarraikiz. Ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ezta gora jotzekorik ere, harik eta berraztertzeko errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo ustezko ezespena gertatu arte.

2. Nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 337. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz. Errekurtso hau aurkezten bada, ez da administrazioarekiko errekurtsorik aurkezten ahalko, harik eta gora jotzekoa ebatzi edo ustez ezesten den arte.

3. Zuzenean, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 eta 10.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Oltza Zendean, 2010eko irailaren 23an.-Alkate udalburua, José M.ª Cuende Vallejo.

Iragarkiaren kodea: L1015796