118. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ENERITZ

2. sektoreko plan partziala. Behin betiko onespena

Enerizko Udalak, 2010eko ekainaren 15ean egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Enerizko Arau Subsidiarioetako 2. sektoreko plan partziala, ondoko erabakiaren bidez:

"Aurtengo martxoaren 22ko osoko bilkuran erabaki zen hasiera batean eta baldintzapean onestea Ar-1 banaketa eremuko 2. sektoreko plan partzialaren proiektua. Ekimen pribatuko proiektua da, Inversiones Bionciecho, S.L.k sustatua.

Jendaurreko informazioaren arauzko tramitea bete da, iragarkiak argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2010eko martxoaren 28an, 39. zenbakian) eta legez ezarritako gainerako hedabideetan. Jendaurreko epean ez da inolako alegazio, ohar edo iradokizunik aurkeztu.

Plan partzialaren proiektua osatu eta zuzendu da, eta, horrenbestez, egokiro bete dira hasierako onespen erabakian ezarri ziren baldintzak; eta, Udalaren iritziz, horrek ez du funtsezko aldaketarik eragin hasiera batean onetsi zen plan partzialaren proiektuko irizpide eta irtenbide orokorretan.

Espedientea ikusirik, udal teknikariek egindako txostenak barne; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 22.2.c) artikuluan udalbatza honi ematen zaizkion eskumenak erabiliz,

Aho batez ERABAKI DA:

Behin betiko onestea Ar-1 banaketa eremuko 2. sektoreko plan partziala, 2010eko maiatzaren 21ean ikus-onetsia. Ekimen pribatuko proiektua da, Inversiones Bionciecho, S.L.k sustatua.

Onetsitako plan partziala, udal teknikarien txostenekin batera, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igortzea hamar eguneko epean.

Onetsitako plan partziala Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea."

Hori guztia aditzera ematen da, orok jakin dezan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan xedatutakoa betetzeko. Iragarki honekin batera argitaratzen dira onetsitako plan partzialeko hirigintza arauak.

ONETSITAKO HIRIGINTZA ARAUAK

1.-Aurrekariak.

1.1. Sustatzailea.

Inversiones Ibonciecho, S.L. enpresak (Mutiloabeitiko industrialdeko E kalea, 9 - 1. C; IFK: B31929367) Enerizko industrialdearen plan partziala egiteko agindu dio Luis Goñi Iturralde arkitektoari.

1.2. Proiektuaren xedea.

Enerizko Arau Subsidiarioetako plan partzial honen xedea 2. sektorearen antolamendu berria zehaztea da.

1.3. Egile taldea.

Proiektu hau Luis Goñi Iturralde, David Gómez Urrutia eta Rafael Calderón Alonso arkitektoek egin dute. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kideak dira.

1.4. Kokalekua.

Jarduketak hartzen dituen lurzati guztiak Enerizko udal mugapean daude.

1.4.1. Ingurunea.

Industrialde honek Iruñerriko eskualdean duen kokalekuaren inguruetan nekazaritzako lurrak, etxebizitza guneak eta industria guneak tartekatzen dira. Enerizko herrigunea 100 metrora dago, Ukar 1.200 metrora eta Añorbe 1.300 metrora. Gutxi gorabehera 12 km-ra daude Iruñerriko industria eremuak (Beriain eta Garraioaren Hiria), eta hurbilago beste industria gune txikiago batzuk: Arrizabalagakoa 8 km-ra, Gareskoa 8 km-ra, eta gertuago Ukarkoa, 1,2 km-ra.

Industrialde honek lotura ona du N-121arekin eta A-15arekin, NA-601-1 errepidearen bitartez. Lotunea industrialdetik 5 km-ra dago. Gares aldera joateko, Done Jakue bideko autobidea 10 km-ra dago.

Enerizko herriak badu saihesbidea eta industrialdeko trafikoa ez da herrigunetik igaroko.

1.4.2. Topografia.

Topografiari erreparatuta, jarduketaren eremuak muga hauek ditu: hegoaldean NA-8105 errepideko Enerizko zeharbidea (erdiko puntuan industrialdearekiko sestra-aldaketa du); iparraldean, NA-601-1 errepideko Enerizko saihesbidea (industrialdea baino gorago dago, ezponda batek bereizita) eta 131. landa lurzatia; ekialdean, Añorbeko udal mugapean, errepideari lotutako lur publikoak; eta mendebaldean Xabiondoa erreka.

Jarduketaren eremuak malda leunak ditu. Ipar-hego norabidean duen puntu gorenetik behera bi isurialde ditu; beraz, azaleko ur gehienak mendebaldean dagoen sakanera edo ekialdeko bidegurutzearen ondoan dagoen erretenera doaz.

Punturik gorena 450eko kotan dago eta beherena 442ko kotan.

1.4.3. Lurren titulartasuna.

Sektoreko lurrak pribatuak dira, hitzarmen bidez Enerizko Udalari erositakoak.

1.5. Araudia.

1.5.1. Autonomia erkidegoko arauak.

Autonomia erkidegoaren mailako oinarrizko arau hauek aplikatu behar dira:

-35/02 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa.

-85/95 Foru Dekretua, apirilaren 3koa (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

-589/99 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, 85/95 Foru Dekretua aldatzen duena.

Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauek ez dute eraginik Enerizko udal mugapean.

1.5.2. Udal araudia.

Udal mailako arau hauek aplikatu behar dira: 1991ko apirilaren 8tik indarra duten Enerizko Arau Subsidiarioak eta 2003ko ekainaren 25etik indarra duen Enerizko Arau Subsidiarioetako Aldaketa.

Jarduketaren xede diren lurzoruak honela sailkatuta daude:

-Lurzoru urbanizagarri antolatua: Enerizko 1. industrialdeko 62., 64. eta 100. lurzatiak, S-2 sektorearen barnekoak.

Sektoreak parametro hauek ditu, Arau Subsidiarioetako Aldaketan ezarritakoak, 2003ko ekainaren 25eko testu bateginaren arabera:

-Sektorearen azalera: 33.980 m².

-Eraikigarritasuna (0,35 m²/m²): 11.893 m².

-Azalera pribatua: 21.200 m².

-Gehieneko okupazioa (%50): 16.990 m².

-Azalera libre pribatua: 4.210 m².

-Eredu-aprobetxamendua: 0,332674 AU/m².

-Homogeneizazio koefizienteak:

  • Industria eraikuntza: 0,8.
  • Lurzoru libre pribatua: 0,1.

-Irabazizko aprobetxamendua: 17.411 AU.

-Aprobetxamendu eskuragarria: %100, hirigintzako hitzarmenaren babesean.

Nahiz eta 2. sektoreak 1. sektorearekin batera banaketa eremu bakarra osatzen duen, esan behar da 1. sektorea birzatiturik eta urbanizaturik dagoela. Hortaz, banaketa eremua 2. sektorera murriztuta geratu da.

1.5.3. Tramitatzen ari diren aldaketak.

Enerizko Udalaren aldaketa.

Espediente honen aurretik Enerizko Arau Subsidiarioetako aldaketa bat tramitatu zen S-2 sektorean. Enerizko Udalak sustatu zuen, eta hasierako onespena 2006ko urtarrilaren 17an jaso zuen. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena ere jaso du, eta behin-behineko onespena eman baino lehen zerbitzu horren errekerimenduari erantzun behar zaio.

Tramitatu den dokumentuak hau proposatzen du:

-Eredu-aprobetxamendua: 0,66 AU/m².

-Homogeneizazio koefizienteak.

  • Beheko solairuko industria eraikuntza: 1,0.
  • Solairuarteko industria eraikuntza: 0,8.
  • Lurzoru libre pribatua: 0,1.

-Eraikigarritasun garbia: 1,08 m²/m².

-Gutxieneko lurzatia: 200 m².

Inversiones Ibonciecho, S.L.ren aldaketa.

Geroago, 2008ko ekainean, bigarren aldaketa egin zen, 131. lurzatia jarduketaren eremuari eransteko eta haren eraikigarritasuna handitzeko. Aldaketa hori Udalari aurkeztu zaio hasiera batean onets dezan.

Hona zer proposatzen duen dokumentu horrek:

-Eredu-aprobetxamendua: 0,6263 AU/m².

-Homogeneizazio koefizienteak:

  • Industria eraikuntza atxikia: 1,0.
  • Industria eraikuntza bakartua: 0,9.
  • Ekipamendutarako eraikuntza: 1,2.
  • Lurzoru libre pribatua: 0,1.

-Eraikigarritasun garbia: 0,64 m²/m².

1.5.4. Nafarroako Errepideei buruzko 5/07 Foru Legea.

Jarduketa mugatzen duten NA-601-1 errepidea (Arrizabalaga-Lerin) eta NA-8105 errepidea (Enerizko zeharbidea) Nafarroako Errepideen Katalogoan daude. Nafarroako Errepideei buruzko 5/07 Foru Legea aplikatu behar da eta errepide horiek ukitzen dituen edozein jarduketak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren oniritzia behar du.

Eraikuntzetarainoko tarteei dagokienez, kontuan hartu da lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarritakoa, hots, "5/07 Foru Legeak indarra hartu aurretik hasitako prozedurak lehengo araudiaren bidez" arautuko direla, Herri Lan Departamentuak 2007ko urriaren 9ko txostenean jaso zuen bezala. Txosten horrek 18 metroko tartea finkatzen du eraikuntzetatik galtzadaren kanpoko ertzeraino.

1.5.5. Uren Legea.

Jarduketaren eremuak sakan batekin egiten du muga. Sakana eta ingurua ukitzen dituen edozein jarduketak Uren Legea bete beharko du eta Ebroko Ur Konfederazioaren oniritzia jaso beharko du.

Industrialdearen zati bat txukuntasun eremuaren eraginpean dago. Alde horretan kokatzen diren eraikuntzei dagokien baimena eskatu beharko zaio Arroko Erakundeari.

Errekaren ondoko 5 metroko zerrendak ur jabari publikoaren zortasuna izanen du.

1.6. Lehendik dauden erabilerak, eraikuntzak eta azpiegiturak.

1.6.1. Erabilerak.

Jarduketa eremuko lurrek gaur egun erabilera hauek dituzte:

62. lurzatia 131. lurzatirako sarbide gisa erabiltzen da.

100. eta 64. lurzatiak gaur egun landu gabe daude. Enerizko zeharbidearen ertzean zuhaitzak dituzte.

Bestalde, 131. lurzatian baratzea dago, eta Enerizko saihesbidearen ondoan ezponda berdea, 12 metro garai 0 kotaraino. Ezpondaren behealdea gutxi gorabehera sektoreko mugan dago.

1.6.2. Egun dauden eraikinak.

Eremuan ez dago ez eraikuntzarik ez itxiturarik.

1.6.3. Azpiegiturak.

Hornidura:

Sektoreko ipar-ekialdean, saihesbide ertzeko ezpondaren behealdetik ur hornidurako hodi bat doa, S.C.P.S.A.rena. Burdinurtu nodularrezkoa da eta 150 mm-ko diametro izendatua du.

Kolektore horretatik lotura-hodia dago Enerizko erregulazio biltegiraino. Biltegitik herrira banaketa-kolektore bat dago eta hortik adar bat irteten da zeharbidearen parean, sektoretik 100 metrora, burdinurtu nodularrezkoa eta 100 mm-ko diametrokoa.

Saneamendua:

Badago PVCzko kolektore bat, 250 mm-koa, 2. poligonoko 593. lurzatian amaitzen dena. Kolektore horrek lotura-hodiak ditu 6 etxebizitzarekin. Hori ere sektoretik 150 bat metrora dago.

Badago beste kolektore bat, PVCzkoa eta 250 mm-koa, zeharbidearen amaieran bukatzen dena. Haren sestra hidraulikoa zoladura bukatutik 1,70 m-ra dago.

Euri ura:

Xabiondoa erreka sektoreko mugatik doa eta inguruetan Robo ibaira isurtzen da. Gaur egun azaleko urak biltzen dituen putzu txiki bat dago lurzatiaren behealdean, hego-mendebaldeko txokoan, eta errekara isurtzen du 500 mm-ko HM kolektore baten bitartez.

Mendebaldean, errepideko bidegurutzearen eta sektorearen artean, hormigoizko erreten batek urak Robo ibaira isurtzen ditu.

Argindarra:

Aireko argindar linea bat dago, goi tentsiokoa (13 kV), 261. lurzatian zehar, NA-601-1 errepidearen beste aldean, errepidetik 30 bat metrora.

Argiak:

Ez dago argiteria publikorik sektorean.

Gasa:

Ez dago gas sarerik sektorean.

Telefonia:

Ez dago Telefónica, S.A.ren zerbitzurik sektorean.

1.7. Programa.

Sektoreko sustatzailearekin egindako bileran honela azaldu dira irizpideak edo antolamendurako beharren programa:

-Eraikuntza tipologia desberdinak ezarri behar dira, alegia, nabe atxikiak eta landa duten nabe bakartuak, kontuan izanik lehenbiziko motak herrian izanen duen eskaria eta bigarren motak eskualdean izanen duena.

-Antolamendu nahiko malgua garatu behar da, bideragarria ikuspuntu ekonomiko-finantzariotik, eta eskarira moldatzen ahalko dena, lurzati handiak birmoldatuz, nabe atxikiak egin ahal izateko.

-Antolamenduak aukera eman behar du faseka eraikitzeko.

2.-Hautatutako irtenbidea.

2.1. Aldaketaren helburuak.

Hauek dira plan partzial honen helburuak:

-Antolamendu berria egitea 2. sektorerako, malgua eta faseka garatu ahal izanen dena, kokatzen diren enpresen arabera.

2.2. Proposamenaren deskripzioa.

Proposatutako antolamenduan sektoreak sarbide bakarra izanen du Enerizko zeharbidetik. Ezkerretarako biragune babestuak edukiko ditu.

Sarbidetik eraztun formako bide batera iritsiko da, eta bide horrek eramanen du nabe atxikietara, erabilera anitzeko ekipamendura eta sektoreko muturretan kokatutako bi lurzati handitara.

Bi lurzati handiak definitu diren moduan, gerora birzatitu ahal izanen dira nabe atxikien antzeko eskemari jarraituz.

Ertzetan eremu berdeak eta zuhaiztiak ezarri dira, industrialdeak paisaiarekin bat egin dezan. Sakan aldera 15 metroko zerrenda ezarri da, eta zeharbide aldera zabalera aldakorreko beste zerrenda bat.

Industrialdearen ertzean beste zuhaitz ilara bat landatuko da.

Industria eraikuntzak bi motatakoak dira: nabe atxikiak lurzati txikietan, eta nabe bakartuak 5.000 m²-tik gorako lurzatietan.

Ekipamendutarako lurzatia Enerizko Udalak ezarritako irizpideen arabera kokatuko da.

Solairuarteen azalera eraikuntza motaren araberakoa izanen da: nabe atxikietan %30 eta nabe bakartuetan %10.

2.3. Proposatutako antolamenduaren arrazoiak.

2.3.1. Hirigintzako arrazoiak.

Sektoreko antolamenduaren aldaketaren bidez antolamendu malgua ezarri nahi da, jarduerak nahierara ezarri ahal izan daitezen eta antolamendua merkatuaren beharrei egokituta industrialdearen garapenaren bideragarritasuna hobetu dadin.

Horretarako, urbanizazio-azalera txikiko urbanizazioa definitu da. Hartara hasierako inbertsioaren kostuak mugatu ahal izanen dira, baina, horrekin batera, nabe atxikiak eta azalera ertaineko jarduerak garatzeko aukera ere izanen da.

Antolamendu hau asmatu da berariaz, nabe ertainen eskaririk ez balego lurzatiak zatitu ahal izan daitezen beste formatu txikiago batzuetan, tokian tokiko urbanizazioa burututakoan.

Aparkalekuak eraztunaren inguruan banatuta kokatuko dira, eta lurzati handien kasuan, lurzatien barnean.

Ez da kamioiak aparkatzeko tokirik gordeko nabe atxikien eremuan. Lurzati bakartuetan nahikoa toki geratzen da kamioiak aparkatzeko, beharrezkoa izanez gero.

2.3.2. Arrazoi fisikoak.

Eremurako proposatu den antolamenduak lurzatiaren formari eta topografiari erreparatzen die.

Lurzatiaren barneko topografia moldatu beharra dago, bi plataforma nagusi sortuz, nabeak ahalik eta maila gutxienetan kokatzeko.

Plataformen sestrak sektoreko sarbidearen maldak baldintzatuta zehaztu dira, eta lur mugimenduen arteko oreka bilatuz, lur erauzketen eta betelanen arteko oreka, hain zuzen ere.

Nabe atxikietarako plataforma 448ko kotan dago, zeharbidearen kota baino metro bat gorago, eta biak lotzen dituen sarbideak %5eko malda du. Plataforma horretan daude eraztun formako bidea, nabe atxikiak eta lurzati handietako bat. Plataformak %2ko malda du, gutxiago hondeatu behar izateko eta lurrari egokitzeko.

3. lurzatiko plataformaren kokalekua sakanetik hurbil dago eta gaur egun barnean ditu lurraren punturik gorena eta beherena. Plataforma horrek 14.000 m² inguruko azalera izanen du, 449 metroko sestra, eta erabat laua izanen da, bertan jarduera handi bat kokatzeko egokia. Sakanaren ondoko 15 metroko zerrendan betelana leundu eginen da, zuhaixkaz jantzitako ezponda baten bitartez.

%5eko malda batek lotuko ditu goiko eta beheko plataformak, zeharbidearen ondoan.

Hiri sareak erdiko ardatz bat du, zeharbidearen paraleloa, eta zeharkako kaleak, sakanaren paraleloak. Horrela nabe ortogonalak eratzen dira, industria erabilerarako egokiak.

Antolaera horrek aukera ematen du hornidurarako kanalizazioa desbideratzeko eta argindarraren linea ezartzeko titulartasun publikoko lurretan zehar.

2.3.4. Proposatutako azpiegiturak.

Proposamenean azaltzen diren azpiegituren eskemetan, oinarritzat hartu da inguruan lehendik dauden hornidura sareen baliozkotasuna, enpresa hornitzaileek berretsi beharrekoa.

Hornidura sarea: gaur egun Enerizko zeharbidetik doan sarearekin lotuko da hornidura sare berria, SCPSAren zehaztapenei jarraituz.

Saneamendu sareak: isurketa sarea gaur egungo sarearekin lotuko da, SCPSAren zehaztapenei jarraituz. Zeharbidearen amaierako etxebizitzen atzealdean dagoen putzuan egin nahi da lotunea. Kolektorearen trazadura 201. eta 593. lurzatietatik doa eta Xabiondoa errekaren azpitik igarotzen da.

Industria bakoitzak bere isurkinak arazteko sistema egokia ezarri beharko du, sare horretara gai arriskutsu edo debekaturik ez isurtzeko.

Euri uren sarea: nabeetako eta urbanizazioko euri urak biltzeko sarea eginen da. Xabiondoa errekara isuriko du, behereneko puntuan.

Argindar sarea: azpiegituren planoko eskeman ageri denez, 261. lurzatia zeharkatzen duen goi tentsioko lineatik lotunea eginen da industrialderaino. Industrialdean sare kanalizatua osatuko da, eta hornidura egokia bermatzeko adina transformazio zentro izanen ditu, Iberdrolaren gomendioei jarraituz.

Telefonia sarea: inguruetan lurreko zenbait operadore ari direnez, instalazioari neurri egokiak emanen zaizkio, jarduketa eremuan sarrera izan dezaketen operadoreetatik edozeinen zerbitzuak lurzati guztien eskura egon daitezen. Sareak hirigunean duen hargunetik deribazioa eginen da kutxeta berri bateraino, eta hortik abiatuko da lurpeko banaketa sare berria. Kutxeta bat jarriko da, operadoreen telekomunikazio armairuak barnean edukiko dituen zokaloko sarrera gisa. Abiaguneko kutxetatik hasita, sare nagusia kale nagusi osora hedatuko da. Barne-azal leuneko PVCzko hodiak izanen ditu, eta deribazio kutxetak lurzatietan. Hodiak zanga batean sartuko dira hareazko ohe gainean, urbanizazioko gainerako kanalizazioetatik behar adinako distantziara. Telefono zerbitzua ematen hasi baino lehen, telekomunikazioetako konpainiek datu sareak eginen dituzte, Udalak aurretiaz baimenduta.

Zoladura: galtzadak eta aparkalekuek aglomeratuzko bide-zorua izanen dute. Espaloiak hormigoizkoak izanen dira eta gainditzen ahal den motako zintarria izanen dute.

Oinezkoentzako ibilbideak ere eginen dira, oztopo arkitektonikorik gabe eta pasabide beheratuekin.

Lorategiak: berdeguneek ureztatze sistema izanen dute. Zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira.

3.-Hirigintzako araudia.

Plan partzial honetako lurren hirigintzako araubideak Enerizko Arau Subsidiarioetan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/02 Foru Legean ezarritakoa du oinarri. Xedapen horiek ordezko arau gisa aplikatuko dira plan honetan aurreikusi gabeko gai orotan.

3.1. Determinazioen maila.

Hurrengo taulan planeamenduko determinazioen zerrenda dago, eta bakoitzaren sailkapena: egiturazkoa edo xehakatua.

DETERMINAZIO OROKORRAK

DETERMINAZIOA

Lurzoruaren sailkapena

Egiturazkoa

Erabilera orokorra

Egiturazkoa

Erabileren egokitasuna

Xehakatua

Eraikuntza-tipologia

Xehakatua

Jardueren kopurua

Xehakatua

DETERMINAZIO FORMALAK

Garaierari buruzko baldintzak

Xehakatua

Lurzatiaren baldintzak

Xehakatua

Eraikuntzaren baldintzak

Xehakatua

ERAIKUNTZARI BURUZKO ORDENANTZA PARTIKULARRA

Xehakatua

KUDEAKETARI BURUZKO DETERMINAZIOAK

Jarduketa sistema

Xehakatua

Planeamendu baldintzak

Xehakatua

Eredu-aprobetxamendua

Egiturazkoa

3.2. Definizioak.

Enerizko 2. sektoreko fitxa partikularra erantsi da.

Nola interpretatu fitxak:

? Determinazio orokorrak:

Erabilera aurreikusia: eremuko erabilera orokorrari egiten dio erreferentzia.

Unitatearen azalera osoa: jarduketa eremuaren azalera.

Eredu-aprobetxamendua aplikatzeko azalera: aprobetxamendua sortzen duen azalera.

Antolamenduaren ondoriozko lurzoru publikoa: jabari publikoko azalera, antolamenduaren arabera. Bide sareak, espazio libreek, berdegune publikoak eta ekipamenduek (titulartasun pribatukoak salbu) osatzen dute.

Antolamenduaren ondoriozko lurzoru pribatua: titulartasun pribatuko azalera, antolamenduaren arabera.

Erabileren egokitasuna: erabileren sailkapena, antolamenduaren helburuetarako egokitasunaren arabera.

Erabilera aurreikusia: bera garatzeko hautatutako erabilera da.

Nahitaezko erabilera: aurreikusiari nahitaez erantsi behar zaion erabilera da.

Erabilera toleratua: aurrekoekin batera gara daiteke, baina erabilera aurreikusia gainditu gabe.

Erabilera debekatua: bateraezina delakoan eragozten den erabilera da.

Eraikuntza-tipologia: eraikuntzen ezaugarriak.

? Determinazio formalak:

Garaierari eta sestrei buruzko determinazio partikularrak, lurzati bakoitzari aplikatu beharrekoak.

? Eraikuntzei buruzko determinazio partikularrak.

? Kudeaketari buruzko determinazioak:

Jarduketa sistema: jarduketa sistema konpentsazioa izanen da; borondatezko birzatiketaren aukera aurreikusten da ukitutako jabe guztiak ados jartzen diren kasuetarako bakar-bakarrik.

Eredu-aprobetxamendua: koefiziente honek eredu-aprobetxamenduaren unitateak ematen ditu ekarritako lur gordinaren metro karratuko.

Irabazizko aprobetxamendua: proposatutako eraikigarritasuna erabilera bakoitzari dagokion homogeneizazio koefizienteaz biderkatuta lortzen den hirigintzako aprobetxamendua da, aprobetxamendu unitatetan.

Aprobetxamendu eskuragarria: lurren jabeek eskuratzen ahal duten hirigintzako aprobetxamendua; irabazizko aprobetxamenduaren %90 da.

Aprobetxamendu soberakina: Udalari dagokion aprobetxamendua, hots, irabazizko aprobetxamendutik laga beharreko %10a.

Eraikigarritasun garbia: eremuko eraikigarritasun koefizientea, hots, eraikitako azalera osoa zati aprobetxamendurako eskubidea duen azalera.

3.3. Homogeneizazio koefizienteak.

Irabazizko aprobetxamendua kalkulatzeko, Aldaketan jasotako homogeneizazio koefizienteak erabili dira, 2003ko ekainaren 25eko testu bateginaren arabera:

-Industria eraikuntza: 0,8.

-Eraikuntzarik gabeko lurzati pribatua industriarako lurzoruan: 0,1.

3.4. Lurzatiketa.

Agiri grafikoetan mugatuta ageri dira industriarako plataformak eta antolamenduaren ondoriozko lurzatiak, bai eta horien gehieneko eta nahitaezko lerrokadurak ere.

Proiektu honetan eraikuntzei ezarri zaizkien lerrokadurak egokitzeko xehetasun azterlana egin ahalko da, baldin eta antolamendu proposamena aldatu nahi bada. Lurzatiak birzatitu ahal izanen dira, aurreikusitako zehaztapenei jarraituz eta legeak ezarritako parametroak eta gutxieneko erreserba moduluak betez.

3.5. Erabilera xehakatuak eta eraikuntza-tipologiak.

Aldaketaren xede diren lurren erabilera orokorra industriarako eta hirugarren sektorerako erabilera da, indarra duen legerian ezarritako ekipamendu eta zerbitzu estandarrekin.

Erabilera xehakatu hauek garatuko dira sektorean:

-Sarrerak eta bideak.

  • Bideak, espaloiak eta aparkalekuak.

-Industriarako eta merkataritzarako erabilera.

  • Industria bakartua.
  • Industria atxikia.

-Ekipamendutarako erabilera pribatuak 85/1995 Foru Dekretuaren 15. artikuluan azaltzen diren erabilerak bildu ahalko ditu:

  • Osasuna.
  • Laguntza eta gizarte ongizatea.
  • Irakaskuntza.
  • Kultura.
  • Kirola.
  • Josteta.
  • Merkataritza.
  • Administrazioa edo bestelako zerbitzu publikoak.
  • Erlijioa.

-Espazio libreak.

  • Erabilera eta jabari publikoko espazio librea.
  • Berdegune publikoak.

3.5. Gutxieneko erreserba moduluak.

Gutxieneko erreserba moduluak zehazteko arau hauek aplikatu dira: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen xedapenak.

3.5.1. Erabilera eta jabari publikoko espazio libreak:

Eremu osoaren %10 zuhaizti edo berdegune handietarako izanen da. Eraikuntzen eta komunikazio bideen artean zuhaiztiak sortzea sustatuko da, eta horiek gutxienez 15 metroko zabalera izanen dute.

Antolatutako eremua 34.801 m²-koa dela kontuan hartuta, erabilera eta jabari publikoko espazio libreetarako 3.480 m²-ko eremua gordeko da gutxienez.

Aldaketa honek guztira 3.522 m² gordetzen ditu erabilera eta jabari publikoko espazio libre konputagarrietarako, sektorearen perimetroan banatuta, jarduketaren eremua ingurunean egokitzea ahalbidetuko duen landare pantaila osatu dadin. NA-601-1 errepideko aldean, lehendik ere ezponda berdeak eta errepideko berdegunea daudenez, ez da besterik erantsiko.

Azalera pribatua 21.200 m²-koa da indarra duen planeamenduan eta 21.712 m²-ra igoko da Plan Partzialaren ondorioz. Igoera horren arrazoia da eremuaren benetako azalera, neurketa egindakoan, 34.801 m²-koa dela, indarra duen aldaketan ageri diren 33.980 metro karratuen ordez.

3.5.2. Aparkalekuak.

Aparkatzeko tokien erreserba egin da lurzatien ezaugarri tipologikoak kontuan hartuz, 589/1999 Foru Dekretuan aurreikusten den bezala.

Industriarako lurzatien azalera 21.712 m² da.

Beraz, industriarako eraikitako metro karratuak guztira 21.712 direla eta erabilera anitzeko ekipamendu publikoetarako eraikitako metro karratuak 1.400 direla kontuan izanik, aparkatzeko 152 toki ezarri dira erabilera publikoko espazioetan.

P2 eta P3 lurzatia: industriarako lurzatia da, 4.567 m²-ko azalera eraikia du, eta 1.500 m²-tik beherako zatiak egitea aurreikusten da. Beraz, lurzati horietan aparkatzeko toki bat beharko da eraikitako 70 m²-ko, hau da, aparkatzeko 65 toki gutxienez.

P1 lurzatia: industria bakarturako lurzatia da, 7.108 m²-ko azalera du, eta 2.462 m²-ko azalera eraikia. Beraz, lurzati horretan aparkatzeko toki bat beharko da eraikitako 200 m²-ko, hau da, aparkatzeko 12 toki gutxienez.

P4 lurzatia: industria bakarturako lurzatia da, 11.091 m²-ko azalera du, eta 5.150 m²-ko azalera eraikia. Beraz, lurzati horretan aparkatzeko toki bat beharko da eraikitako 200 m²-ko, hau da, aparkatzeko 26 toki gutxienez.

Bananketarik egiten bada, P1 eta P3 lurzatiek aparkatzeko tokien estandar ofizialak bete beharko dituzte, ateratzen diren lurzatien arabera.

Aparkatzeko 152 toki planteatu dira guztira, beharrezkoak 103 baizik ez badira ere. Honela banatu dira:

GUTXIENEKOA

AURREIKUSITAKOAK

2. eta 3. lurzatia

65

70

1. lurzatia

12

31

4. lurzatia

26

51

Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko 4/1988 Foru Legea garatu eta aplikatzeko Erregelamendua onesten duen 154/1989 Foru Dekretuaren 10. artikuluak agintzen duenez, urritu fisiko eta sentimen-urrituek erabiltzen dituzten ibilgailu arinak aparkatzeko tokiak erreserbatu behar dira, toki guztien %3 hain zuzen ere (6 toki).

3.5.3. Erabilera anitzeko ekipamendua.

Antolatutako azalera osoaren (34.801 m²) %4 gorde behar da gutxienez, hau da, 1.392 m² gutxienez. Erabilera anitzeko ekipamendutarako gorde den azalera 1.400 m² da.

3.6. Komunikazioen sistema. Bide sarea eta oinezkoena.

Sarrerako bideak, 2. lurzatiaren inguruko eraztunak eta P1 eta P3 lurzatietarako sarbideek definitzen dute bide sarea.

Bidea honela osatuko da:

-Bi erreiko galtzada, bi norabidekoa, guztira 7,00 metro zabal.

Barneko galtzada norabide bakarrekoa izanen da, eta zabalera bera izanen du.

-Espaloia, gutxienez 1,20 metro zabal.

-Ilarako aparkalekuak, 2,40 x 4,5 metrokoak.

3.7. Urbanizazioa eta zerbitzuetako azpiegiturak.

3.7.1. Lur mugimenduak.

Ezarritako sestra berrien xehetasunak planoetan daude. Sestra horiek doitu ahal izanen dira urbanizazio proiektua egiten denean.

Material betegarrien kalitatea eta mota kontuan hartu behar dira. Horretarako, hondeaketako materialaren egokitasunari buruzko azterlan geoteknikoa eginen da.

Plataformen garapenean lur mugimenduen arteko orekak duen garrantziagatik, bi eremuen sestrak koordinatzea komeni da, are gehiago atera beharreko lurren egokitasuna kontuan hartuz gero.

3.7.2. Zati komunen urbanizazio orokorra.

Urbanizazio proiektuak barnean hartuko ditu industrialdean erabilera publikorako izanen diren lurrak eta bideak, eta aldaketa honetako antolamenduari lotuko zaio.

Bide publikoaren tarteak aztertuko ditu haien ezaugarri guztiak jorratuz, eta zerbitzu guztiak ere bai. Halaber, industriarako plataformak eratzeko egin beharreko lur mugimenduak eta ezponden eta lur naturalaren arteko elkarguneak aurreikusiko ditu.

Urbanizazio elementu guztiak antolatzean, azpiegiturak eta zerbitzuak barne, exekuzioaren unean indarra duten legezko erregelamendu, arau eta jarraibideak bete beharko dira. Batik bat, urbanizazio proiektuan Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoak Kentzeari buruzko uztailaren 11ko 4/88 Foru Legea bete beharko da, oinezkoentzako oztoporik gabeko ibilbideak, elbarrientzako aparkaleku eta sarbideak eta abarrekoak ezarriz.

3.7.3. Lurzati pribatuetako urbanizazioa.

Lurzati pribatu bakoitza urbanizatzeko obrak bertako jabearen kontura izanen dira, eraikuntza proiektuaren osagarri gisa.

3.7.4. Zerbitzuetako azpiegiturak.

Mota guztietako zerbitzuen sareak (ura, saneamendua, argindarra, telefonia, gasa eta beste batzuk), hondakin uren hoditeria eta zuzenean argindarraren erabiltzaileen zerbitzurako diren transformazio zentroak, denak joko dira "oinarrizko zerbitzuetarako erabilera"tzat, eta baimenduta egonen dira sektore osoan, inguruabar hori berariaz adierazi beharrik izan gabe.

3.8. Jarduketa sistema.

Sektorea garatzeko jarduketa sistema konpentsazioa edo borondatezko birzatiketa izanen da. Eremu osoa exekuzio unitate bat izanen da. Hura garatzeko birzatiketa proiektu bakarra eginen da, eta urbanizazio proiektu bat, industrialdeko sarrerako bidea egokitzeko proiektua barnean bilduko duena, ezertan eragotzi gabe etapaz etapako planean ezarritakoa.

3.9. Ukipenak.

Azpiegiturak eta sarbideak ezartzeko sektoretik kanpo okupatu behar diren lurzoruak ukituak direla deklaratzen da. Lurzoru horiek planoetan marraztuta daude.

Aprobetxamendurako eskubiderik gabeko lurzoruak dira. Administrazioak okupazioaren eta/edo erabiltzeko baimenaren baldintzak hitzartu ahal izanen ditu, lur horietan zehar hodiak eta haien instalazio osagarriak ezarri behar direnean. Okupazio iraunkorra beharrezkoa denean, desjabetu ahal izanen dira, 35/02 Foru Legeari jarraituz. Sarbide, azpiegitura eta abarren proiektuetan zehatz adierazi beharko dira ukitutako azalerak.

3.10. Lagapenak eta urbanizazioaren kontserbazioa.

Jarduketa sistema gisa konpentsazioa ezarri denez, jabeek Udalari nahitaez laga beharreko lurzorua jarri behar dute, behin urbanizatutakoan eremu horiek aldaketan aurreikusten den moduan erabil daitezen, batez ere jabari publikoko lurzoruak; Udalak bere gain hartuko du horien kontserbazioa.

4.-Ordenantza.

4.1. Industriarako eraikuntzei buruzko ordenantza.

4.1.1. Baldintza orokorrak.

Eraikuntzen konposizioa aukerakoa izanen da.

4.1.2. Tipologiak.

Eraikuntzak, beren tipologiak ahalbidetzen duen heinean, antolamenduaren bereizgarri den hiri eta natur inguruneari egokitu behar zaizkio.

Eraikinak bakartuak edo atxikiak izanen dira, eremu bakoitza antolatzeko baldintza partikularretan ezarritakoaren arabera.

4.1.3. Fatxadak.

Eraikin bakoitzaren fatxada guztietan, are eraikuntza osagarrietan ere, kalitate bertsuko materialak erabiliko dira; gutxienez ere, estaldura jarraitua eta pintura.

Eraikuntza guztiek zokaloa izanen dute, gutxienez 70 cm garai, bistako adreiluz, hormigoiz edo harriz egina.

Fatxadako akaberak ondokoak izan daitezke:

-Emokadura leuna, pintatua.

-Zeramikazko materialak kolore naturaletan.

-Bistako hormigoia.

-Bistako adreiluz, harriz edo hormigoi bloke aurrefabrikatuz egindako hormak.

-Xafla pintatu edo lakatuzko estaldurak.

4.1.4. Garaiera.

Gehieneko garaiera 9 metro izanen da. Hala ere, berariaz aurreikusten da P1 eta P3 lurzatietan Udalak garaiera handiagoa baimendu ahal izanen duela, arrazoi justifikatuengatik, instalazio garaiagoren baten beharra badago (siloa, zubi-garabia etab.).

4.1.5. Estalkiak.

Estalkiak lauak izan daitezke edo bestela bi, hiru edo lau isurkikoak, gehienez %15eko maldarekin.

Estalkian teilatu-hegalak onartuko dira gehieneko edo nahitaezko lerrokadurako aldeetan. Gehienez 1 metro irten ahal izanen dira.

Zerra itxurako estalkiek eta antzekoek beren profila ezkutatzen dieten karel edo itxiturak izanen dituzte alboetan.

Aurrekoez gain bestelako estalkiak ere baimendu ahalko dira, eraikinaren ezaugarri funtzionalek edo neurriek hala eskatzen dutenean. Proiektuan halako soluzioen egokitasuna justifikatu beharko da, eta eraikuntza hiri inguruneari eta paisaiari egokitzeko zuzenketa neurriak azalduko dira (landaketak, zuhaitz hesiak etab.), behar izanez gero.

4.1.6. Iragarkiak.

Ez da onartuko publizitateko kartelik paratzea lurzatien espazio eraikigarritik kanpoan.

Eraikinei atxikitako errotulu eta bestelako diseinu identifikagarriak paratzen ahalko dira, baldin eta material iraunkorretan eginak badaude, eraikinaren edo itxituraren goialdeko errematea gainditzen ez badute, eta beren gainazal inguratzailea kokatuta dauden fatxada-atalaren azaleraren %25 baino gutxiago bada.

Errotuluen diseinua, konposizioa eta materialak aukerakoak dira.

Argibideetarako seinaleak paratzen ahalko dira, bide-seinaleen neurriei eta diseinuari egokituak, Nafarroako Gobernuko Bide Zerbitzuak horretarako baimena ematen duenean.

4.1.7. Itxiturak.

Lurzatietan itxiturak egin ahal izanen dira. Ezaugarri hauek izanen dituzte:

-Obrako itxitura gehienez 1,00 m garai izanen da.

-Sarezko itxitura gehienez 1,80 m garai izanen da.

Landare-itxiturak onartuko dira, eta aurrekoekin konbinatu ahal izanen dira.

4.2. Urbanizazioari buruzko ordenantza.

4.2.1. Bide-zorua eta zoladura.

a) Ibilgailuen zirkulaziorako eta aparkatzeko bideak.

Bide-zoruari eta zoladurari dagokionez, ondoren azaltzen diren baldintzak beteko dira. Errodadurarako gunea honela osatuko da:

-Pikorrezko azpi-oinarria.

-Pikorrezko oinarria.

-Inprimazio eta itsaspen garaztada.

-Aglomeratu asfaltikoak berotan.

Exekuzioaren baldintzak eta geruzen lodierak bidearen trazadurarako eta trafiko motarako egokiak izanen dira.

b) Espaloiak.

Bistako hormigoizko zola, zabor-legar trinkotuzko geruza baten gainean.

4.2.2. Zuhaitzak eta lorategiak.

Zuhaitzak antolatzeko irizpideak antolamendu planoetan jaso dira. Urbanizazio proiektuak, funtsean, irizpide horiei jarraitu behar die.

4.2.3. Sareen ezaugarriak.

Zerbitzuetako azpiegituren planoetan ageri diren sareak eskema hutsak dira. Haien ezaugarriak zehatz-mehatz aztertu behar dira urbanizazio proiektuan.

Sareak enpresa hornitzaileen zehaztapenei jarraituz eginen dira.

5.-Ebaluazio ekonomikoa.

Memoria honi ebaluazio ekonomikoa erantsi zaio. Ez da loteslea, eta urbanizazio proiektuari dagokio eremua egokiro urbanizatzeko behar diren kopuruak eta kalitateak zehaztea.

6.-Etapaz etapako plana.

Enerizko industrialdea handitzeko aldaketa honetan etapa bakarra ezarri da urbanizazio obrak egiteko.

Obrak egiteko epea gehienez 6 hilabetekoa izanen da.

Obra faseka egiteko baimena eman ahalko da, fase bakoitza bere aurrekoen eta ondorengoen funtzionamendu osoarekin bateragarria baldin bada. Sarbidea eta zeharbidearen ondoko bidea lehenbiziko fasean egin behar dira.

Eneritzen, 2010eko ekainaren 22an.-Alkate udalburua, José Alberto Valencia Trueba.

Iragarkiaren kodea: L1013448