118. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

DONEZTEBE

Doneztebeko Udalaren 1-3 urtekoen haur eskolarako
sukaldaria kontratatzeko deialdiaren oinarriak

Deialdia, sukaldari euskalduna izateko lanpostu 1 oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lanaldi partzialarekin eta lan-kontratu finkoarekin, Doneztebeko Udalaren 1-3 urtekoen haur eskolan ari dadin.

Alkate udalburuak abuztuaren 5ean eman 99/2010 Ebazpenaren bidez, honako deialdi honen oinarriak onetsi dira: sukaldari euskalduna izateko lanpostu 1 oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, lanaldi partzialarekin eta lan-kontratu finkoarekin, Doneztebeko Udalaren 1-3 urtekoen haur eskolan ari dadin. Hauexek dira oinarriak:

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da sukaldari euskalduna izateko lanpostu 1 oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lanaldi partzialarekin eta lan-kontratu finkoarekin, Doneztebeko Udalaren zerbitzuan ari dadin, "Askin" haur eskolan (0tik 3 urte bitartekoendako ikastetxea).

1.2. Izendapenak Doneztebeko Udalaren zerbitzuko lan-kontratudun finko bihurtuko du izendatua, ondorio guztiekin, kontratua sinatzen den egunetik aitzina; Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da eta bere kontu izanen dira dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

1.3. Arau hauen mendean egonen da kontratuduna:

A.-Lan baldintzei dagokienez: kontratuan, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan eta Langileen Estatutuan ezarritakoa.

B.-Baldintza ekonomikoei dagokienez: lanpostuak izanen ditu D mailari dagozkion ordainsariak; alegia, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako hartan) eginiko sailkapeneko D mailarenak; baita Udalaren plantilla organikoan onesten diren ordainsari osagarriak ere, halakorik izanez gero.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da. Printzipioz 5 ordukoa izanen da, eta administrazioko organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahalko du.

1.5. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da. Kontratatuek 3 hilabeteko probaldia izanen dute. Hura iraganik eta organo eskudunaren iritziz eman zaizkien egitekoak betetzeko gai ez badira, kontratua deuseztatutzat joko dira.

Epe hori iraganik, Udalak kontrakorik ez badu, lan-kontratudun finkoa bilakatuko dira ondorio guztietarako.

1.6. Egin beharreko lanak eta eginkizunak deialdi honetan eskatzen diren maila eta kategoriakoak izanen dira, eskatutako titulazioaren arabera. Haien artean, besteak beste aipatze aldera, ondotik zehazten direnak egonen dira:

-Haur eskolako sukaldeaz arduratzea, haur eskolako zuzendariaren eta hezitzaileen zuzendaritzapean, hierarkian bere gainean baitaude.

-Janariak eta menuak prestatzea.

-Hornitzaileei lehengaiak erostea.

-Sukaldea, eta han erabilitako tresna eta makinak garbitzea.

-Haur eskolako gainerako langileekin elkarlanean aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.

-Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ikastetxeko zuzendaritzak eta/edo Donezteko Udalak agindurik.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra izatea edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo Europar Batasunak egin eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera izaten ahal diren estatuetakoa, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik goragokoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusi izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua (sukalde laguntzailearena) edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) Euskaraz hitz egiteko gaitasuna erakustea.

Horretarako lehen mailako goi edo erdi zikloko euskararen gaitasun agiria eduki beharko da, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatua, edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den agiria (Erdi mailako titulua edo EGA).

Eskatutako titulazioa eduki ezean, gaitasun hori erakutsi beharko da euskara maila neurtzeko proba baten bidez, izangaiak lanpostuaren profilari dagokion hizkuntza maila duen zehaztuko baitu.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean bete beharko dituzte eta hautapen prozeduran haien jabe izan beharko dute, izendapena egin arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko, eskabidea zuzenduko zaio Doneztebeko Udaleko alkate udalburuari eta Doneztebeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, azken eguneko 13:30 arte. Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

3.2. Eskabide horiek I. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, hartan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia egiaztatua.

b) Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.

c) Euskararen gaitasuna frogatzeko agiriaren fotokopia.

d) Deialdiaren III. eranskinean ezarritakoarekin bat, izangaiak lehiaketaldian baloratzeko aurkezten dituen merezimenduen ziurtagiriak, jatorrizkoak edo kopia kautotuak.

Gainera, eskabidearekin batera, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta deialdiaren III. eranskinak aipatzen dituen merezimenduak behar bezala frogatzeko agiriak (jatorrizkoak edo konpultsatuak).

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.4. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak:

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Doneztebeko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioen gaineko ebazpena emandakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko da.

Argitalpen horretan edo geroagoko batean, betiere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, zehaztuko dira probak hasteko tokia, data eta ordua, eta, hala behar badu, epaimahaia osatzen duten pertsonen izenak.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Doneztebeko Udaleko alkatea edo hark izendatzen duen pertsona.

Ordezkoa: Doneztebeko Udaleko zinegotzia.

Mahaikideak:

Lehen mahaikidea: Elizondoko haur eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

2. mahaikidea: Atarrabiako haur eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

3. mahaikidea: Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Doneztebeko Orientazio Zerbitzuko teknikaria.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

4. mahaikidea: Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

Hizpidearekin baina botorik gabe:

Mahaikide idazkaria: Doneztebeko Udalekoa.

Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: hark izendatzen duena.

5.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren arrazoietako bat baldin bada. Bestalde, izangaiek epaimahaiko kideak errefusatzen ahalko dituzte, azaroaren 26ko 30/92 Legean xedatuarekin bat.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da Udalaren iragarki oholean.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, gutxienez kideen gehiengo osoa bilduta. Gehiengo hori jarduketa erabakigarri guztietarako eskatu ahal izanen da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Lehiaketaldia.

6.1.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik.

6.1.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala egiaztatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

6.1.3. Balorazio hori eginen zaie oposizioaldia gainditzen duten izangaiei soilik, eta Doneztebeko Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko da.

6.2. Oposizioaldia:

6.2.1. Oposizioa 2011ko urtarrilean hasiko da, gutxi gorabehera. Dena den, probak zehazki zer tokitan, egunetan eta ordutan eginen diren zehaztuko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Herriko Etxeko iragarkien oholean eta probak egiten diren tokian.

6.2.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehen ariketa: euskara. Ahozko proba bat eginen da, lanpostuak eskatzen duen euskara maila kontuan izanda, izangiek gaitasuna duten ala ez duten zehazteko.

Izangaiak gai orokor batzuen artean bat aukeratu eta 10 minutuz hartaz mintzatzea izanen da ahozko proba.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko teknikariek prestatuko dute proba hau.

Bazterturik geldituko dira "Ez gai" kalifikazioa jasotzen duten izangaiak.

b) Bigarren ariketa, teorikoa. Proba bi izanen dira:

Lehenbiziko proba: Deialdi honen II. eranskinean dauden gaiei buruz zenbait galdera erantzun beharko dira, idatziz. Galdera laburrak izanen dira edo, bestela, test modukoak, erantzun bat baino gehiago izan baina erantzun egoki bakarra dutenetakoak, alegia. Ariketaren hasieran epaimahaiak zehaztuko du oposiziogileek zenbat denbora daukaten hura egiteko eta erantzun okerrengatik punturik kenduko den ala ez.

Gehienez ere 30 puntu lor daitezke eta baztertuak izanen dira, gutxienez ere, 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren proba: galdera batzuei erantzutea eta problema batzuk ebaztea, idatziz, izangaiek ortografiaz eta aritmetikaz dituzten ezagutzak baloratzeko. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu. 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertuko dira.

c) Hirugarren ariketa: test praktiko bat eginen da, epaimahaiak zehazten dituen gaiei buruzkoa, deialdiko lanpostuak dituen berezko egitekoekin lotua.

Gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira, eta baztertuak geldituko dira 15 puntu ateratzen ez dituztenak.

d) Laugarren ariketa (ez baztertzailea). Elkarrizketa bat epaimahaikoekin. Horretarako, behar duten aholkularitza teknikoa izanen dute mahaikideek. Gehienez ere, 5 puntu emanen dira. Elkarrizketan, egin beharreko lanaren inguruko kontuak izanen dira mintzagai, baita izangaiaren ezaugarriak eta lanpostuarekiko egokitasuna zehazteko balio duen beste edozein ere.

6.2.3. Oposizioaldiko puntuazioa, guztira, 75 puntukoa izanen da, gehienez ere.

Proba bakoitza baztertzailea izanen da, eta baztertuta geratuko dira ariketa bakoitzean eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten pertsonak, eta epaimahaiak ez ditu haien gainerako probak zuzenduko.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Oposizioaldiko azken puntuazioa proba guztiak gainditzen dituzten izangaiek izanen dute; horretarako, proba guztietan eskuratutako puntuak batuko dira.

Aurreko puntuazio horri lehiaketaldiko puntuak gehituko zaizkio, eta hala lortuko da oposizio-lehiaketako puntuazio osoa.

6.2.4. Ariketa bakoitza zuzendu eta kalifikatu, eta plikak ekitaldi publiko batean ireki ondoren, epaimahaiak Udaletxeko iragarki oholean edo probak egiten diren lekuan jendaurrean jarriko ditu gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den.

6.2.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gida-baimena aldean dutela agertu beharko dute.

Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

6.2.6. Ariketak zuzenduko dira plika itxien sistema erabiliz.

6.2.7. Oposiziogile asko aurkeztu direlako, probak aldi berean eginen ez dituzten taldeak eratzen badira, epaimahaiak proba desberdinak ezartzen ahalko ditu; antzeko maila eta zailtasuna izanen dute.

6.2.8. Hautapen prozesua amaitutakoan, bi izangaik edo gehiagok puntuazio bera lortu baldin badute, berdinketa hausteko haur hezkuntzako 0-3 zikloan eskarmentu profesional handiagoa izatea baloratuko da. Berdinketak segitzen badu, haur hezkuntzan eskarmentu profesional handiagoa duen izangaiaren alde trenkatuko da eta, azken buruan, zozketa eginen da.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Probak amaiturik, epaimahaiak azken ariketa egin den tokian eta Udalaren iragarki oholean jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena emanen dio alkate udalburuari. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi ondoko 30 egun naturaleko epean, deialdi honetako 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte proposatutako izangaiek.

Doneztebeko Udalaren zerbitzuko funtzionarioak edo langile finkoak ez diren izangaiek, honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna erakusten dituen agiri baliokide batena, eta, dagokionean, hemen bizitzeko eta lan egiteko baimena, indarra duena.

b) Jaiotze ziurtagiria, hitzez hitzekoa.

c) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatuak edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Janari erabiltzaileen karnetaren fotokopia konpultsatua.

e) Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

f) Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

g) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, konstituzioa eta legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.

7.2.2. Baldin eta izangaia Nafarroako beste administrazio publikoren bateko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa bada, ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa, goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa etab.) frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

7.3. Izangaiak, aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatua ezta kontratatua izan eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiokeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

7.4. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7. oinarriak 1. puntuan aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.-Kontratazioa eta lanpostuan sartzea.

8.1. Hautapen prozesua bukatuta eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiak aurreko 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuta, Doneztebeko Udaleko alkate-udalburuak kontratatu eginen du, Doneztebeko "Askin" haur eskolan (1etik 3 urte bitartekoendako ikastetxean) sukaldari lanpostua (D mailakoa) betetzeko, lan kontratudun finko gisa.

8.2. Hautatutako izangaiak lanean hasi beharko du gehienez ere hilabeteko epean delako kontratazioa jakinarazten denetik hasita (8.1 oinarrian zehazten den Alkatetzaren ebazpena).

Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan ez bada lanean hasten, Doneztebeko Udalaren lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.3. Alkatetzaren ebazpen hori, hautatutakoa lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeari buruzkoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.4. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan -uztailaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen hartan-, haren aldaketetan eta erregelamendu horrekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.-Ordezkapenak egiteko zerrendak.

9.1. Deialdi honetan gainditu bai baina lanpostua lortzen ez dutenekin, izangaien zerrenda eratuko da, puntuazioaren araberako hurrenkera izanen duena, gero aldi baterako kontratuak egitearren sukaldari euskaldun gisa aritzeko, haur eskolan sortzen diren beharren arabera.

9.2. Zerrenda horrek aurreko zerrenda guztien lekua hartuko du eta baliorik gabe utziko ditu.

10. oinarria.-Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira "Langileen kudeaketa" izeneko fitxategia dagoela, besteak beste, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.

Orobat ematen zaie aditzera izangaiei bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena bertze administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.

Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan ez ezik, Doneztebeko Herriko Etxeko iragarki oholean eta bertako Udalaren webgunean ere.

Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan erabiltzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, hauetako errekurtso bat para daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aitzinetik eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, San Adriango Udaleko alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Donezteben, 2010eko abuztuaren 5ean.-Alkatea udalburua, Miguel San Miguel Azpíroz.

I. eranskina

Eskabide eredua

Izena: .........................., adinez nagusia. NANa: ....................... Bizitokia: ..................... (.............). Kalea: ............................... Zenbakia: ........... Solairua: ................ Posta kodea: ............ Telefono zenbakia: ................. Fax zenbakia: ...................

ADIERAZTEN DUT:

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, horretarako emandako epea bukatzen den egunean, Doneztebeko Udalaren zerbitzuko sukaldari izateko lanpostu bat (D mailakoa), "Askin" haur eskolan aritzeko dena (1etik 3 urte bitartekoendako ikastetxea), oposizio bidez betetzeko deialdian, .... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, ....(e)ko .....aren ...(e)an.

Ez dudala lanpostuaren berezko egitekoetan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian eskatzen den titulazioa.

Euskararen ezagupenaren balorazioari dagokionez: (X batez adierazi aukera egokia)

Deialdira aurkezteko eskatzen den euskara ezagutza frogatzen duen titulua erantsi diodala/ez diodala erantsi eskabideari.

Euskara proba egin nahi dudala, deialdiaren 2.1.f oinarrian ezarritakoari jarraikiz (markatu, hala bada).

Deialdiko III. eranskinean aipatzen den dokumentazioa aurkezten dudala.

Eskabide hau onartu eta, beraz, Doneztebeko Udalaren zerbitzuko sukaldari izateko lanpostu bat (D mailakoa), "Askin" haur eskolan aritzeko dena (1etik 3 urte bitartekoendako ikastetxea), oposizio bidez eta lan araubide finkoan betetzeko deialdiko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dut.

Donezteben, 2010eko .......aren .....(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

Doneztebeko Udalaren erregistro orokorra.

II. eranskina

Gai zerrenda

1. gaia.-Elikagaiak jasotzea. Salgai ezberdinen tratamendua, ezagutza eta kontrola: elikagai galkorrak, izoztuak eta kontserbak.

2. gaia.-Menuen plangintza. Menuen ezaugarriak. Dieten kodea. Barietatea. Txandaketa.

3. gaia.-Elikagai motak. Elikagaiak erabiltzea. Jakiak hautatzeko irizpidea. Jakien fitxa teknikoak. Jakien estandarizazioa.

4. gaia.-Sukaldeko lanaren antolaketa. Sukaldeko langileak, lanpostuak, eginkizunak eta ardurak.

5. gaia.-Sukaldea bildu eta erabat garbitzea: etxeko tresna elektrikoak, mahaiak, makineria, erremintak, etab. Desinfekzioa, intsektu kentzea, arratoi garbiketa. Aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak.

6. gaia.-Sukaldaritzako makinak eta tresnak: haien bilakaera eta egungo ezaugarriak. Kategoriak berezko dituen laneko arriskuei aitzintzea. Banakako nahiz taldeendako babes neurriak.

7. gaia.-Sukaldeko tresnak, lanabesak eta makinak erabili eta zaintzea.

8. gaia.-Sukaldaritzako terminoak, sukaldariaren ezaugarriak, sukaldearen garrantzia eta lokalak izan behar dituen baldintzak.

9. gaia.-Ortografia, matematikak eta eskatutako titulazioaren beste ezagupen batzuk.

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak, epaimahaiak baloratuko ditu, baremo honi jarraikiz:

A.-Prestakuntza (gehienez ere 5 puntu).

Prestakuntza iraunkorreko ikastaro bat emateagatik edo jasotzeagatik:

Haur hezkuntzarekin zerikusia duten ikastaro, mintegi eta taldeak, zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuak, haietako bakoitzak gutxienez ere 10 orduko iraupena duela: 10 orduko bitarte bakoitzeko, 0,1 puntu.

Oro har hezkuntzarekin zerikusia duten ikastaro, mintegi eta taldeak, zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuak, haietako bakoitzak gutxienez ere 10 orduko iraupena duela: 10 orduko bitarte bakoitzeko, 0,05 puntu.

B.-Laneko eskarmentua (5 puntu gehienez).

Haur hezkuntzako ikastetxeetako esperientzia; urte bakoitzeko: 0,5 puntu.

Aurreko atalean azaltzen diren ikastetxeetako esperientzia; hilabete bakoitzeko, ikasturtea baino txikiago den epe bakoitzeko: 0,041 puntu.

Haur hezkuntzako ikastetxe pribatuetako edo itunduetako esperientzia; urte bakoitzeko: 0,375 puntu.

Aurreko atalean azaltzen diren ikastetxeetako esperientzia; hilabete bakoitzeko, ikasturtea baino txikiago den epe bakoitzeko: 0,031 puntu.

Haur hezkuntzako etapa ez den beste etapa batean ikastetxe publikoetan, pribatuetan edo itunduetan emandako zerbitzuak; urte bakoitzeko: 0,125 puntu.

Aurreko atalean azaltzen diren ikastetxeetako esperientzia; hilabete bakoitzeko, ikasturtea baino txikiago den epe bakoitzeko: 0,01 puntu.

Oharrak:

1. Eskabideak aurkezteko epea bururatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

3. Esperientziari dagozkion puntuan zenbatzerakoan, lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osokoak bezala zenbatuko dira, lanaldi osoaren %75 edo gehiago hartzen badute. Lanaldi osoaren %75 baino gutxiago hartzen badute, proportzioan dagokiona zenbatuko da.

4. Lanbide esperientziaren atalean, gehienez ere 5 urte hartuko dira aintzat, eta haietako bakoitza bakarrik atal batean baloratuko da; hilabete baino iraupen txikiagoko kontratuak ez dira baloratuko.

5. Lanbide esperientzia frogatuko da kontratua egin duen enpresa edo administrazioaren ziurtagiriekin (hezkuntza maila, lanbide kategoria eta kontratuaren hasierako eguna eta amaierakoa zehaztuko baitituzte), kontratuekin eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren ziurtagiriekin.

6. Ez da zerbitzuen egiaztagiririk kontuan hartuko haien hasiera eta amaiera data zehatzik agertzen ez bada, nahiz eta bertan ageri zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

Iragarkiaren kodea: L1014981