68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

238/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2an emandako 478/2007 Foru Aginduaren bidez, teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezarri ziren, kooperatiben berregituraketaren esparruan, eta 2007ko deialdia onetsi zen.

Kooperatibak berregituratzeko esparrua Nafarroako nekazaritzako kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa planean mugatu zen. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Gobernuaren erabaki horretan, gainera, jarduketa planean ezarritako neurriak gauzatzeko konpromiso ekonomikoak jasotzen dira, besteak beste, foru agindu honetan adierazitakoa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 7an emandako 137/2008 Foru Aginduaren bidez 487/2007 Foru Agindua aldatu eta 2008ko ekitaldiko deialdia onetsi zen.

Foru agindu honen bidez, kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko deialdia egiten da; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2an emandako 478/2007 Foru Aginduan ezarritako arauak aplikatuko zaizkio deialdiari.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea ere aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzen deialdia, 2009koa, onestea.

2. Eskaerak aurkezteko epea foru agindu honek indarra hartzen duen egunean hasi, eta 2009ko abenduaren 31n amaituko da.

3. Foru agindu honek sortutako gastu konpromisoetarako, urtero 180.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nekazaritzako kooperatibak berregituratzeko pizgarriak" izeneko 721000722104701413100 kontu-sailaren kargura, urte horretarako, eta 2012. urtera arteko aurrekontuetan ezartzen diren kontu-sailen kargura, gainerako urteetarako; 2013an, berriz, baimendutako gastua 120.000 eurokoa izanen da.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko apirilaren 29an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0915015