68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

NAFARROAKO ERRIBERAGOIENEKO H.H.S.en MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen batzarrak, 2008ko abenduaren 22an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen 2009ko ordenantza fiskala. Jendaurrean egoteko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsita dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz.

Azkoienen, 2009ko apirilaren 15ean.-Mankomunitateko burua, Lourdes Aramburu Ortega.

ORDENANTZA FISKALA, HIRI HONDAKIN SOLIDOAK BILTZEKO ETA ZERBITZU HORRI LOTURIK DAUDEN GAINERAKO JARDUERAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskal hau ezarri da Nafarroako toki entitateei aplikatzen ahal zaien zerga araudiak ematen dizkien ahalmenen babespean eta haiekin bat, erran nahi baita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. artikulua eta ondokoak, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta ondokoak.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xedea tasak ezartzea da, hiri-hondakin solidoak biltzeko zerbitzua emateagatik eta horrekin zerikusia duten gainerako jarduerengatik.

Ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala, hortaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluak eta ondokoek aipatzen dituzten zerbitzuak edo jarduerak egiteko tasena da.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau aldi bakoitzean Mankomunitate hau osatzen duten udalerrietako mugape guztietan aplikatuko da.

Halaber, Mankomunitatekoak ez diren entitate edo pertsonei ere aplikatuko zaie, tasa hauen bidez finantzatzen diren zerbitzuak hartzen badituzte.

Mankomunitateari berari dagokio tasak kobratzeko ahalmena, zerbitzua berak egiten baitu.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua. Ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izateak edo/eta erabiltzeak dakar zergapeko egintza. Zerbitzu eta jarduera horiek ondotik aipatzen dira eta beren tasak sortzen dituzte:

A) Hiri-hondakin solidoak bildu, eta garraiatzeko nahitaezko zerbitzua eskura izan edo/eta erabiltzea, Hiri zabor eta hondakin solidoen bilketari eta tratamenduari buruzko Legeari jarraituz, kasu hauetan:

1.-Etxebizitzetakoak.

2.-Zerbitzuen arlokoak, kirol eta aisia guneak barne.

3.-Merkataritzakoak eta industriakoak, hirikotzat har daitezkeenak.

4.-Bulego publikoak.

5.-Ikastetxeak.

6.-Osasun zentroak: ospitaleak, klinikak eta anbulatorioak.

7.-Egoitza zentroak.

Aurreko egoera horietako bakoitzean aipatzen diren jardueren zerrendak ez du guzti-guztiak aipatzeko nahikeriarik; beraz, espresuki hor txertatu gabeko jarduerak ere sartzen ahal dira, antzekoak baldin badira.

B) Borondatezko zerbitzu hauek ematea:

1.-Hirikotzat har daitezkeen industri hondakin solidoak bildu eta garraiatzea, haien sortzaileak soilik erabil ditzakeen edukiontzien bidez, ordenantza honetan arautzen den moduan.

2.-Sortzaileak aldez aurretik bereizitako hiri hondakin solidoak bildu eta garraiatzea, gero berreskuratzeko asmoz.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboa

5. artikulua.

1.-Ordenantza honetan ezartzen diren tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibotzat hartuko dira, zordunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak, heredentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bertzelako erakundeak, baldin eta edozein titulu dela bide, etxebizitzak, egoitzak, saltokiak eta dendak okupatzen, erabiltzen edo ustiatzen badituzte edo bertan bizi badira, haien alde nahitaezko zerbitzu orokorra ezarriz gero.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 104.2 artikuluaren arabera, zorduna ordezten duten subjektu pasiboak dira Udal bakoitzeko Katastroko Erregistroan edo Hirilur Aberastasunaren Katastroko Erregistroan eraikin horien jabe gisa agertzen direnak. Haiek, kasuan kasuko onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak.

2.-Borondatezko prestazioa denez, pertsona edo erakunde eskatzaileak dira zergak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboak.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria zehaztuko da kontuan hartuz zein den emandako zerbitzua, ordenantza honetako tarifetan agertzen diren kopuruen arabera.

4. artikuluko A eta B ataletan ezarritako zergapeko egintzetarako, honako hau da tarifa aplikatzeko zerga-oinarria:

A1 zergapeko egintzarako: bizitegia den edo izan litekeen katastro unitatea.

Etxebizitza bat jarduera ekonomikoen gaineko zergari lotutako jardueraren baten kokalekua bada, tasarik handiena aplikatuko da.

A2, A3, A4, A-5, A6 eta A7 zergapeko egintzetarako: Jarduera ekonomikoen gaineko zergan (JEZ) alta duen edo ez duen, edo funtzionatzen ari den establezimendu edo jarduera unitatea. Katastro-unitate batean jarduera bat garatzen bada edo hartan inor aritzen bada, hura establezimendu-unitatetzat hartzen da, JEZan inskribaturik dagoen ala ez kontuan hartu gabe.

Establezimendu bera JEZaren bi epigrafe edo gehiagotan inskribaturik badago, zenbatekorik handiena duen tarifa aplikatuko da, salbu eta jarduera bereiziak izan, halakoetan modu bereizian ordainduko baita haien zerga.

Industriarako, merkataritzarako edo jostetarako erabiltzen diren katastro-unitateen kasuan, inolako jardueratan inskribaturik ez badaude, A5 tasa aplikatuko zaie, eta zergapeko egintza xede hori duen katastro-unitatea izanen da.

B zergapeko egintzarako, 1 eta 2. ataletarako, edukiontzien kopurua, haien edukiera eta bilketaren maiztasuna.

Elkarren ondoko zenbait katastro-unitatek etxebizitza edo lokal bakar bat osatzen badute, Mankomunitateak horretarako ematen duen inprimakian egiten den zinpeko aitorpenaren bidez frogatu beharko da, kuota bakarra igortzeko, eta Mankomunitateak hori guztia egiaztatuko du eta burujabe direla egiaztatzen duen katastro-unitateei dagozkien kuotak igorriko ditu.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean organo eskudunak ezarriko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasa eta tarifak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren parte direlarik.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuota

8. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-tasaren oinarriari indarra duten tarifak aplikatuko zaizkio.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeetan ezartzen diren maneran eta halabereko baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Nafarroako Parlamentuak onetsitako Foru Legeetan espresuki aipatzen direnak dira salbuespen eta hobari bakarrak.

X. KAPITULUA

Hobariak

11. artikulua.

1.-Etxeko tarifak sortutako tributu-kuotan %70eko hobaria izateko eskubidea izanen da, ordaintzera beharturik dagoena Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren prestazio baten onuraduna denean, haren zenbatekoa OAEAP baino handiagoa bada, edo lansari hori halako 1,2, ezkontidea edo bizikidea izanez gero, bien dirusarrerak batuta.

Ezkontidearenak ez diren famili kargak baldin badaude (seme-alaba adingabeak, 23 urte arteko seme-alabak, 23koak ere barne, baldin eta legezko langabezia egoeran badaude edota ikasketak egiten, nahiz dirusarrerarik gabeko seme-alaba ezinduak), aipatu muga ekonomikoei OAEAP bider 0,2 gehituko zaie menpeko pertsona bakoitzeko.

Ez dira tarifa honen onuradun izanen aurreko baldintza beteta ere dirusarrera osagarriak dituztenak, alegia, urtean OAEAP gainditzen dutenak, kontuan hartu gabe eskatzailearenak diren edo etxe berean bizi direnenak.

Halaber, eskatzailearen edo bizikideen ondare higigarria nahiz higiezina ezin da izan 18.000 mila euro baino handiagoa, ohiko bizilekuarena kontatu gabe.

Aipatu baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jasotako prestazioaren ziurtagiria.

b) Errenta/Ondarearen aitorpenaren kopia. Ogasunaren ziurtagiria, egin beharrik ez duela dioena, eta eskatzailearen eta haren bizikideen dirusarrerak frogatzen dituzten gainerako agiri guztiak.

c) Udal Erroldako bizikidetzako ziurtagiria.

d) Eskabidea, Mankomunitatearen ereduan, eta hartan zinpeko aitorpena aurkeztutako datuak benetakoak direla eta ordenantzan aurreikusitako baldintzak betetzen direla.

Mankomunitateak noiznahi egiaztatzen ahalko du baldintzak betetzen direla hobarirako eskubiderik izan dadin.

2.-%70eko hobaria hartzeko eskubidea dute hutsik dauden etxebizitzetako titularrek, urtero frogatzen badiote Mankomunitateari etxebizitza horietan ur eta argi zerbitzurik ez dutela. Hala dela frogatzeko enpresa hornitzailearen ziurtagiria ekarri ahalko da.

3.-Hobariak urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan eskatuko zaizkio Mankomunitateari, eta epea luzaezina izanen da, eskubidea bertze data batean sortu ezik, orduan sortzen den hilaren epean izanen baita eta kobrantzarako tokatzen den seihilekoan izanen ditu ondorioak.

Hobariak urte natural bateko indarraldia izanen du.

XI. KAPITULUA

Sorrarazpena

12. artikulua.

1.-4. artikuluko 1. puntutik 7.era bitartean ezarritako tasak seihileko natural bakoitzeko lehenbiziko egunean sortuko dira, eta kuotak ezin izanen dira ez murriztu ezta hainbanatu ere; beraz, alta nahiz baja emanez gero, ez da horren eraginik izanen halako zerbait gertatu ondoko sortzapen aldia arte.

2.-4.B9 artikuluan ezarritako tasak hiruhileko naturaleko lehenbiziko egunean sortuko dira, eta kuotak ezin izanen dira ez murriztu ezta hainbanatu ere.

XII. KAPITULUA

Ordainarazpena

13. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1.-4. artikuluan ezarritako tasak hiruhilekoan edo seihilekoan behin.

XIII. KAPITULUA

Diru-bilketa

14. artikulua.

1.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 86. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, 4. artikuluko 1. puntutik 7.era bitartean ezarritako tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak jakinarazpen gabekotzat hartuko dira.

2.-4. artikuluko 1. puntutik 7.era bitartean ezarritako tasengatik sortutako tributu zorrak, 13. artikuluan erran bezala ordainarazi eta gero, ordaindu behar diren seihileko naturaleko lehenbiziko egunean isilbidez jakinarazitzat hartuko dira. Egun horretatik aitzina, hogeita hamar egun baliodun izanen dira borondatezko aldian ordaintzeko epetako.

Aurreko lerroaldean aipatzen diren egunetan ordainarazpenen zerrendak prest ez badaude, Mankomunitatearen iragarki oholean argitaratzen diren egunetik aitzina hasiko da kontatzen borondatezko aldia.

15. artikulua. 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 84. artikuluan ezarritako moduan ordaindu beharko dira.

Epe hori iragaten bada zorrak ordaindu gabe, premiamendu bidez ordainaraziko dira, non ez duen Mankomunitateak erregelamenduzko gerorapena ematen, martxoaren 10eko 2/95 Foru Legeko 90. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz.

16. artikulua. Tributu zorren ordainketa honela egiten ahal da:

a) Ordainketak helbideratu dituzten subjektu pasiboek, horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxako kontuan kargatuz. Zorra ordaintzen ez bada zergadunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik (ordainagiria nahita itzultzea), Mankomunitatearen diruzaintzan edo Mankomunitateak berak kobratzeko ahalmena ematen dien banku edo aurrezki kutxetan. Ordainagiri hauetako bakoitzean 3,61 euro gehituko dira, kudeaketa gastuak estaltzeko.

b) Helbideratuak egonagatik, zergadunari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik ordaindu ez diren ordainagiriak, Mankomunitatearen Diruzaintzan, edota Mankomunitateak berak kobratzeko ahalmena ematen dien banku edo aurrezki kutxetan.

c) Ordainketak helbideratu ez dituzten subjektu pasiboentzat, Mankomunitatearen Diruzaintzan edo Mankomunitateak berak kobratzeko ahalmena ematen dien banku edo aurrezki kutxetan. Ordainagiri hauetako bakoitzean 3,01 euro gehituko dira, kudeaketa gastuak estaltzeko.

XIV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legean arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe utzi dira bai ordenantza honetan arautzen diren gaiei buruz orain arte izan den ordenantza, bai ordenantza honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek 2009ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta Mankomunitatearen Batzar Orokorrak indargabetzen edo aldatzen ez duen bitartean indarrean jarraituko du.

I. ERANSKINA

A.-Hiri hondakin solidoak bildu eta garraiatzeko nahitaezko zerbitzua. Prezioak eurotan eta urteko eman dira

A1) tarifa. Etxebizitzetakoak: 60 euro.

A2) tarifa. Saltoki tikiak, janari dendak eta dendak oro har, A5, A6, A7 eta A8 tarifetan sartutakoak izan ezik. Enpresa txikiak, tailerrak eta garajeak. Elizak, komentuak, zentro publikoak, haurtzaindegiak eta 500 bazkide arteko sozietateak. Apark.: 139 euro.

A3) tarifa. Banaketa eta handizkako salmentako biltegiak. Supermerkatuak. Enpresa eta fabrika ertainak. Ikastetxeak, institutuak, akademiak, haurtzaindegiak. Zinemak. Klinikak eta ospitaleak, 100 ohe bitartekoak. Egoitzak. 500 bazkide baino gehiagoko sozietateak: 356 euro.

A4) tarifa. 50 langiletik gorako fabrikak. 100 ohetik gorako klinikak eta ospitaleak: 1.202 euro.

A5) tarifa. Profesionalen bulegoak (gestoriak, agentziak, kabineteak, notaritzak, erregistroak, etab.), bitxidendak-erlojudendak, ehungintzako dendak, zapata-dendak, estankoak, jendearendako egoitzarik gabeko profesional instalatzaileak. Alderdi politikoen egoitzak: 108 euro.

A6) tarifa. Arrandegiak, fruta-dendak eta hondakin organiko ugari sortzen duten dendak: 197 euro.

A7) tarifa. Ostatuak, kafetegiak, disko-ostatuak, hostalak eta pentsioak: 432 euro.

A8) tarifa. Jatetxeak, diskotekak, dantzalekuak eta hotelak: 580 euro.

(Erabilera esklusiboko edukiontziak dituzten establezimenduei ez zaie halakorik aplikatuko).

A-CE) tarifa. Ordenantza arautzailean ezarri bezala, kokaera, ezaugarriak edo hondakin kopurua dela eta eurek bakarrik erabiltzen dituzten edukiontziak dituzten industria, merkataritza edo zerbitzuetako establezimenduak.

a) Ohiko bilketarako 360 litroko edukiontzi berdeak, 630 euroko tasa urtean asteko bi bilketa eginda; hori guztia alta emandako edukiontzi bakoitzeko, eta zergadun bakoitzeko lau edukiontzi onartuta gehienez.

b) Ohiko bilketarako 800 litroko edukiontzi berdeak, 830 euroko tasa urtean asteko bi bilketa eginda; hori guztia alta emandako edukiontzi bakoitzeko, eta zergadun bakoitzeko lau edukiontzi onartuta gehienez.

c) Ohiko bilketarako 1.000 litroko edukiontzi berdeak, 1.030 euroko tasa urtean asteko bi bilketa eginda; hori guztia alta emandako edukiontzi bakoitzeko, eta zergadun bakoitzeko lau edukiontzi onartuta gehienez.

d) Bilketa sailkatuko 1.000 litroko edukiontzi horiak, 918 euroko tasa urtean asteko bilketa egun bakoitzeko; hori guztia alta emandako edukiontzi bakoitzeko, eta zergadun bakoitzeko lau edukiontzi onartuta gehienez.

e) Iglu erako 3.000 litroko edukiontzi urdin edo berdeak, papera edo beira sailka biltzeko, 918 euroko tasa urtean hilabeteko bilketa egun bakoitzeko; hori guztia alta emandako edukiontzi bakoitzeko, eta zergadun bakoitzeko lau edukiontzi onartuta gehienez.

f) Material birziklagarriak sailka biltzeko 10.000 litrotik 30.000era bitarteko edukiontziak, 800 euroko tasa finkoa urtean, gehi bertze 50 euro edukiontzia husten den bakoitzeko.

g) Supermerkatuak eta jatetxeak, erabilera esklusiboko edukiontzia dutenak:

-Eguneroko bilketa, edukiontzi bakarra: 1.500 euro urtean.

-Eguneroko bilketa, 2 edukiontzi: 2.200 euro urtean.

Subjektu pasibo bat arestiko tarifetan sailkatzerakoan zalantzarik bada, Mankomunitateak berak erabakiko du aplikatuko den tarifa.

Iragarkiaren kodea: L0915078