68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZABALTZA

Udal ordenantza, Animalia arriskugarriak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Zabaltzako Udalak, 2008ko abenduaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Animalia arrikugarriak eta bertzelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2009ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

UDAL ORDENANTZA, ANIMALIA ARRISKUGARRIAK
ETA BERTZELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Zabaltzako udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

Animalia arriskugarritzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1.-Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2.-Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, Mallorcako hozkaria, artzanor napolitarra, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.

3.-Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4.-Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

3. artikulua. Lizentzia.

1.-Ordenantza honetan oinarriturik, animalia arriskugarrien artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu baino lehen, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2.-Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Animalia arriskugarriak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egin ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3.-Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Zabaltzan bizi badira (Arraitzako, Ubaniko eta Zabaltzako Kontzejuetan) edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Zabaltzan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Zabaltzan egon behar badu.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Zabaltzako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4.-Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

4. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:

a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetako 3. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Zabaltzara ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egunekoa izanen da.

5. artikulua. Erregistroa.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Zabaltzako Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarri bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

6. artikulua. Segurtasun neurriak.

1.-Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

2.-Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

7. artikulua. Bertze arau batzuk.

1.-Ordenantza honetako 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:

a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.

b) Hiri lurzoruan (Udal Planak horrela sailkatu duena) zakur guztiek uhalarekin loturik ibili behar dute, luzagarria izan daitekeena, gehienez ere bortz metro egiteraino. Orobat, gidatzen edo laguntzen dituen pertsonarekin joan beharko dute beti.

2.-Zakur bat edo bertze edozein animalia bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo bertze edozein eremu publikotan arintzen bada, paseatzen duenaren ardura izanen da hura istantean garbitzea.

3.-Debeku da arriskugarri gerta daitezkeen animaliak, zakurrak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia edo josteta-lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.

4.-Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.

5.-Zakurrak hirugarrenei egiten ahal dizkien kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea aholkatzen zaie zakurren jabeei.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:

1.-Arriskugarritzat hartzen den animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adin txikiko batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

2.-Eginean edo ez eginean, arriskugarri gerta daitekeen animaliari bide ematea eraso egiteko pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte egiteko bertzela, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean eta/edo aitzinetik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3.-Zabaltzako Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4.-Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 legearen aurkako arau-haustetzat.

Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honetako 7. artikuluaren barreneko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea.

9. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 30,05 eurotik 150,25 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

-Arau-hauste arinak 30,05 eurotik 42,07 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

-Arau-hauste larriak 42,08 eurotik 90,15 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

-Arau-hauste oso larriak 90,16 eurotik 150,25 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

-Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

-Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

-Arau-hausteak errepikatu edo haietan berrerori ote den.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

10. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak Zabaltzako Udalak betetzea du helburu. Fitxategia Zabaltzako Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskugarria edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun geroago hartuko du indarra.

Bigarrena.-Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.

Arraitzan (Zabaltza), 2009ko apirilaren 27an.-Alkatea, Alfredo Izco Rezusta.

Iragarkiaren kodea: L0915281