68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ORREAGA

Ezgaitasuna dutenendako aparkatze txartelak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Indarra duten xedapenei jarraikiz, behin betikoz onetsi da eta, beraz, argitara ematen da ordenantza, biharamunean indarra har dezan; izan ere, 2009ko otsailaren 5eko bilkuran onetsi zen hasiera batean eta 2009ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 9an, eta jendaurrean egon den legezko epean inork ez du haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

EZGAITASUNA DUTENENDAKO APARKATZE TXARTELAK ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea du xede ordenantza honek, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa izanen da baldintza hauek betetzea:

A.-Elbarritasun iraunkorra duten gidariak:

1. Elbarri interesdunak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

-% 33tik goitiko minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

-Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

B.-Behin betiko ezgaitasuna dutenen ahaide bizikideak edo zaindariak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) %33tik goitiko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, elbarritasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak Udalaren bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, indarra duen gidabaimena eta ibilgailuaren agiriak, baita bi argazki ere, koloretan eta karnet tamainakoak.

4. artikulua. Funtzionamendu arauak.

Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean paratuko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

1. Txartela daraman ibilgailua elbarriendako erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

2. Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatu ahalko da, ordutegi mugatu baten barrenean. Aparkatzeko debekua seinale bidez adierazten den tokietan, eta berariazko baimena duten bertzelakoetan.

3. Baimen hori izanda ere, ez du inolaz ere aparkatzen ahalko txartelaren titularra barrenean ez bada, ezta oinezkoendako pasabideetan ere, edo espaloiaren gainean, geldialdi debekatua duten eremuetan, garraio publikoarentzat erreserbatutako erreietan eta, oro har, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

4. Txartel honek ez du eskubiderik ematen aparkatze mugatuko eremuetan (Eremu Urdina) eta aparkatze murriztuko eremuetan (Alde Zaharra) aparkatzeko.

5. Txartela zein udalerritan eskuratu den, bertze herri batean aparkatuz gero, udalerri horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

6. Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako Udalean itzuli beharko da, arrazoiak adierazita.

7. Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

8. Bi txartel mota daude. Bata iraunkorra izanen da, eta bertzea aldi baterako erabiliko da, txartelaren onuradunaren afekzioen arabera. Aldi baterako txartela urtero berrituko da, urtarrilean.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

-Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bertzelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

-Orobat, txartelak baimen administratiborik gabe erabiltzea edo bertze baten txartela erabiltzea edo iruzur eginez haien kopiak ateratzea.

Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aitzin, entzunaldia emanen zaie interesdunei. Zehapen ahalmenaren gaineko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak betetzen direla frogatu beharko da.

Orreagan, 2009ko apirilaren 30ean.-Alkatea, Luis Echeverría Echavarren.

Iragarkiaren kodea: L0915069