68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOZAR

Gazteriaren Gizarte Etxearen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2008ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Gazteriaren Gizarte Etxearen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua. 2008ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 26an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2009ko apirilaren 30ean.-Alkatea, Xabier Lasa Gorraiz.

GAZTERIAREN GIZARTE ETXEAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Gazte erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

1. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxeak xedea du Berriozarko gazte jendea informatu, hezi eta jostaraztea, eta aukera bat ematea aisialdirako eta jostetarako. Artekale 6an dago, Berriozarren.

2. artikulua. Erabiltzaileen kopurua muga daiteke, segurtasun arauen arabera. Gazteriaren Mahaiko buruak, haren iritzia jakin ondoan, txarrenean mugatzen ahalko du gazteak Gizarte Etxean sartzea, lekua eta bertako baliabideak oker erabiliz gero.

3. artikulua. Ohiko erabiltzaileez gain, gazte erabiltzaileak behin-behinekoak edo aldi baterakoak ere izan daitezke, baina horretarako zuzendaritzaren baimena beharko dute.

4. artikulua. Gazte erabiltzaile izateko, honakoak bete behar dira:

a) 14tik 30 urte bitartean (biak barne).

b) Norberaren datuak ematea (izen-deiturak, NANa, helbidea, guraso edo tutoreen telefonoa, sorteguna eta posta helbidea, halakorik badu).

5. artikulua. Inor ez da Gazteriaren Gizarte Etxean sartzen ahalko animaliak daramatzala edo modu objektiboan nahiz istripuz arriskugarri gerta daitezkeen gauzak edo bertako bizikidetzari traba egiten ahal diotenak daramatzala.

6. artikulua. Gizarte Etxea erabiltzen duten guztiek Erregelamendu honetan agintzen dena begiratu beharko dute, baita Gazteriaren Mahaiak eta, hala behar badu, Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituzten erabakiak.

7. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxea nork bere borondatez uztea.

Aski izanen da gazteriako teknikariari ahoz nahiz idatziz eskatzea, jasota geldi dadin.

II. TITULUA

I. kapitulua

Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritza organoak

10. artikulua. Gazteriaren Mahaia izanen da Gazteriaren Gizarte Etxeari zuzendaritza, iritzi eskatze eta aholkularitzarako organo gorena. Antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak prestatzea dagokio, baita Mahaiko buruari aholku ematea ere; bertzenaz, ezinbertzean, Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dizkio bere erabakiak.

Gazteriaren Gizarte Etxeko barne gobernua, bai zuzendaritzari bai arlo ekonomikoari dagokionez, Gazteriaren Mahaiaren Estatutuei jarraikiko zaie; horiek Osoko Bilkurak onetsi behar ditu.

Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritza osatzen dutenak izanen dira Gazteriaren Mahaian ordezkaritza dutenak.

Hauek osatuko dute Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritza:

a) Lehendakaria: Gazteriako zinegotzi delegatua.

b) Mahaikideak: herriko udal talde bakoitzeko ordezkaria, gazte elkarte bakoitzeko ordezkaria.

c) Idazkaria: gazteriako teknikaria.

Udaleko karguen ordezkaritzaren iraupena udal agintaldi bakoitzean zehaztuko da, eta gazte elkarteen ordezkaritza desegiten direnean burutuko da.

11. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritza karguak borondatezkoak eta ez ordainduak dira.

12. artikulua. Hona Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzaren ahalmenak:

a) Iritzia ematea eta proposamenak egitea Gazteriaren Gizarte Etxearendako diruen eta haien erabileren gainean.

b) Kontuak aztertu eta haiek onetsi edo baztertzea, bidezkoa zer den.

c) Gazteriaren Mahaiak antolatzen dituen jarduerak betearaztea.

d) Gazte erabiltzaileek egiten dituzten eskaera eta errekerimendu guztiei erantzutea.

II. kapitulua

Lehendakaria eta Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzako
gainerako kideak

13. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxeko lehendakariak haren legezko ordezkaritza izanen du.

Gazteriaren Gizarte Etxeko barne araubideari dagokionez, ondoko eskurantzak izanen ditu, bertzeak bertze:

a) Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzari dei egitea, hartan buru egitea eta zuzentzea, Gazteriaren Mahaiaren deialdien barnean.

b) Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzaren ordezkaritza eramatea, klase guztietako erakunde, agintari, epaitegi eta abarretan.

c) Presako kasuetan, erabakiak hartzea Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzak eta Gazteriaren Mahaiak ematen dizkioten eskumenen barnean, horien deialdia egitea posible ez badu, betiere Erregelamendu honekin eta Gazteriaren Mahaiaren Estatutuekin bat, eta hurrengo bilkuran Mahaiari erabakiaren berri emanda.

d) Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzak Gazteriaren Mahaiaren bileretan hartzen dituen erabakiak betetzen direla zaintzea.

14. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzako eta Gazteriaren Mahaiko Idazkaritzari honako hau dagokio:

a) Gazteriaren Mahaiaren bilkuren aktak idaztea eta onesteko aurkeztea. Berak bertze inork ez ditu sinatuko, lehendakariak oniritzia emanda.

b) Gazteriaren Gizarte Etxeari eta Gazteriaren Mahaiari zuzendutako korrespondentziari edo berak igortzen duenari burubidea ematea.

c) Gazteriaren Gizarte Etxeko zuzendaritzak Gazteriaren Mahaiaren egintza edo erabakiei buruz behar diren ziurtagiriak luzatzea.

III. TITULUA

Aurrekontuetan zenbat diru

15. artikulua. Berriozarko Udalaren aurrekontu arruntetan Gazteriari atxikitzen zaion kontusaila, muga huraxe izanen du urteko aurrekontu arruntak.

IV. TITULUA

Diziplina araubidea

16. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxeko bitartekaritza, aitzintze eta zehapen araubidea.

Gazteriari Mahaiari eta haren lehendakariari dagokie edo, bertzenaz, Berriozarko Udaleko Gobernu Batzarrari, bitartekaritza, aitzintze eta zehapen neurriak hartzea Gazteriaren Gizarte Etxean, erabiltzaileen eskubide eta askatasunak babestu erregelamendua betearazi eta Gazteriaren Gizarte Etxean Udalak dituen baliabide materialak zaindu beharrez.

17. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxeko enplegatuek, lehendakariak eta Gazteriaren Mahaiak adierazita, bitartekaritza, aitzintze eta gaztigatze neurriak ahituta, ahalmena izanen dute aipatu adierazpenei kasurik egiten ez dieten gazte erabiltzaileak handik bidaltzeko, gaizki portatzeagatik ezartzen ahal zaion zehapenaz aparte.

Hona zehapenera iristeko prozedura:

-Erregelamendu honetan ezarritako edozein arau behin eta berriz eta jakinaren gainean ez betetzeak ekartzen ahal du Gazteriaren Gizarte Etxeko edozein langilek edo lehendakariak berehala eta badaezpada ere bertatik bidaltzea.

-Gertatu dena deskribatzen duen zehapen gaztigua eskuz esku entregatuko da.

-Bidezko den zehapen arrazoitu eta arrazoizkoa ezartzen zaion bitartean ez zaio sarbiderik emanen Gazteriaren Gizarte Etxean.

-Zehapena Gazteriaren Gizarte Etxea aldi batean erabiltzeko debekua baldin bada, zehapen hori betetzeko behar duen denboran mantenduko zaio sarbide galarazia.

-Egun horiek iraganik, gazte erabiltzaileak berriz ere libre izanen du sarbidea eta berriz ere sartzen ahalko da Gazteriaren Gizarte Etxean.

18. artikulua. Gazteriaren Mahaiak edo, bertzenaz, Berriozarko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak zehapenak eta haien arau-hausteak erabakiko ditu, ondoko arauei jarraikiz.

Hutsegiteen sailkapena:

Hutsegite arinak.

Hutsegite larriak.

Hutsegite oso larriak.

Hutsegite ekonomikoa.

Hauek dira hutsegite arinak:

Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, hutsegite larri edo oso larritzat hartzen direnak izan ezik.

Hauek dira hutsegite larriak:

Hutsegite arinak behin eta berriz egitea, bitartekaritzak erantzukizunaren eta elkarbizitzaren alde egiten dituen errekerimenduei kasurik egin gabe.

Gazteriaren Gizarte Etxeko edozein altzari edo higiezin nahita hondatzea.

Eginez edo ez eginez Gazteriaren Gizarte Etxearen barnean bakea eta bizikidetza haustea ekartzen duen edozein gauza.

Hauek dira hutsegite oso larriak:

Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, elkar ulertzeko eta atzera egiteko saio guztiei nabarmen uko eginez Gazteriaren Gizarte Etxearen barnean nahiz inguruan bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dioten hutsegiteetan.

Hauek dira hutsegite ekonomikoak:

Hutsegite larriak edo oso larriak, Gazteriaren Mahaiak edo, bertzenaz, Gobernu Batzarrak horrelakotzat jotzen dituztenean.

19. artikulua. Hutsegite mota bakoitzak ondoko zehapenak ekartzen ditu berekin:

1.-Hutsegite arinek Gazteriaren Gizarte Etxea aldi batean erabiltzeko debekua ekarriko dute berekin; aldi hori egun 1etik 5era bitartekoa izanen da, zehapenaren berri ematen zaion egunetik hasita.

2.-Hutsegite larriek Gazteriaren Gizarte Etxea aldi batean erabiltzeko debekua ekarriko dute berekin; aldi hori 15 egunetik hilabetera bitartekoa izanen da, zehapenaren berri ematen zaion egunetik hasita. Gazteriaren Mahaiari edo, bertzenaz, Gobernu Batzarrari komenigarri iruditzen bazaio, hutsegite ekonomikoa ezarriko zaio zehatuari.

3.-Hutsegite oso larriei dagokienez, Gobernu Batzarrak banan-banan aztertuko du kasu bakoitza eta bidezko den zehapena ezarri ere. Hura izan daiteke Gazteriaren Gizarte Etxea erabiltzeko debekua, bai aldi baterakoa (3 hilabete gutienez) bai behin betikoa, eta horrez landa, hutsegite ekonomikoa edo hura komunitateari zerbitzu eginez ordaintzea. Zehapen horrez gain, Udalak legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu arau-hauslearen kontra.

4.-Hutsegite ekonomikoak edo hura komunitateari zerbitzu eginez ordaintzeak berarekin ekarriko du Gazteriaren Gizarte Etxea erabiltzeko debekua hura betetzen ez den bitartean.

5.-Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

Errekurtso horiek ebazten ez diren bitartean, Gazteriaren Gizarte Etxea aldi baterako nahiz behin betiko erabiltzeko debekua jaso duen gaztea ez da bertara sartzen ahalko.

V. TITULUA

Gazteriaren Gizarte Etxea desegitea

20. artikulua. Gazteriaren Gizarte Etxea deseginez gero, haren ondarea eta ondasunak Berriozarko Udalaren eskuetan geldituko dira.

VI. TITULUA

Ordezko zuzenbide arauak

21. artikulua. Erregelamendu honetan eta Gazteriaren Mahaiaren Estatutuetan aurreikusia ez dagoen orotan, estatu edo erkidego mailako legezko araudiari jarraituko zaio.º

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu Berriozarko Udalaren Osoko Bilkurak aldatzen edo berritzen ahalko du, Gazteriaren Mahaiak proposaturik."

Iragarkiaren kodea: L0915060