68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

268/2009 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Elizagorriko 1. poligonoko 926., 936., 938., 939., 1028.-1030. eta 1035.-1037. lurzatietan, "El Ejido" alderdian, eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzeko. 33 ha hartuko ditu, eta Helios Ingeniería Medioambiental S.L.k sustatu du.

2008ko azaroaren 24an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota eta, horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 17an emandako 0583/2008 Ebazpenaren bidez espedientea jendaurrean jarri zen, 2009ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 4an.

Jendaurreko aldian, Gurelur elkarteak aurkeztutako alegazio bat jaso da. Bertan adierazten da Ingurumen ukipenen azterlanean ez direla batere zehaztu animalia eta landare espezie berezien gaineko alderdiak, ez eta itxiturak animalien mugimenduan zer eragin izanen duen ere. Gainera, sustatzaileak landarediaren berezko eboluziorako aipatu duen eremuaz gain beste batzuk ere errespetatu behar direla ohartarazten da.

Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostena ageri da, baldintzapekoa.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Elizagorriko 1. poligonoko 926., 936., 938., 939., 1028.-1030. eta 1035.-1037. lurzatietan, "El Ejido" alderdian, eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzeko. 33 ha hartuko ditu, eta Helios Ingeniería Medioambiental S.L.k sustatu du. Baimena izateko baldintza hauek bete behar dira:

-Aurkeztutako planoen arabera 1. poligonoko 1035. lurzatiko A azpilurzatian eguzki-parkerako erabiliko ez diren aldeak eboluzio librerako utzi behar dira.

-Inguruko itxitura ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, sarearen beheko aldean horretarako toki nahikoa utzi beharko da (20 zentimetro inguru).

-Ukituko dira, bakarrik, zimentazioak eta kanalizazioak egin ahal izateko ezinbestean ukitu behar diren eremuak; ahalik eta lur mugimendu gutxien egin beharko da eta ez da inguruko topografia aldatuko.

-Instalazioak gutxienez 15 metroko distantzia utzi beharko du instalazioaren itxitura perimetralaren eta erliebearen ertzaren artean, hegalean lurzoruaren higadura eta lubiziak saihesteko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduari jarraituz; horren bidez irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak ezarri dira lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko.

-Landare tratamendu egokia eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko, eta obrak ukitzen dituen eremu guztiak landaretuko dira.

-Ekoizten den energia lurpeko linea elektriko baten bidez aterako da, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 17ko 577/2008 Ebazpenean onetsi zuen lurpeko eta aireko linea elektrikoraino eramateko. Ebazpen horren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Bargotako udal mugapeko 4. poligonoko 1180. lurzatian eguzki-parke fotovoltaikoa eraikitzeko.

-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eman duen txostenak dioena bete behar da. Txosten hori Ingurumen ukipenen azterlanean jaso da.

-Hesiak hiru metroko zortasuna utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu; zein den arloko organo eskuduna, handik.

2. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa izanen da 30.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, hura konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Elizagorriko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 27an.-lngurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915006