68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

260/2009 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Ihinztatzeko lurpeko instalazio finkoa, estaldura osokoa" izeneko proiektua gauzatzeko. Sustatzailea Ana Carmen Cigüela Irujo andrea da.

2008ko apirilaren 1ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K letran sartuta dagoenez, bidezkoa da Ingurumen ukipenetarako baimena tramitatzea. Dekretu horren bidez, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Sustatzailearen lurzati bat, lehorreko alorra (Artiedako udal mugapeko 12. poligonoko 74. lurzatia, 6,08 hektareakoa) ureztaketako alor bihurtu nahi da proiektuaren bidez, 4 sektore txandaka ureztatuko dituen sistema jarriz. Irati ibaiko ura alorreko ur harguneetaraino ponpatzeko egin beharko diren obrak definitzen dira proiektuan (hodi sarea, ponpatzeko sistema eta etxola, gutxi gorabehera 10 m² ukituko dituena, iragazteko ekipoak eta balbulak).

Erregelamenduz proiektu teknikoarekin batera aurkeztu behar den Ingurumen ukipenen azterlana falta zenez, dokumentazio osagarria eskatzeko errekerimendua igorri zen 2008ko maiatzaren 6an. Bertan sustatzaileari ohartarazi zitzaion proiektuak zuzenean ukitzen zuela ES2200025 BILa (Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema), eta, beraz, Kontseiluak maiatzaren 21ean emandako Habitatei buruzko 92/43 EEE Zuzentarauari jarraikiz, aurkeztu beharreko dokumentazioari berariazko kapitulu bat erantsi behar zitzaiola BIL horren gaineko eraginak ebaluatzeko. Errekerimenduari 2009ko otsailaren 10ean erantzun zaio.

Urraulbeitiko Udalak proiektuari aldeko txostena egin dio hirigintzako planeamenduarekiko bateragarritasunari buruz, eta txosten hori espedientean dago.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Ihinztatzeko lurpeko instalazio finkoa, estaldura osokoa" izeneko proiektua gauzatzeko. Sustatzailea Ana Carmen Cigüela Irujo andrea da.

2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

-Proiektuan proposaturiko lekuaren ordez, ponpen etxola leku honetan kokatuko da: UTM 637.322,43, 4.729.753,02. Puntu horretan lurzatiko mugatik ibaira tarte laburragoa dago, eta gainera, ur bazterreko landaredia zuhaixkaz osatuta dago gehienbat.

-Dena den, ibai bazterreko zati horretan behar bezala balizatuko da lanetarako kalea, eta zanga irekitzeko makina txikiak erabiliko dira. Ukituko den zerrendak gehienez ere 5 metroko zabalera izanen du. Soilik botako dira ezinbestean bota beharreko zuhaixkak.

-Ponpen etxolatik ibaiertzeko ezpondara gutxienez 5 metroko tartea egonen da.

-Makinak ez dira ibaiertzetik hurbil ibiliko, bazterreko lurra trinkotu ez dadin.

-Obrak, batez ere ibaiko ur hargunekoak, garai honetan egin behar dira: irailaren 1etik urriaren 30era bitartean, animalia espezie bereziei (bisoi europarra, igaraba arrunta, ipurtatsa eta apoarmatu istilzalea) kalterik ez egiteko.

-Ibai bazterrean, sastrakak garbitzen direnetik lur mugimenduak hasi arte, 24 orduko atsedena hartuko da obrarik egin gabe, animalien ihesa errazteko.

-Zanga eta kutxetetatik ateratzen diren materialak, horiek estaltzeko erabiltzen ez direnak, baimenduriko zabortegira eramanen dira. Materiala botatzeko toki berririk behar izanez gero, toki horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Ingurumen ukipenetarako baimena izan beharko dute.

-Obrak amaitutakoan, ingurua ongi garbituko da eta obrako instalazioak erabat deuseztatuko dira.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Horri dagokionez, jarduera baimentzen ahal da, baldintza hau betetzen bada:

Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Urraulbeitiko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 27an.-lngurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915009