68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

257/2009 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Cadreitako Cuartochico alderdian, udalerri horretako 4. poligonoko 1554. lurzatian, legarra ateratzeko proiekturako. Sustatzailea Vías y Obras de Navarra, S.A. da.

Legarra ateratzeko proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak, 2008ko ekainaren 20an, aldeko ingurumen txostena eman zuen, baldintzapean, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2008ko ekainaren 18an igorritako "Valtierrako hegoalderanzko erdilotunea" izeneko obren proiekturako. Ingurumen txosten horretan adierazi zen, besteak beste, obrarako behar ziren mailegu edo hondakindegiak tramitatu behar zirela abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuari jarraikiz.

Legarra ateratzeko epea 6 hilabetekoa da. Proiektuaren helburua Cadreitako udal katastroko 4. poligonoko 1554 A azpilurzatitik 30.000 m³ zagor natural ateratzea da. Horretarako, azpilurzatiak dituen 18.680 m²-etatik 9.000 m² inguru okupatuko dira. Legartegiko toki gehienetan 3 m hondeatuko da, eta azpilurzatiko puntu gorenetik hurbil 7 m-raino iritsiko da. Ez da sarbide berrien proposamenik erantsi.

Aurkeztu den kartografiaren arabera, amaierako ezpondek 2H:1V inguruko malda izanen dute. B azpilurzatia maldako larrea da eta, oraingoz, proposamenetik kanpo dago.

Aurkeztu diren agirietan, legarra ateratzen hasi aurretik azpilurzatiko landare lurra kendu eta pilatzea proposatzen da, amaierako lehengoratze lanetan erabiltzeko. Halaber, legartegia ustiatu ahala, Hegoalderanzko Erdilotuneko obra nagusitik ekarritako 12.000 m³ lur soberakin zulora botatzea proposatzen da, hobekuntza topografikoa lortzeko. Beraz, A azpilurzatia, lur-erauzketek sortuko dituzten ezpondak izan ezik, nekazaritzarako erabili ahal izanen da berriro.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat, espedientean ingurumen ukipenen azterlana sartu da; bertan ingurunearen deskribapen orokorra egiten da, eta zuzenketa, prebentzio eta zaintze neurriak ezartzen dira ingurumena babeste aldera.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Cadreitako Cuartochico alderdian, udalerri horretako 4. poligonoko 1554. lurzatian, legarra ateratzeko proiektua gauzatzeko. Sustatzailea Vías y Obras de Navarra, S.A. da.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:

-AP-15 autobidean Valtierrako Hegoalderanzko Erdilotunea egiteko obrak bukatzen direnerako lurzatiak lehengoratua egon behar du, eta hori ezinezkoa bada, 2009ko azaroa baino lehenago.

-Ez dira ukituko Cadreitako 4. poligonoko 1554 B azpilurzatiko larre naturalak.

-Erauzketa amaitzean legartegiko zelaigunea laborantzarako prest egonen da eta lur-erauzketetako ezpondek gehienez 2H:1V malda izanen dute.

-Jarduketa bukatzean eta, betiere, 2009ko ekaina baino lehen, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari erauzketaren benetako garapenari eta amaierako eraginari buruzko txostena igorriko zaio, ustekabeko ingurumen ukipenen definizioa barne, halakorik gertatzen bada, eta ingurumena lehengoratzeko proposamen berria, aurrekontu eta guzti, zelaigunea eta ezpondak landare lurrez estali eta landareztatzea barne hartuko duena, bai eta zentzu horretan egin beharreko jarduketen definizio zehatzagoa ere, benetan egindako ustiapenaren araberakoa.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 12.400 euroko fidantza jartzea, lehengoratze lanetarako kalkulatu den aurrekontuaren adinakoa, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu hori konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau sustatzaileari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Cadreitako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 24an.-lngurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915004