68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

237/2009 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Araizko udal mugapean behe tentsioko argindar hargune baten 1. fasea (lurpeko tartea) egiteko proiekturako. Sustatzailea Uztegiko Kontzejua da.

2009ko martxoaren 25ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuaren helburua da behe tentsioko argindar hargunea egitea abeltegi baterako. Horretarako 370 metro inguruko zanga irekiko da, kutxetak eginen dira, eroalea jarriko da dentsitate handiko polietilenozko 160 mm-ko hodi baten barnean, hondar edo hormigoizko ohe baten gainean; zanga itxiko da, lurraren profila lehengoratuko da eta landare lurra botako da jatorrizko erabilera berreskuratzeko.

Foru dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Araizko udal mugapean behe tentsioko argindar hargune baten 1. fasea (lurpeko tartea) egiteko proiekturako. Sustatzailea Uztegiko Kontzejua da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Uztegiko Kontzejuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan 2009ko martxoan aurkezturiko dokumentazioan azaltzen den jarduketa baimendu da, Goikoetxea abeltegiari hornidura emateko lurpeko linea jartzea, hain zuzen, proiektuaren lehengo aldaeretan horren segidan eta Beraza bordaraino jarri nahi zen aireko linea elektrikoa gabe.

-Egungo euskarrian aireko lineatik lurpeko lineara jarri behar diren eroaleak eta grapak isolatu eginen dira, eta euskarrian gora igotzea eragozten duen babesa jarriko da.

Proiektuaren ingurumen ukipenen azterlanean aurreikusi bezala, zuhaitz eta zuhaixken gaineko ukipena ahalik txikiena izanen da. Horretarako, lehendik dagoen bidea erabiliko da; linea larreetatik eta bideko zortasun-zerrendatik eramanen da transformazio zentrotik abeletxeraino, zurezko landarerik ez dagoen aldetik, eta tamaina egokiko makinak erabiliko dira.

-Zanga itxi ondoren lurzoruaren erabilera lehengoratuko da, eta lurra berdindu eginen da obren aurreko jatorrizko profila berreskuratzeko. Halaber landare lurra (lurzoruaren azaleko horizonte emankorra) erabiliko da zangaren azaleko zatia betetzeko, eta landareztatze tratamendua eginen da proiektuan ageri den moduan.

-Lanak amaitutakoan geratzen diren soberakinak hondakindegi baimendu batera eramanen dira eta inguruan ez da obrako hondakin edo materialik utziko.

3. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Araizko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 21ean.-lngurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915010