68. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1366/2009 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Autoetarako II. Renove Plana 2009" izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Enpresako zuzendari nagusiak, martxoaren 18ko 677/2009 Ebazpenaren bidez, "Autoetarako Renove Plana 2009" onetsi zuen. Horren bidez, ibilgailu zaharrak baztertu eta haien ordez hain kutsagarriak ez direnak sustatu nahi ziren. Halaber, laguntza horiek Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra harturiko neurrien barruan daude eta Foru Komunitateko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko osagarri garrantzitsu bat izan dira.

"Autoetarako II. Renove Plana 2009" aurreko planaren filosofiari darraio eta, horren bidez, Espainiako Gobernuak ibilgailuak erosteko abian jarri duen 2000 E Planera egokitzen da. Horrela, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzei Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioarenak gehituko zaizkie, laguntza publikoaren trinkotasun berari eutsiz.

Plan berriak ibilgailuen kutsadura mugak E 2000 Planean ezartzen direnetara egokitu ditu eta oso kutsagarriak ez diren N1 kategoriako garraio ibilgailuetarako laguntzak eta langile autonomoak eta enpresa txiki eta handiak onuradun izateko erraztasunak handitzen ditu. Azkenik, "Autoetarako Renove Plana 2009" delakoan gutxien kutsatzen duten ibilgailuendako aipatzen zen laguntza gehigarriak bere horretan dirau.

Gorabehera berriekin bat, Enpresako zuzendari nagusiak, maiatzaren 18ko 1240/2009 Ebazpenaren bidez, "Autoetarako Renove Plana 2009" delakoaren babesean diru-laguntzak aurkezteko epea maiatzaren 22an bukatutzat eman zuen, "Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoari bidea emateko. Deialdi berri horrek 2009ko maiatzaren 18tik aurrera egiten diren eragiketak bilduko ditu, berarekin bat datozenak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, ibilgailuak erosteko diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidean ematea erabaki zuen.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz.

Horrenbestez, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzeko irailaren 27an eman 285/2007 Foru Aginduarekin bat, organoko titularra ez dagoenez,

EBATZI DUT:

1. "Autoetarako II, Renove Plana 2009" izeneko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Deialdiaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua onestea, 2009ko gastuen aurrekontuetako "Krisiaren kontrako neurriak. Autoetarako II. Renove Plana 2009 (autoak eta garraioak)" izeneko 810003 81140 7800 425206 kontu-sailaren kargura. Aurrekontuetan dirurik balego, kopurua handitu liteke.

2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen 4.12 artikuluari jarraikiz, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri zehatzak biltzen dituzten kontu-sailak handitzen ahalko dira. Hori horrela, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuz, horiei behar bezala erantzuteko, beharrezko aldaketak egiten ahalko dira aurrekontuan.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete horren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 29an.-Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuko zuzendaria, Enpresako zuzendari nagusiaren ordez, Carlos López Ruiz.

ERANSKINA

"Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoko diru-laguntzak
emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria.-Xedea.

"Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoaren diru-laguntzen onura publikoko xedea da ibilgailu zaharrak hain kutsakorrak ez diren beste batzuekin aldatzea bultzatzea, energia aurreztu eta eragimenez erabiltzeko eta berotegi efektua sortzen duten gas aireratzeak murrizteko neurri gisa.

Halaber, plan honek "Autoetarako Renove Plana 2009" aurreko planaren diru-laguntzak Espainiako Gobernuak 2000 E Planean ezarriiriko laguntzetara egokitzea lortu nahi du. Plan hori, ibilgailu parkea berritzen laguntzea xede duena, maiatzaren 22ko 898/2009 Errege Dekretuaren bidez onetsi eta 2009ko 125. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an.

2. oinarria.-Diru-laguntza har dezaketen erosketak eta zenbatekoa.

1. Ibilgailu berriak (lehen matrikulaziokoak) erosteko diru-laguntzak emanen dira, ondoren aipatzen den zenbatekoarekin, kategoria hauexetan:

1.1. M1 kategoriako autoak (ibilgailu motordunak, gutxienez lau gurpil dituztenak, bidaiariak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatuak), ezaugarri hauek dituztenak:

a) CO2 aireratzeak, 100 g/Km-tik gorakoak ez direnak: 1.700 euro.

b) CO2 aireratzeak 120 g/Km-tik gorakoak ez direnak: 700 euro.

c) CO2 aireratzeak 149 g/Km-tik gorakoak ez direnak eta, gainera, egonkortasunaren kontrol elektronikoko sistemak eta aurreko eserlekuetan atzemangailu presentzialak dituztenak: 700 euro.

d) CO2 aireratzeak 149 g/Km-tik gorakoak ez direnak eta gasolina ibilgailuendako hiru bideko katalizadore bat edo diesel ibilgailuendako iheseko gasak birzirkulatzeko EGR gailuak dituztenak: 700 euro.

1.2. N1 kategoriako garraio ibilgailuak (gehieneko masa 3,5 tonakoak, salgaiak garraiatzeko diseinatu eta fabrikatuak), 160 g/Km-tik gorakoak ez diren CO2 aireratzeak dituztenak: 700 euro.

2. Ibigailu horiek erosteko diru-laguntza baldintza hauen mende dago:

2.1. Plan honetan eta 2000 E Planean aipatzen diren laguntzak aplikatu baino lehen, ibilgailuak erosteko prezioa ez da 30.000 eurotik gorakoa izanen (BEZa barne).

2.2. Onuradunak erosten denaren kategoria bereko ibilgailuari behin betiko baja eman beharko dio, gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna edo gutxienez 250.000 km-ko kilometrajea izanen duenari, tratamendu zentro baimendu batek luzaturiko ibilgailuaren suntsipenaren ziurtagiriaren bidez. Diru-laguntza eskatu baino lehenagoko ibilgailuaren suntsipenaren ziurtagiriak ez dira onartuko.

2.3. Leasingaren bidez finantzaturik erostea diru-laguntzen xede izaten ahalko da, baldin eta kontratua hasten denetik eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik pagatzen bada eta, gainera, kontratu horretan, hori bukatzean ibilgailua erosteko konpromiso irmoa agertzen bada.

2.4. "Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoaren barruan sartzen ahalko dira 2009ko maiatzaren 18az geroztik eginiko erosketak, oinarri arautzaile hauetan ezarririko betebeharrak betetzen badituzte. Ondorio horietarako, erosketa eguna ibilgailuaren erosketa fakturatzen den eguna izanen da.

2.5. Halaber, sistema edo erregai hauetariko baten bidez elikatzen diren ibilgailuen erosketak sartzen ahalko dira plan honetan.

a) Bateria bidezko elektrizitatea edo elektrizitate hibridoa (baldin eta bateria bidezko %100eko trakzio elektrikorako gaitasuna badute).

b) Hidrogenoaren zuzeneko erreketa edo erregai pilak.

c) Gas naturala eta petrolio gas likidotuak (GLP).

"Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoko diru-laguntzak aukeratuz gero, ibilgailu horiek ezin izanen dira sartu Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak erregai alternatiboen bidez elikaturiko auto eta motozikletak erosteko onetsiko duen deialdian.

3. oinarria.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. "Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoko laguntzen onuradun izaten ahalko dira:

1.1. 2009ko urtarrilaren 1etik Nafarroan bizi diren pertsona fisikoak, adinez nagusiak. Hori nortasun agiri nazionalaren (NANa) eta erroldaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

1.2. Nafarroan diharduten langile autonomoak. Hori NANa eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo baliokidearen azken gordekina aurkeztuz frogatuko da.

1.3. Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, Nafarroan kokatuak, betebehar hauek betetzen badituzte:

a) 250 langile baino gutxiago izatea.

b) Urteroko negozioaren bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea eta urteroko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

c) Beste enpresa batzuetan parte ez hartzea eta beste enpresa batzuek bertan parte ez hartzea, Batzordeak 2008ko abuztuaren 6an eman 800/2008 EE Erregelamenduaren 1. eranskinean xedaturikoarekin bat.

Puntu honetan aipatzen diren irizpideek azken ekitaldi kontabilitate itxikoak izan beharko dute, eta, kontatzeko, 2008ko abenduaren 31ko egoera hartuko da kontuan.

1.3 ataleko betebeharrak honako hauek aurkeztuz frogatuko dira: enpresaren IFK, jarduera ekonomikoaren zergaren edo baliokidearen azken gordekina eta enpresa txiki edo ertaina dela dioen erantzukizuneko aitorpena, eskabideari erantsi behar zaiona.

2. Ondare sozietateak, enpresa publikoak, irabazi-asmorik gabeko entitateak, gobernuz kanpoko erakundeak, fundazioak eta eskubideen %25 edo gehiago erakunde edo talde publiko batek kontrolatuak dauzkaneko enpresak ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan.

3. Eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren orotariko betebeharrak bete beharko dituzte. Hori erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatuko da, eskabidean.

Bereziki, zerga betebeharrak egunean dituztela frogatzeko, Nafarroako Zerga Ogasuneko ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Hori Nafarroako Gobernuaren web orrian eskuratzen ahal da (www.navarra.es - Zerbitzuak - Tramiteak Ogasunarekin). Erosleak ziurtagiri hori aurkezten ez badu, entitate laguntzaileak telematika bidez eskuratzen ahalko du, interesdunak bere IFZ eta PINa ematen badizkio.

4. oinarria.-Entitate laguntzaileak.

1. Diru-laguntzen kudeaketan entitate laguntzaile izaten ahalko dira Nafarroako saltoki batean lurreko ibilgailuen txikizkako merkataritza jarduera egiten duten pertsona fisiko edo juridikoak, betiere Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.

2. Entitate laguntzaile dela egiaztatzen duen atxikitze agiria Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es) horretarako prestatutako aplikazioaren bidez tramitatuko da. Bertan, behin eskabidea bete eta gero, entitate laguntzaile bakoitzari dagozkion merkataritza zenbakia eta pasahitza emanen zaizkio.

Saltokiak atxikitze agiria inprimatu beharko du eta, sinatu ondotik, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko du (Tomás Caballero parkea, 1, 31005, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Atxikitze agiriarekin batera, sinatzailearen NANaren kopia, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren azken gordekina (654.1 epigrafea), saltokia irekitzeko lizentzia eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko betebeharrak eguneratuak dauzkala frogatzen duen ziurtagiria aurkeztuko dira. Sinatzaileak saltokiaren ordezkaria izan beharko du eta ordezkaritza horretarako legezko ahalmena izan beharko du.

Dokumentazioa osorik ez badago edo ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez zuzentzeko eskatuko da. Halaber, ohartaraziko da 15 eguneko epean hala egin ezik, saltokiak bere atxikitze eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Informatika aplikazioa deialdia argitaratzen denean eskuragarri ez badago, lagundu nahi duten saltokiek Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratu laguntzen fitxatik kargatzen ahalko dute laguntzaile izateko atxikitze agiria.

3. Departamentuak betebeharrak egiaztatuko ditu eta saltokia diru-laguntzaren eskaerak tramitazeko entitate laguntzaile izateko gaituko du. "Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoko entitate laguntzaileen eskubide eta betebeharrak atxikitze agirian ezarriko dira.

4. "Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoko laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaileen izaera lortu duten saltokiek ez dute deialdi honekiko atximendua tramitatu beharko, Enpresako Zuzendaritza Nagusiari izaera horri uko egin diotela jakinarazten ez badiote.

5. oinarria.-Jarduketa prozedura.

Diru-laguntza eskatzen dutenek eta entitate laguntzaileek prozedura honekin bat jardun beharko dute:

1. Eroslea entitate laguntzaile batera joanen da eta 2. oinarrian adierazitako ibilgailuren bat aukeratuko du. Horretarako, "Saltoki laguntzaileen zerrenda" kontsultatzen ahal du, Nafarroako Gobernuaren web orrian.

Diru-laguntzaren eskaera tramitatzeko, eroselak 3. oinarrian aipatzen diren agiriak utzi beharko ditu entitate laguntzailearen esku, alegia:

-Pertsona fisikoek: NANa, jatorrizko erroldatze ziurtagiria, 2009ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan bizi dela frogatzen duena, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiria.

-Langile autonomoek: NANa, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo baliokidearen azken gordekina eta Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiria.

-Enpresa txiki eta ertainek: enpresaren IFZ, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo baliokidearen azken gordekina eta Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiria.

2. Entitate laguntzaileak, egiaztatu eta gero erosleak diru-laguntzaren onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituela, eskabidea bete eta ale bitan inprimatuko du, eskatzaileak sina dezan. Kopietako bat eskatzaileari emanen dio.

3. Entitate laguntzaileak ibilgailuaren prezioari deialdiaren 2. oinarrian ezarritako diru-laguntzak jotzen duen zenbateko bera deskontatuko dio, eta ibilgailu zaharra hartu, hondakin gisa egoki tratatzeko zentro baimendu batera eraman eta behin betiko baja tramitatu Trafiko Zuzendaritza Nagusian. Halaber, diru-laguntzaren xede den ibilgailuaren matrikulazioa Administrazioari jakinarazi beharko dio.

6. oinarria.-Eskatzeko epea.

Diru-laguntza eskatzeko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2009ko abenduaren 19an bukatuko da, hori barne.

Hori gorabehera, 2009ko maiatzaren 18tik deialdia argitaratu bitarte eginiko erosketak ere atxikitzen ahalko zaizkio "Autoetarako II. Renove Plana 2009" delakoari. Ondorio horietarako, erosketa eguna ibilgailuaren erosketa fakturatzen den eguna izanen da.

Deialdirako futnsak 2009ko abenduaren 19a baino lehen bukatzen badira, epea azkeneko ibilgailua erosteko diru-laguntza eskatzen den unean amaituko da. Kudeaketako informatika aplikazioaren bidez, une bakoitzean, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen ibilgailuen kopurua kontsultatzen ahalko da.

7. oinarria.-Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Horretarako, eskaerak aurkezteko ordena izanen da entitate laguntzaileak eskabide orria kudeaketako informatika aplikazioaren bidez egindako bidalketari dagokiona.

8. oinarria.-Diru-laguntzak ematea.

1. Eskaerak aurkeztu eta gero, unitate kudeatzaile eskumendunak ebaluatuko ditu horiek, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta ebazpen organoari proposatuko dio onuradunei diru-laguntza ematea eta entitate laguntzaileei pagatzea aldez aurretik aplikatutako deskontua, diru-laguntzak jotzen duen zenbateko bera, alegia.

2. Eskabideren batek ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Nafarroako Gobernuaren web orriren bidez zuzentzeko eskatuko da. Halaber, ohartaraziko da 15 eguneko epean hala egin ezik, onuradunak atzera egin duela ulertuko dela. Entitate laguntzaileari horren berri emanen zaio, interesdunei jakinarazteko.

3. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratzeko epea 2 hilabetekoa izanen da, gehienez, ibilgailuaren matrikulazio datatik hasita.

4. Diru-laguntza ezeztatzen bada eta entitate laguntzaileak onuradunen betebeharrak egiaztatzeko eta eskaerak tramitatzeko eginbeharrak arretaz egin ez baditu, bere erantzukizuna izanen da erosleari egindako deskontua, diru-laguntzak jotzen duen zenbateko bera, alegia, berreskuratzea.

9. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ibilgailu berria 4 hilabetean matrikulatzea, diru-laguntza eskaera aurkezteko datatik kontatzen hasita.

b) Entitate laguntzaileari erosten denaren kategoria bereko ibilgailu bat ematea, ibilgailu berria eraman baino lehen edo horrekin batera, baina behin ere ez diru-laguntzaren eskaeraren eguna baino lehen.

c) Diru-laguntzaren xede den ibilgailua gutxienez ere 3 urtez eduki eta erabiltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritako baldintzak betetzea.

2. Onuradunak baldintzaren bat betetzen ez badu, diru-laguntza itzuli beharko du, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

10. oinarria.-Diru-laguntzaren jarraipena eta kontrola.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu, onuradunek eta entitate laguntzaileek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

11. oinarria.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Oinarri honen 2. atalean xedaturikoa deusetan galarazi gabe, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Zehazki, ibilgailu parkea berritzen laguntzeko 2000 E Planarekin bateragarriak dira. Plan hori maiatzaren 22ko 898/2009 Errege Dekretuaren bidez onetsi eta 2009ko 125. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an.

2. Aitzitik, Nafarroako Gobernuaren "Autoetarako Renove Plana 2009" planarekin eta Kreditu Ofizialaren Institutuak kudeaturiko VIVE 2008-2010 Planarekin bateraezinak dira.

Halaber, erregai alternatiboen bidez elikaturiko auto eta motozikletak erosteko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak onetsiko duen berariazko deialdiko diru-laguntzekin ere bateraezinak izanen dira.

12. oinarria.-''De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan. Horretarako, enpresek beren eskaeretan adierazi beharko dute "de minimis" laguntzei buruzko Erregelamendu horretan ezarririko mugak ez dituztela gainditzen.

13. oinarria.-Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. oinarria.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0916645